Mono lakuko izaki bizidun harrigarriak
Nola apur bat nerd edo geek ere banaizen, pendiente nengoen zer esango ote zuen NASAk bizitza estralurtarrari buruzko prentsaurrekoa iragarri zuenean. Ez zuten zioa oso ondo azaldu, ze estralurtarra barik, oso lurtarra izan da aurkitu dutena, baina hala ere, garrantzi objektibo handikoa, gainerako izaki bizidun guztiak fosforoa darabilgun lekuan arsenikoa erabil dezakeen izaki bat aurkitu baitute, mikrobio bat. Eta zirrara pixka bat sortu dit berriak bakteria hori non aurkitu duten jakinda: Mono lakuan, Kalifornian.
Eta horra, Mono lakuan, nire izaki bizidun gogoenak:
Bi ugaztun ikusiko dituzue argazkian, nik maiteen ditudan izakiak, duda barik. Baina adi ur ertzari. Geruza beltz hori. Ez da zikina. Masa bizi-bizi bat da. Sekula ezagutu dudan animaliarik harrigarrienek osatzen dute kapa hori, Mono lakuko euliak dira.
Mono lakuko eulien ezaugarri batzuk:
- Txikiak eta beltz-beltzak dira.
- Isilak dira. Hegan ez dute burrunda txikiena egiten, eta harritzen zaitu horrek euliak baitira, azken batean.
- Ez dute nahi traturik gizakiokin. Zoaz milioi bat euli dauden putzura, erditik igaro, eta altxatuko dira denak hegan zure inguruan, baina ez zaizu bat bera ere gainean jarriko, ez zaituzte ukituko ez bada okertu direla edo zuk mugimendu azkar bat egin duzula, eta zure inguruan buelta bat eman ondoren, eseriko dira berriro lurrean. Efektua harrigarria: milaka euliz inguratuta ibili zabiltza, isiltasunean, ukitzen ez zaituztela, eulien jauna sentitzen zara.
- Jangarriak dira: nagusi direnean txorientzat; larbak direla, gizakiontzat ere bai.
- Mono lakuko uretan bizi den bi espezietako bat da. Besteak dira izkira txiki batzuk, bertan bakarrik bizi direnak. Beste animaliarik ez da bizi uretan, izaki unizelularrak bai, oraingo bakteria hau eta beste asko.
Mono lakuko urak dira hiper-gaziak eta hiper-alkalinoak. Basamortu paisaia bolkaniko batean daude, apenas mila urte dituen sumendi kate baten ondoan, Yosemite parketik ordu pare batera, baina hango turistarik gabe. Uretan ez da bizi arrainik edo ornodunik. Eta artropodoak, bi bakarrik, krustazeo txiki horiek, eta euli hauek. Hori bai, nolako kantitatean. Baso bat urez hartu, eta izkira zopa dela ikusiko duzu, larba batzuk tarteko. Laku guztia da zopa bizidun bat. Eta bai, inguruko indiarren janari iturri nagusietako bat ziren larba horiek. Kaliforniako state park rangerrak eskaini zigun eskukada larba bisita gidatuko taldeari, baina ez zuen inork jan, ez amerikar ez kanpotar, salbu eta rangerrak berak eta nik neuk. Getariako maaulixuak jatea bezalatsu, gazi gaziak dira.
Euliok dira txori kantitate ikaragarri baten janaria. Oso erraz elikatzen dira txoriak. Ibilian dabiltza lasai antzean, ibarrean, mokoa ireki eta itxi: ez dute besterik egin behar euliak harrapatzeko. Lehen argazkian ikusten dira txori batzuk, urrutiago, umeen atzean.
Mono lakua garbi dago. Ez dago kutsadurarik. Baina bertara ematen duten ur-iturri naturalak gizakiak eten ditu, eta horregatik ur maila jaisten ari dela ikusi dute. Ur emariak ohiko ziklora itzuli nahian dabiltza, izan ere, ur maila asko jaitsiz gero, alkalinitatea eta gazitasuna gehiegizkoa bihur daiteke bertako bizidunentzat, eta hil daitezke izaki unizelularrak, izkirak, eta euliak, eta baita, ondorioz, txoriak ere.
Udan bainatu zaitezke, ura tenperatura egokian egoten da, eta badaude bainatzeko moduko hondartza seguruak. Hori bai, prest egon behar duzu zopa bizidun hipergazi eta alkalino batean sartzeko. Azalerentzat ona dela esan zigun rangerrak. Gu bainatu ginen. Apur bat itsaskor irteten zara.
Bigarren argazkian halako gatz dorre batzuk ikusten dira, tufak, formakuntza naturalak uretatik altxatzen direnak urteen poderioz, ez dakit ze prozesu biologikok edo kimikok sortzen dituzten arrefize moduko batzuk. Horietako batzuetan, arrano arrantzaleek habiak dituzte. Arrantzale izanda, han ez dute ezer jateko, ez baitago arrainik, baina ingurunea asko aldatzen apenas 20 kilometroan, mendi eta laku eder alpinoak baitaude inguruan, June lakua ezagunena. Hango arrainekin elikatzen dira arranoak.
Ez da jende asko bizi inguru hauetan, eta turistak ere gutxi. Yosemite ondoan dago, ederra eta jendez gainezka, baina gutxik dakite ondoan Mono lakuaren eskualdea dagoela. Bertako bati euskaldunak ginela esan, eta frantsesez egin zigun. Kalifornia farwestiko samarra da paraje hori.
Ezagutu nuen Mono lakua, aukera neukan garaian. Uste dut dirua inbertitu eta gastatzeko modu on bat dela bidaiatzea. Orain ezin dut. Baina ahal badur, egingo dut berriro. Bitartean, irakurri dut tuiten bat, ekainaren 29an greba ez egiteagatik sistema zapaltzaile eta jasangaitz honen konplizetzat hartu ninduen jendearena, elurretara eskiatzera doazela asteburu luze honetan. Oi, Northfacearen konpromiso proletarioa, zein urruti sentitzen naizen zuengandik; handia da kapitalista kalifornianoa izatea, neure umeei Mono lakuko bizitza harrigarria erakutsi ahal izan nielako pozik oheratzea, arsenikoaren zapore gaziarekin, harropuztuta.