Eibarko San Andres elizan, orain eta gizaldi batzuk barru
Mezetan izan nintzen atzo, hileta katoliko batean, Eibarko San Andres elizan. Hiru abade gezurrak esaten, horrelakoetan ohi denez. Horietako batek, Beitiak, bataiatu ninduen ni! Eta beste batek, Don Balbinok, lehen jaunartzea eman! Hirugarrena ere ez zen ba gaztea. Ba ote dute ordezkapenik euskal parrokietako abade zahar hauek? Betiereko bizitzan sinesten dute, eta Beitia edo Don Balbinoren kasuan, halako dohaina ote duten ere pentsatu nuen bart... baina, ia segurutzat jo daiteke, horiek ere hilko dira, eta ordezko pieza askorik ez dago inguruotan. Disketera apurtu zaizula? puf, ba... zertarako konpondu? Kristautasuna eta katolizismoa amatatzen ari dira Euskal Herrian, eta hori ona dela uste dut.
Dena den, San Andres eliza ederra da. Eta Andres Araoz nafarrak eraiki zuen erretaula, miresgarria. Bost solairu garai, egurretan zizelkatuak, irudi eta eszenak. Elizako beste detaile batzuk ere bai, aldareko urrezko bola eta arranoa, Times Roman tipo desberdinen konbinazioekin goi-goian latinez idatzitako mezuak, eraikina bera... Baina erretaula da ederrena, neure ustez.<(p>
GureGipuzkoa.net | Eibar. Juan de Araozen Adanen kreazioaren irudia, Genesiatik hartua © CC BY-SA: San Martin, Juan
Pentsatzen egon nintzen, erlijioak bere funtzio estupidoa betetzeari uzten dionean, Araozen lana hurbilagotik ikusteko aukera izango dutela etorkizuneko eibartarrek, ezen ez gaurkoek. Buruari bueltaka, irudikatu nuen halako aldamio eta eskilara batzuekin, gora igo eta gertutik eszena horiek miresteko aukera izango dela San Andres elizan, neure bizi-tartean ez bada, bai gizaldi batzuen buruan. Teknologia apur bat beharko da, aldamio ikustezinak, edo plegatzen direnak; izan ere, ikusmira osoa ere ez luke eragotzi behar estruktura horrek.
Teotihuacaneko piramideak edo Abu Sinbel bezala. Euskal elizak ere artelan izango dira.