Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Azpitituluak.com, azpidatziak sustatu eta trukatzeko

Luistxo Fernandez 2010/03/08 11:05

Duela hilabete batzuk hasi zen ekimena da Azpitituluak Euskaraz, baina orain domeinu propioarekin dago sarean: azpitituluak.com. Filmen bertsio originalen gainean euskarazko azpidatzi edo azpitituluak jartzeko ohitura sustatzea du helburu ideia txoro jorrek.



Hala ere, jende arraroaren afizioa da hau, eta ez dira asko orain artean bildutako azpitituluak. Gunearen ibilbidean zailena suertatun zaidana izan da elkarlana sustatzea. Film baten lerroak (mila inguru, normalean) itzultzea lana da, eta errazago hartzen da egitekoa lau lagunen artean partituz gero. Baina nola sustatu hori? Ez dakit. Gutxi gara zaletuak, bakoitzak bere gustoak ditu, eta saiatutako mekanismoek momentuz ez dute ondoegi funtzionatzen. Webgunean, film osatugabeen aukera eta saila sortu dut, baina ez du erantzunik jasotzen; Zutagu komunitatean sortutako taldean ere edo Twiterren #azpitit gakoa erabiliz saiatu naiz elkarlana sustatzen, baina hor ere ez da feedback handirik. Baina tira, depresiorik ez, irteten den apurra behintzat gordeta gera dadila, eta aurrera. Berriro saiatzeagatik ez dadila geratu: orain Facebook-en sortu dut talde bat.

Dena den, apurka apurka badoa materiala biltzen: Azken aldi honetan agertutako batzuk aipatzearren, Up, Pixarrena, 2010eko Oscarretan saritutako animazioko filma; Ten Canoes, hizkuntza australiar aborigeno batean dialogoak dituena; The Road, Cormac McCarthyren eleberrian oinarritua eta Javier Agirresarobe eibartararren argazkiarekin...

Etxean, film hauek ikusteko aukera berri bat dut orain gainera. Donostiara itzalaldi analogikoa iristear da, eta dekodegailua erosi behar izan dut LTD/tdt delakoarentzat: usb zirrikitua duen 30 euroko modelo bat (Sunstech dtb 3700) erosi nuen Eroskin, eta film azpititulatuak ikusteko balio du, pendrivea bertan sartuta!

Txino-dendetan sanblasak

Luistxo Fernandez 2010/03/02 11:37

Duela hilabete edo gertatu zen. Alabarekin nindoan kaletik eta esan zidan.

- Badakizu zer? Txino-dendako katuak sanblasa dauka.

Badakizue zein katu diren. Uste dut izatez Japoniako kutun bat dela, zorte ona dakarrena. Hemen, jakina, txinoen dendetan egoten dira. Askok ezkerreko eskua mugitzen du, gora eta behera.

Alabarena entzunda, pentsatu nuen, igual apaingarri jarri diote opiltxo bat altzoan eskaparateko katu horietako bati... Baina, ez, ez zen hori, esan zidan alabak. Ez nuen ulertzen, eta misterioa argitu aldera, proposatu nion: Goazen bada, katu sanblasduna ikusi duzun txino-denda horretara. Eta joan ginen batera, eta bai, eskaparateko katuak sanblasa zeukan. Baina ez hark bakarrik. Txino-dendetako katu guztiek dute sanblasa. Ez duzula sinesten? egin klik hemen eta ikusiko duzu.

Nagusiek ezin ikus ditzakegun gauzak ikus ditzake sei urteko haur batek. Ez dakit blog hau berpiztuko ote den. Akaso bai. 

Protekzionismoa ala sormena, euskal kulturgintzaren transmisioan

Luistxo Fernandez 2009/05/22 07:55

Erdi utzita daukat bloga. Eta berpizteko asmo gutxi. Baina tira, Mondragon Unibertsitatean antolatutako Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoan ikas-saioa eman dut aste honetan, eta han azaldutako presentazioa sarean jartzea ezinbestekoa zen, zor nien ikasleei.

Hemen bada:

 
Beti bezala, aurkezpenak ez du ordezkatzen hitzez esana eta ulertzen zaila da kontestu barik, baina tira. Gainera, aurkezpenaz gain, Interneten ibili ginen apur bat, eta hiru bideo erakutsi ere. Sarean ikusitakoa:

 


Eman izan ditudan beste hitzaldi batzuetako kontuak jorratu nituen, Internet eta euskara, han hemenka azaldu ditudanak. Baina kasu honetan, horri baino gehiago, panorama orokorrari begiratu nion, eta graduondoko funtsetako bati: Kulturgintzaren Transmisioa. Kultura transmititzeko garaian Internetek eta teknologiak dakarten aldaketa erabatekoa azaltzen saiatu nintzen. Eta uhin horren aurrean, protekzionismoa alferrik dela, eta teknologiaren aukera paregabeetan murgildu beharra dagoela. Industria kulturalen gainbeheraz ere hitz egin nuen: bale, industria edo merkataritza jakin batzuek zaila dute, baina Kultura ez da hilko, eta Ezagutzaren gizartean (sinesten badugu berba akaso fetitxe honetan, eta neuk sinetsi egiten dut) ezagutza eta kultura badira lehengai nagusia, Kulturaren Industria bat egongo da edo egin beharko dugu.

Baina benetako kulturaren benetako industriaren motorea ez da protekzionismoa izango. Sormena izango da. Eta sormena sustatu behar dugu.

Erakutsi nituen hiru bideo ederrak horixe ilustratzeko erabili nituen: teknologia berrien kontestuan sortzen edo kontsumitzen den kulturan, sormen ikaragarrizko hiru adibide:


Intermedio gisa ere balio izan zidaten klip hauek, ze bi ordu jardun genuen berriketan! Eskerrik asko arretaz entzun zenidatelako Huheziko arduradun eta ikasleok.

Euskara eta Internet, Laboa eta Junkera

Luistxo Fernandez 2008/12/03 17:43
Euskararen Nazioarteko Egunean, Eibarko Tekniker zentro teknologikoan emandako hitzaldia: Euskara eta Internet.

Gustura egon naiz Teknikerren, solasaldia eskaintzen. Ze desgrazia itzela, han ginela, piskolabis eder horretan, ordu berean batzuek Euskararen Nazioarteko Eguna zapuztu izana Azpeitian. Nire hitzaldiko presentazioa igo dut sarera. Beti bezala kasu hauetan, gehituko dut: zaila da kontesturik gabe aurkezpen bat ulertzea, baina gutxieneko zorra ere bada hura publiko egitea ere. Hemen dago, beraz. Aurtengo udazkenean eman ditudan beste bi hitzaldiren konpilazioa izan da, nolabait. Batetik, Legazpin parte hartu nuen mahainguru bat (kronika hemen), eta bestea, Unesco Etxearen mintegi batean (aurkezpena, kontakizun propioa).

Gaurkoan, berriz, azken egunetako detaile batzuk sartu ditut hizketaldian: Mikel Laboaren aipamenak, nola bere musika gustura igo dudan Euskaltubera eta hor konpon pirata esaten badidate; eta Kepa Junkeraren kasua, hari emandako diruekin kezkatu barik, askoz positiboagoa iruditzen zaidala Etxea2 ekimena bultzatzea: euskal kantuen bilduma benetan on bat, guk geuk egina, doan.

Euskararen Nazioarteko Egunean

Luistxo Fernandez 2008/12/02 18:29

Eibarko Tekniker zentro teknologikoan ohitura dute ekitalditxo bat egiteko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean. Iaz Andoni Egaña bertsolarien txapelduna izan zen hizlari. Aurten neu gonbidatu naute. Euskara eta Internet, hori izango da nire hitzaldiaren gaia.

Txarteltxo honekin egin dute iragarpena Teknikerren:


Argazkiak.org | Euskararen Nazioarteko Eguna © cc-by-sa: Luistxo.F

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa masterrean

Luistxo Fernandez 2008/11/21 12:59

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu titulua ateratzeko matrikulazio kanpaina irekita dago Mondragon Unibertsitatean, abenduaren 15a arte. Iaz ere izan zen ikastaro hau, eta biribila irten zen: aurten arrisku gehiago dago ze ni ere izango naiz eskolak ematen estrainekoz. Ikastaroa 2009ko urtarrilaren 7tik uztailaren 1era luzatuko da.

Euskal Kulturgintza XXI. mendean atalean, egungo teknologiak azpiatalean, hizlari izango naiz beste lagun hauekin batera: Josu Landa, Joxe Aranzabal, Mikel Irizar, Iban Arantzabal eta Asier Sarasua.

Informazio gehiago hemen.

Haginetako mina eta Kontaktua

Luistxo Fernandez 2008/11/11 16:52
Kontaktua nire ipuina, euskal gatazka ardatz gisa hartuta osatu duten Haginetako Mina ipuin bilduman sartu dute.

Ostiral honetan (hilak 14) aurkeztuko da Donostian Haginetako Mina ipuin bilduma. Txalaparta argitaletxeak aterako du, eta Mikel Sotok prestatu du edizioa eta egin du aukeraketa. Ostiralean 12:00etan da aurkezpena, Donostiako Haur Liburutegiko Ekitaldi Aretoan (Fermin Kalbeton kalea 25, 4. solairua), eta Soto editorea eta Eider Rodriguez izango dira bertan.

Euskal gatazka ditxosozkoa motibo duten ipuinak sartu dituzte bilduma honetan, eta hor nago ni ere, Kontaktua ipuina idatzi nuelako behin, ospe gehiagoko jendez inguratuta. Kontaktua idatzi nuenean agian idazle nintzen, ez orain, baina ilusioa egiten dit lan hura kontuan hartu badute batzuek.

Hauxe da aukeratutako antologia:

ALBISU, ANTZA, MIKEL:
Odolaren usaina: “Odolaren usaina”.
 
 ALONSO, JON:
     Erretzaileen eremua: “Euskara izan”.
 
 CANO, HARKAITZ:
     Hipotesiak gordinkeriaz

FERNANDEZ, LUIS:
    Ipuin izugarriak: “Kontaktua”

GARRO, LANDER:
     Orain galdera berriak ditut: “Hainbeste herri”.
 
  IZAGIRRE, KOLDO:
Mendekuak: "Hildakoaren aboza"
  
JAIO, KARMELE:
    Zu bezain ahul: “Gogoratzen”.
 
 JIMENEZ, EDORTA:
     Atoiuntzia: “Atoiuntzia”.

LERTXUNDI, ANJEL:
    Aise eman zenidan eskua: “Hausdurak”

MENDIGUREN, XABIER:
    Bihotz gosetien kluba: “Trip”
 
 MONTOIA, XABIER:
     Bilbo hiria sutan: “Xera”
 
 MUÑOZ, JOKIN
     Bizia lo: “Isiluneak”.

OTAMENDI, JOSE LUIS
    Euri kontuak: “Hagina”.

RODRIGUEZ, EIDER
Eta handik gutxira gaur: “Politika albisteak” .

SARRIONANDIA, JOSEBA:
Ataramiñe 07: “Xake”.

UGALDE, RAFA:
    Gure gerretako heroiak: “Hitzen esanahia”.

ZALDUA, IBAN:
Etorkizuna: “Udako bidaia”
 
Kontaktua-ri dagokionez, blog honetan ere badago testua osorik. Bere garaian, ipuin hau liberatzea erabaki nuen, copyleft lizentzia batekin banatuz. Eta CC-BY-SA lizentzia horrekin berarekin agertzen da bilduma honetan. Kopiatu daiteke, eraldatu daiteke (baita helburu komertzialekin ere), baina lana berdin banatzeko eta egiletza aitortzeko baldintzapean.


Argazkiak.org | Haginetako mina, copyleft apur bat © cc-by-sa: Luistxo.F

Liburuaren kredituetan, Creative Commons-eko ikonoekin utzi dute adierazita lizentziaren kontua. Liburuaren azala Esteban Montoriorena da, eta hemen duzue:

Oteiza tiriki-tauki

Luistxo Fernandez 2008/10/25 11:45


Euskarazko kantu eder baina enigmatiko bat igo nuen Euskaltubera lehengo batean. Erauzi nuen behin disko batetik, eta Euskaltubera igo: gune honek audioa igotzeko jarri duen aukera berria kristorena iruditzen zait.

Imanol Lartzabalek kantatzen du hor. Oroitzen diskoan azaltzen da, Paco Ibañezekin batera. Ez dakit nire transkribapena guztiz zuzena den, baina hor behean doa.

Euskel sustrai
herri honen mamia non dago?
hauxe duk nere ustea
ez cromlech, ez dolmenetan ez harri koxkor zaharretan

itsaso bazter-etxetan ta mendi baserrietan
oraindik bizirik bainan usakon (?) ilunpetan
estaltzera dihoakigun hizkuntza gurea

mendi-mendian otea
botoi horiaz betea
Jorge de Oteiza hi haiz
olagizonen semea

hire mailuak ordea
irudimenezko mailu horrek
ez tiriki-taukirik
hutsa moldatzeko joak
ez baitute soinurik
bihotzarentzat baizik

***

Oteizaren mendeurrenean (joan den asteartean) galdera batzuk zuzendu nituen kantu honetaz ingurukoen artean, eta hala jakin nuen egilea nonbait Antonio Valverde "Aialde" dela, Antton Valverde kantariaren aita. Industria-gizona (Gráficas Valverde-ren sortzailea), pintorea, intelektuala eta euskaldun berria izan zen Aialde; Zumalabe zaharra eta Karlos Santamaria bezala, Donostian garai hartan zeuden euskaltzale familia onekoen adibide argia. Poema hori kantu bihurtzen lehena Antton Valverde bera izan zen, bere lehen disko txikian. Gero Imanol, nonbait.

Beste zalantza bat ere banuen: Oteizaren "kontrakoa" da kantua? ala aldekoa? Niri iruditzen zitzaidan kritika zegoela atzean: euskal arima ez dago Oteizak uste bezala kromletx eta harrietan, hizkuntzan baizik, eta horra paradoxa, Jorgeren mailuak soinurik ez hizkuntza horretan... Euskaraz jakin ez izanaren leporatzea ez ote zegoen iruditzen zitzaidan niri. Lagun batek ere uste hori adierazi zidan, beste batek kontrakoa.

Gero, astearte horretan bertan, Euskadi Irratiko Mezularia programan bi aldiz jarri zuten kantua, Valverderen ahotsean, Nekane San Miguel tertuliakideak eskatuta. Oteiza zuten hizpide tertulian, eta San Miguelek esan zuen nola berarentzat Oteiza figura kontraesankorra zen: euskararik gabeko euskal izpiritua posible ote? Gaztetan kantu hori entzun eta gogoko izan zuela, eta han ere kezka hori agertzen zela. Oteizari kritika beraz, nik susmatzen nuen bezala.


Argazkiak.org | Altzuza, Oteiza museoa © cc-by-sa: Luistxo.F

Oteizaren Altzuzako museoan izan nintzen duela pare bat aste lagunekin. Argazki hauek atera nituen han. Ez zidan asko bete, ze Oteiza farsante samarra iruditu izan zait lehendik ere, eta are fartsa handiagoa bere lanekin egin izan dena (horra nire mezu parea aspaldi Eibartarrak zerrendan). Baina Altzuzako parajea ederra da, eta izatez, merezi du bisita. Arte modernoa txiste bat izan arren, barrezka disfrutatzeko modukoa den bezalaxe.

Azaroan izango duzue aukera polita Altzuzara izateko, ze azaroaren 1ean hasiko da han gertu-gertu dagoen Uharteko Huarte Arte Zentroko denboraldi berria. Hura doan da, eta han ere arte moderno txoro eta ikusgarria izango duzue. Denboraldi berriko instalazioen artean, geure semaren kontribuzioa. Kyungwoo Chun korearraren artelan batean parte hartu du gure Peruk.


Argazkiak.org | Kyungwoo Chun © cc-by-sa: Luistxo.F

Zera zen koxka, zapi gorri batean, zure "minaren" pisua jarri harrietan, ipini izena, jaiotze data eta lekua, eta bildu. Zapiak, harriak eta jarraibideak, hain zuzen, Altzuzako museoan zeuden bisitatu genuena, eta gure ume koadrilak bete zituzten zapiak beren min asmatuekin. Esan bezala, Huarte Zentroan, azarotik aurrera ikusgai hori. Irailera arte egondako erakusketen nire kronika, beste artikulu honetan. Bi kulturetxe handi hauek, Uhartekoa eta Altzuzakoa, oso gertu daude elkarrengandik, ikusi mapan. Bisita bikoitza merezi du, beraz.

Gaurko rollo hau kultureta amaitzeko, beste kantu batzuk Imanol eta Paco Ibañezen disko horretatik:

 

Kantu hauen loturetan, eta Oteizari dedikatutakoan ere bai, ez bakarrik dago aukera kantua entzuteko: klikatu AUDIOA ESKURATU loturan, eta mp3 bat zure ordenagailura jaitsiko da. Ez horregatik.

Galde-erantzun teknikoak blog bitan

Luistxo Fernandez 2008/10/23 17:11

Unesco Etxearen jardunalditik bueltan, batek baino gehiagok galdetu dit gai zehatz batez: nabigatzailearen hizkuntza-konfigurazioaren garrantziaz. Emun kooperatibatik Lantalan blogerako egin zidaten eskakizun zehatza, eta azalpenak galde-erantzun gisa utzi ditut han.

Testu bera moldatu dut nire partaidetza inauguratzeko beste blog kolektibo batean: CodeSyntax-en Tailerreko Blogean. Enpresako langileok kontu teknikoak azaltzen eta ebanjelizatzen, hori da blog horren koxka. Gaztelaniazko alderdia ere badu (han ere idatzi dut jardunaldian aipatutako beste kontu batez: gune elebidunen erabilpen estatistikak), eta ingelesezkoa ere bai.

CodeSyntax.com osoa berritu da blog hauen agerpenarekin, Plone sistema darabilen webgunea da orain.

Argi-ilunak Interneten

Luistxo Fernandez 2008/10/13 11:36
Joan den ostiralean 'Euskara Interneten: argi-ilunak' izeneko hitzalditxoa eman nuen Bilbon, Unesco Etxeak antolatutako jardunaldi batean.

Joan den ostiralean Euskara Interneten: argi-ilunak izeneko hitzalditxoa eman nuen Bilbon, Unesco Etxeak antolatutako jardunaldi batean. Hizkuntza gutxituen erronkak globalizazio aroan izan zen mintegia, eta uste dut oso interesgarria suertatu zela. Eta ondo antolatua. Eskerrik asko bereziki Unesco Etxeko Nerea Basterretxeari eta Maider Marañari, eta itzultzaileei ere, nire aurkezpenaren atzerapenarekin izan zuten pazientziagatik. Hiru hizkuntzatan izango zela esan nuen aldez aurretik, baina oker nengoen: frantsesarekin lau izan ziren, eta Malinke apur bat ere entzun genuen.

Powerpoint bat prestatu nuen ingelesez, eta hemen dago itsatsita, hilerriaren ingelesezko bertsioan eta Scribd-en. Horrekin batera, bota nuen hitzaldia euskaraz. Testu erdi-formal bat ere banuen, baina ez nuen paperetik ezer literalki irakurri. Jardunaldien webgunean itsatsi dute, PDF eran. Eta, tira, dokumentu horrek esandakoarekin antz apur bat behintzat baduenez, lotura eta irudi batzuk gehituta, beste ukitutxo batekin jartzen dizuet hemen behean.

Euskara Interneten: argi-ilunak

Euskal webguneen trafikoa sarean aztertuz hasiko gara. Quantcast zerbitzuan boluntarioki gehitu direnak kontuan hartu daitezkeenak, eta horien artean horuxe dugu bisitarien eta ikuskatutako orrien araberako sailkapena, euskara hutsezko webguneen artean, zeren-eta webgune elebidunen trafikoaren parte euskalduna kalkulatzea beste kontu zail bat da, eta horretara iritsiko gara gero.

  • Berria.info: 30.7k visitors / 232.9K pages
  • Uztarria.com: 5.0K visitors / 95.7K pages
  • Sustatu: 6.6K visitors / 49.4K pages
  • Blogak.com: 11.3K visitors / 49.0K pagea

 

Lehen webgunea, Berria. Egunkari bat. Hedabide tradizional bat nolabait. Gure inguruan ere hala gertatzen da. Egunkariak Espainian, BBC bat Erresuma Batuan...

Bigarren webgune lokal bat ageri zaigu: Uztarria. Bisitari gutxiago 3.ak baino, baina orri-ikuskatze gehiago. Herri guztia konektatzen dela esango genuke. 14.000 biztanle dituen herri bati zerbitzatzen dio: Azpeitiari.

3.a, Sustatu, euskaraz Slashdot edo BoingBoing bat izan daitekeenaren parekoa, blog kolektibo geek edo teknofilo bat, baina uler bedi bere eskala, mesedez, askoz jardun gutxiagokoa (baina, tira, horren editorea naiz, eta ni pozik nago)

Beraz, euskara hutsezko webguneak badituzte erabiltzaileak... baina estatistiketara begiratzen badugu, beste datu bat ere agertzen zaigu. Uztarria: trafiko handiko webgunea. Eta trafiko euskalduna, osoki. Baina, bakarrik erabiltzaileen %14k du nabigatzailearen konfigurazioa euskaraz.

Kontuan hartzekoa da, nabigatzailearen hizkuntza konfigurazioa dela Interneten dagoen hizkuntzaren neurgailu nagusia. Eta gure kasuan, datu okerra ematen dugu. Azpeitiarrak, euskaldunak, Googlera goaz eta Googleren aurrean, gure bisitaren hizkuntza gaztelaniaren alorrera gehitzen da.

Inportantea da jakitea nabigatzailearen hizkuntza ez dela zuk interfazea ikusten duzun hizkuntza. Izan dezakezu Firefox edo Internet Explorer euskaraz, baina nabigaziorako lehenetsitako hizkuntza, seguruenik gaztelania izatea.

Sustatu.com webgunetik kanpaina nekaezin eta pelma samarra egin izan dugu, gaztelaniazko konfigurazioa dutenei lehen orrian abisu astun hau agerrarazita: Tu navegador está configurado en Español. Zure nabigatzailea gaztelaniaz dago konfiguratuta.

Kanpainak eman du bere emaitza. Gutxiengo izatetik, Sustaturen erabiltzaileak gehiago dira orain euskarazko konfigurazioa dutenak gaztelaniazkoa baino. Iraileko estatistiketan, %48 euskaraz, %32 gaztelaniaz.

Gure tabarra etengabeak lagunduko zuen, baina dena den, uste dugu datuak gehiago duela zerikusia Firefox-en zabalkundearekin, estatistiketan honen gorakada paraleloa izan baita euskarazko konfigurazioaren gorakadarekin.

Nolanahi ere, gogoratu dezagun, Sustatu webgune teknofiloa da. Publiko zehatz bat dauka, agian. Eta Uztarriako datua da kontuan hartu behar duguna: %14 euskaraz bakarrik.

Uste dugu kontu hau inportantea dela. Gure pisu benetakoaren pertzepzioa gutxitu egiten du Interneten. Asko bagina, tira, baina gutxi izanda...

Horregatik inportantea da euskal aurrezki kutxa batek, Donostia Gipuzkoa Kutxak, egin duena: beren 3000 ordenagailu konfiguratu dituzte euskarazko nabigazioa lehenesteko. Izan ere, ez die kalterik egiten erabiltzaile erdaldunei ere. Azpeitiarrak enteratzen ez diren bezala, gaztelaniaz ari direla Uztarria bisitatzen, berdin ibiliko dira Kutxakoak Googlen gauzak bilatzen: baina euskararen arrastoa utziko dute hango estatistiketan. 3000 lagun gehiago, egun batetik bestera. Gutxi da, edo asko da. Izan bitez 30.000 edo 40.000 gehiago... Euskal administrazio guztietan erabaki hori hartuko balute sistema arduradunek...

3.000 euskaldun gehiago Googleren begietan aurrezki kutxa baten erabaki baten ondorioz... Googlek kontuan har gaitzan. Hori nahi dugu? Bai, dudarik gabe.

Katalanaren posizioa, Googlek emaitzak diskriminatzeko duen aukeren artean, inbidia sanoa emateko motiboa iruditzen zait.

Googlek kontuan har gaitzan, beraz, nabigatzailearen hizkuntzaren kontua erradikalki konpondu behar dugu. Era berean, eduki gehiago sareratu behar dugu euskaraz.

Googleren aldetik, aste honetan jakin dugu detaile garrantzitsu bat ezarri dutela: euskara detektatzeko teknologia dutela ikusi ahal izan dugu, Google Ajax Language API delako baten azpiegituran (hau dokumentatu nahi dut laster Sustatun, erantzunetan gehituko dut lotura). Hortik, agian, bilaketetan hizkuntza murrizpena egiteko aukerara igaroko gara... Ikusiko dugu. Bitartean, katalana aurretik doa Googleren tripetan: itzulpen automatikoko zerbitzuetan ere agertzen da orain. Hor noiz izango gara gu? tira, hor arazo estrukturalak ere badaude, gure hizkuntzaren egiturarekin zerikusia dutenak...

Google.cat ere badute katalanek. Euskal Herrian .eus domeinuaren aldeko ekimen bat gorpuzten ari da, erdi sekretuan, diskrezioz lan egitea funtsezkotzat jo dutelako, eta ez dakit nik aurrera irtengo den. Nire zalantza politikoak ditut. Baina Katalunian, behintzat, aurrerapausu handia eman dute domeinuaren kontuarekin: sortutako domeinuen heren batek ez zuten lehen webgunerik, edo lehen webgunea bazuten, ez zuten katalanezko edukirik. Ea zorte bera dugun .eus edo .cym (galeserarena) domeinu posibleekin.

Blogei erreparatuko diegu orain. Sareko alor interesgarrira baitira. Joxe Aranzabalek bi urtetan egin du halako kontaketa bat bere blogean, Faroan, eta 7.500 blog euskaldun irten zaizkio batuketan. Horietarik, %55 bizirik egon daitezkeela dio berak, beste blogosfera batzuetan irten den datutik estrapolatuta.Bai datu orokorra, zein bizitasunarena nahiko zalantzazkoak dira, baina ondorio batzuk atera daitezke.

Bat, propio sortutako euskarazko blog plataformak dira euskarazko blogintzaren pizgarri nagusia: Blogak.com eta Blogari.net osoki euskaldunak, eta Nireblog eleanitza.

Bestetik, blog komunitateak ditugu. Webgune lokalei lotuta. Blog gutxiagorekin, baina seguruenik interesgarriagoak oro har, pertsona esanguratsuak biltzen saiatu direlako talde lokal horiek, eta konpaktazio efektu bat ere gertatzen delako: bistadizo batean, bisitariak blog multzo bat aldi berean ikus dezake (ezinezkoa Blogak.com-en) eta komunitateko blogariek elkarren artean iruzkinak eta mezuak elkartrukatzeko aukera ere sortzen da. Publiko lokal definitu bat izateak ere laguntzen du.

Horrez gain, destakatu behar da zenbait software plataforma baditugula euskaraz. Denak, adi gero, software librea.

Eta datu ziur bat ere bai: sekula ez da historian hainbeste lagun ibili euskaraz idazten.

Hala ere, blogosfera osasuntsu bat dugu?

Zalantzak ditut. Aktibitate gutxiko multzo bat gara. Askotan anonimoki parte hartzen dugu, edo pseudo-anonimato inozo batean: Euskadi Irratian komentarista ezaguna den batek sarri samar idazten du Sustatun, baina deiturarik gabe, Joseba bat besterik ez da. Euskadi Sari bat irabazi duen beste euskal idazle batek ere idazten du Sustatun. Honek ere, gezurrik esan gabe, bere izenarekin sinatzen du. Baina deiturarik gabe. Beste Joseba bat. Edo beste Eneko bat.

Horrez gain, Sustaturi dagokionez, kultura ofizialduaren ajeak ere ikusten dira han agertzen diren hainbat albistetan: jende askok nahi du, adibidez, bere jardunaldi, ebento edo dena-delakoa Sustatun iragarria izan dadin. Areto hutsa ebitatzea, ahal delarik. Asistentzia 10 lagunetik ea 15era igotzen dugun... Ondoren, ordea, izan da ebentoa. Hitz egin du gonbidatu interesgarri batek, eztabaidatu da agian zerbaitetaz, baina inork ez du horretaz ezer kontatzen.

Hemen entzungo denaz gaur, inork blogeatuko duzue inon?

Non daude espertoen blogak? Unibertsitateko irakasleenak? Udako Euskal Unibersitateak dozenaka ikastaro antolatu zituen pasa den udan, aurreko urteetan bezala. Inork irakurri du haietan esandako ezer blogen batean? Edo esandakoak ez zuen interesik, edo ez dugu benetako blogosferarik. Lau teknofilo besterik ez gara geratzen hortik kanpo, uste dut.

Gero, blogetatik kanpoko edukien esparru zabal hori dago... Eta hor, non daude euskaldunak?

Youtuben, noski, Mr. Beanen bideoak ikusten. Edo samaldaka, gazteen kasuan, Tuenti izeneko sare sozialean. Eta euskal musika berri edo erdi-berri guztia, MySpace-n dago, Rupert Murdoch eta Jose Maria Aznarren News Corp. konpainiaren jabetzan... Edo Messengerrean, gure nerabe guztiak.

Esparru horietan, euskaraz dihardu euskaldunak? Jardun dezake? Zertan dihardu euskaldun gazteak? Zaila da jakitea... Orduan, alternatibak eraiki behar ditugu eta nolabait, gazte horiek erakarri horietara?

Sortu dugu Fotolog moduko bat, Argazkiak.org, edo Youtube moduko bat, Euskaltube. Baina kontura gaitezen zer nolako eskalan lan egin behar duten, adibide pare bat.

  • Argazkiak.org, uztailaean sortu zenetik, 181 erabiltzailek eman du izena eta 1.264 argazki kargatu zituzten (irail amaierara arteko datua).
  • Fotolog: Eibarren bakarrik, 170 erabiltzaile berritu du bere kontua argazkiren bat igoz azken 15 egunetan (izatez erabiltzaile gehiago dira).
  • Wazemank-eko bideoak Youtuben: 224 guztira. Lehen 10en artean, 290.000 ikuskatze baino gehiago.
  • Euskaltuben, berriz, 6 bideo. 2300 ikuskatze guztira.
  • EITBn, beste mundu bat, bideoak ez dira itsasteko modukoak eta zenbat ikuskatze dituzten ere ezin jakin. Baina 300 bat bideo Wazemank-ekoak badaude. (tira, bazeuden, nik hitzaldia eman nuen unean, www.eitb.com/wazemank helbidean zeuden, eta Wazemank bilaketak Googlen hori ematen du lehena oraindik, baina arratsaldez Eitb.com berria jarri zuten martxan, eta akabo esketx bilduma eder hori: terrenoa libre utzi dio EITBk Youtuberi eta Euskaltuberi).

Orduan, zer egun? Youtube bezalako erraldoietan gure txokoak eraiki behar ditugu? ala alternatibak sortu, osoki euskal perspektiba batekin? Agian bi estrategiekin saiatu beharra dago. Estrategia eta bide guztietan ekin beharko dugu aurrera.

Webgune eta presentzia euskaldunaz hitz egin dut. Baina sareko presentzia elebiduna ere aipatu behar da, noski.

Ni, oro har, hedabide elebidunaren kontzeptuarekin oso eszeptikoa eta kritikoa naiz.

Duela 30 urte, sektore abertzaleek prentsa elebiduna sortuko zutela esan ziguten, eta Deia eta Egin egunkari erdaldunak izan ziren emaitza. Gero, horien enpresetatik, Gaur eta Hemen izeneko egunkari formatuko astekari patetiko samarrak izan ziren bidea.

EITB ere... nagusiki gaztelaniaz dabilen egitura bat delakoan nago.

Interneten, zer ikusten dugu? Batetik, gaztelaniaz gehiago diskutitzen da, jarduten da, eta eduki gehiago sortzen da Euskal Herrian euskaraz baino. Eta jardun horren foko nagusia, agian, hemengo hedabide erdaldunak dira. Eta horiekin batera, EITB bera ere, zeinak, Interneten, gaztelaniazko jarduna sustatzen dexenteko arrakasta izan duen, euskarazkoa sustatzen baino gehiago.

Halako eztabaidagune, eta blog elebidunen saio batzuk ere ikusi izan ditugu. Baina egitura okerrarekin abiatuta, blog elebiduna fantasia baino ez da: diglosiaren adierazgarri tristeena. Ikusi besterik ez dago, adibidez, Jaurlaritzatik sustaturiko Konpondu.net ekimena ustez elebiduna. Euskara ez da ageri. %1 edo milako 1eko proportzioan? Eta, adi, iritzi gehienak abertzaleak dira gero! Patxi Lopezek ikusi beharko luke akaso, ea zein hizkuntza zehatzekin dagoen lotua "erabakitzeko eskubidearen" aldeko aldarri politikoa...

Nolanahi ere, webgune elebidunak eta presentzia elebiduna ere beharrezkoa da sarean. Eta sustatu behar dugu eleaniztasuna, gure adiministrazioen sareko ekimenetan (legez dagokigun bezala) eta baita ere enpresen eta gainerako erakundeetan.

Alde honetatik, hutsune bat dugu: zaila da neurtzea webgune elebidun baten presentzia. Lehenago ikusi dugu, hizkuntzaren estatistika nagusiak ez duela balio... Beste parametro batzuk ere neurtu daitezke Google Analytics zerbitzuaren bidez, edukian URL edo helbideak egitura jakin batekin sortzen badira, adibidez, gaztelaniazkoak beti /es errotik hasita, eta euskarazkoak /eu errotik. Hala ere, gehienetan, berez ez datozen datuak dira, eta neurgailu espezifikoak sortu beharko lituzke webgune eleanitzaren arduradunak beren orrien trafikoa jakin eta baloratzeko.

Zer nolako datuak jasotzeko? ikusiko da. Agian onak, eta agian txarrak. Baina egiari aurpegira begiratu behar zaio hizkuntza gutxituen aldeko plangintza benetakoa egin behar badugu. Sorpresak ere ikusi ditugu guk gure bezeroen webguneetan: errealitate soziolinguistiko lokal bategatik espero zitekeen baino euskararen erabilera askoz handiagoa ere bai.

Eta datuak ez badira onak, plangintza egin beharko da buelta emateko. Komunikazio plangintza eleanitza behar da, noski.

Hortaz, modu batean edo bestean, badago euskara Interneten. Bagabiltza euskaldunak. Uste dut asko konturatu izan garela lelo hau egia dela: don't hate the media, be the media. Ez gorrotatu hedabideak. Izan hedabide. Uste dut konturatu garela, informazio kanal eta komunikazio kanal propioak izan ditzakegula denok sarean. Zu zeu, zure blogeko nagusi, zure hedabideko zuzendari.

Baina uste dut urrats bat harantzago joan behar dugula. Joan gaitezkeela konturatu behar dugula. Europako parte honetan, kultur sorkuntza eta promozioa hein handi batean instituzioen bidez egiten denean, ohituta gaude kexatzera kultura politika hau edo bestea okerra dela. "Gaizki ari da Kultura Saila. Ezer ez du egiten Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak."

Ba bale. Joan gaitezen, hedabideen kasuan bezala, haratago. Izan gaitezen, gu geu, Kultura ministro, kultura sailburu.

Lawrence Lessig, Creative Commons lizentzien sortzailea, Euskal Herrian izango da datorren ostiralean bere hurrengo liburua aurkezten: Remix. Liburu horren berri duela aste batzuk izan nuen, eta honela aurkezten zuen Lessig-ek, ingelesez, zein gai zituen:

  • "(1) that this war on our kids has got to stop,
  • "(2) that we need to celebrate (and support) the rebirth of a remix culture, and
  • "(3) that a new form of business (what I call the "hybrid") will flourish as we better enable this remix creativity. )‏

Lehen puntu horren idazkerak arreta deitu zidan: "Gure seme-alaben kontrako gerra gelditu behar dugu." Bai.

 

Nola animatu gure haurrak sortzera, kulturaz blai gozatzera, munduko adierazpen originalenak edo berrienak gure sustrai propioekin edo irudimenarekin nahastera?

Euskal musikari bat, elkarrizketa bat erantzuten Argia aldizkarian:

"Euskal Herrian kontzientzia eduki behar genuke, ez dela gauza bera euskaraz egindako disko bat pirateatu, edo hizkuntza hedatu batean egina pirateatzea. Ez dakit inori axolako zaion, baina nik badaezpada azken diskoan horixe jarri dut: "Hizkuntza gutxiagotu batean grabaturik dago. Ez egin kopia piratarik".

Galdera egin diezaiogun, beraz, gure buruari: Musika partekatzea ona ala txarra da euskal musika, kultura eta euskararentzat? Musikari honen teoriaren arabera, Rihannaren musika partekatzea ondo dago. Paco Ibañezena ez, behintzat euskaraz kantatzen duenean.

Nik esaten dut ezetz. Musikari hori oker dagoela. Ezin dela txarra izan Paco Ibañezen musika partekatzea. Ona dela partekatzea, kopiak egitea, eta musika eder hori zabaltzea.

Eta Rihanna ere bai, bide batez, eta Ines Osinagaren ahotsa, Gose taldearekin, eta Cerys Matthews eta Tom Jones. Musika guztia. Partekatu kultura guztia, bai!

Nola animatu gure haurrak sortzera, kulturaz blai gozatzera, munduko adierazpen originalenak edo berrienak gure sustrai propioekin edo irudimenarekin nahastera?

Nola lor haurrek Hayao Miyazakiren edo Pixar estudioen fantasiak euskaraz dasta dezaten? Propietate intelektualaren mamuak, hori guztia delitu bihurtzen du.

Ekimen ofizial subentzionatuen zain egon? (Miyazakiren film bat euskaratu zen horrela, bederen, Chihiroren bidaia)

Merkatuaren zain egon?

Ez. Ez gaitezen zain egon norbaitek "kultura politika" politagoa egin diezagun. Egin dezagun guk.

Euskaratu dezagun guk material hori, adibidez azpidatzien bitartez. (bide batez, kanpoko hizkuntzen ezagueran lagunduko diegu gure umeei, ingelesa hobeto egiten, agian japoniera...)

Nik sortu dut, pertsonalki, euskarazko azpidatzi edo azpitituluentzako webgunetxo bat. Ez da gauza handia: fitxategi gutxi batzuk trukatzeko moduan, eta wiki bat dokumentaziorako. Ez dakit beste inork erabiliko duen, baina neure semeak, 10 urterekin, bere lehengusu edo lagunekin film hauek nola disfrutatu izan dituen ikusteak aita txolin honen bihotza bigundu du. 10/9 urteko ume euskalduna gauza baita, duda barik, ingelesezko filma euskarazko azpidatziekin jarraitzeko.

Beraz, guk erabiltzaileok, kultura kopiatu, birbanatu, eta birziklatze eta eraldatzearen bidez aberastu dezakegu, eta hori eginez, sortu egingo dugu, eta sorkuntzak berrikuntza dakar, eta berrikuntzak aberastasuna.

Agian instituzioek, erakunde eta enpresek ezin dute hori egin. Araudi baten barrian dabiltza, jakina.

Hortaz, ez diegu pirateriarik eskatuko, baina bai, alternatiba argi bat: sortu eta sustatu dezatela kultura librea ere, ez bakarrik kultura copyrightduna. Ere hitza azpimarratu nahi dut. Ez dut esaten goitik behera laguntza politikan ezarri behar denik araua, bakarrik kultura librea, eta berdin hornikuntza deialdietan bakarrik software librea. Ez. Bakarrik ez. Baina hori ere bai. Mesedez, konkurrentzia apur bat permititu. Egin deialdi aparteko kultura librea sortzeko, adibidez. Jarri euro gutxi batzuk ea zer irteten den.

Kultura Sailak ezingo du agian Wikipedia zuzenean elikatu, baina material librea sortzen bada, hark aurkituko du bidea Wikipediaraino.

Orain, kultura librearen kontu honetan, itzuli nahi nuke Lawrence Lessig-en ekarpenetara. Dudarik ez Creative Commons urrats handi bat dela kontzeptu hauen zabalkundean, baina baita ere, tamalez, nahasmendu txiki baina korapilatsu baten sorburuan. Izan ere, Lessig-ek asmatutako lizentzia barianteen artean, bada bat bereziki aipatzea merezi duena: NC edo Non-Commercial lizentziak. Berrerabilpen komertzialak baimentzen ez dituztenak.

Adibidez, zuk kopiatu dezakezu disko hau, baina adi lagun, ez dezala Senegaldar batek kalean sal! Hori debekatua.

Tamalez, hori ez da eduki librea, libertate funtsezko bat debekatzen duelako, eta bereziki ez da konpatiblea aberastasunaren efektu biderkatzailearekin. Software librearen kontzeptuekin.

Kontua da, Euskal Herrian Creative Commons ikusten hasi garenean, gehienetan Non-Commercial deitura hau gehituta aurkitzen dugula izena. Eta hor, tranpa dago.

Adibidez, Euskaltzaindiak. Bere arauak, hiztegi batuko erabakiak, euskal toponimia normatiboa... denak Creative Commons. Baina non-commercial!

Hiri honen izena Bilbo da euskara normatiboan. Ez Bilbao, ofizialki hala izango den arren. Hala ere, ezin dut Euskaltzaindiaren izendegi osoa integratu Tagzania bezalako webgune geografiko batean bilaketa zehatzak eman diezaizkion erabiltzaile euskaldunari, Tagzaniak asmo komertziala duelako, eta Euskaltzaindiaren izendegiaren lizentziak ez ditu berrerabilpen komertzialak baimentzen. Zergatik? Dirua eta merkataritzako grina gauza lohia izango da agian euskararekin, gure altxor maitatuarekin nahasteko, baina, tira, norberak ere jaten eman behar die bere umeei etxean...

Beste adibide bat, Nabar, ipuinak kontatzen dituen pelutxezko hartz euskalduna (okzitanieraz ere badaki!). USB kablearekin dator, eta handik mp3 formatuko ipuin batzuk gehitzen badizkiozu, hartzak zure haurrei kontatu dizkie.

Bide batez, egileek ipuin batzuk jarri dituzte sarean hizkuntza batzuetan, zuk libreki deskarga ditzazun... Abenaki edo Sioux indiarren ipuinak, adibidez, euskaraz eta aragoieraz eta okzitanieraz... Tira, libreki, libreki, ez. Ipuin hauek ere Creative Commons non-commercial lizentziarekin baitatoz.

Ez dudana ulertzen da, nolatan hemen, norbaitek, eskubidea duen siouxen ipuinak komertzialki banatzeko, eskuduntza lortu duelarik bide batez, gainerakooi eskubide bera ukatzeko plastikozko ahate hiztun bat sortzeko...

Ez dut uste Siouxen ipuinen gaineko jabego esklusibo baten aldarria dagoela hemen (nahiz eta literalki, hori adierazten zaigun). Dagoena da, gaizki-ulertze bat, eta Creative Commons erabili nahi izatea mozorro bezala. Eta Non-Commercial deitura jartzen zaionean zerbaiti, kultura librearen mozorroa jartzen zaio, librea ez den zerbaiti. Eta benetako kultura librearentzat oztopoa da hori.

Egin dezagun, beraz, benetako kultura eta jakintza librea. Wikipedia da horren adibide garbiena. Euskararen kasuan, euskarazko Wikipediak datu erlatibo nahiko onak ditu. 30.000 artikuluen maila gainditu dugu irailean.

Baina uste dut ahulak garela. Semeak jakintza bila ikastolan zerbait ikusi duelako Wikipedia errepasatzen duenean nirekin konprobatzen dut, zenbat jakintza dugun erdaretan, zein gutxi euskaraz. Uste dut ez dugula nahikoa elikatzen (neure buruarekin hasi beharko nuke kritika...). Irakasleak eta adituak baino, ikasleak gehiago direla (hori, alde batetik, pozgarria da, baina...).

Beraz, elika dezagun Wikipedia, eta sor dezagun, zuzenean ez bada, Wikipediarekin bateragarria den materiala. Adibidez, argazkiak.org zerbitzuan, irudi guztiak libreak dira, eta jendeak kargaturikoetatik, batzuk azaltzen hasi dira Wikipedian.

Hortaz, laburtzeko, jokoa zertan den ikus dezagun.

  • ez dezagun sinetsi trena garaiz hartu dugula.

  • euskaldunen sareko trafiko eta ohiturak ezagutu ditzagun, eta webgune eleanitzen kasuan, trafiko horren neurketa zehatza eta presentziaren plangintza orekatua egin dezagun. Ez dezagun diglosiaren zulo beltza elkikatu.

  • Sareko zerbitzuetan, bide guztiekin saia gaitezen: aurki ditzagun gure txokoak Google ekosisteman, eta aldi berean eraiki ditzagun alternatiba propioak, guztiz euskaldunak.

  • Ez hedabideak gorrotatu. Bilakatu hedabide. Informatu, eztabaidatu, bloga sortu, matraka eman.

  • Ez Kultura sailburuagatik kexatu. Bihur zaitez zu zure kulturaren jaun eta jabe.

  • Sortu kultura. Kopiatu, egokitu eta birsortu irudimenarekin. Punk izpiritu apurtzaileenarekin.

  • Kultura librea sor dezagun. Izpiritu entziklopedikoarekin.

Eta egin dezagun topo pantailarekin eta Internetekin, xalotasunez, Matthew Broderick-ek Wargames (1983) film ederrean egin zuen bezala. Ordenagailu ezezagunaren joko-zerrenda eskatu zuenean... Hiruko marra, xakea, pokerra, hegaldi simulazioa... azkenik, Gerra Termonuklear Globala. Zein joko aukeratu zuen Matthewk? Zein joko aukeratu behar dugu guk sarean?

Jokorik handiena. Arriskutsuena. Interesgarriena. Dibertigarriena. Ez baitago argi, gainera, partida galduko dugunik.

 

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004