Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Sustatun kontrol neurriak: e-postaren konfirmazioa

Luistxo Fernandez 2004/10/21 06:54

Hasieratik izan du Sustatuk, mezuak kargatzeko orduan, honako oharra e-posta sartzeko eremuan: (E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik). Baina orain, konfirmazio hori efektiboa bihurtu dugu.

Sustatura bidalitako erantzun edo artikulu bakoitza e-posta helbide benetako batekin identifikatu geratuko dela konfirmatzen da prozedura automatiko batekin. Honela, alegia:

  • Bidaltzaileak e-posta helbide bat emango du alor horretan. E-postarik eman ezean, ezingo da mezurik kargatu.
  • Emandako e-posta helbidera mezu bat bidaliko du sistemak automatikoki. Jasotzaileak, mezu horretako instrukzioei jarraituz, bi aukera izango ditu, konfirmatu ala ezeztatu. Normalean, e-posta benetakoa izan bada, bidaltzaileak bere mezu propioa baieztatu ahal izango du. Norbaitek beste pertsona baten e-posta eman badu, tranpa egiteko, jasotzaileak berak idatzi ez duen mezu bat topatuko du, eta hura berea ez dela esateko aukera izango du.
  • Konfirmazioaren ondoren, mezu orijinala bada, artikulu orijinalekin orain gertatzen den bezala, edizio-taldeak onartzeko zain geratuko da. Erantzuna baldin bada mezua, automatikoki argitaratuko da.

Azalpen batzuk hemen

Kontrol neurriak badu zorroztasun puntu bat, eta kexuak izan dira. Txopi, adibidez, ez dago konforme:

  Bestalde, argi dago baieztapen mezuaren kontua  etorkizunean poliziari informazio hori eman ahal   izateko dela. Interneteko zein forotan egiten da hori? 

Bueno, ba Kataluniako Interneteko ekimen sendo batzuen adibide pare bat aipatzeagatik: Vilaweb-eko foroetan, Loquo-ko mezu pertsonalen komunitatean...

Txopik gaineratzen du:

  Badakit egiten duzuen lan guztia borondate onarekin  egiten duzuela, eta eskertzen da Sustatu bezalako  webgune bat egotea ezer ez egotea baino. Baina  daramazuen bidea ikusita beste Sustatu bat gero eta  beharrezkoagoa ikusten dut...   Zuek diozuen bezala beste euskal foro bat   sortu beharko da  

Ados: foro gehiago behar dira. Bereziki, Sustaturenak baino irizpide hobeak dituen foroak behar dira, Sustaturenak okerrak badira. Beraz, animo. Lehia gehiago eta hobea merezi du Sustatuk.

Liliren izenean

Luistxo Fernandez 2004/10/19 17:26

Urriak 17. Gure alaba Liliren lehen urtebetetzea. Haizearen orraziaren ondoan ospatu genuen, Branka jatetxean bazkari batean.

Nola ez garen katolikoak, ez dugu bataiatu. Baina andreari okurritu zitzaion halako zeremonia pagano bat edo zeozer egin behar zela, eskaintza bat itsaso aurrean, ongi etorri bat umeari... enfin, niri enkargatu zidana: zeozer idatzi irakurtzeko.

Eta hauxe idatzi nuen:

Liliren izenean
eskerrik asko
amatxo eta aitatxo, eta Peru
musu bakoitzagatik, laztan bakoitzagatik
eskerrik asko familia
opari txiki eta haundiengatik
aitita eta amama, batez ere
eskerrik asko Donostia
olatuengatik, eta Getaria,
eta Eibar,
tio Agustinen kuman
lagatzen nautelako lotan han
eskerrik asko biberoiak
kopinak eta gauza guztiak
aitaren antza daukadala esaten duen bakoitzari, pa haundi bat
eta eskerrik asko denoi
Liliren izenean
eta guztien izenean
gaur gurekin gehiago ez daudenen izenean
eta etorriko direnen izenean
denon izenean


Irudian, nere iloba Ane Fernandez eta Lili.

Google Desktop-i zukua atera, Mozilla, Eudora eta OpenOffice erabiliz

Luistxo Fernandez 2004/10/19 17:11

Google Desktop iritsi da, eta tresna iraultzailea dela esan daiteke. Microsoft softwarean dago pentsatua. Hori du txarra. Baina badago aukerarik, Mozilla, Eudora eta OpenOffice erabiliz, zuku on ona ateratzeko tresnari. Nik probatu dut. Sartu eta ikusi, irudiak eta instrukzioak.

Google Desktop-ek zera arakatzen du, zure disko gogorrean, Windows XP baldin badaukazu:

  • Outlook-eko e-posta mezuak
  • Office-ko dokumentuak eta txt fitxategiak
  • Microsoft Explorerreko historialeko orriak

Batzuek asmatu dute Explorerren ordez, Mozilla-Firefoxeko historiala arakatzeko zeozer. Bueno, ikusiko dugu. Edozein modutan, historialean bisitaturiko orrien Google-ren katxean gordetako emaitzak ematen dituela iruditzen zait, eta hortaz, password bidez sartu zaren tokietako orrietako emaitzarik ez du ematen horrek...

Office-ko dokumentuei dagokienez, ba bueno, Word eta Powerpoint dexente erabiltzen ditut neuk, eta jaso ere bai. Pentsatu dut OpenOffice.org-eko formatuetara, eta, batez ere, PDF-etara ere iritsiko dela egunen batean Google Desktop-en indar arakatzaileak. Izatez, sxw estentsioko OpenOffice Write dokumentuak indexatu dizkit makinak. Horrekin eta txt fitxategiekin, ni konforme.

Baina, bereziki, aukera ikusi dut e-posta mezuak arakatzeko gaitasun horretan. Ni tipo arraroa naiz eta azken 6 urteetako e-posta mezuak dauzkat gordeta nire disko gogorrean... egunean batean haietan Google estiloko bilaketak egingo nituen esperantzarekin. Gmail sortu zenean, izan nituen pentsakizun batzuk ea hori ote zen bidea nire e-posta multzo guztiak bilagarri jartzeko, baina ez, Gmail ez da horretarako modukoa (baina bai ordea spam-a kontrolatzeko). Baina azkenean, Google desktop-i esker, hurbildu da egun hori...

Eta merezi du. Emaitza ikusgarria da. Horra, bilaketa irudi bat. Joxerra Garzia bilatu, eta lehenik eta behin, Argia astekariak e-postaz bidaltzen dituen asteroko buletinen bi ale erakusten dizkit, non Joxerra Garziaren artikuluak egongo diren...

Hurrengo bi interfazeetan mezuak nola agertzen diren erakusten du. Mezuak irakurtzeko ez du Outlook irekitzen, nabigatzailetik ikusten dut, eta thread edo hari ikusmirarekin gainera. Gainera, reply egin daiteke zuzenean Google Desktop-en nabigatzaileko interfazetik...


Hau da, Google Desktop bereziki e-posta mezuekin elkarreragiteko pentsatua dago, ez bakarrik testua aurkitzeko.


Koxka zera da, ostera: Outlook erabili beharra, eta Outlook anatema da. Word, Excel edo Windows erabiltzeko aitzakiak aurkitzen ditut. Baina Outlook debekatua beharko luke egon ordenagailu guztietan: birus kutsatzaile arriskutsua besterik ez da. Alternatibak daude, eta haiek erabili behar dira. Nik, neure kasuan, Eudora.

Orduan, zera da koxka, nola erabili aukera hau Eudoran gordeta dauzkadan milaka mezu horietan arakatzeko?

Urrats batzuk probatzen, asmatu dut. Honelaxe. (Nire ordenagailua Windows XP espainolarekin dabil, baina Elhuyar eta UZEIk euskaraturiko bertsioa gainean duela, eta horregatik Outlook-en menuak euskaraz ageri zaizkit)

  1. Outlook-en, Fitxategiak menuan, Inportatu Mezuak.
  2. Aukeratu Eudora. Netscape aukera pare bat ere badaude, baina ez dakit Mozilla-ren e-postarekin bateragarri ote den prozedura hau...
  3. Hurrengo interfazean, disko gogorra arakatu behar dugu mezuak non diren aurkitzeko. Eudorarekin bazabiltza, normalean egon behar dute egon: C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora. Horixe aukeratu, beraz, Eudora folder hori.
  4. Aukeratu zein mailbox edo postontzi nahi dituzu inportatu, eta sakatu. Ia-ia egina.
  5. Ia-ia, diot aurreko puntuan, ze horrenbestez Eudorako postontzi guztiak inportatu dituzu Outlook-era salbu eta bat: In postontzia, sarrera-bandeja nagusia. Hortaz, In postontzikoak Outlook-era eramateko, zoaz Eudora-ra eta mugitu In postontziko guztiak postontzi berri eta probisional batera, esate baterako: In-Probisionala.
  6. Berriro, Outlook-era, 1-2-3 urratsei ekitera, eta ondoren postontziak aukeratzeko orduan, ADI!, In-Probisionala bakarrik aukeratu, zeren-eta aurretik kargatu duzun postontzi bat berriz kargatzen baduzu, mezuak bikoiztuko dituzu Outlook-en. Hau da, Zaborra postontzian 12 mezu badaude, eta birritan inportatzen baduzu, 24 mezu pilatuko zaizkizu Outlook-en.

Eudoran dauzkazun mezu guztiak inportatu dituzu horrenbestez Outlook-era. Eman pare bat ordu, eta Google Desktop-ek indexatuko ditu. Kontua da hori urriaren 17an egin baduzu, jakina, 2004.10.17 data baino lehenagoko mezu guztiak izango dituzula Outlook-en... baina Eudoran mezuak jasotzen jarraituko duzu... Nola egin, beraz?

Tira, goian azaldutako 1-6 urratsak dira lehen inportaziorako. Orain, nola egin ondorengo inportazioetarako. Adibide honetan, inportazio orijinala urriaren 31 egin zela kalkulatuko dugu, 2004-10-31 datan).

  1. Zoaz zure disko gogorreko C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora karpetara, eta kopia itzazu hor dauden .mbx fitxategi guztiak beste norabaiera. (honekin, mezu guztiak gordeko dituzu, badaezpada ere, zeren eta hurrengo urratsean Eudorako mezuak borratu egin behar ditugu).
  2. Eudoran, postontziz postontzi, hustu urriaren 31 baino lehenagoko mezu guztiak
  3. Berriz mezu mordoxka biltzen zaizunean Eudoran (demagun azaroaren 30erako), sortu postontzi probisional bat, adibidez, Azaroa-2004 izenekoa. Gainerako postontzietatik, aukeratu mezu guztiak eta mugi itzazu Azaroa-2004 postontzira.
  4. Orain, Outlook-era goaz: Fitxategiak menuan, Inportatu Mezuak.
  5. Agertzen den pantailan, aukeratu Eudora.
  6. Hurrengo interfazean, disko gogorra arakatu behar dugu mezuak non diren aurkitzeko. Eudorarekin bazabiltza, normalean egon behar dute egon: C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora. Horixe aukeratu, beraz, Eudora folder hori.
  7. Aukeratu Azaroa-2004 postontzia, eta ekin.
  8. Zoaz zure disko gogorreko C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora karpetara, eta kopia ezazu han dagoen Azaroa-2004.mbx fitxategia beste norabaiera. (honekin, mezu guztiak gordeko dituzu, badaezpada ere, zeren eta hurrengo urratsean Eudorako mezuak borratu egin behar ditugu).
  9. Zoaz Eudorara eta borratu itzazu, Azaroa-2004 postontziko mezu guztiak.
  10. Beste hilabete bat igarotzen denean edo, prozesua errepikatu Abendua-2004 postontziarekin edo...

Gmane zerbitzuan dauden zerrenda euskaldunen interfazea euskaratzen

Luistxo Fernandez 2004/10/03 17:40

Lehengoan Gmane-ko administratzaileak sujeritu zuen ea zer egin zitekeen Gmaneko administrazio interfaze posible batekin, ideiak eskatzen

Nik erantzun nion Lars Gmane-masterrari i18n apur bat ondo letorkeela.

Eta 24 orduren buruan, egina (lehen interfazea, bederen), aukera prest du Larsek. Neuk itzuli, eta hara, Itzul, Eibartarrak eta Dantzan euskarazko mezuekin lehen interfaze horretan.

Karaktere-kateak euskarara moldatzean, itzulpena barik, lokalizazioa da koxka

Luistxo Fernandez 2004/10/02 11:53

Karaktere-kateak itzultzeko buruhausteek interesa sortu dute ItzuL zerrendan, hari honetan bederen

Aplikazio informatikoak itzultzea ez da itzulpen soila. Interfazearen eta tresna informatikoaren diseinua da koxka. Aldagaien ordena edo aukera, kode informatikoa, orri-egitura... gaztelaniaz bakarrik pentsatzen ditugu, eta tori, hori itzultzera.

Beste adibide batekin ilustratzeko, proba ezarri nuen ItzuL-en, ea karaktere-kate hauek jasoz gero, ze eman ote zezakeen itzultzaile euskaldunak:

  'respuesta'  'respuestas' 

Emandako ordainak eta horren ondorio posibleak... Lagun batek erantzun zuen ItzuL-en:

> Tira, ordainak "erantzuna" eta "erantzunak" izango lirateke. >

Ba, itzulpen horrekin, ondorioa hau litzateke, bilaketa emaitza batzuen interfazean, gaztelaniaz:

  1 respuesta  3 respuestas 

eta euskaraz, aldiz:

  1 erantzuna  3 erantzunak 

Adibide bat hemen (bueno, adibide hau ez dakit noraino den zuzena, webgune honen egileak euskaldunak eta informatikan trebeak dira, eta merituz ari dira lanean softwarelibrearekin, baina, tira, akaso tripa informatikoetan kodea bihurritzeko aukerarik ez da egon, edo orri hau sortzen duen sorburua oso ezkutua dago, edo batek daki... barkatu, beraz, Baleikeko zumaiarrok)

Beste itzultzaile batek proposatu zuen, bi kasuetarako, erantzun aukera bakar gisa. Baina, horrela, berriro gaizki, ze respuesta eta respuestas karaktere-kateak baldintza zehatz batzuetan jartzen dira zenbaki-aldagaien ezkerretara:

  1 respuesta / 3 respuestas  1 erantzun / 3 erantzun 

Ze, errorea ez dago itzulpen-ahalegin saiatu edo saiatugabean, jatorrian dago okerra. Itzultzeko kate horiek emanda itzultzaileari, ez dago arazoa konpontzerik. Jatorrizkoa zuzendu behar da, eta "jatorrizko" hori kontu multzo konplexua izan daiteke: diseinua, kode informatikoa, gaztelaniazko formulazioa... Aldagaien konbinazioa, aldagaietan bat numerala denean haren zenbatekoa: arazo matematikoa ere bai!

Interfazeen diseinuan eta egokitzapenean itzulpena baino gehiago dago: lokalizazioa esaten zaio. CodeSyntax-en horretan egiten dugu lan.

ItzuL, euskarazko posta-zerrenda arrakastatsuena, 500 harpidedunera iritsi da

Luistxo Fernandez 2004/10/02 11:44

Euskarazko posta-zerrenda funtzionalena, ItzuL, 500 harpidedun izatera iritsi da. Neure enpresako zerbitzu batek, Postaria.com-ek, bideratzen du zerrendaren trafikoa aurtengo udatik. Informazioa Sustatun

ItzuL-en hileroko mezu kopuruarekin, eta 500 harpidedunekin, Postaria zerbitzuak urtean 1.5 milioi mezu banatuko ditu itzultzaileen artean. Horrez gain, EIZIEk beste zerrenda bat ere badauka martxan Postariarekin, kasu honetan bazkideentzako buletin pribatu bat. Berriki Postariaren zerbitzua erabiltzen hasi den beste zerbitzu euskaldun bat Erabili.com webgunea da.

Sustaturen albisteak e-postaz jasotzeko zerbitzua ere ematen du Postariak. Kasu honetan, berrikuntza batekin duela gutxitik: argitaratzen den albiste bakoitzaren sarreratxoaz gain, orain, bi lerro soil gehiago dakartza, apur bat gehiago informatzeko, postontziak gainezka egin gabe:

  • Bata, Sustatuko azalean dagoen argazkiaren berri ematen du (irudirik ez da bidaltzen, soilik argazkiaren izenburua, klikatzeko aukerarekin)
  • Bestea, Jamaika ikusteko jaio gara atalean ageri den azken erreferentzia ere ematen dugu

Goiena.net atarian ere, herriz herriko buletinak banatzen ditu Postariak.

Karaktere-kateak itzultzen interfazeetan

Luistxo Fernandez 2004/09/29 15:32

Produktu informatikoetan, web interfaze batean edo programa baten pantaila-irudietan, menuak, botoiak eta abarrak diseinatzean testu-kateen luzera arazo izaten da batzuetan. Adibidez, menuok eta abarrok, ingelesez egin, pentsatu eta diseinatu badira, alemanezko bertsioa egitean, akaso alemanezko ordainak ez dira "sartuko" diseinuko elementuetan. Esaten dute, zer diseinatzen duzula ere, %30eko espazio libre bat utzi behar duzula zure testuaren eta haren oinarriaren artean (menuko zatia, botoia, dena delakoa), aplikazio hori ganoraz itzuliko bada... Euskarak ere badu, alemanak bezala, luzera handiagoa izateko joera, gaztelaniarekin alderatuta, zer esanik ez ingelesarekin.

ItzuL zerrendan azaldutako mezu batzuen harira idatzi dut hau, nahiz eta ez nagoen seguru zerikusia ote duen.

Beste kontu bat: testu-kateak bere horretan itzulita, eta luzeretan ere bat etorrita ere, itzulpena askotan alferrik da. Ze, interfazeak, aplikazio informatikoak egokitzen direnean hizkuntza batetik bestera, itzulpena baino gehiago, lokalizazioa dago jokoan.

Hona adibidetxo bat, webgune elebidun batean aurkitua. Lehenbizi, Erdarazko kontaktu formularioa. Informazioa eskatzeko karaktere-kate batek gonbita egiten digu, testu-kutxa batean idatz dezagun nahi duguna:


Baina, hara, hori bera euskaraturik:


Itzultzaileak zuzen jokatu du: Informacion sobre itzultzeko esan diote, eta ..i buruz informazioa eman du. Testu-katearen luzeran bat dator. Baina emaitza absurdoa da.

Metadona hertzianoa

Luistxo Fernandez 2004/09/24 15:30

Mariano Ferrer kendu zigutenetik, zer entzun? "mono" hau nola ase?

Nork aterako die punta zorrotza Aznarrek esandako astakeriei ? (The culp is of the moors in the eigth century, then we did the re-conquest very well fandango)

Heroinaren ordez, metadona tratamentuarekin dabiltza batzuk... Lagun batek esaten dit goizeko 7etan eta 8etan Iñaki Gabilondo aktualitate-komentario majoak egiten dituela, bereziki 7etan, denbora gehiagorekin.

Ez dakit, gaur estreinakoz entzun dut 8etan, eta albistegi arrunt bat zuzentzen entzun dut Gabilondo... 7etarako jaiki beharko naiz.

Eguraldia emateko moduak Interneten

Luistxo Fernandez 2004/09/24 15:22

Joan den larunbatean, Berria-n, Euskalmet-eko buruarekin elkarrizketa zetorren. Pozez zioen Euskalmetek 91.000 bisitari izan zituela uztailean: www.euskalmet.net helbideak hirukoiztu egin du urtebetean sarrera kopurua. Euskalmetek lehendabiziko urtea bete du ofizialki hasi zenetik. Elkarrizketa zetorren gero, baina Internetez ez zuen ezer esaten.

Ez dirudi hainbeste bisitari, duten propaganda guztiarekin. Nolanahi ere, oraindik gora egingo du bisita kopuru horrek, ze propagandarekin gogor segitzen dute, eta uztaila ere ez da oso oparoa nabigaziorako.

Hemen gai inportante bat dago: nola Euskalmet.net promozionatzen duten, ia ia negozio bat balitz bezala, eta espreski informazioa handik erabiltzeko zailtasunekin ("Debekatuta dago informazio hau, osorik nahiz zati bat, beste inon berariazko baimen idatzirik izan gabe sartzea")... Badirudi, irratian eta beste toki batzuetan lehengo informatzaile "pribatuei" konpetentzia publikoa eginez ere Euskalmet-eko parte ofizialak ematen dituztela orain.

Bada eguraldi informazioa beste modu batean emateko aukerarik. Baina zerbitzu publikoa, erakunde publikoek barik, elkarte pribatuek antolatu dute hemen:

Lan egiteko bi modu daude hemen:

  • Erakunde publikoa, datu publikoak jabego pribatua balira erabiltzen.
  • Erakunde pribatuak datu irekiak ematen, zerbitzu publikoa antolatzeko.

Blogetako komunikazioa definitzen: enpatia

Luistxo Fernandez 2004/09/20 14:22

Anjel Lertxundik blog-gintza aipagai izan zuen joan den astean Berria-ko hitz beste sortako hiru aletan. Aipamenak hiru egunetan irten ziren, eta batera ez daudenez inon... copyright eskubideak apur bat bortxatuz hemen pegatuko ditut Andurenak.

Eibarren duela hilabete batzuk egon zenean entzun nion erreflexio bat: ordenagailuarekin desberdin idazten dugu. Berba eta esaldi aukera... esandakoa ezabatzea eta zuzentzea hain erraza denean, idazkuntza ere aldatu egiten dela halabeharrez. Hori ordenagailuak dakarrena, berez. Eta denok konturatu gara horretaz, kopi-pega egitearen ondorioez, adibidez.

Orain Anduk Interneteko, eta, berez, blog-etako idazkuntzak ere zer ekarriko duen galdetzen dio bere buruari.

Honetan uste dut Andu bat datorrela beste batzuen kezka zalantzarekin: zein da Interneteko lengoaia, zein da blogaren komunikazio lengoaia? Nik uste dut erantzun definitiborik emateko goiz dela. Praktikak bakarrik erakutsiko digu. Baina, Eibarko praktika apurragatik, esango nuke lengoaia horren puntu nabarmen bat zera dela: enpatia. Kazetaritza lengoaiaz edo literatura doaiez aparte, blog batek konektatzen du enpatiaren bidez. Honetan Ogrosabel eta Maite-Etiam maisu ditugu, oraingoz.

Honaino, Luistxo, eta hemendik aurrera, Andu. Berria-n azalduak 2004ko irailean

Zaharberritzen

Anjel Lertxundi

«Informazioaren gizartea pertsona guztientzat», du aldarri hil honen bukaeran Donostian izango den teknologia berriei buruzko hitzaldi zikloak. " Teknologiak bakarrik al dira berri? Teknologiak berri eta gu zahar? Ezer aldatu al da gure baitan? Egiten ez diren galderak dira. Baina nago idazteari ekin aurreko gure psikologia eta prozedura mentala goitik behera aldatu direla. Ez dira hainbeste urte: orri zuria idazmakinaren arrabolean sartu aurretik, zuhur jokatzen genuen, ez ginen idazten hasten harik eta garbi izan arte eskema, baita esaldi bakoitzaren nondik norakoa ere, akats batek papera zakarrontzira bota beharra baitzekarren. Orain, pantailaren aurrean jarri, eta hau idatzi hura kendu, lanean hasten gara. Besterik gabe. Orri zuriari genion izua galdu dugu.Baina prozedura teknikoa zein mentala nolako, etekina ere halako, ezta?

Sarean

Zaharberritzen II

Anjel Lertxundi

Atzokoan, teknologia berriei buruzko nire jarduna bukatzeko, «prozedura teknikoa zein mentala nolako, etekina ere halako, ezta?» esaten nuen. Gu aldatu bagara, gure idazteko modua aldatu bada, idazten duguna ere aldatzen ari da. Ia modu ikusezinean, dabilen haizeak hareharriari forma berriak sortzen dizkion bezala: urteak beharko dira aldaketen nondik norakoak aztertzeko. Baina aldaketak, egon badaude. Lehenik eta behin, desberdin idazten dugu Interneten eta liburutarako. Oraingoz, bereizgarriak dira bi idazkuntzak. Baina laster, Interneteko idazkuntza libre, solte, bridarik gabea bere tokia egiten hasiko da liburuetan ere. Gero eta ugariagoa izango da liburuetan ere blog-etako estilo zatikatua, pasarte laburrez emana, disjecta membra batzuekin osatutako diskurtsoa, jauziak eta elipsiak eginez etena oinarri duen estetikaÉ

sarean

Zaharberritzen (eta III)

Anjel Lertxundi

Idazle handi ezagunen dietarioak gustatzen zaizkigunontzat, berebiziko interesa dute hainbat idazle anonimoren blog eta antzekoek ere, batez ere espero ez zenituen ikuspuntu eta iritziak politikoki zuzenaren itzal luzerik gabeak topa baititzakezu halakoetan. Argitaletxe eta hedabideetan edukien eta hizkuntzaren kontrol halako bat dago. Internet-eko orrialdeetan, aldiz, jardun ideologiko eta literarioa libre eta malgua da oro har, komisario ideologiko eta linguistikoen kontrolik gabea, jardunaren bizitasuna eta ekonomia zuzentasunaren gainetik jartzen duenaÉ

Horrek guztiak zer ekarriko duen, horrek guztiak nora eramango gaituen, auskalo. Baina «Informazioaren gizartea pertsona guztientzat» aldarri duen Donostiako ekimenak kontuok ere aztertu behar lituzkeelakoan nago, teknologia berriak ere ez baitira (zorionez!) neutro xaloak.

sarean

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004