Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Xabier Mendiguren Elizegi, blogger akreditatua Donostiako Zinemaldian

Luistxo Fernandez 2004/09/20 12:37

Eibar.org elkarteko eibarnauta batek, bere blogarekin, jarraipena egiten dihardu Donostiako Zinemaldian. Xabier Mendiguren Elizegi da, idazle eta editore ezaguna, eta Sustatu.com-ek akreditatu du.

Nik argazkia atera diot XME-ri Kursaaleko alfonbra gorriaren aurrean, behar bezala akreditatua, eta koloreetan ere bat, kasu honetan Eibarko Matrallako irrati librearen kamiseta ofizialarekin.


Sustatun esan dugu bere dela zinemaldiko lehen blog akreditatua. Baina, egiazki, akreditatuen artean, Donostilandia.com delako blog erako jarraipena Batetik, akreditatuen artean, Donostilandia.com delakoa blog erako jarraipena egiten ari da.

XML feed-ik ez du eskaintzen, baina kritikak komentatzeko aukerarekin, eta egitura kronologiko horrekin, egunez egun, erderazko kontu hori blog bat dela esango nuke. Bakoitzari berea, eta hori aitorturik gera bedi.

Telefunken iragarkia, Mendaron

Luistxo Fernandez 2004/09/20 12:01

Telefunken-en iragarki hau, azulejoz egina, Mendaroko tren geltokian dago. Gaur trenez netorrela gelditu naiz aldamenean, eta klik!


Duela egun batzuk horma-irudi eta pintada kuriosoen gaineko Eibartarrak zerrenda bateko mezu batean azaldu zen hau.

Hain zuzen ere, gaur, inguruak zuriz pintatu berriak aurkitu ditut. Nonbait, graffitti lehiaketa edo erakusketa bat egingo da bertan. Espero dut espazio zuria aprobetxatuko dutela eta ez dutela ikutuko azulejozko artelan bitxi hau.

Osasuna, Joxe!

Luistxo Fernandez 2004/09/10 15:50

Bi urtez informatu eta astindu gaitu Joxe Aranzabalek, eta beti Bestelakoak ziren bere mezuak. Gaur izan da Minbiziaren kontrako borrokaren bere sortako azkena

Aurki berritu dugu Sustatu diseinuan eta egituran. Gaiak libreago izendatzeko aukera izango dugu hemendik aurrera. Apropos, Joxeri Osasuna! opa ahal izateko moduan egin dugula esan daiteke... Gai horretan klikaturik, haren artikuluak, haren liburua.

Aurrerantzean beste osasun kontu batzuk, beste bizipen batzuk, joango dira pilatzen gai horretan, baina oraingoz, Osasuna osoki Joxerena da.

Jamaika ikusteko jaio gara: Sustatuko atal berria azaltzen

Luistxo Fernandez 2004/09/08 17:19

Sustatun martxan jarri dugun ideia baten inguruan. Del.icio.us zerbitzu zeharo interesgarrian oinarriturik sortu dugu Jamaika ikusteko jaio gara (Bob Marley). Reggae maisuaren zita, jakina, gezurrezkoa da, [uste dut Zakilixutek edo Antton Olariagak asmatu zuela, batek ez bazuen egin, besteak] Joxean Sagastizabalek asmatu zuen. Askotan, aurkituako web euskaldu berri bat, urjentziazko kontu bat, aurkitutako diseinu polit bat, Berrian urtendako iritzi artikulu interesgarri bat.. artikulu luze batekin izan beharrean, loturarekin eta lerro batekin konpontzen da. Adibidez:

  • Amodioblog aurkitu dugu nikzerdakit.com/denadelakoan. Nahikoa da esatea: blog pertsonala euskaraz. Egilea gaztetxoa dirudi...
  • Notizia flashazo bat: 300 lagunekin esplotatu dute hegazkin bat txetxenoak (lotura CNN-ra edo Berriara, eta punto).
  • Web polit bat aurkitu dugu. Zertarako komentario gehiago? Ikusi maitesdesign.com, ze polita, dena arrosa, so romantic...
  • Anjel Lertxundi gaur. Interneten sorreraz idatzi du! Klikatu, eta irakurri.

Erreferentzia hauek, askotan, nabigatzen gaudela aurkitzen ditugu. Aurkitu dugunaren helbidea hartu, sustatura eroan, lerroak idatzi, moderatzera, handik onartu... Rollo bat da hori. Laburki, bi urratsetan, lotura edo mikro-albiste horiek gehitzeko modua badago, ordea, nabigatzen gauden bitartean, HARA, HAU JAMAIKA IKUSTEKO ATALERAKO MODUKOA DA, ba ti-ta egiten da, eta txispun, Sustatu-n azaltzen da.

Eta aukera hau denentzat irekita legoke, moderazio barik (spam eta gaiztakietarako aukera badago, baina murritza: gaiztoak errejistratu beharra dauka del.icio.us-en eta ia ia agerian geratzen da...).

Hor dago Jamaika ikusteko jaio gara atala

Eta hor dago azalduta nola gehitzen den edukia

Konplikatua da hasieran, baina behin del.icio.us ezagututa, oso erraza da. .

eta bai zuek eta bai besteok (CodeSyntax-en badaude batzuk dagoeneko del.icio.us-en kontua dugunak), ba gehi ditzagun, aproba gisa, hurrengo egunetan, Jamaikarako erreferentzia batzuk, sustaturako aginduak emanez del.icio.us-en.

del.icio.us

Del.icio.us zerbitzuan oinarritzen da atal honen magia.

del.icio.us erabili daiteke ez bakarrik Sustatun edukia era honetan gehitzeko... zuk ere, irakurle hipotetiko horrek erabil dezakezu ZURETZAT, zure lanerako, etab etab.

Ikusi beste erabiltzaile hau, Kelsey. Interes asko ditu, gutako edozeinek bezala, Musika, edo hizkuntza, eta baita, Minbizia,

Era berean, jende askok biltzen ditu cancer terminoarekin erlazionatutako erreferentziak: http://del.icio.us/tag/cancer

Eta orri horietan guztietan ikusiko duzu, RSS ikono laranja, feed-ari dagokiona, harpidetzeko.

Kelsey horren erreferentziak jarraituko dituen bat Joxe Aranzabal izango dela uste dut. Jada sortu da atala del.icio.us-en. Hasi da gauzak sustaturako markatzen, Jamaika atalean azal daitezen, baina beste batzuk bere erabilera propiorako markatzen eta gordetzen ditu.

Beste euskaldun batzuk del.icio.us-en:

Irakeko erraibindikazio bruto samarrak Interneten

Luistxo Fernandez 2004/09/07 18:54

Ona asmatu du Mendigreenek Oier G., the artist formerly known as Txikillana, izendatzeko eibarnauten artean: Ogrosabel.

Oierren anaia bikiaren erretratua topatu dut gaur, hain zuzen be, Interneten, hementxe

Itxura baten, komandante txetxeno wahabita bat ageri zaigu hor, Windows XP birusengandik askatzeko aholkuak ematen, urratsez urrats eta pantaila-irudi didaktikoekin lagunduta.

Zelan aurkitu dudan?

Azken aldi honetan behin eta berriro entzuten dugu hedabideetan. Irakeko honako bahiketaren bideoa, edo Saudi Arabiako Al-Qaedako zelula baten erreibindikazioa Internet bidez zabaldu dutela.

Baina nola da posible? Al-Qaeda edo Al-Zarkawi edo dena delakoak ez daukate webgune ofizialik. Ezin dute izan. Non agertzen dira gauza horiek? Ala hedabideen topiko erdi-asmatua besterik ez da kontu hau?

Gaur, azkenean, berriz ere aurkitu dut aipamen hau, baina behingoagatik, URL bat aipatzen da! Fernando Iturribarria kazetariak Paristik Vocentorako egindako kronika batean zetorren. Dioenez, Iraken bahitutako kazetari frantsesak askatzeko plazaratutako baldintza berriak webgune honetara bidali dituzte: http://www.islamic-minbar.com/

Sartu naiz eta, hara!, intro orri bat (haiek ere!!!). Ondoren, bulletin board erako foro bat, arabiera hutsez, PHP-rekin egina (software librea). Erreibindikazioa non ote dagoen zehazki, ez dakit, ez baitakit arabieraz. Bideoak-eta (buru-mozketak eta horiek) toki honetan bertan argitaratzeko ohitura ote daukaten ere ez. Hori bai, ez da dena gatazka armatua. Klik bat haruntzago, Ogrosabel-bis, birusen arriskuez abisatzen...

Orakulua bere bakardadean?

Luistxo Fernandez 2004/09/07 18:50

Blog batean idaztea isolatzea iruditzen zaio Oier Gorosabel eibarnauta lagunari, konparatuz posta-zerrendarekin... Beste askori, Internet bera, e-posta bera, isolatzaile, alineatzaile eta ez-naturala iruditzen zaie: sozializazio naturalaren kontrakoa.

Maitek gehiago egiten du blogean zerrendan baino. Beste batzuek gehiago zerrendan blog-ean baino. Nik, zerrendetan eta beste toki batzuetan idazten ditudanak jartzen ditu blogean (ez dut propio ezer sortzen blogerako, bestela sortzen ditudanak pilatzen ditut han). Mendigreenek egunero blogerako artikulu bat idazteko penitentzia ezarri dio bere buruari.

Kontua da ez dudala uste, ez Maite, ez Orakulua, ez Mendigreen, ez Luistxo, blog bat edukitzeagatik speakers corner batean etxian bakarrik egon gaudenik. Komunikatzeko beste kanal bat aukeratu dugu.

Eibartarrak zerrenda ere ez da, ez pentsa, kale zabaleko zarata... Hemengo harpidedunen %90ak ez du sekula ezer esaten.

Eibarnautak ez gaude bakarrik. Orakulua ez dago bakarrik. Bere blogak ze joera editorial-filosofiko-komunikatibo hartu behar ote duen... hori Orakuluaren jardunak berak esango du. Orakuluak tresna asko ditu eskura: jendearen esku daude, tresna horiek, Interneten, baina jende gehienak ez ditu manejatzen. Eibartarrak zerrendaren eta Eibar.org elkartearen bide xumean, eibarnauta batzuek suertea izan dugu tresnok geure buruaren zerbitzuan, erabilera praktikoan, lanean jartzeko, komunikazio modu berrietan barneratzeko 21. mende honetan. Nora iritsiko garen, ez dakit, baina oraingoz, aurrera goaz.

Margaret Atwood-en zientzia-fikzio feminista

Luistxo Fernandez 2004/09/01 18:55

Margaret Atwood-en zientzia-fikzio feministak engantxatu nau aurtengo abuztuan. Oryx and Crake irakurri dut gaztelaniaz (Oryx y Crake), eta orain The Handmaid's Tale daukat esku artean ingelesez ( El Cuento de la Criada hartuta zegoen liburutegian).

Nik uste dut Atwooden liburuak gustatu zaizkiola Scarpetta doktorearekin dabilen beste irakurle fin honi...

Atwoodek liburu gehiago idatzi ditu. Baina ez nonbait zientzia-fikziokoak. Susmoa dut beste horiek ez zaizkidala hainbeste gustatuko. Aurreiritzi bat, bistan da. Akaso probatu beharko dut. Eskerrak liburutegi guztietan ez didaten oraindik kultura doan kontsumitzeko aukera debekatu.

Abuztuko liburu irakurketak komentatzen dizkigu Joxe Aranzabalek gaur bertan berritutako Sustatun eta harako idatzi dut mezutxo hau.

Chillida Leku eta baboseo monarkikua

Luistxo Fernandez 2004/09/01 18:43

Lagun bat kexu da, Chillida Leku dala-ta. Horra haren mezua

> Chillida Lekun sarreria 7 euro, eta ez ei dauka taberna bat > edo halako zeozer umiari lasai jaten emon ahal izateko. > Gogoa nakan joateko, baina pasatu jata. Jode! denak aberatsak > garela uste juek edo!!!???

Konponbidia emon detsat: ezkondu Borboi batekin, eta duan sartuko zara.

Eduardo Txillida baino baboso monarkiko haundixagorik gitxi Euskal Herrixan. Haren ondorenguak be joera politiko berberekuak dirala emoten dau, monarkia borbonikuan aurrian adurra darixela beti. Errege-erreginak inaugurau zeben hori, eta debalde sartu ziran orduan. Oiñ dala gitxi be, Felipito eta Letizia dibortziatua etorri ziran debalde ikustera.

Ni ez naiz gitxiao. Duan sartzeko aukeria egon zan oiñ dala urte pare bat, Musika Hamabostaldiko ekitaldi doako bat bertan izan zalako, eta orduan sartu nintzan. Zelai politt bat eta Txillidan harri ta burdiñak. Bat erretratuan ikusitta, nahikua: danak igualak dira.

Haizearen Orrazia polittagua, eta nahikua, Txillida ezagutzeko. Eta onduan, tabernia, eta jatetxe barrixa be bai, primerakua: Branka. Ez da merkia (jatetxia, kafeterixia normala), baiña merezi dau erreserbatxo bat egin bertan bazkaldu edo afaltzeko.

Surfista batzuen pintada: Only locals / Bertakoak bakarrik

Luistxo Fernandez 2004/09/01 18:39

Pintada kuriosuen artian, Orruan ikusteko modukua aurtengo udan: Zumaixa eta Getarixa artian surf eitteko baztar hori da. Ba zera jartzen dau hango paret batian:

  • ONLY LOCALS. BERTAKOAK BAKARRIK (GETARIA).


Ze jatorrak, Getariako surfistak. Pentsatzen dut irudiko azpiko lerroak ez duela goikoarekin zerikusirik.

Lagun batek pintada bitxiak Eibartarrak zerrendan aittatu ostian...

Jarrairen lema zahar hura: Soldaduzka honi ez

Luistxo Fernandez 2004/09/01 18:36

Lagun batek antimilitarismoaren eta Jarrairen arteko harreman bitxiez gogorakizuna dakar Eibartarrak zerrendan

> 1- Mobimendu antimilitaristiaren eraginez insumisiñuaren aldeko mobimendua nagusittu zanian, > EHNAMeko gazterixak zalantza une bat izan zeben, eta hasieran apoyo baldintzatu bat egin zetsen > kanpainiari. Gogoratuko dozuez leluak: "Soldaduzka honi ez", "La mili con los milis"...

Uste dot detaille bat nabarmentzia inportantia dala:

Lelengua ba zan lelua, "Soldaduzka honi ez", karteletan eta abarretan publikoki agertzen zana. Bigarrena, txiste moduko bat zan... Baina Jarraik ez zeban publikoki halakorik esaten.

Jarraiko "Soldaduzka honi ez" lemaren ondorixua zan soldadutzara objetatzia edo insumiso eittia ez zebela ondo ikusten. Nik hurretik eta pasiño haundixakin segidu neban sasoi hura, neuk objetatzia erabaki neban epokia zalako. EHNAM-ekuen artian, portzierto, bazeuan beste talde bat (Ta Sugea izenekua, bueno, bi lagun ziran, pentsatzen dot), beste lema gehigarri batekin: "Soldaduzka honi ez: Objetatu". Baina hau ez zeban ondo ikusten Jarraik.

Aittatzeko modukua da orduan uko eitteko modu nagusixa Objeziñua zala. Intsumisioa gero ailegau zan. Orduan nahikua zan objeziñua, ze ordezko zerbitzurik ez zeuan antolatuta eta, hortaz, objetoriak itxaron zerrenda luze batera juaten ziran... Uste dot 12.000 inguru libratu ginttuztela bapatian, 1989 edo 1990 inguruan: ez soldadutzarik, ez ordezkorik, ez prozesu judizialik.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004