Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Gmail, abantailak eta desabantailak

Luistxo Fernandez 2004/07/19 12:58

Lagun bat gonbidatu dut Gmail kontu bat izatera, eta zerbitzuaren abantaila eta desabantailez mezuak trukatu ditugu.

Nire iritzian, bi dira GMail-en bentajak:

  1. Bilaketak
  2. spam kontrol ona

eta desabantaila nabarmen bat:

  • edukia Googleren zerbitzarietan, ez neure makinan

Konponbidea etorkizunean: Bentajak neure makinara jaistea da koxka, ez neure mezu guztiak Googlera igotzea.

Giga bateko kapazitatearena ez dut abantaila gisa ikusten.

Giga bat espazio zer da? 5 urte barru, ezer ere ez. Kapazidadearen aldetik, norberaren ordenagailuan Giga bat ez da jada gauza handia. Sarean Giga bat Googlek guri eskaintzea ere ez da gauza handia: larria zera da, Giga hori HAN badago, handik HONA oso-osorik ekartzea, hori bai zaila...

Nik giga bat email, edo hiru giga email, nire ordenagailuan nahi ditut. Kopiatzeko moduan CD batzuetara edo sare lokal batean konpartitzeko moduan...

Nolanahi ere, aurtengo abuztuan, nire postontzien kontrola izateko suertea dudanez, desbideratuko ditut Gmail helbidera haien mezuak, eta horrela abuztuko spam uholdea gainditzea espero dut. Mezu horiek, azkenean, Google-ko makinetan geratuko dira, ez neurean (niri gustatzen zaidan bezala), baina iraila etortzen denean berriz lehengora itzuliko naiz, eta mezuak (eta spam uholdea) nire makinatik eskuz ikuskatzen jarraituko dut.

Nire disko gogorrean bilaketak zuzen eta artez egingo dituen zerbitzuaren zain jarraituko dut, ez dakit Googlek ala beste norbaitek eskainiko didan hori, baina hori bai, hori izango da zerbitzu izarra.

Miloi bat urtean deklinabide arazorik gabe

Luistxo Fernandez 2004/07/14 09:55

Coreblog euskaratuaren azken bertsioan data formatu osoan ageri da, hala nola 2004ko ekainaren 23a, asteazkena. Data deklinabide aldakorrak ere kontuan hartzen ditu: 2005eko ekainaren 11 (urtean -eko behar du, eta egunean 11 zenbakiari ez zaio -a artikulua agerian gehitu behar)

Urteen deklinabiderako, ia-ia miloi bat urtean ondo funtzionatu behar duen programa batek kalkulatzen du zein deklinabide gehitu zenbakiari, -ko ala -eko.

Python programazio lengoaian dago idatzia programa, eta hauxe da: u aldagaia da urtea, eta dekli emaitza dagokion deklinabidea:

  if u % 20==1:     dekli='eko'  elif u % 1000==0:     dekli='ko'  elif u % 100==0:     dekli='eko'  elif u % 20==0:     dekli='ko'  elif u % 5==0:     dekli='eko'  else:     dekli='ko' 

Esplikazioa: Jarraian ageri diren urratsak hurrenkera horretan erabakitzen ditu programak. 6.en urratsera bakarrik iristen dira aurreko 5 urratsetan erabaki ez diren amaierak. Urratsak horrela ulertzen dira:

  1. Urtea 20rekin zatitu, eta hondarra 1 bada, 01, 21, 41, 61 eta 81 amaierei dagokien -eko deklinabidea zehazten du (2001eko maiatza).
  2. Urtea mila zenbakiarekin zehatz zatigarri bada (hondarra = 0), hau da, milakoa bada, -ko dagokio (2000ko maiatza, 3000ko azaroaren 12an...)
  3. Ehunekin zehatz zatigarri bada, hau da, ehunekoa bada, -eko dagokio (2100eko urtarrilaren 1ean ospatuko dugu 22. mendeko lehen eguna, Amatiñok kontrakoa pentsatu arren)
  4. 20rekin zehatz zatigarria bada, hau da, 20, 40, 60 edo 80rekin amaitzen bada, -ko dagokio (1980ko abenduan)
  5. 5ekin zehatz zatigarria bada, hau da, 5 edo 10, 30, 50, 70 edo 90ekin amaitzen bada urtea, -eko dagokio (1995eko, edo 1990eko udaberrian).
  6. Beste kasu guztietan (2, 3, 4, 6, 7, 8 eta 9 amaierak, eta 1 amaieren erdietan, beste erdiak lehen urratsean ebatzuita baitaude), -ko amaiera tokatzen da. 2129ko Nafarroa Oinezen elkartuko gara...

Uste dut 1000000. urtera arte funtzionatu behar duela

Data osoak eta egoki deklinatuta Coreblog euskaratuan

Luistxo 2004/07/13 18:22

Coreblog euskaratuan berrikuntza txiki bat sartu dut: Data osoa, zuzen euskaratuta eta deklinatuta, agertzen du orain interfazeetan.

Ikusi demoa edo Eibar.org-eko blog komunitateko gehienak, salbu eta gutxi batzuk, adibidez neurea, apur bat atzeraturik gelditu baitzait nire blogaren kodea... zer egingo diogu.

Nik dakidala, urteen euskarazkoa deklinabideak betiko balio du... Hau da, 2000ko deklinatzen da, baina 1900eko eta 2100eko, adibidez. Baina ezin izan dut horren data urrunekin frogatu Coreblog-en ez dituelako ametitzen, aldiz 1995eko, 1996ko, 2010eko edo 2011ko bezalakoak ateratzen dituela ikusi dut. Hala ere, egindako euskaratzearen zuzentasun linguistiko eta matematikoan konfiantza osoa dut.

Ingelesez eta espainolez ere berdintsu lokalizatu dut

Fitxategiak, .zexp eguneratuak, lor ditzakezue hemendik

Bide batez, Eibar.org-eko blog komunitatearena aurrera doa eta, Coreblog euskaratuaren bertsio berriari adaptatzen zaizkion estilo orri batzuk eta ematen duten itxura lor dezakezue hemen

Espainiako Konstituzioa 1978an euskaraz oker itzuli zutenekoa

luistxi 2004/07/02 10:25

Europako Konstituzioaren haritik, beste iruzkin bat: Ez dakit irakurri ote nuen Espainiako Konstituzioa ere Euskaltzaindiak itzuli ote zuen... Oker nago beharbada. Edozein modutan jakingo duzue, akaso, 1978ko konstituzioaren itzulpenean gertatu zena. Gobernuak liburuki beix batzuk banatu zituen orduan, eta hiru probintziatan bederen, uste dut ale elebidunak bidali zituztela etxeetara. Alde batetik gaztelaniaz, besterik euskaraz. Euskarazko bertsio hartan, akats bitxia zegoen konstituzioaren azken-azkenengo xedapenean.

Halako zeozer zioen:

  • Indargabeturik geratzen dira, konstituzio honen aurreko xedapen guztiak.

Zehazki itzulpen okerraren testua zein zen ez dakit. Inork eskura balu, eta anekdotaren berri jakingo balu, eskertuko nioke.

Espainiako Konstituzioaren itzulpena, dena den, eguneratua dago, eta HAEE-IVAP-ek eskaintzen digu bere webgunean eta lerro hori horrela ageri da:

3.- Indargabeturik geratzen dira, orobat, konstituzio honen aurkako xedapen guztiak.

Baina ez dakit nik testu euskaldun zuzendu eta berri honek ofizialtasunik baduen ala ez. 25 urte bete zituen duela hilabete batzuk Konstituzio horrek, eta Espainiako agintariek berriro bidali ziguten etxeetara liburukia. Oraingoan, ordea, gaztelania hutsez. Euskaraz, zero akats.

Europako Konstituzioaren itzulpen euskaldun ofizial-samarra: Erdi-aroan bezala gaude

Luistxo Fernandez 2004/07/02 10:22

Euskaltzaindiak bere burua eskaini dio Espainiako Gobernuari Europako Konstituzioa itzultzeko. Ooo! hori ohorea dagokiguna euskaldunoi, testu horren euskarazko bertsio bat itzuliko dugu. Gero kopia hori Bruselara eroango da, ofizialki, leku ofizialean gordeta izaera ofiziala izan dezan.

Itzul zerrendako mezu baten haritik idatzi nuen jarraian datorrena:

Benetan negargarria iruditzen zait, euskarari Europako instituzioetan emango zaion tokia konstituzioa behin itzuli izanarekin beteta egongo dela jakitea. Iraingarria ere bada, eta ez Euskaltzaindiak ez EIZIEk ez lukete bere burua ESKAINI behar nere ustez. Del Olmok erdi txantxetan bota du berea, eta ni ez naiz EIZIEkide, baina, Karlos, egitekotan, mesedez, ordainduta gomendatutako tarifarik zorrotzenean ahal bada, edo inola ere ez bestela.

Horrez gain, konstituzioaren itzulpen euskaldun horrekin egin behar dutena ere aipatzeko modukoa da. Ale bat eroan behar omen da instituzio zentralera (ez dakit Brusela, Estrasburgo ala Salamancako artxiboa den hori), eta han gorde.

Erdi-aroan egiten zen hori, Europan hain zuzen. Inprentarik ez zegoen garaian, legeak-eta kopiaz kopia edo ahoz aho zabaldu ahala, edukia guztiz aldatzeko arriskuan egoten ziren, zer esanik ez interpretazioan. Horregatik, lege bakoitzak bere kopia ORIJINALA zeukan, BAKARRA eta ondo gordea errege-jauregiko kutxaren batean. Carta Magna haiek, hortaz, zehatz karta bat eta bakarra izan ohi ziren. Eta legearen letra edo izpirituaz zalantza zegoenean, metodoa izaten zen zalantza argitzekoa kutxa ireki eta gutun demontreko hark zehazki zer esaten zuen irakurtzea. Kopia bakar sakratu eta gordearen izaera zen legearen zehaztasunaren bermea.

Orain ere, horretan gaudela ematen du. Europako jauntxo feudalek horrela tratatzen dituztela, gu, euskaldun jopuon eskubideak. Ale sakratua gordeko da Bruselan gure eskubideak euskaraz idatzirik izango direlarik! ooooooo! eskerrik asko, hau da ohorea!

Ameriketan duela bi mende beste modu batean pentsatzen hasi ziren. 1778 inguruan Estatu Batuen sorrera erabaki eta beren konstituzio propioa egitea erabaki zutenean hango batzuek, justo kontrako estrategia erabili zuten: konstituzioa inprenta bidez masiboki banatu, batetik independentismoaren propaganda gisa, eta bestetik, egiazki, kopia masiboa zelako, kopia bakarra baino gehiago, zalantza faltaren bermea. Estatu Batuetan, zailagoa izan zen, orduanik bertatik, inork herritarrari esatea, "aizu, legeak hau eta hau dio", herritarrak ere bere kopia eskura eduki zuelako, eta bere kopia beste mila kopiaren berdina zela ere jakin bazekielako, eta testuaren literaltasuna zein zen ondo zekielako herritarrak...

Baina hemen, mediabelenek ere Internet darabiltenean (buru-mozketak web bidez transmititzen omen dituzte), Europa teknokratiko honek jopu feudaltzat hartzen gaitu.

Zaldi Eroak Berrian hain ederki marrazten duen Laugarren Xedapen mediebalaren mendean daude Txosten eta Emendakiña, euskal super-zeozer edo super-heroiak.

--- Mezu honek halaber, erantzun argigarri bat jaso zuen HAEE-ko IZO-ko zuzendariaren partetik.

Hizkuntza aukeraketa inposiblea euskal webguneetan

Luistxo Fernandez 2004/07/01 14:00

Euskal Herriko webguneetan, hizkuntza aukeratzeko aurkitutako pare bat adibide. Barregarriak, alde batetik, baina negargarriak benetan, ez bakarrik euskaldunak iraintzen gaituztelako, kanpoan are itxura kaskarragoa ematen dutelako erakunde hauek. Lehena Arabakolanak.com webgunean aurkituko duzue. Izena guztiz euskalduna, eta, tira, lehen begiratuan hizkuntza aukeratzeko menutxo bat eskura... baina zoazte, zoazte menu horretako aukera zabala zein den testeatzera, ja ja ja...


Bigarrena, ustez turismoa kanpoan saldu behar duen zerbitzu publiko batena, Donostiako CAT famatuaren Sansebastianreservas.com delakoan aurkitua, bonbo guztiarekin baliabide hau prentsan iragarri ondoren. Klikatzen dugu, "Reservas online" dioen tokian, era Reservasguipuzcoa.com domeinura goaz, non, ikusten denez, dagoeneko ofizialtasunik ez duen ortografia batekin jarraitzen duten. Baina tira, hor ere badago hizkuntza aukera. Banderitak airean... Españolak zer esango ote die, diot nik, Kataluniako nazionalistei, edo Kolonbiako bisitariei, edo Union Jack ezagunak Irlanda edo Texaskoei... baina bueno, identifikatzen asmatu dezake edonork.


Baina, hara sorpresa!, berdin dio non klikatzen duzun, frantsesean, Union Jack inperial britanikoan, edo ikurriñan, honako mezu hau agertzen zaizu, eta hizkuntza bakarrean agertu ere (Union Jack-en klikatu duen kaliforniarrak ere ulertuko ote du...).


Kazetaririk gabeko kazetaritzaz

Luistxo Fernandez 2004/06/28 12:36

Kazetaririk gabeko kazetaritzaren arriskuez ohartarazten digutenen aurrean, Jabi Zabalak kazetaritza digitalaren benetako esperantzan sinesten du, eta artikulua idatzi du horretaz Sarean.com-en.

Oraingoz esateko dudana erantzun batean utzi diot. Azaroan gehiago.

----

Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresua izango da azaroan Bilboko Euskalduna Jauregian.

Nire hitzaldia izango da, Bitarketaritzarik Gabeko Kazetaritza. Eta esango dut, azken batean, hori, ondo ulertuta, kazetaririk gabeko kazetaritza dela. Baina horrek ez du esan nahi kazetaritzaren amaiera...

Kongresu horren weba www.ehu.es/kongresua helbidean egongo omen da, baina ez dakit noiz.

Coreblog euskaraturik, diseinu hobearekin

moblog 2004/06/23 17:32

Apirilean atera nuen Coreblog euskaratuaren lehen bertsioa, Localizerrekin egindako lokalizazio lan xume baten emaitza pertsonala. Harekin probetan hasia ere bazen baten bat, Igor Leturia adibidez.

Orain prest dago bigarren bertsioa. Aldaketak:

  • Coreblog 0.72b bertsio berriagoarekin probatua.
  • Diseinu aldatu da, eta CSS hutseko diseinu moldagarriago bateko skin bat ezartzen da bertsio lokalizatuarekin batera. Berrikuntza nabarmenena diseinuarena da. Jeff Hicks-ek egin zuen, duela aste batzuk, Movable Type-ren 2.x bertsioaren CSS template edo maketari zegokion Coreblog-en skin adaptazioa. Haren lana aprobetxatuta (dagokion aitortzarekin), berregin dut nire Coreblog lokalizatua. Ondorioa zera da, CSS orria aldatuz soilik ikutu daitekeela itxura grafikoa osoa.

    Adibidea, euskarazko demoan (Jabi Zabalaren sarean.com webgunearen estilo orria du horrek, kopiatu eta pegatu eginda, beste ezer ikutu barik).

Eta, hiru hizkuntzatako demoan kasu honetan MovableStyle.com webetik hartutako css bat. da baliabide on bat MT 2.x CSS orriak ateratzeko, eta Corebloga haren arabera txukuntzeko. Hala ere, ez dabil gune horretako eredu guztiekin. Gehiago ikertu beharko da. Nolanahi ere, oraingo aukerarekin (eta are gehiago CSS bidez diseinua egiteko nozioak dituen norbait eskura baduzu) itxura bikaineko blog euskalduna lortu daiteke segituan. Coreblog euskaratuaren web kokapen berria hemen Bertantxe deskargatzeko paketeak, instrukzioak eta demo adibideak.

Ingelesen Hilerria tokiz aldatu da

moblog 2004/06/22 17:00

Donostiakoa betiko tokian dago, Urgull mendia, baina Luistxoren blogak kokapen berria dauka Eibar.org elkartearen webgunean. URL berria: www.eibar.org/blogak/luistxo/eu. Orain arte, Manterola.org webgunean egon da, 2004ko apiril hasieratik ekain amaierara arte. XML feed edo jarioaren helbide berria: www.eibar.org/blogak/luistxo/eu/rdf10_xml.

Euskal Herritik blog batekin japonieraz

Luistxo Fernandez 2004/06/21 12:50

Naobasque. Japonieraz, baina argazkiekin ondo hornitua. Azken egunetan, pottoka zalditxoek eta Donostiako Moneoren kuboak (edo akaso haren parean arrantza egiten dutenak) deitu diote arreta egile japoniarrari (badirudi Euskal Herrian bizi dela hilabete hauetan). Bidasoa muga inguru horretan bizi da pertsona hori, esango nuke.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004