Eguraldia emateko moduak Interneten
Joan den larunbatean, Berria-n, Euskalmet-eko buruarekin elkarrizketa zetorren. Pozez zioen Euskalmetek 91.000 bisitari izan zituela uztailean: www.euskalmet.net helbideak hirukoiztu egin du urtebetean sarrera kopurua. Euskalmetek lehendabiziko urtea bete du ofizialki hasi zenetik. Elkarrizketa zetorren gero, baina Internetez ez zuen ezer esaten.
Ez dirudi hainbeste bisitari, duten propaganda guztiarekin. Nolanahi ere, oraindik gora egingo du bisita kopuru horrek, ze propagandarekin gogor segitzen dute, eta uztaila ere ez da oso oparoa nabigaziorako.
Hemen gai inportante bat dago: nola Euskalmet.net promozionatzen duten, ia ia negozio bat balitz bezala, eta espreski informazioa handik erabiltzeko zailtasunekin ("Debekatuta dago informazio hau, osorik nahiz zati bat, beste inon berariazko baimen idatzirik izan gabe sartzea")... Badirudi, irratian eta beste toki batzuetan lehengo informatzaile "pribatuei" konpetentzia publikoa eginez ere Euskalmet-eko parte ofizialak ematen dituztela orain.
Bada eguraldi informazioa beste modu batean emateko aukerarik. Baina zerbitzu publikoa, erakunde publikoek barik, elkarte pribatuek antolatu dute hemen:
- EHKME-k datuak eskaini
- Uztarria.com eta Goiena.net-eko portadetan automatikoki azaldu.
- KAM-eko (EHKMEren hornitzaile teknikoak) eta CodeSyntax-eko (Uztarria eta Goienaren webguneen atzean) teknikarien lana tartean, robotak automatizatzeko, eta listo.
Lan egiteko bi modu daude hemen:
- Erakunde publikoa, datu publikoak jabego pribatua balira erabiltzen.
- Erakunde pribatuak datu irekiak ematen, zerbitzu publikoa antolatzeko.