Google Desktop-i zukua atera, Mozilla, Eudora eta OpenOffice erabiliz
Google Desktop iritsi da, eta tresna iraultzailea dela esan daiteke. Microsoft softwarean dago pentsatua. Hori du txarra. Baina badago aukerarik, Mozilla, Eudora eta OpenOffice erabiliz, zuku on ona ateratzeko tresnari. Nik probatu dut. Sartu eta ikusi, irudiak eta instrukzioak.
Google Desktop-ek zera arakatzen du, zure disko gogorrean, Windows XP baldin badaukazu:
- Outlook-eko e-posta mezuak
- Office-ko dokumentuak eta txt fitxategiak
- Microsoft Explorerreko historialeko orriak
Batzuek asmatu dute Explorerren ordez, Mozilla-Firefoxeko historiala arakatzeko zeozer. Bueno, ikusiko dugu. Edozein modutan, historialean bisitaturiko orrien Google-ren katxean gordetako emaitzak ematen dituela iruditzen zait, eta hortaz, password bidez sartu zaren tokietako orrietako emaitzarik ez du ematen horrek...
Office-ko dokumentuei dagokienez, ba bueno, Word eta Powerpoint dexente erabiltzen ditut neuk, eta jaso ere bai. Pentsatu dut OpenOffice.org-eko formatuetara, eta, batez ere, PDF-etara ere iritsiko dela egunen batean Google Desktop-en indar arakatzaileak. Izatez, sxw estentsioko OpenOffice Write dokumentuak indexatu dizkit makinak. Horrekin eta txt fitxategiekin, ni konforme.
Baina, bereziki, aukera ikusi dut e-posta mezuak arakatzeko gaitasun horretan. Ni tipo arraroa naiz eta azken 6 urteetako e-posta mezuak dauzkat gordeta nire disko gogorrean... egunean batean haietan Google estiloko bilaketak egingo nituen esperantzarekin. Gmail sortu zenean, izan nituen pentsakizun batzuk ea hori ote zen bidea nire e-posta multzo guztiak bilagarri jartzeko, baina ez, Gmail ez da horretarako modukoa (baina bai ordea spam-a kontrolatzeko). Baina azkenean, Google desktop-i esker, hurbildu da egun hori...
Eta merezi du. Emaitza ikusgarria da. Horra, bilaketa irudi bat. Joxerra Garzia bilatu, eta lehenik eta behin, Argia astekariak e-postaz bidaltzen dituen asteroko buletinen bi ale erakusten dizkit, non Joxerra Garziaren artikuluak egongo diren...
Hurrengo bi interfazeetan mezuak nola agertzen diren erakusten du. Mezuak irakurtzeko ez du Outlook irekitzen, nabigatzailetik ikusten dut, eta thread edo hari ikusmirarekin gainera. Gainera, reply egin daiteke zuzenean Google Desktop-en nabigatzaileko interfazetik...
Hau da, Google Desktop bereziki e-posta mezuekin elkarreragiteko pentsatua dago, ez bakarrik testua aurkitzeko.
Koxka zera da, ostera: Outlook erabili beharra, eta Outlook anatema da. Word, Excel edo Windows erabiltzeko aitzakiak aurkitzen ditut. Baina Outlook debekatua beharko luke egon ordenagailu guztietan: birus kutsatzaile arriskutsua besterik ez da. Alternatibak daude, eta haiek erabili behar dira. Nik, neure kasuan, Eudora.
Orduan, zera da koxka, nola erabili aukera hau Eudoran gordeta dauzkadan milaka mezu horietan arakatzeko?
Urrats batzuk probatzen, asmatu dut. Honelaxe. (Nire ordenagailua Windows XP espainolarekin dabil, baina Elhuyar eta UZEIk euskaraturiko bertsioa gainean duela, eta horregatik Outlook-en menuak euskaraz ageri zaizkit)
- Outlook-en, Fitxategiak menuan, Inportatu Mezuak.
- Aukeratu Eudora. Netscape aukera pare bat ere badaude, baina ez dakit Mozilla-ren e-postarekin bateragarri ote den prozedura hau...
- Hurrengo interfazean, disko gogorra arakatu behar dugu mezuak non diren aurkitzeko. Eudorarekin bazabiltza, normalean egon behar dute egon: C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora. Horixe aukeratu, beraz, Eudora folder hori.
- Aukeratu zein mailbox edo postontzi nahi dituzu inportatu, eta sakatu. Ia-ia egina.
- Ia-ia, diot aurreko puntuan, ze horrenbestez Eudorako postontzi guztiak inportatu dituzu Outlook-era salbu eta bat: In postontzia, sarrera-bandeja nagusia. Hortaz, In postontzikoak Outlook-era eramateko, zoaz Eudora-ra eta mugitu In postontziko guztiak postontzi berri eta probisional batera, esate baterako: In-Probisionala.
- Berriro, Outlook-era, 1-2-3 urratsei ekitera, eta ondoren postontziak aukeratzeko orduan, ADI!, In-Probisionala bakarrik aukeratu, zeren-eta aurretik kargatu duzun postontzi bat berriz kargatzen baduzu, mezuak bikoiztuko dituzu Outlook-en. Hau da, Zaborra postontzian 12 mezu badaude, eta birritan inportatzen baduzu, 24 mezu pilatuko zaizkizu Outlook-en.
Eudoran dauzkazun mezu guztiak inportatu dituzu horrenbestez Outlook-era. Eman pare bat ordu, eta Google Desktop-ek indexatuko ditu. Kontua da hori urriaren 17an egin baduzu, jakina, 2004.10.17 data baino lehenagoko mezu guztiak izango dituzula Outlook-en... baina Eudoran mezuak jasotzen jarraituko duzu... Nola egin, beraz?
Tira, goian azaldutako 1-6 urratsak dira lehen inportaziorako. Orain, nola egin ondorengo inportazioetarako. Adibide honetan, inportazio orijinala urriaren 31 egin zela kalkulatuko dugu, 2004-10-31 datan).
- Zoaz zure disko gogorreko C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora karpetara, eta kopia itzazu hor dauden .mbx fitxategi guztiak beste norabaiera. (honekin, mezu guztiak gordeko dituzu, badaezpada ere, zeren eta hurrengo urratsean Eudorako mezuak borratu egin behar ditugu).
- Eudoran, postontziz postontzi, hustu urriaren 31 baino lehenagoko mezu guztiak
- Berriz mezu mordoxka biltzen zaizunean Eudoran (demagun azaroaren 30erako), sortu postontzi probisional bat, adibidez, Azaroa-2004 izenekoa. Gainerako postontzietatik, aukeratu mezu guztiak eta mugi itzazu Azaroa-2004 postontzira.
- Orain, Outlook-era goaz: Fitxategiak menuan, Inportatu Mezuak.
- Agertzen den pantailan, aukeratu Eudora.
- Hurrengo interfazean, disko gogorra arakatu behar dugu mezuak non diren aurkitzeko. Eudorarekin bazabiltza, normalean egon behar dute egon: C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora. Horixe aukeratu, beraz, Eudora folder hori.
- Aukeratu Azaroa-2004 postontzia, eta ekin.
- Zoaz zure disko gogorreko C > Archivos de programa > Qualcomm > Eudora karpetara, eta kopia ezazu han dagoen Azaroa-2004.mbx fitxategia beste norabaiera. (honekin, mezu guztiak gordeko dituzu, badaezpada ere, zeren eta hurrengo urratsean Eudorako mezuak borratu egin behar ditugu).
- Zoaz Eudorara eta borratu itzazu, Azaroa-2004 postontziko mezu guztiak.
- Beste hilabete bat igarotzen denean edo, prozesua errepikatu Abendua-2004 postontziarekin edo...