Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria

Emakumezko kirolariak Olinpiadan: eta haien entrenatzaileak?

Luistxo Fernandez 2004/08/22 10:55

Jakin nahi nuke ba ote den talde-kiroletan emakumezko talderen batean, herrialderen batean, emakumezko entrenatzailerik, ze ikusten denagatik...

Euskarazko prentsa zailtasunekin Joko Olinpikoetan

Luistxo Fernandez 2004/08/22 10:54

Egunkariak Atlantan 96an (Imanol Murua) eta Sidneyn 2000n (Murua eta Gorka Zabaleta) egindako lan bikaina errepikatzeko zailtasunekin dabiltza aurten Berriako Jon Ordoñez eta Andoni Urbistondo, Espainiako Batzorde Olinpikoak akreditazioa ukatu dielako. Benetan kasu negargarria da, espainolen zikoiztasuna. Gero nazionalista erradikalak beste batzuk dira, ikusi beharrik ez La2-eko patrioterismoa...

Los Santxez

moblog 2004/07/30 14:13

Euskal abizenen inguruko kontu batzuk dakartza Administrazioa Euskaraz aldizkariak bere azken alean, Mikel Belasko hizkuntzalariak idatziak. Beste gauza batzuen artean, abizenen top-ak errepasatzen ditu: deitura ugarienak EAEn eta Nafarroan. EAEko ranking-a: 1. Garcia 2. Fernandez 2. Gonzalez 4. Rodriguez 5. Lopez 6. Martinez 7. Perez 8. Sanchez 9. Martin 10. Gomez Nafarroakoa: 1. Garcia 2. Martinez 3. Perez 4. Fernandez 5. Lopez 6. Gonzalez 7. Jimenez 8. Sanchez 9. Rodriguez 10. Goñi EAErako 17. lekuan Agirre aipatzen du Belaskok. 18. Bilbao eta 20. Larrañaga. Nafarroarako, 19. Iriarte. Kuriosoa delakoan...

Iñaki Uriarte

Luistxo Fernandez 2004/07/27 08:46

Atzo hil zen Iñaki Uriarte kazetari bilbotarra. Hainbat lan egindakoa euskarazko prentsan eta euskalgintzan (oharra Berrian )

80ko hamarkadan ezagutu nuen nik. Haren bidez hasi ginen batzuk Argiarako kolaboratzen, ikasle ginela Bilbon. Harekin ikasi nuen ordenagailu arraro bat testuak idazteko erabiltzen, Bilboko AEK-ren egoitza zaharrean.

Heriotza injustua, eta injustua hari azken agurra eman beharko lioketen batzuk kartzelan egotea.

Bloglineseko harpidetzen inguruan

moblog 2004/07/22 04:02

Bloglines-eko euskarazko feed bilduma ikusi ondoren, zera dio lagun batek:

  bataz beste, bakoitzak hiruzpalau "subscriber" du,   harpidedun alegia.  Zer esan nahi termino horrek testuinguru honetan? 

Pentsakizun batzuk horren inguruan.

Bloglines-eko subscriber edo harpidedunak dira: jarraitzaile zintzoak, gutxienez 3. 3 horiek jarraitzen dute blog hori Bloglines feed irakurgailuaren bidez. Hala ere, horrek ez du kentzen:

  • beste harpidedun batzuk izan ditzake blog horrek, beste feed irakurgailu batzuen bidez irakurtzen dutenak. Ezin jakin zenbatek zenbat irakurtzen dituzten horrela.
  • beste irakurle batzuek ere izan ditzakete blogok, web bidez zuzenean klikatuz, aurkitu egin dutelako, edo faboritoen zerrendan dutelako eta bisitatzeaz akordatzen direlako...

Bloglines-eko subscriber kopuruak balio dezake elkarren artean blog-en popularitatea konparatzeko:

  • Telezaborrak 6 ditu.
  • Sarean.com-ek 28
  • Sustatuk 29

Hortaz, Bloglines-en erabiltzaileen artean, Sarean.com eta Sustatuk popularitate bertsua dute, eta Telezaborrak baino dexente gehiago. Hortik kanpora estrapolatu daitekeen? Sarean.com ez dut uste Sustaturen web bisitari kopurua lortzera iritsiko denik, baina...

Bloglineseko harpidetzen inguruko beste hausnarketa batera ere iritsi da beste bat hortik: Analysing Bloglines Subscriber Stats,

Popularrenetakoak Bloglineseko harpidedun kopuruarekin:

  • Dave Winer: 2652
  • Mark Pilgrim: 2100
  • Lawrence Lessig: 2794
  • Jon Udell: 1619

Harritzekoa ote 1-100 proportzioa euskarazko exitosoenen eta hauen artean? gertatzen da Bloglines-en ingelesezko erabiltzaileak milaka aukera dituela harpidetzeko. Zein diren erreferentziazkoak komunitate horretan... dispersiorako aukera gehiago daude gustuetan-eta. Erabiltzaile euskaldunaren kasuan, aukera gutxitxo daude, eta apuntatzen direnentzat Sustatu edo Sarean.com erreferentzia ia segurua izango da.

Yahoogroups-en hatzaparretatik eduki eta software burujabera

Luistxo Fernandez 2004/07/20 11:29

Euskarazko hiru posta-zerrenda beteranok Yahoo Groups atzean utzi dute azken hilabete hauetan. Software libre eta euskaldunera igaro dira. Eta lehen Yahoon pilatutako milaka mezutako, sei urtetako eta dozenaka Megabytetako ondarea berreskuratu dute gainera.

Lehen hiru zerrenda hauek Yahoo Groups-en zeuden. Orain Postaria.com zerbitzuan oinarritzen dira, eta Mailman software euskaratua erabiltzen dute.

  • Eibartarrak zerrenda, Eibar.org elkartearena. Makelist izeneko zerbitzu batean sortu zen, gero eGroups bihurtu zen, eta hura Yahook erosi zuen.
  • Dantzan zerrenda, Dantzan.com gune eta elkarteari lotua. Hau ere eGroups - YahooGroups ibilbidea egindakoa.
  • ItzuL. Euskarazko zerrenda arrakastatsuena seguru aski, EIZIE elkarteak itzultzaileentzat zerbitzu profesional gisa antolatua. Onelist izeneko zerbitzu batean sortu zen 1998an, hura eGroups-ekin batu zen ondoren, eta gero YahooGroups-en egon da urteetan. Trantsizioa egitea erraza zen. Hartu harpidedunak, gehitu zerrenda berri batera, itxi zaharra, martxan jarri berria, eta kitto. Baina YahooGroups-en pilatutako artxiboak ziren koxka. Mila mezu Dantzan-en kasua, 8.000 Eibartarrak zerrendan, eta 20.000 ItzuL-en. Zer gertatu behar zuen horrekin? Akaso interes gabeko berriketa mordo bat besterik ez da. ItzuL-en baliteke intereseko gauza gehiago egotea, zalantza zaharberriei aspaldi emandako erantzun eta konponbideak, baina 20.000 mezutan bilaketak egiteko aukera handirik ere ez zegoen Yahoo-n...

Interesa eta erabilgarritasuna zein direla ere, gauza bat argi zegoen: mezu horiek talde bakoitzaren ondarea dira. Eta gaur zukurik ateratzeko aukera handirik ez balego ere, 10 urte barru, auskalo zein tresna edo interes izango ditugun. Adibidez, 1999-2000 tartekoan ItzuL zerrendan pilatutako mezu eta edukiek balio berritua izan dezakete. Etorkizunerako gordetzeko besterik ez bada, nork bere ondarea eskuetan edukitzea inportantea da.

Eta horixe egin dugu. 30.000 bat mila mezu berreskuratu Yahoo-ren artxibo erdi ezkutuetatik, eta 60 Mb-tako mezu mordo bat antolatu. Mezu mordo hori, talde bakoitzaren eskuetan dago orain, .mbox formatu estandarrean. Morokil bat, oraingoz: beharbada ez dago mezu/testu kantitate hori tratatzeko tresnarik esku eskura... baina egongo da, etorkizunean egongo da.

Zerrenda bakoitzaren artxibo berreskuratuari erabilgarritasun gehiago emateko, bakoitzak orain duen artxibo paralelo batean gehitu dugu, Gmane zerbitzu doako eta harrigarrian.

Orain, zerrenda bakoitzaren korpus osoa dago hor:

Bilaketak egin daitezke korpus oso horretan, eta ez dirudi oso santu dabilenik bilatzeko metodoa, baina, tira, bada zerbait.

Etorkizunean, kontrola norberaren eskuetan

Era berean, Postariak gordetzen du zerrenda bakoitzaren artxiboa, bakoitza Mailman-ekin hasi zen unetik: Itzul - Eibartarrak - Dantzan. Eta are garrantzitsuagoa, aurrerantzean zein delarik ere zerrenda bakoitzaren ibilbidea, dela Postariarekin edo beste baliabide batzuekin, Postariaren fasean pilatutako mezu-sorta osoa talde bakoitzaren esku dago uneoro (Mailman zerrenda-kudeatzaile guztietan dago aukera hau, ez bakarrik Postarian, artxiboak .mbox formatuan eskuratzeko). Beste trantsizio bat iristen bada, ez da egin beharko alkimiarik Yahootik eduki erdi-giltzapetuak berreskuratzeko. Nork bere edukia kontrolpean, bere jardunean burujabe.

Euskara eta Publizitatea bloga

Luistxo Fernandez 2004/07/20 10:17

Euskara eta Publizitatea izeneko blog interesgarria hasi du Iñigo Fernandez Ostolazak.

Bere XML feed-a hemen dago.

Iñigoren blog softwarea Simple PHP Blog da.

Oharra: Luistxoren izena Luis Fernandez Ostolaza da, baina Luistxo ez da Iñigo Fernandez Ostolazaren senide.

Hizkuntzaren Teknologiak , EAErako Zientzia eta Teknologia Planean

Luistxo Fernandez 2004/07/20 08:58

Zientzia eta Teknologia Plana 2005-2008, EAErako. 28 eremu eta bat da Hizkuntzaren Teknologia. Horren txosten-eztabaidara gonbidatu dute CodeSyntax, joan gara, eta iradokizun batzuk egingo ditugu. Info apur bat eta loturak Prospektiba blogean

Hizkuntzaren Teknologien honetan, sei alor estrategiko izendatu dituzte:

  1. Oinarrizko erraminta eta baliabideen garapena
  2. eLearning
  3. Itzulpen automatikoa
  4. eInclusion.
  5. Ezagutzaren kudeaketa
  6. Sistema interaktibo aurreratuak

Iruzkin batzuk gehitu behar ditut, eta txostengileei bidali, datorren ostegunean elkartu arte.

Nire iradokizunak izango dira.

  • lizentzia libreena ez bakarrik softwarean, baita eduki eta korpusei dagokionez.
  • i18n eta l10n ager dadila alor estrategiko gisa. Beste batek aipatu zuen eContent ere azaldu beharko zela, eta akaso arrazoia du hark ere.
  • itzulpen automatikoarena, berrizendatzeko, ze hori kimera bat da oraingoz. Hitz egin dadila "itzulpengintzarako teknologiaz", askoz gauza zentzuzkoagoa.
  • Ezagutzaren Kudeaketa izeneko alor estrategikoan, puntu bat gehitzeko eskatuko dut: gizarte-softwareko tresnak (wikiak, blogak, IM, feed meta-erreferentziak...). Ezagutza: informazioa + interakzioa.

Blawgak, abokatuen blogak

Luistxo Fernandez 2004/07/20 08:48

Abokatuak eta bufeteak blogarekin, ez dira falta... Batzuk blog kolektiboak eta besteak batenak. BLAWG bilatu Googlen eta adibide mordoa, BLOG eta LAW terminoen arteko nahasketa da berba hori, blawg. Horra blawg sorta bat:

 http://www.lawtechguru.com/ http://professorbainbridge.typepad.com/corporation_law_and_econo/ http://ernieattorney.typepad.com/ http://arkfeld.blogs.com/dpl/ http://www.prismlegal.com/wordpress/ http://healthlawblog.blogspot.com/ 

Honako hiru hauek, geure Eibarblog-ekin konpatibleak diseinuan: http://www.dougsimpson.com/blog/ http://www.elawyerblog.org/ http://www.netlawblog.com/

Gainera, nere ustez, blog hauetan gehienak, murritz samarrak geratzen dira Eibar-Blog-en aukerarekin alderatuta.

Bakar-bakarrik egutegi erako informazioa daukate, notiziak bakarrik, eta ez eduki finkoak esplikatzen NOR den abokatua, ZEIN zerbitzu eskaintzen dituen, adibideko KASU edo BEZEROAK... Eduki finko horietarako, aldiz, aukera ematen du EibarBlog-ak.

Oraingoz ondoen Eneko Astigarragak egin du hori, bere bi blogetan aldameneko menuan eduki finko batzuk jarrita: http://www.eibar.org/blogak/kultu - http://www.eibar.org/blogak/prospektiba

Gmail, abantailak eta desabantailak

Luistxo Fernandez 2004/07/19 12:58

Lagun bat gonbidatu dut Gmail kontu bat izatera, eta zerbitzuaren abantaila eta desabantailez mezuak trukatu ditugu.

Nire iritzian, bi dira GMail-en bentajak:

  1. Bilaketak
  2. spam kontrol ona

eta desabantaila nabarmen bat:

  • edukia Googleren zerbitzarietan, ez neure makinan

Konponbidea etorkizunean: Bentajak neure makinara jaistea da koxka, ez neure mezu guztiak Googlera igotzea.

Giga bateko kapazitatearena ez dut abantaila gisa ikusten.

Giga bat espazio zer da? 5 urte barru, ezer ere ez. Kapazidadearen aldetik, norberaren ordenagailuan Giga bat ez da jada gauza handia. Sarean Giga bat Googlek guri eskaintzea ere ez da gauza handia: larria zera da, Giga hori HAN badago, handik HONA oso-osorik ekartzea, hori bai zaila...

Nik giga bat email, edo hiru giga email, nire ordenagailuan nahi ditut. Kopiatzeko moduan CD batzuetara edo sare lokal batean konpartitzeko moduan...

Nolanahi ere, aurtengo abuztuan, nire postontzien kontrola izateko suertea dudanez, desbideratuko ditut Gmail helbidera haien mezuak, eta horrela abuztuko spam uholdea gainditzea espero dut. Mezu horiek, azkenean, Google-ko makinetan geratuko dira, ez neurean (niri gustatzen zaidan bezala), baina iraila etortzen denean berriz lehengora itzuliko naiz, eta mezuak (eta spam uholdea) nire makinatik eskuz ikuskatzen jarraituko dut.

Nire disko gogorrean bilaketak zuzen eta artez egingo dituen zerbitzuaren zain jarraituko dut, ez dakit Googlek ala beste norbaitek eskainiko didan hori, baina hori bai, hori izango da zerbitzu izarra.

Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004