Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Ingelesen hilerria / Blogetako komunikazioa definitzen: enpatia

Blogetako komunikazioa definitzen: enpatia

Luistxo Fernandez 2004/09/20 14:22

Anjel Lertxundik blog-gintza aipagai izan zuen joan den astean Berria-ko hitz beste sortako hiru aletan. Aipamenak hiru egunetan irten ziren, eta batera ez daudenez inon... copyright eskubideak apur bat bortxatuz hemen pegatuko ditut Andurenak.

Eibarren duela hilabete batzuk egon zenean entzun nion erreflexio bat: ordenagailuarekin desberdin idazten dugu. Berba eta esaldi aukera... esandakoa ezabatzea eta zuzentzea hain erraza denean, idazkuntza ere aldatu egiten dela halabeharrez. Hori ordenagailuak dakarrena, berez. Eta denok konturatu gara horretaz, kopi-pega egitearen ondorioez, adibidez.

Orain Anduk Interneteko, eta, berez, blog-etako idazkuntzak ere zer ekarriko duen galdetzen dio bere buruari.

Honetan uste dut Andu bat datorrela beste batzuen kezka zalantzarekin: zein da Interneteko lengoaia, zein da blogaren komunikazio lengoaia? Nik uste dut erantzun definitiborik emateko goiz dela. Praktikak bakarrik erakutsiko digu. Baina, Eibarko praktika apurragatik, esango nuke lengoaia horren puntu nabarmen bat zera dela: enpatia. Kazetaritza lengoaiaz edo literatura doaiez aparte, blog batek konektatzen du enpatiaren bidez. Honetan Ogrosabel eta Maite-Etiam maisu ditugu, oraingoz.

Honaino, Luistxo, eta hemendik aurrera, Andu. Berria-n azalduak 2004ko irailean

Zaharberritzen

Anjel Lertxundi

«Informazioaren gizartea pertsona guztientzat», du aldarri hil honen bukaeran Donostian izango den teknologia berriei buruzko hitzaldi zikloak. " Teknologiak bakarrik al dira berri? Teknologiak berri eta gu zahar? Ezer aldatu al da gure baitan? Egiten ez diren galderak dira. Baina nago idazteari ekin aurreko gure psikologia eta prozedura mentala goitik behera aldatu direla. Ez dira hainbeste urte: orri zuria idazmakinaren arrabolean sartu aurretik, zuhur jokatzen genuen, ez ginen idazten hasten harik eta garbi izan arte eskema, baita esaldi bakoitzaren nondik norakoa ere, akats batek papera zakarrontzira bota beharra baitzekarren. Orain, pantailaren aurrean jarri, eta hau idatzi hura kendu, lanean hasten gara. Besterik gabe. Orri zuriari genion izua galdu dugu.Baina prozedura teknikoa zein mentala nolako, etekina ere halako, ezta?

Sarean

Zaharberritzen II

Anjel Lertxundi

Atzokoan, teknologia berriei buruzko nire jarduna bukatzeko, «prozedura teknikoa zein mentala nolako, etekina ere halako, ezta?» esaten nuen. Gu aldatu bagara, gure idazteko modua aldatu bada, idazten duguna ere aldatzen ari da. Ia modu ikusezinean, dabilen haizeak hareharriari forma berriak sortzen dizkion bezala: urteak beharko dira aldaketen nondik norakoak aztertzeko. Baina aldaketak, egon badaude. Lehenik eta behin, desberdin idazten dugu Interneten eta liburutarako. Oraingoz, bereizgarriak dira bi idazkuntzak. Baina laster, Interneteko idazkuntza libre, solte, bridarik gabea bere tokia egiten hasiko da liburuetan ere. Gero eta ugariagoa izango da liburuetan ere blog-etako estilo zatikatua, pasarte laburrez emana, disjecta membra batzuekin osatutako diskurtsoa, jauziak eta elipsiak eginez etena oinarri duen estetikaÉ

sarean

Zaharberritzen (eta III)

Anjel Lertxundi

Idazle handi ezagunen dietarioak gustatzen zaizkigunontzat, berebiziko interesa dute hainbat idazle anonimoren blog eta antzekoek ere, batez ere espero ez zenituen ikuspuntu eta iritziak politikoki zuzenaren itzal luzerik gabeak topa baititzakezu halakoetan. Argitaletxe eta hedabideetan edukien eta hizkuntzaren kontrol halako bat dago. Internet-eko orrialdeetan, aldiz, jardun ideologiko eta literarioa libre eta malgua da oro har, komisario ideologiko eta linguistikoen kontrolik gabea, jardunaren bizitasuna eta ekonomia zuzentasunaren gainetik jartzen duenaÉ

Horrek guztiak zer ekarriko duen, horrek guztiak nora eramango gaituen, auskalo. Baina «Informazioaren gizartea pertsona guztientzat» aldarri duen Donostiako ekimenak kontuok ere aztertu behar lituzkeelakoan nago, teknologia berriak ere ez baitira (zorionez!) neutro xaloak.

sarean

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Luistxo Fernandez

Lan egiten dut CodeSyntaxen, Sustatun ere dexente editatzen dut. Eibarren jaioa naiz (1966) eta Donostian bizi naiz. Twitterren @Luistxo naiz. Azpìtituluak.com proiektuan ere banabil, eta niren kontsumo kulturala zertifikatzeko. Gainera, blog honek erdarazko bi bertsio ditu:

The English Cemetery

El cementerio de los ingleses

Nire kontsumo kulturala: 2012/13 | Zinea | Telebista | Artea | Liburuak | Antzerkia | Musika

Hemengo edukien lizentzia: Creative Commons by-sa.

E-postaz harpidetu: hemendik.

artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005 2004