Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Kolokan

Leire Narbaiza 2013/09/21 19:51

Kolokan bizi gara, ez dugu ezer seguru. Betiko maiteko gintuenak, denbora laburrera laga gintuen. Ustezko lagun adeitsuak bihozgabe jokatu du geugaz. Behin betiko lan-kontratua eten digute sinatu eta urte bira. Lankide eskuzabala, berekoi hutsa da. Umea gizondu/emakumetu egin zaigu. Etxe dotore berria, maiztu eta pintura premian daukagu. Maitale sutsua txepelduta dabil. Gurasoak aitita-amama bihurtuta, umetu zaizkigu. Urrunetik behatzen genuen mutil eder hark ilea galdu eta tripa itzela dauka. Etxe ondoko mimosa arbola sendoa, moztu egin dute. Adiskidearen printzipio aldaezinak ere, goitik behera irauli dira…

Betiko zena, inoiz ez da betiko. Kolokan gaude etengabe, amaraunetik zintzilik, hari single eta hauskor horretan eskegita dilin-dalan: buru, gorputz, gogo, arima, bihotz. Babes edota makulu bila, euskarria topatu nahian, etsi-etsian, oreka bila, mahai loka baten moduan, lortu ezinda. Udazkenean, hego-haizeak dantzan darabilen orbela legez.

Betierekoa ez da ezer, hala sinetsarazi baziguten ere. Oinarri sendoduna, kili-kolo dago. Ez dago orekarik, haizeak zapiak nola, mugitzen zaigu guztia denborarekin. Ezin "bertan goxo" egon.

Halere, afektua, elkar-ulertzea eta eutsi-lekua, espero bako tokian, gune ezegonkorrean, nahi gabe, aurki liteke. Leun kulunkatuz, harri sendoaren gainean. Kolokan baina seguru, babestuta.

Tximeleta berantiarrak

Leire Narbaiza 2013/09/16 15:40

Barnea askatzen denbora ematen dugu. Batzuen kasuan, segituan egiten da prozesua eta gazterik erakusten dute barruan zer daramaten, zer duten emateko. Beste batzuen kasuan, heldutasunaren bidean agertzen dute hori. Eta beste batzuek, Chris Horner-ek bezala, inork espero ez zuenean, ustez erakusteko gutxi dagonean.

Batzuk azken taldekoak gara. Ez dugu 40 urte ondo beteekin Espainiako Vuelta irabaziko, baina orduan hasten gara hainbat kontu azalarazten. Krisalida fase luzeagoa izan bagenu bezala tximeleta bihurtu aurretik. Edo agian, har fasea luzatu zaigu sobera, ez dago ziur jakiterik!

Kontua da besteak hegoak eta kolore ederrak ateratzen ari zirenean, gure kuskuan geundela bilduta, mataza handiegia gainean, zeta geruza gehiegi burua atera ahal izateko. Beharbada, toki desegokian jarri gintuztelako hazten, leku zailegian, emandako inguruarekin borrokan, ez-lekuetan. Edo akaso, erakutsi ez zigutelako zer egin estaltzen eta korapilatzen gintuen ehunarekin, askotan ia itotzeraino iristen zena.

Menturaz, hori izan zen gertatu zitzaiguna, frustragarria oso, guk jakin bagenekien mitxeleta koloretsu ederrak ginela, hegan egiteko sortuak lorez lore udako egun eguzkitsuetan. Ez beldar bizkarroiak, askok irizten zion moduan. Jakin bai, baina demostratu ezin.

Mitxeleta berantiar bihurtu gara, baliteke beranduegi izatea, udazkenaren atarian baikaude. Helduegiak, baina azkenean gogoan generamana kanpoan dugu. Ez dakigu noiz arte, baina hegan jarraitzeko asmoa dugu, barruko guztia erakusteko prest!

Konbentzionala izatea

Leire Narbaiza 2013/08/26 19:20
Konbentzionala izan beharra.

Adin bakoitzari egoera zibil bat dagokio, eta hala egon ezean, ez zara konbentzionala. Semea eta alaba izan ezik, normatik kanpo zaude. Oporretan joan barik pasa baduzu uda, ez zara eskemetan sartzen. Jairik jai ibili ez bazara, zerbait arraro gertatzen zaizu.

Arautu dituzten eskematik kanpo eratu baduzu bizimodua, ikuspuntu desberdina izanda, hizkuntza minorizatuan jardunda, ia inork irakurtzen ez duen egunkaria leiduta, gauzak zure erara egiten badituzu, estadarra ez bazara, kontu originaletan bazabiltza sartuta, galderak eta galdeketak izango dituzu, batzuetan erruki aurpegiak jasan ere bai.

Konbentzionala eta estandarra izan beharra dagoenez, inoiz txarto sentituko zara, eurak baino gutxiago zarela sentiaraziko dizutelako mundu ustez perfektuan bizi direlakoan. Beste batzuetan martiztarra zarela pentsatuko duzu, euren harridura aurpegiak ikusita. Besteetan, sufritu ere sufrituko duzu.

Baina beste horien ikuspegia hain estua eta murritza begitantzen zaizu, hain zurruna eta hutsala euren bizimodua. Zurea bezain hutsala. Zuk, ordea, jakin badakizu hori, eurek ez!

Araua hain dago gainbaloratua!

Motxaileak, laido eta enbarazu

Leire Narbaiza 2013/08/02 02:35
Egun berean kontu bi

Asteartean auzoko bazar txinatarrean sartu nintzen erosketa bat egitera. Elkarrizketa bitxi bat entzun nuen gizon nagusi bat eta kobratzen ziharduen mutil txinatarraren artean:

-¡Qué gitano! ¡Chino, pero gitano! ¿En China ya hay gitanos? (Ijito halakoa! Txinatarra, baina ijitoa! Txinan badago ijitorik?)

-Ni hemen

-A! Zu hemengoa zara? Pero de raza china.

Kontua da lezioa eman ziola txinatarrak autoktonoari. Justu mutil horrek euskaraz dakien guztia erabiltzen du, eta asko ez bada ere, prezioak, kortesia kontuak, eta abarrak euskaraz egiten ahalegintzen da. Jarrera positiboa eta txalotzekoa!

Bestalde, nagusiak mespretxu nabarmena erakutsi zuen txinatarrarenganako, baina batez ere, ijitoenganakoa. Euskarara itzulita ez da ondo ulertzen, baina gaztelaniaz ijito hitzak badu iruzurrarekin zerikusia, engainuarekin (ikusi 4. adiera), nahiz eta iruzurgilerik handienak "egaxuak" (payo) aberats eta boteretsuenak izan Espainian.

Beste alde batetik, jakin nuen Donibane Lohitzunen poliziak ijito kanpamendu bat desegin zuela. Urtero gertatzen zen kontua da Estatu Frantsesean. Antza denez, bertako buhameek ohitura dute udan elkartu eta kanpamendu handiak egiteko. Beti izaten da arazotsua; izan ere, egotzi nahi izaten dituzte kanpatzen duten udalerritik. Udaro izaten dira horrelako albisteak.

Hegoaldean bitxia egiten zaigu kanpaldi hauen kontua. Baina ez dugu ahaztu behar motxaileak ibiltariak izan direla duela gutxira arte. Gogoan dut, txikitan automobilean gindoazela ijito-gurdiak pasatzen genituela, zaldia aurrean eta txakurra atzean lotuta zihoazenak.

Horrela esaten diete komunikabide frantsesetan: nomada. Horrek nahastu egin ninduen albistea irakurri nuen aurreko aldietan. Nomadak kanpatu dute herri bateko futbol zelaian? Zer dela eta? Gero, albisteak ondo irakurrita nonbait "ijito" berba agertzen zen. Hori berori gertatu zitzaidan telebistan zapping egin eta saio britainiar bat topatu nuenean. Hasita zegoen eta ez nekien zeri buruzkoa zen, beti nomada eta bidaia-jendea esaten zietelako. Bitxia begitandu eta aurrera egin ahala bertako ijitoez ari zela jakin nuen. Saioaren izena "Mi gran boda gitana" zuela izena jakin nuen.

Dena egun berean. Gainera, Jon Garmendiak artikulu hau argitaratu zuen munduan libre ibiltzeaz duten eskubidearen gainean. Eta diot nik, bidaltze horien atzean zer dago? Molestatu egiten dutela? Zikindu? Ala benetako ikusi ezina, xenofobia sekularra? Eta esaten dietenean nomada, ibiltari eta bidaia-jendea, zer da eufemismoa? Edo Garmendiak esan zidan bezala: kaleratzen ditugu besteek bezala herriko zergak pagatzen ez dituztelako, ez larruazalagatik. Hau da, ez esan xenofobiagatik egiten dugula, ez dugu ijito hitza aipatu…

Bata zein bestea izan arrazoia, atzean diskriminazioa dago, argi eta garbi. Eibarren zein Donibane Lohitzunen laidotzeko erabiliak edo baztertuak izanak, beti dira enbarazu. Xenofobia ez bada, klasismoa; izan ere, ijitoak, motxaileak, ijitanoak, buhameak beti izan dira pagaburu, gure gizartearen bizimoldea eta jokaera ez dituztelako onartu izan, eta bere bizitzeko era hobetsi dutelako.

Baina zer litzateke gure folklorea buhame, kaskarot, kalderero eta abar barik?

Ametsetan bizi

Leire Narbaiza 2013/07/15 13:30
Bai, serie bat irten zait, hirukia

Gaztetxotik izan dut esna amets egiteko joera, bizi nuen errealitatea hobea izan zitekeela jakin banekielako, eta fantasiazko mundu horrek aurrera egiten laguntzen zidalako.

Baina ametsetan bizitzeak lagundu balezake ere, sarriago kaltea baino ez dakarkigu, amestutakoa ez delako erreala, eta fantasia eta errealitatearen artean irekitzen den troka zabalegia izaten delako.

Horregatik, amildegiaren gainean jauzi egiten ahalegindutakoan hartutako kolpea ikaragarria izaten da. errealitate krudelak eztanda egiten digu aurpegian; gorputza, arima eta gogoa mailatu eta beltzunez bete zaizkigu. Amets zoragarria mila zatitan pitzatu eta apurtu zaigu.

Baneraman denbora luzetxoa ez nuela hainbeste esna amets egiten. Neurri txiki batean lo aurretiko unetxoan, lo-denborako ametsak gozotzeko, agian. Nahiko kontrolatua nuen. Ondo, oinak lurrean bizi izan naiz eta alde biak, erreala eta onirikoa, bateratuago joan zaizkit, frustraziorik gabe.

Hala ere, bada boladatxo bat atzera ere esna hasi naizena amets egiten, etengabe, ez lotarakoan soilik. Edonon: trenean lanera noala, klasean ariketa bat zuzendu aurretik, sofan telebista ikusten,… Ezin diot eutsi!

Ez dut nahi, baina ezin diot iskin egin. Ez dut ametsetan bizi gura, badakidalako sufrituko dudana, bizitza paralelo hori ez delako gauzatuko, fantastikoegia delako.

Eta ez dut gehiagotan alferrik sufritu nahi, berriro ez!

Ametsetan

Leire Narbaiza 2013/06/25 22:53
Monotema bihurtzen ari zait. Serie bateko bigarrena?

Badaroat bolada nahiko luzea esnarik ametsetan. Trenean noala, liburutik begiak altxatu eta leihotik euri artean urrunera begiratuta, irribarre inozo bat marrazten zait, gura barik. Jatetxe inpertsonal hartan, sardexka airean dudala, murtxikatzeari lagata, soa amesti doakit urrutira. Semaforoan geldi noiz aldatuko, ahopeka doinu bat irteten zait. Birikak arnasez beteak, begiak jostari, ezpainak lore, flotatzen laino artean bezala. Bai, bolada honetan egun asko horrelakoak dira.

Ez da zoriona, suzedaneo bat da, marka famatu baten faltsifikazioa bezalakoa; angulak beharrean, gulak jatea legezkoa. Baina egun hauek zorionaren antzekoenak dira.

Deserria gurean

Leire Narbaiza 2013/06/23 21:53
Burokrazia egin behar izateak inspirazioa ere badakarrelako.

Pasa den larunbateko Anjel Lertxundiren artikulua irakurri, eta astelehenean Bilbora joan behar. Gran via gora eta behera ibilita, argi daukat Lertxundik arrazoia daukala, Bilbon Bilbao kabitzen dela, eta ez Bilbo Bilbaon, alegia.

Bilbo maite dut, beltza eta iluna zenean ere nuen gustuko; gustukoagoa, beharbada. Baina bertako hainbat tokitan zein arrotza sentitzen naizen! Ikaragarria da! Udan idatzitako artikulu batean nioen Donostian zenbaitetan aborigen sentitu izan naizela. Bilboko kale nagusi honetan, ordea, guztiz arrotz, atzerrian banengo moduan, ia beti.

Holakoetan zalantzan dut zer ote den Euskal Herria. Orduan ere, bazkaltzen eta apunteak hartzen estrainoa nintzen han. Paisaiak ere ez du laguntzen, Europako edozein hiri handitako arteria nagusian egon nintekeelako. Edo, hobeto esanda, Espainiako edozein hiritan.

"Agur" entzun, eta erreferentzia bakarra izan, Bizkaiko hiriburuan; San Mames estadioaren eraistea sinbolo bihurtu duena, identitate ikur ia bakartzat futbola eta museo amerikar bat dituena. Bilboko euskaldunek ez dute meritu makala, gero!

Azken finean, deserriak gure muga geografikoen barnean ere badaudelako. Atzerria, gure baitan.

Dantza eta generoa

Leire Narbaiza 2013/06/16 22:35

Pasa den ostiralean Kezka dantza taldearen Dantzari egunaren ikuskizunean izan nintzen Untzaga plazako harmailetan. Eli lagunarekin joan nintzen euren alabak egiten zuelako dantzan, eta biondako oso plan atsegina izaten delako dantza ikustea, hala ezagutu genuen elkar orain hogeita hemeretzi, urte gure lehenengo egunean, elkarren ondoan jarri gintuzten, eta gaur arte!

Tira, ekitaldi ikusten ari nintzela aste honetan Amelia Barquinen Kinka blogeko post honen harira twitterren dantzaz izan den elkartrukeaz gogoratu, eta buruari buleta batzuk eragin zizkidan.

Kontua da Barquinek generoaz diharduela, zein markatuta dagoen euskal dantzetan dio. Arrazoia du, arropak dantza askotan oso desberdinak eta markatuak dira, eta bikoteak neska-mutil dira. Ados.

Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

Gutxi dakit queer teoriaz, gutxi dantzaz. Baina nire hausnarketa bide batzuetatik joan zen, aurrejoa gogoan. Eta badauka generoarekin zerikusia: mutil falta eta gizartearen aldaketa.

Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

Dantza taldeetan mutil falta ikaragarria dago, ostiralekoa ikustea besterik ez zegoen. Gure sasoian hori ere pairatu genuen (dantza mistoak nagusiagoak ginenean egiten baikenituen, baina nagusitu ahala mutilak desagertu, beraz Kaskarot, for ever)

Badakizue, futbolak kentzen zizkigun mutilak, dantza nesken kontua omen delako, femeninoa. Benetako gizon batek egiten ez duena, arrosaz janztea bezalakoa. Emakumeen kontua izaki, arbuiagarria.

Baina paradoxikoena da Hego Euskal Herrian, gutxienez (ez naiz ausartzen Iparraldeaz berba egitera, agian oraindik ere Zuberoan hala delako), gizonak zirela dantzariak, rol hori eurei zegokien, eta dantzari ona izatea, ohorea zen, gaur egunean futbol taldeko goleatzailea izatea lakoxea. are gehiago, Gipuzkoako dantzen errepertorioan ez zegoen espezifikoki emakumeendako zirenak, plazetako fandango eta arin-ariez gain (hauek mistoak). Neskek dantza egin zezaten mutilen batzuk hartu eta guk dantzatu! Hor ere plazaren konkista. Dudarik ez dago, dantza horiek (eta beste batzuk) gizon, emakume zein mistoan egin daitezkeela, gura den moduan!

Tapia eta Leturiak "Bizkaiko kopla zaharrak" disko zoragarrian Banango abestian laugarren koplan hauxe dio: "txapel gorridun mutil horrexek krabeliñie dirudi". Imajina zenezakete gaur egun gizonezko bat krabelinarekin konparatzen? Ez, ezta? Ez da batere maskulinoa! Bada, antza, hemen bai.

Zer gertatu zaigu Euskal herrian? Zergatik abandonatu dugu pentsaera hori?

Ez dago dudarik, plazaren espazio sinbolikoa dantzaren bitartez gizonen lekua izan dela. Baina gizontasunarekin ere lotua. Plazan dantza egitea maskulinitatearen ezaugarria zen. Maskulinitatea adierazteko beste modu bat.

Hori ere konkistatu genuen, plaza eta beste gizarte batzuen ereduak erakarrita, gizonek abandonatu zuten. Konkistatutakoan, degradatu konkista, gizartearen begietan, zoritxarrez.

Genero, maskulinitate, gizontasun, emetasun, feminitate eta abarrak alde batera lagata, dantza disfrutea da, gozamena. Gure gorputzaren kontzientzia hartzeko modua, jendarte honetan hain abandonatua daukaguna. Buru-gorputza konexioa lortzeko modua, indarrez kargatzen gaituena. Sentsualitatea deskubriarazten diguna, musikaren konpasean. Gizonek zein emakumeek behar-beharrezko duguna.

Greban #m30greba

Leire Narbaiza 2013/05/30 11:36
Huelgan nago

Motiboak soberan dauzkagulako, gaur greban nago. Aurreko greban ere esan nuen ez zela gehien maite nuena, baina besterik ez zaigu geratzen.

Egokia ez dela diote, kalteak eragiten dituela. Greba ez da egokia, manifestazioek trafikoa eragozten dute, eserialdiek hiriak paralizatu, eskratxeek asaldatu, oihuek molestatu, kartelek zikindu, betozkoek beldurtu… Beraz, irribarretsu, kontsignak erakutsi barik, isilik, ikusezin, paseoan, bakarka, lanean nahi gaituzte, molestatu barik meneko, apal, umil eta esklabo, ahoa itxita. Aberatsak aberatsago eta besteok pobrezia helburu dugula.

Nahikoa da! Hau gelditu behar da! Aurre egin diezaiegun! Planto egin! Jarki!

Kristalezko sabaia

Leire Narbaiza 2013/05/26 22:51

Pinteresten "tablero" bat daukat "Emakume bako erretratuak" izenekoa. Bertan, emakumerik ez duten (edo oso gutxi) talde-argazkiak biltzen ditut. Orain arte, Pinteresteko kontuko argazkiak ez ditut sare sozialetan zabaldu, aukera hori ematen badu ere.

Baina pasa den astean Twitterren zabaldu nuen irudi hau "pineatu" ostean:

Gasteizko Hala Bedi irratia 30. urteurrena ospatzen ari da, eta "¡Que vienen los vascos! izeneko mahai-ingurua egin zuen asteazkenean. Aurreko astean ere beste mahai-inguru bat egin zuten eta argazkia hauxe izan zen:

 

Komunikabideen gaineko mahai-ingurua. Hemen ere andrazkorik ez.

Hau guztiau, twitterren ibili ginen komentatzen eta beheko argazkia txio honetan zabaldu nuen

pinterest.com/pin/2318650807… #hbi30jardun Hala Bedi irratiko jardunaldiko mahai ingurua. Emakumeak, non?

— leire narbaiza arizm (@txargain) 2013 maiatza 15
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua