Tximeleta berantiarrak
Barnea askatzen denbora ematen dugu. Batzuen kasuan, segituan egiten da prozesua eta gazterik erakusten dute barruan zer daramaten, zer duten emateko. Beste batzuen kasuan, heldutasunaren bidean agertzen dute hori. Eta beste batzuek, Chris Horner-ek bezala, inork espero ez zuenean, ustez erakusteko gutxi dagonean.
Batzuk azken taldekoak gara. Ez dugu 40 urte ondo beteekin Espainiako Vuelta irabaziko, baina orduan hasten gara hainbat kontu azalarazten. Krisalida fase luzeagoa izan bagenu bezala tximeleta bihurtu aurretik. Edo agian, har fasea luzatu zaigu sobera, ez dago ziur jakiterik!
Kontua da besteak hegoak eta kolore ederrak ateratzen ari zirenean, gure kuskuan geundela bilduta, mataza handiegia gainean, zeta geruza gehiegi burua atera ahal izateko. Beharbada, toki desegokian jarri gintuztelako hazten, leku zailegian, emandako inguruarekin borrokan, ez-lekuetan. Edo akaso, erakutsi ez zigutelako zer egin estaltzen eta korapilatzen gintuen ehunarekin, askotan ia itotzeraino iristen zena.
Menturaz, hori izan zen gertatu zitzaiguna, frustragarria oso, guk jakin bagenekien mitxeleta koloretsu ederrak ginela, hegan egiteko sortuak lorez lore udako egun eguzkitsuetan. Ez beldar bizkarroiak, askok irizten zion moduan. Jakin bai, baina demostratu ezin.
Mitxeleta berantiar bihurtu gara, baliteke beranduegi izatea, udazkenaren atarian baikaude. Helduegiak, baina azkenean gogoan generamana kanpoan dugu. Ez dakigu noiz arte, baina hegan jarraitzeko asmoa dugu, barruko guztia erakusteko prest!
Mila esker eta patxo goxo bat.