Dantza eta generoa
Pasa den ostiralean Kezka dantza taldearen Dantzari egunaren ikuskizunean izan nintzen Untzaga plazako harmailetan. Eli lagunarekin joan nintzen euren alabak egiten zuelako dantzan, eta biondako oso plan atsegina izaten delako dantza ikustea, hala ezagutu genuen elkar orain hogeita hemeretzi, urte gure lehenengo egunean, elkarren ondoan jarri gintuzten, eta gaur arte!
Tira, ekitaldi ikusten ari nintzela aste honetan Amelia Barquinen Kinka blogeko post honen harira twitterren dantzaz izan den elkartrukeaz gogoratu, eta buruari buleta batzuk eragin zizkidan.
Kontua da Barquinek generoaz diharduela, zein markatuta dagoen euskal dantzetan dio. Arrazoia du, arropak dantza askotan oso desberdinak eta markatuak dira, eta bikoteak neska-mutil dira. Ados.
Gutxi dakit queer teoriaz, gutxi dantzaz. Baina nire hausnarketa bide batzuetatik joan zen, aurrejoa gogoan. Eta badauka generoarekin zerikusia: mutil falta eta gizartearen aldaketa.
Dantza taldeetan mutil falta ikaragarria dago, ostiralekoa ikustea besterik ez zegoen. Gure sasoian hori ere pairatu genuen (dantza mistoak nagusiagoak ginenean egiten baikenituen, baina nagusitu ahala mutilak desagertu, beraz Kaskarot, for ever)
Badakizue, futbolak kentzen zizkigun mutilak, dantza nesken kontua omen delako, femeninoa. Benetako gizon batek egiten ez duena, arrosaz janztea bezalakoa. Emakumeen kontua izaki, arbuiagarria.
Baina paradoxikoena da Hego Euskal Herrian, gutxienez (ez naiz ausartzen Iparraldeaz berba egitera, agian oraindik ere Zuberoan hala delako), gizonak zirela dantzariak, rol hori eurei zegokien, eta dantzari ona izatea, ohorea zen, gaur egunean futbol taldeko goleatzailea izatea lakoxea. are gehiago, Gipuzkoako dantzen errepertorioan ez zegoen espezifikoki emakumeendako zirenak, plazetako fandango eta arin-ariez gain (hauek mistoak). Neskek dantza egin zezaten mutilen batzuk hartu eta guk dantzatu! Hor ere plazaren konkista. Dudarik ez dago, dantza horiek (eta beste batzuk) gizon, emakume zein mistoan egin daitezkeela, gura den moduan!
Tapia eta Leturiak "Bizkaiko kopla zaharrak" disko zoragarrian Banango abestian laugarren koplan hauxe dio: "txapel gorridun mutil horrexek krabeliñie dirudi". Imajina zenezakete gaur egun gizonezko bat krabelinarekin konparatzen? Ez, ezta? Ez da batere maskulinoa! Bada, antza, hemen bai.
Zer gertatu zaigu Euskal herrian? Zergatik abandonatu dugu pentsaera hori?
Ez dago dudarik, plazaren espazio sinbolikoa dantzaren bitartez gizonen lekua izan dela. Baina gizontasunarekin ere lotua. Plazan dantza egitea maskulinitatearen ezaugarria zen. Maskulinitatea adierazteko beste modu bat.
Hori ere konkistatu genuen, plaza eta beste gizarte batzuen ereduak erakarrita, gizonek abandonatu zuten. Konkistatutakoan, degradatu konkista, gizartearen begietan, zoritxarrez.
Genero, maskulinitate, gizontasun, emetasun, feminitate eta abarrak alde batera lagata, dantza disfrutea da, gozamena. Gure gorputzaren kontzientzia hartzeko modua, jendarte honetan hain abandonatua daukaguna. Buru-gorputza konexioa lortzeko modua, indarrez kargatzen gaituena. Sentsualitatea deskubriarazten diguna, musikaren konpasean. Gizonek zein emakumeek behar-beharrezko duguna.
Muso handi bat!