Grebaz
Greban nago, ez naiz lanera joan. Erabakia inoiz baino errazago hartu dut, gainera! Aurreko greba batzuetan neure buruarekin hausnarketa eginda erabaki dut. Oraingoan horrelakorik ez.
Aurrekoetako hausnarketak motiboez ez ezik, grebaren zentzuz ere baziren; izan ere, huelga egiteari berari ez diot zentzu handirik ikusten, agian euskaltegiko irakaslea naizelako eta ikasleek gure grebak pozik hartzen dituztelako, jai eguna da eurendako. Gure lan-uzteak ez dio inori eragiten, gure poltsikoari ez bada behintzat!
Askotan pentsatu dut bai grebek, bai manifestazioek ez dutela ezertarako balio. Hala ere, segitu dut greba egiten eta manifestatzen. Ez naiz oso koherentea, ezta? Zer dela-eta jarraitzen dut gauza bera egiten? Hain tentela naiz?
Beharbada bai, tentela eta sinplea. Iraultzaileena eta borrokalariena ez banaiz ere, zentzuz jokatzen ahalegintzen naiz. Eta kokoteraino nago! Aspertuta kaka burutik behera egiten digutelako.
Hain nazkatu eta higuinduta egonda, zer egin? Ez dakidanez, formula zaharrekin segitzen dut, manifestazio eta grebekin, alegia. Beste modu bat topatuko banu, egingo nuke! Baina nire xalotasunean ez dut beste ezer aurkitu.
Horregatik egiten dut greba, ez dakidalako zelan erantzun miseriara garamatzan egoera honi! Pobrezia orokortua datorkigulako, eta gure umeak Norvegiarrek babestu beharko dituztelako. Pobrezia ekonomikoa eta miseria morala. Esklabotza itzuliko zaigulako horrela jarraituz gero. Gure aurrekoek lortutako eskubide guztiak urratu eta lehengora itzuli.
Hau guztiau balitz munduko herritar guztiak maila berean egoteko; hau da, pobreenak gure mailara pasatzeko, onartuko nuke. Baina ez da horrela! Pobreenak pobreago, eta aberatsenak askoz ere aberatsago. Lehen gutxi balute bezala!
Beraz, motiborik falta ez zaigulako, greba hau hausnartu barik egin dut, hausnarketa aspaldi eginda dagoelako!
Kaka burutik behera egiten digutela ikusi eta guk ipurdia garbitzen diegu... KOKOTERAINO NAGO!!!