Ametsetan bizi
Gaztetxotik izan dut esna amets egiteko joera, bizi nuen errealitatea hobea izan zitekeela jakin banekielako, eta fantasiazko mundu horrek aurrera egiten laguntzen zidalako.
Baina ametsetan bizitzeak lagundu balezake ere, sarriago kaltea baino ez dakarkigu, amestutakoa ez delako erreala, eta fantasia eta errealitatearen artean irekitzen den troka zabalegia izaten delako.
Horregatik, amildegiaren gainean jauzi egiten ahalegindutakoan hartutako kolpea ikaragarria izaten da. errealitate krudelak eztanda egiten digu aurpegian; gorputza, arima eta gogoa mailatu eta beltzunez bete zaizkigu. Amets zoragarria mila zatitan pitzatu eta apurtu zaigu.
Baneraman denbora luzetxoa ez nuela hainbeste esna amets egiten. Neurri txiki batean lo aurretiko unetxoan, lo-denborako ametsak gozotzeko, agian. Nahiko kontrolatua nuen. Ondo, oinak lurrean bizi izan naiz eta alde biak, erreala eta onirikoa, bateratuago joan zaizkit, frustraziorik gabe.
Hala ere, bada boladatxo bat atzera ere esna hasi naizena amets egiten, etengabe, ez lotarakoan soilik. Edonon: trenean lanera noala, klasean ariketa bat zuzendu aurretik, sofan telebista ikusten,… Ezin diot eutsi!
Ez dut nahi, baina ezin diot iskin egin. Ez dut ametsetan bizi gura, badakidalako sufrituko dudana, bizitza paralelo hori ez delako gauzatuko, fantastikoegia delako.
Eta ez dut gehiagotan alferrik sufritu nahi, berriro ez!