Deserria gurean
Pasa den larunbateko Anjel Lertxundiren artikulua irakurri, eta astelehenean Bilbora joan behar. Gran via gora eta behera ibilita, argi daukat Lertxundik arrazoia daukala, Bilbon Bilbao kabitzen dela, eta ez Bilbo Bilbaon, alegia.
Bilbo maite dut, beltza eta iluna zenean ere nuen gustuko; gustukoagoa, beharbada. Baina bertako hainbat tokitan zein arrotza sentitzen naizen! Ikaragarria da! Udan idatzitako artikulu batean nioen Donostian zenbaitetan aborigen sentitu izan naizela. Bilboko kale nagusi honetan, ordea, guztiz arrotz, atzerrian banengo moduan, ia beti.
Holakoetan zalantzan dut zer ote den Euskal Herria. Orduan ere, bazkaltzen eta apunteak hartzen estrainoa nintzen han. Paisaiak ere ez du laguntzen, Europako edozein hiri handitako arteria nagusian egon nintekeelako. Edo, hobeto esanda, Espainiako edozein hiritan.
"Agur" entzun, eta erreferentzia bakarra izan, Bizkaiko hiriburuan; San Mames estadioaren eraistea sinbolo bihurtu duena, identitate ikur ia bakartzat futbola eta museo amerikar bat dituena. Bilboko euskaldunek ez dute meritu makala, gero!
Azken finean, deserriak gure muga geografikoen barnean ere badaudelako. Atzerria, gure baitan.