Ziberfeminismoaren gaineko mahai-ingurua
Berdinatasunak antolatzen diten mahai-inguru batera gonbidatu ninduten. Telebista saioa bazen ere, asko pentsatu barik, baietza eman nuen. Bai, ez zait batere gustatzen neure burua grabatuta ikustea, badakizue, dena akats, dena mugimendu, dena zatar,… baina, horregatik da harrigarria hain bizkor hartzea erabakia.
Mahai-inguruan June Fernandezek @marikazetari, Saioa Iraola Bilgune Feministakoa, ni neu eta Idurre Eskisabel gidari. Agian baietza emate bizkor hori nire kideengatik izan zen, ilusioa egiten didalako eurak ezagutzea, nahiz eta feminismoa blogean eta twitterren tratatzeko modua oso naifa den.
Esan behar dut oso atsegina izan zela guztia, eta nahiz eta 40 minutu inguru jardun niri oso laburra egin zitzaidala! Gustura egon ginen seinale. Hori bai, etxerako bidean askoz erantzun hobeak bururatu zitzaizkidala aitortu behar dut; izan ere, feminismo, berdintasun eta parekidetasunaz ezer gutxi esan nuen, batez ere, twitter eta euskaraz jardun bainuen!
Hori bai! Nahi duzuenean ni berriro prest! Zentratuago joango naiz! Mila esker nirekin gogoratzeagatik!
Ameskeriatan
Amestu nuen azaleko orban eta orbain guztiak buruz, hatzek braillean irakurtzen duten bezala, ezagutuko zizkidala; bere gorputza osorik esploratuko nuela, Afrika XIX. mendeko salakot-dun ingeles abenturazaleen antzera.
Ohean ordu txikietan poemak irakurtzearekin egiten nuen amets, Mi amado es fresco y colorado, se distingue entre millares. Su cabeza es oro puro, sus rizos son racimos de dátiles, negros como el cuervo.
Bere bular oparoan burua pausatu eta bertan kezka guztiak lagako nituela, bere besoen abaroan urtu eta bat egingo genuela amesten nuen.
Plazera eta samurtasuna nahastuta, gauak emango genituela nuen amets. Kezkak eta ardura elkarbanatuz. Barrez eta jolasez beteko genituela egunak; maitasunez eta musuz, gauak.
Baina ametsak –maitasunak, lilurak eta erakarmenak sortutako sukar-ametsak–, mundu onirikoetatik ez dira errealitate bihurtzen, amets-gaizto izan ezean. Eldarnioak, sarritan, amets politik ez baina gaiztorik ere ez dira bilakatzen. Espejismo hutsa baitira geure buruan.
Errealitate dosia esnatzean!
Eskubideak
Azken hileko gertakariak ikusita eskubideak zein aldakorrak eta subjektiboak diren otu zait. Era berean justizia, legea eta eskubideak zerikusirik ez duten hiru kontzeptu direla. Adibidez, Frantziako estatuan ezkontza homosexualak legeztatu dituzte. Azkenean, Euskal Herri osoan edozein biztanlek izango du nahi duenarekin ezkontzeko eskubidea. Bai, eskubidea lortu, gero ez ezkontzeko, utikan esateko. Eskubidea konkistatu, gero ez erabiltzeko, edo bai. Honekin batera, garrantzitsuago den zerbait ere lortu da: edozein umek izango du eskubidea gurasoak (edozein dela ere euren aukera sexuala) legalki guraso izateko.
Ezkontza homosexualaren kontra daudenak, batez ere, adopzioaren kontra daude. Diotenez, umeentzat kaltegarria izan daiteke ama bi edo aita birekin heztea. aita eta ama behar dela orekatua hazteko. Baina historiak erakusten digu bikote heterosexualetan sortzen diren haurrak ez direla denak ekilibratuak. Aita eta ama edukitzea ona da maitasuna eta babesa ematen badiete txikiei, horixe baita umeek behar dutena: gozotasuna, ziurtasuna eta zainketak. Izango ahalko dute munduko haur guztiek halakorik izateko eskubidea!
Aipatu legez, eskubideak denborarekin aldatu egiten dira. Duela gutxira arte andrazkook ez genuen eskubiderik. Kontu korronte edo pasaportea egiteko, adibidez, aitaren edo senarraren baimena beharrezkoa zen. Duela 35-40 urtez dihardut, 70. hamarkadaren amaieran gertatzen zen hori, hain zuzen. Elizarentzat ere arima bako izakiak ginen. Beraz, ezin esan betikoak balio digula, eskubideen munduan dena delako aldakorra, normalean onerako.
Hala ere, eskubideak aldatu egiten direla esan dut, baina zer da eskubide? Pertsona batzuek eskubidetzat kontu bitxiak aldarrikatzen dituzte, kutsatzeko eta zikintzeko eskubidea esaterako, zaborra botatzeko modua erabakitzeari deitzen diote deretxoa. Edo zigarroaren kea aurpegian botatzeari. Lege horien aurka egingo dute, jo eta sua, euren eskubidea dela adieraziz. Hori bai, benetakoak murrizten dituztenean etxean geratzen dira, txintik esan gabe. Izan ere, beren egunerokotasunean kalterik egin ezean, meneko dira. Murrizketekin, lan-eskubideak aldatzen ari dira, eta Bangladeshkoak kanbiatu beharrean, gureetara hurreratuz, gureak eurenetara gerturatzen dabiltza, zoritxarrez. Erretiro adina luzatu, gizarte ongizatea desagertu. Eskubideak deuseztatu, berba baten.
Baina zer edo zer argi badago da denok ez ditugula eskumen berberak. Adibidez, arestian aipatu dudan Bangladeshen hildakoek etxera jornala eroan gura izanez gero, men egin behar izaten diote ugazabak esaten duenari, bizitza arriskuan jarrita, gu sarri alda gaitezen; ez eskubidez, janzkeraz baino, arropa merkea jantz dezagun. Eskubiderik eza. Balioa ere merkea. Bostongo 3 hildakoek orduak eta orriak bete dituzte komunikabideetan, baina Bangladeshko 370ek 20. postua bete dute. Mailak eta justizia, justizia eta zuzenbidea. Zerikusirik ez duten kontuak. Ikusgarritasun eza, komunikabide konbentzionalen bazterketa, Donostiako Bulebarrean ere agerian utzi zutena: eskubideak defendatuz, legeari jarki, justiziari aurre eginda, komunikabideetan ikusezin!
Justizia, legea eta eskubideak, balio erlatiboak.
Internazionala euskaraz
Gaur maiatzaren 1a izanda, Internazionala euskaraz abesten saiatu naiz, beste urte batzuetan bezala. Letra ez dakidanez, txuletan begiratu behar eta urtero bezala, katastrofea! Zer demontre esan nahi du euskarazko bertsioak? (urtera beste hobe bat aurkitu dugu http://eibar.org/blogak/leire/euskarazko-beste-letra-bat-internaziolarendako )
Zutik lurrean kondenatu
Zaren langile tristea!
Nekez ginen elkarganatu,
Indazu albiristea!
Gertatuak ez du ardura.
Jende esklabua jaiki!
Aldaketak datoz mundura.
Nor den herriak badaki.
Oro gudura, ala!
Bihar izan dadin
Internazionala
Pertsonaren adin.
"Idazu albiristea", "Nor den herriak badaki", "Bihar izan dadin Internazionala pertsonaren adin"? Zer esan nahi dute esaldi horiek? Norbaitek azal diezadake, mesedez? Irakurtzen dudan bakoitzean, barregura sortzen dit, gero haserrea eta ondoren kezka. Nola hainbeste urtetan hain ganora gutxirekin?
Badirudi Gabriel Arestik euskaratu zuela, baina poeta bilbotarrak itzultzen jardun zuenean ez zen oso buru argi ibili, alajaina!
Originala frantsesez da, eta hauxe dio:
Debout ! les damnés de la terre !
Debout ! les forçats de la faim !
La raison tonne en son cratère :
C’est l’éruption de la fin.
Du passé faisons table rase,
Foule esclave, debout ! debout !
Le monde va changer de base :
Nous ne sommes rien, soyons tout !
Il n’est pas de sauveurs suprêmes :
Ni Dieu, ni César, ni tribun,
Producteurs, sauvons-nous nous-mêmes !
Décrétons le salut commun !
Pour que le voleur rende gorge,
Pour tirer l’esprit du cachot,
Soufflons nous-mêmes notre forge,
Battons le fer quand il est chaud !
L’État comprime et la loi triche ;
L’Impôt saigne le malheureux ;
Nul devoir ne s’impose au riche ;
Le droit du pauvre est un mot creux.
C’est assez languir en tutelle,
L’Égalité veut d’autres lois ;
« Pas de droits sans devoirs, dit-elle
« Égaux, pas de devoirs sans droits ! »
Hideux dans leur apothéose,
Les rois de la mine et du rail
Ont-ils jamais fait autre chose
Que dévaliser le travail ?
Dans les coffres-forts de la bande
Ce qu’il a créé s’est fondu
En décrétant qu’on le lui rende
Le peuple ne veut que son dû.
Les Rois nous soûlaient de fumées,
Paix entre nous, guerre aux tyrans !
Appliquons la grève aux armées,
Crosse en l’air, et rompons les rangs !
S’ils s’obstinent, ces cannibales,
À faire de nous des héros,
Ils sauront bientôt que nos balles
Sont pour nos propres généraux.
Ouvriers, paysans, nous sommes
Le grand parti des travailleurs ;
La terre n’appartient qu’aux hommes,
L’oisif ira loger ailleurs.
Combien de nos chairs se repaissent !
Mais, si les corbeaux, les vautours,
Un de ces matins, disparaissent,
Le soleil brillera toujours !
C’est la lutte finale :
Groupons-nous, et demain,
L’Internationale
Sera le genre humain
- Gaztelaniazkoak originalarekin antza handiagoa dauka:
¡Arriba, parias de la Tierra!
¡En pie, famélica legión!
Atruena la razón en marcha:
es el fin de la opresión.
Del pasado hay que hacer añicos.
¡Legión esclava en pie a vencer!
El mundo va a cambiar de base.
Los nada de hoy todo han de ser.
Agrupémonos todos,
en la lucha final.
El género humano
es la internacional. (Bis)
Ni en dioses, reyes ni tribunos,
está el supremo salvador.
Nosotros mismos realicemos
el esfuerzo redentor.
Para hacer que el tirano caiga
y el mundo esclavo liberar,
soplemos la potente fragua
que el hombre nuevo ha de forjar.
Agrupémonos todos,
en la lucha final.
El género humano
es la internacional. (Bis)
La ley nos burla y el Estado
oprime y sangra al productor;
nos da derechos irrisorios,
no hay deberes del señor.
Basta ya de tutela odiosa,
que la igualdad ley ha de ser:
"No más deberes sin derechos,
ningún derecho sin deber".
Agrupémonos todos,
en la lucha final.
El género humano
es la Internacional. (Bis).
Beste gauza bat da, ezta? Horregatik, uste dut, badela sasoia bertsio txukun eta ganorazkoa egiteko, zentzuduna, ulergarria, benetako himno kantagarria bihurtu dakigun. Norbaitek jasoko ahal du erronka eta animatuko egiten?
Bitartean,
bertsio berezi batHerri harresia Bulebarrean
Donostiako Askegunean sortutako Herri Harresiak emozioz bete nau. Aspaldi ez nuen hain gustuko ekimen bat. Aspaldi ez ninduen hainbeste emozionatu ekintza batek. Adi segitu dut twitterren eta sentimendu pila bat sortu dizkit.
Hunkitu ninduen irudia ez zen izan Ibero atxilotu zutenean ertzaintzak erakutsi zuen jarrera. Ez, zoritxarrez, ohituta gaude holakoetara. Tamalgarria izan zen, bai, baina sarri ikusitakoa. Bihotzeraino ailegatu zitzaidan aurrenekoa jendea besotik oratuta ikustea izan zen, harresia eginez, gazte zigortuen inguruan babesten zuenekoa. Etxeraino lagundu, kamiseta laranja jantzita. Hor irauli zitzaidan barrena. Irudi hark elkartasuna, babesa eta hesia irudikatzen zuelako.
Idurre Eskisabelek bere Berriako zutabean idatzi duen moduan, niri ere mugarria iruditu zait, gauzak egiteko beste modu bat ere badagoela, eta denoi dagokigula, bati egindakoa guztiei egiten diotelako. Baina berri-berria ere ez dela esango nuke.
Egunotako irudiek beste une batzuetara ere eroan naute. Aurore Martinen atxiloketa saiakera hura jendeari esker gelditu zela erabili dut buruan. Irati Tobar gazteari Hendaian emandako babesa ere etorri zait gogora, nola hautetsiek euren etxeetan aterpetu zuten, nahiz eta beste ideologia batekoa izan (horretan Frantzia eta Espainia ezin dira alderatu).
Hortik atzera ere egin du nire oroimenak, eta intsumisioaren garaiak etorri zaizkit, baita Itoizko urtegiaren kontrako protestak ere. Denak solidaritatea ardatz, denak elkartasuna abiapuntu.
Bulebarreko gazteek esperantza piztu didate, askotan egiten baitugu berba gazteria geldi dagoela, ez dela mugitzen. Baina lezio ederra eman digute, alajaina! Badakit gazteez gain, adin guztietako jendea ere batu dena bertan, baina bideoak eta argazkiak ikusita, argi dago gehiengoa gaztea dena. Horrek asko pozten nau. Gero twitterren irakurri ditudan komentarioak eta txioek ere itxaropenez bete naute. Kontu itsusi asko egon dira ertzaintza eta komunikabide nagusien partetik, baina nik, oraingoan ZuZeu-tik ateratako bideoa nabarmendu gurago dut gaurkoan, irribarre eta aurpegi horiek direlako benetako notizia. Mila esker, ederrok!
Bigira ahaztezina
Atzo Elgetako Espaloia kafe antzokian ahotsak.com-ek hamargarren urteurrena ospatu zuen. Bai, ondo aukeratu dut aditza, ospakizuna izan baitzen egin zutena, jaia: elkartu, ospatu, gozatu, barre, negar, gogoratu, goratu, agurtu, musukatu, besarkatu, jan, edan, dantza eta kantuan egin genuelako.
Igo, konpainia noblean igo nuen Elgetara: Serafin eta Anerekin. Horrela hasi zen bigira. Behin Elgetara ailegatutakoan lagun kuadrilla agurtu genuen: Asier, Iban, Jaione, Juan Martin, Urtzi, Esti…
Ekitaldia xumea eta egokia izan zen. Doia emozionatzeko, joandakoak gogoratzeko eta egindako lana gogoan hartzeko. Aurrera egiteko indarra batzeko ere balio izan zuelakoan nago, jasotakoaren garrantziaz hausnartzeko. Transmisioa, transmisioa, transmisioa: jaso, eman, hartu, pasatu. Eman euskara elkarri, finean!
Jaialdi berezia izan zen, ez ahazteko moduko askaia. Izan ere, idatzitakoaz gain, aspaldiko lagunen topagune bihurtu zitzaigun Espaloia. Ekitaldian zehar falta zaizkigunak etorri zitzaizkigun burura: Fernando, Emilio, norberaren etxekoak… Eskertzen ostean, jan-edanaren tartean etorri zelako, besarkada eta irribarre momentua izan zen. Orduan, aspaldiko ezagun eta lagunak agurtzeko unea: Maripi, Nerea, Soko, Karmele, Inma, Estepan, Igone, Josu, Egoitz, Joxe… Batzuk hamar bat urtean ikusi bakoak: Nuria, Alberto,… Desbirtualizatu ere, bi desbirtualizatu nituen: Joseba eta Jon, urte askotarako!
Gero, kontzertu/dantzaldia hasi zen, eMePebost-en eskutik. Dantza eta kantu era oso dibertigarrian! Jende asko joana zen, eta petit komitean geundenez, dena izan zen intimoa eta hurbilagoa! Zoragarria!
Irribarrea ahotik kendu ezinda, ordu horretan ia edozertarako prest, nor edo nork esan zuen Elorrioko Arriola antzokian Ruper Ordorikak jotzen zuela. Ruper Elorrixon? Goazen! Bota zuen norbaitek, eta hara joan ginen sei zoro gauari amaiera ematera! Zelako kolofoia! Amaiera eman Ruper entzuten! Zer gehiago eska geniezaiokeen, bada, gau horri?
Oso berandu iritsi baginen ere laga ziguten sartzen. Ederki! Kantu batzuk entzun, abestu, txaloak egin, garagardo bat hartu, aspaldiko beste pare bat lagun ikusi Josune eta Iñaxio (zelako ezusteko ederra!) eta irribarrea ahoan, etxera!
Orain eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, dena antolatu zutenei, lana egindakoei eta joandakoei, egun ahaztezina eskaini zenidatelako, mila esker! Gainera, horrelako batze-lan bikainaren aitzakian! Ederra, benetan!
Etsaitzat dute
Iban Arantzabalen blogeko post hau "Tokiagoak beharko dugu izan, sustraituagoak" irakurtzen niharduela, erantzun lagatzea erabaki dut. Ibanek eta biok ikuspegi antzekoa dugu –ez bada bera– euskalkiari dagokionez, erraza egiten zait berari oharrak uztea, agian, soka berekoak garelako, baliteke. Amaitutakoan post baten hazia izan zitekeela pentsatu eta hemen nabil zerbait egin nahian.
Betikoa, ez dut ulertzen zergatik askok duten euskalkia etsaitzat! Sarasolak aitatzen du mendebaldeko euskaraz egindako edozer, okerra dela batuaren izenean eta batasunaren aitzakian. Hala ere, berak irrati (semi)nazionalean pontifikatzen duenean, gipuzkeraz dihardu besteon euskalkikeriaz! To! Gora ekidistantzia, gora batua, gora gu eta gutarrak!
Horrelakoak esaten dituztenean, mespretxatu egiten gaituzte, euren hitzak eta ekintzak bat ez etorrita, –eta gutxiespen tonu horretan–, min handia egiten digute. Niri bai, behintzat, nagusikeria adierazten duelako. Beraiena delako batua, noranahikoa, zentroa. Gurea da galdu behar dena, oztopo eta kalte baino ez dena. Ez du ulertzen jarrera hori, guretako euskalkia iturria delako, sena, batuaz egiten laguntzen diguna, erreferentea. Lehen ere esanda nago hori berori!
Batua maite dut, ikaragarri, berba eta esamolde asko eman baitizkit, hizkuntza lotu eta kohesionatu duelako; eta era berean, hegoak eman dizkiolako. Nola adieraziko nuke nahi dudan guztia, gura dudan eran, zabal eta nasai baturik ez banu? Zer irakatsiko nieke hainbat herritako ikasleei? Zelan irakurriko nuke Euskal Herri osorako prentsa, irratia entzun, beste euskaldunei aditu?
Baina, era berean, gureari asko gura diot, maitasuna eta goxotasuna ematen dizkidalako, barruan dudan ume horrekin konektatzen nauelako, nire alde intimoarekin, nire idiolektoa delako, azken baten! Euskalkian sentitu eta pentsatzen dudalako!
Hain gaitza egiten zaie ulertzea? Zergatik nahi gaituzte baztertuta eta eta ezdeustatuta? Hain kaltegarriak gara euskararendako? Ez dut deus konprenitzen!
Aurreiritziei aurre egin ezinda
Gabon hauetan Olentzerorena egiten nenbilela, 3 urteko iloba Gariri oparitxoa egitea falta zitzaidan. Baneuzkan ipuintxo batzuk baina beste zerbait ere nahi nuen. Horrela, asko gustatzen zaidan jostailu denda bateko erakusleihoan begira nengoela, bizkar-zorro koloretsu, alai eta moñoñoa ikusi nuen. Ze polita! pentsatuta barrura egin eta dendariari erakusteko eskatu nion.
Berak beste modelo bat ere bazuela esan, eta bila joan zen. Bitartean, neure buruan galdera sortu zen: "ez da infantilegia? Infantilegia? 4 urte ere ez ditu, barren! Orain ez badu gauza infantilak eroaten, noiz?". Horrela, zentrifugatu baten nerabilen burua.
Halako baten, beste kezka bat sortu zitzaidan, ez dakit nondik: !ez da oso neskarena?". Artean, dendaria etorri zen, eta erakutsi zidan motxila polita zen baina urdina, eta barrutik irten zitzaidan, zakar: "hau ez!". Jakina, saltzaileak haluzinatu egin zuen, zoro bat sartu ote zitzaion dendan pentsatuko zuen! Horregatik, azaldu nion buruan zebilkidana. Era berean, esplikatu nion izan nuen pentsamenduak ere zeharo harritu ninduela, ez nuelako sinisten neska/mutil banaketa horretan. Berak esan zidan errotuegi ditugula aurreiritzi horiek, nahiz eta kontzienteki gauza bat pentsatu, hezkuntza eta antzinako ereduek habia egin dutela gure pentsamendu sakonetan.
Motxila erosi nion, oso-oso polita da. Eta ikastolako bizkar-zorrorik desiratuena da!
Nire feminitatea
Nire feminitatea ez datza makillajean, ez takoien altueran, ez gonaren luzeran, ez titien biribiltasunean, ezta ugalkortasunean ere. Ez naiz emakumeago, ezpainak gorrik margotzeagatik edo hankak depilatuta eramategatik. Samurtasunak edota maite ditudanak zaintzeak ez nau egiten andreago. Ibilera baldresak edo ile laburrak ez didate femeninotasunik kentzen.
Sarritan, oso gizon sentitzen naizen arren, horrek ez du esan nahi oso emakume ez naizenik. Izan ere nire emakumetasuna maskulinoa ere bada. Bietatik dudalako, eta biak barik ez nintzatekeelako ni.
Ez dakit zer den emetasuna, jainkosa bat ez daroadala nire barnean ere badakit (edo bai, baina beste edozein pertsonak bezala). Printzesa ere ez naiz, errepublika aldarrikatzen baitut beti. Ez dut gizonezkoen aldean desberdina izan, ezberdina banaiz ere.
Ez dakit zertan datzan emakumetasuna, zer den ere definitzeko ez banaiz gai. Halere, emakumea naiz, femeninoa eta maskulinoa, pertsona, finean. Eta gustura nago emakume izanda!
Begiradak
Gaur eguerdian txio batek barrena irauli dit, eta zer pentsatua eman.
40urteko gizona Saint Sulpiceko metroan.Eskale batek begiratu dio."Ezdut txanponik"gizonak."Eskaini didazun irrinoa aski txanpon da"eskaleak
— jon garmendia (@txuriya) 2013 otsaila 24
Egia esatera, askotan eragin diot buruari, eta sarri galdetu zer zen egokiena. Nik ere jiratzen dut burua supermerkatuko atean dagoen eskaleari ez begiratzeko. Bai, aitortzen dut. Ez dakit non irakurri nuen eskatzen daudenei so eginez gero, pertsona bihurtzen ditugula, eta axola gabe pasatuta euren ondotik, gauza bihurtzen ditugula. Jaramonik egin barik, existituko ez balira bezala.
Hala egiten dudala badaitort. Ezerosoa egiten zait eskekoa atean izatea, kartelarekin edo ezer barik. Baina batzuendako kontu estetikoagatik molestagarria egingo bazaie ere, ez da hori nire kasua. Lotsatuta sentitzen naiz, kikilduta, zer egin ez dakidala. Eman/ez eman, jaramon egin/ez egin,… eta errazena egiten dut, burua jiratu eta ezikusiarena egin.
Izan ere, ikusten ditudanean bihotza apurtzen didate. Galdera asko etortzen zaizkit burura. Eta imajinatzen hasten naiz euren egunerokotasuna nolakoa izango den, zelan egingo dioten aurre hotzari, beroari, euriari. Maite duten jenderik izango duten inguruan, ala bakarrik ote dauden munduan.
Hainbeste asaldatzen nau euren errealitateak, non alde batera begiratzen dudan, nirekoia naizelako, ez dudalako gehiago sufritu nahi. Beren begiradak nirearekin gurutzatuz gero, nire moduko beste gizaki bat aurkituko dudalako euren begietan, eta horrek aztoratu egiten nau, ni neu izan nintekeelako eskua luzatuta daukana…