Aurreiritziei aurre egin ezinda
Gabon hauetan Olentzerorena egiten nenbilela, 3 urteko iloba Gariri oparitxoa egitea falta zitzaidan. Baneuzkan ipuintxo batzuk baina beste zerbait ere nahi nuen. Horrela, asko gustatzen zaidan jostailu denda bateko erakusleihoan begira nengoela, bizkar-zorro koloretsu, alai eta moñoñoa ikusi nuen. Ze polita! pentsatuta barrura egin eta dendariari erakusteko eskatu nion.
Berak beste modelo bat ere bazuela esan, eta bila joan zen. Bitartean, neure buruan galdera sortu zen: "ez da infantilegia? Infantilegia? 4 urte ere ez ditu, barren! Orain ez badu gauza infantilak eroaten, noiz?". Horrela, zentrifugatu baten nerabilen burua.
Halako baten, beste kezka bat sortu zitzaidan, ez dakit nondik: !ez da oso neskarena?". Artean, dendaria etorri zen, eta erakutsi zidan motxila polita zen baina urdina, eta barrutik irten zitzaidan, zakar: "hau ez!". Jakina, saltzaileak haluzinatu egin zuen, zoro bat sartu ote zitzaion dendan pentsatuko zuen! Horregatik, azaldu nion buruan zebilkidana. Era berean, esplikatu nion izan nuen pentsamenduak ere zeharo harritu ninduela, ez nuelako sinisten neska/mutil banaketa horretan. Berak esan zidan errotuegi ditugula aurreiritzi horiek, nahiz eta kontzienteki gauza bat pentsatu, hezkuntza eta antzinako ereduek habia egin dutela gure pentsamendu sakonetan.
Motxila erosi nion, oso-oso polita da. Eta ikastolako bizkar-zorrorik desiratuena da!