Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Etsaitzat dute

Etsaitzat dute

Leire Narbaiza 2013/03/13 23:53
Ez dut ulertzen euskalkia zergatik ikusten dute askok oztopo!

Iban Arantzabalen blogeko post hau "Tokiagoak beharko dugu izan, sustraituagoak" irakurtzen niharduela, erantzun lagatzea erabaki dut. Ibanek eta biok ikuspegi antzekoa dugu –ez bada bera– euskalkiari dagokionez, erraza egiten zait berari oharrak uztea, agian, soka berekoak garelako, baliteke. Amaitutakoan post baten hazia izan zitekeela pentsatu eta hemen nabil zerbait egin nahian.

 

Betikoa, ez dut ulertzen zergatik askok duten euskalkia etsaitzat! Sarasolak aitatzen du mendebaldeko euskaraz egindako edozer, okerra dela batuaren izenean eta batasunaren aitzakian.  Hala ere, berak irrati (semi)nazionalean pontifikatzen duenean, gipuzkeraz dihardu besteon euskalkikeriaz! To! Gora ekidistantzia, gora batua, gora gu eta gutarrak!

 

Horrelakoak esaten dituztenean, mespretxatu egiten gaituzte, euren hitzak eta ekintzak bat ez etorrita, –eta gutxiespen tonu horretan–, min handia egiten digute. Niri bai, behintzat, nagusikeria adierazten duelako. Beraiena delako batua, noranahikoa, zentroa. Gurea da galdu behar dena, oztopo eta kalte baino ez dena. Ez du ulertzen jarrera hori, guretako euskalkia iturria delako, sena, batuaz egiten laguntzen diguna, erreferentea. Lehen ere esanda nago hori berori!

 

Batua maite dut, ikaragarri, berba eta esamolde asko eman baitizkit, hizkuntza lotu eta kohesionatu duelako; eta era berean, hegoak eman dizkiolako. Nola adieraziko nuke nahi dudan guztia, gura dudan eran, zabal eta nasai baturik ez banu? Zer irakatsiko nieke hainbat herritako ikasleei? Zelan irakurriko nuke Euskal Herri osorako prentsa, irratia entzun, beste euskaldunei aditu?

 

Baina, era berean, gureari asko gura diot, maitasuna eta goxotasuna ematen dizkidalako, barruan dudan ume horrekin konektatzen nauelako, nire alde intimoarekin, nire idiolektoa delako, azken baten! Euskalkian sentitu eta pentsatzen dudalako!

 

Hain gaitza egiten zaie ulertzea? Zergatik nahi gaituzte baztertuta eta eta ezdeustatuta? Hain kaltegarriak gara euskararendako? Ez dut deus konprenitzen!

Gonzalo Etxague
Gonzalo Etxague dio:
2013/03/14 01:14
Amaren eta aitaren eztabaida luzea izan da beti, umea lekuko. Agian, ume helduak gurasoak mahai gainean eserarazteko garaia da.
Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2013/03/14 09:09
Ez dakit etsaitzat duten, baina hori komunikatzen dutenekin ez naiz eroso sentitzen. Esango nuke jarrera horiek ez diotela batuari laguntzen, gainera. Beste aukera bat gaztteagoak ( Alberto Barandiaranek esann duen haritik) anti-batua izateko? Ez litzateke ba ona euskaldunondako...
Serafin
Serafin dio:
2013/03/14 09:35
Hobeto esaterik ez dago, Leire.
Agurtzane Elordui
Agurtzane Elordui dio:
2013/03/14 11:22
Asko gustatu zait zure esaldi hau, Leire: ‘Batua maite dut, ikaragarri, berba eta esamolde asko eman baitizkit, hizkuntza lotu eta kohesionatu duelako; eta era berean, hegoak eman dizkiolako'. Hala sentitzen dut neuk ere. Euskara Batua ezinbesteko tresna dugu euskaldunok. Euskal komunitatea trinkotzen jarraitzeko eta euskarak, edozein hizkuntza modernok bezala, askotariko erregistro formalak garatzeko ere. Garrantzitsua da, nire ustez, gazte jendeak hori ondo ulertzea.
‘Nahiago dutela euskalkiak desagertzea, batua galtzea baino’. Ez dakit norbaitek hori dioenean zer dioen, diogun edozerrek testuinguruaren arabera hartzen baitu zentzua. Hori bai, biziraupenaz ari garelarik, zerbaitetan ez da zalantzarik: euskara biziko bada, euskalkidun biziko da, edozein hizkuntza normaldu gisa.
Kepa
Kepa dio:
2013/03/14 23:44
‘Nahiago dutela euskalkiak desagertzea, batua galtzea baino’. Nik be eztakit zer dixon hori esaten dauenak. Ez al dira bixak euskeria? Bata desagertu, zein bestia galdu, euskera barik geratuko giñalakuan nago.
Saiatz
Saiatz dio:
2013/03/15 09:46
Nik uste dut hizkuntza erregistro bakoitzak bere lekua duela. Nik ez dut inolako arazorik bakoitzak bere euskalkia erabiltzea, euskalki edo hizkera horren eremu lokalean. Baina ez dut ulertzen euskal hiztun denentzako den esparru batean edo eremu ofizial batean zer pintatzen duten lokalismoek.

Eta orain gazteen artean jatorrismo moda inpostatu bat zabaltzen ari dela uste dut. Kartel batean "Gehiago egingo dugu" idatzi ordez, "geyo ingo deu" edo "geixau eingo dou" idaztea guaiagoa delakoan, superjatorra. Konturatu gabe askok eta askok, niretzat guaiago izan nahi badute behintzat, beren euskara maila hobetu egin beharko luketela (eta euskara diodanean, berdin zait batua zein herrikoa).

Eta, azken ohar bat: hau diodanean, berdin zait bizkaiera edo gipuzkera, edo zuberera. Hizkuntzaren estandarizazio prozesuak ezaugarri batzuk izan ditu, eta zer egingo dugu, hizkeren posizio soziolinguistiko eta are geografikoak direnak dira.
Eta, bestalde, Sarasolaren inkoherentzia adibidea zuzena den moduan, gipuzkoarzentrismoaren aurkako asko dago beren ahotik batuan hitz egiteko gauza ez direnak, ezta esparru publikoan ere.

Beraz, debatea hizkera lokal vs barietate estandar bada, ados. Gipuzkoarzentrismoaz aritu behar bada, adio.
Garbiñe Larrea
Garbiñe Larrea dio:
2013/03/15 16:08
Kaixo Leire,
Esaten dittunan kontuekin ados nion erabat eta gehiago ere esan behar dinat. Gipuzkoako Beterrikua naun eta zuek nozitzen dezuen Gipuzkoazentrismoarekin nazkatua nion ni ere. Sarasola eta nire artian kilometro gutxi zion baina oso hurruneko sentitzen dinat. Esango niken Gipuzkoazentrismo hori Ñoñostiazentrismoa dela nik ez baitinat jarrera hori Goierri, Urola edo Debagoienan ikusten.
Zuen euskalkiak ez zaidan oztoporik egiten batere, neurea bezainbat behar dinat. Batzuk musika entzunez gozatzen duten moduan nik tarteka Goizueta, Oñati, Azpeitia, Ondarru edo Nabarnizera joan behar izaten dinat nire belarriak gozatzera.
Hi eta ni bezalako hiztunek arazoak sortzen dizkinagu euskalkian aritzeagatik baina (hara paradoxa!) batuan ederki asko aritzeko gai ere bagaitun, Sarasola bera baino abilago gainera! Eta esango niken gizon jantzi hau gipuzkeraz hitz egiten ere motza dala ziharo, gure lau urteko ilobak berak bizitasun eta gatz gehiago din dudarik gabe.
Sakonago hausnartuz uste dinat edozein hizkuntzatan hizkera batu edo estandarra dialekto artifizial bat besterik ez dala finean. Eta euskara batua ere horixe dala, euskalki artifizial bat. Batuago eta artifizialago gainera. Euskara batuaren azpitik (edo gainetik!) euskara bera zagon eta hori den gu bezalako hiztunoi, ez Sarasola bezalakoei, arnasa ematen diguna. Euskara batua akademiko hauen eskuetan batuegia bihurtu den eta baden garaia zabaltzen hasteko, lokarrik lasatzen hasteko! Hizkuntza bizi guztitan bezela akademiko jende honi baino gehiago barruko hitz jarioari begiratzen hasteko, dala mendebaldeko, dala ekialdeko edo dala nonahiko.
Eustakio eta Serafinen lagun zahar bat
Eustakio eta Serafinen lagun zahar bat dio:
2013/03/16 20:22
Leire,
Duela bizpahiru egun zeurea irakurri-eta erantzutea pentsatu nuen, baita gerorako utzi ere.
Geroztik izan dituzu zenbait iruzkin arras interesgarriak eta aberatsak. Eta oraingoan bai, erantzuna.
Lapurdin, aspaldian, bizi naizen 75 urteko giputza naiz (nafarrentzat probintzianoa).
Pentsa bizkaitar euskalkidun batek mina sentitzen baldin badu ez dakit nork emaniko autoritatez, "euskara batua"ren izenean, errietak jasaten dituenean ("hau okerra da", "beste hura ez da zuzena"...), zer ote den Iparraldeko euskaldun baten sentsazioa.

Horra 2012ko Uztailaren 1eko Berria kazetak Sarasolari egin elkarrizketa baten zatia:

"GALDERA: Adibidez, gogorra esan zenuen: Iparraldekoak gure (Hegoaldekoak gara biok) erdarakadak hartzen ari direnez...
ERANTZUNA: Ez, ez, Ez zen etsipena. Zen "bueno hor arazo bat behintzat kendu dugu" bat esatea. Niretzat, Iparraldekoekin arazo latzena zen gazteleraz ez bazekiten Hegoaldeko zera honek ez ziela balio eta hor hesi ikaragarri bat egiten zela. Baina ikusita erdarazko hitz piloa hartzen dituztela, ba, bueno, hor batasuna eginda dago. Beste modu bat da, agian ez da hain dotorea, baina kontua batasuna egitea da. Nola? Hori bigarren mailako problema da. Eta batasuna esaten dudadenan, elkar ulertzeko zerbaitez ari naiz".

Hiru ideia nagusi erantzun honetan:
- "ikusita erdarazko hitz piloa hartzen dituztela" ez ote zuzenago Espainiako erdarazko hitz piloa hartzen dutela? Hau ez da pozgarria inondik ere, ez eta ere egia jende soilarentzat.
- (batasunaz ari) "Nola? Hori bigarren mailako problema da". Behar bada bai Sarasolarentzat, ez, aldiz, ene inguruko edozeinentzat.
- "elkar ulertzeko zerbaitez ari naiz". Horri ez zaio elkar ulzertzea esaten, inposizioa baino.

Hiru ideia horietan nabaritzen dena da ba direla bi euskaldun mota (eta hori bera sentitzen dut zure artikuluan eta gauza bera Iban, Serafin, Agurtzane, Kepa, eta Garbiñeren iruzkinetan): eurak, « euskara batua »ren jaun eta jabe omen direnak, eta besteak.
Eurak dira, gehienetan, euskara batuaz eta gipuzkeraz aparte edonungo euskalkirik ikasi ez dutenak.
Eta besteak dira, gehienetan, norberaren euskalkia ezagutu eta ERE euskara batua ongi erabiltzen dutenak.
Eta euskara batuaren ahuleziarik handiena, menturaz, hortik heldu da; orokorrean, giputzek egin dutela eta giputzentzat, beste euskalkientzat axola handirik gabe.
Eta denetan larriena, nik uste, « euskara batuaren » bidez Iparraldean sartzen ari diren (hedabide nazionalen bidez) espanierazko esaldi eta formulazio ezin konta ahalak.

Elkar ulertzea baldin bada euskara batuaren helburua, ene ustez, (Iparraldeaz ari naiz) lorpena ez da batere argia.

Zuen euskeria asko gustetan jat, bizixa eta egiazkoa baita. Segi horrela.

Xabier
izozkitasu
izozkitasu dio:
2013/03/18 11:00
Garbiñe Larrea: falta zena, hori ere donostiarron kulpa izatea.
Aitziber Iriarte
Aitziber Iriarte dio:
2013/03/18 19:12
Egia da badagoela jendea gipuzkoa aldean, euskalkiak gutxiesten dituena. Batez ere bizkaiera. Ni Donostian bizi izan nintzen 5 urtez eta azkenean beraiek bezala hitzegitea erabaki nuen, askok eta askok ez nindutelako ulertzen. Batzuk gainera barre egin eta guzti. Penagarria da, gurea ez delako gutxiago eta euskalkiek aniztasuna eta kolorea ematen bait diote euskarari. Ez dira konturatzen gu beraiek baino aberatsagoak garela, gure euskalkia eta batua dakigulako.
zentrifugo
zentrifugo dio:
2013/03/19 12:12
Aitziber, gipuzkeraz edo nafarreraz hitz egiten dutenek ere euskalkia eta batua dakizkite. Bizkaiera desberdinagoa izatea, hori da kontu bakarra. Bizkaieraren izaerak posizio soziolinguistiko bat ematen dio, eta oso sinplista da esatea gipuzkoarrek euskalkiak gutxiesten dituztela. Anormalak beti daude (baina leku guztietan, e). Ze gaiztoak gipuzkoarrak... gipuzkoarrak bakarrik?
Izan ere, Goizuetan ez zenituzke arazo berak izango?
Bestalde, ze uste duzu, ni Bizkaiko herri batera noanean gipuzkera itxi batekin hizketan hasiz gero dena ulertzen didatela? Ez duzu uste nik ere saio bat egiten dudala hizkera moldatzeko?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua