Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Euskalkia

Euskalkia

Leire Narbaiza 2012/08/30 15:31
Berria egunkarian abuztuko kolaborazioa "Gerizpean" atalean. 2012/08/30

Batzuetan nire testuak ixaz eta jota belarez bete nahi nituzke, bustiduraz eta palatalizazioz. Azentuak jarri básoa eta basóa desberdintzeko. Barruak eskatzen dit. Batzuetan nire euskalkian idatzi nahi nuke Euskal Herri osorako, euskara hutsean argitaratzen den egunkari bakarrean, hemen. Berba bereziz hornitu, esamolde bitxiz bete. Batuko idatzia gure ahozkoaren indarrez zipriztindu nahi nukeelako, gatz eta piperrez, gozotu eta gogortu.

Maite dut batua, benetako batua. Berak ematen didalako aukera besteena ulertzeko, eta besteek niri konprenitzeko. Literatura ona izateko aukera eskaintzen digulako, irakaskuntzan jarduteko parada, berriak jakiteko era, erdaldunek gure hizkuntza ikasteko egokiera.

Esan dudan legez, benetako batuaren zale naiz, ez batutzat saldu nahi diguten herrenarena. Lexiko guztia da batua, gure herrikoa baino ez bada ere. Nork adierazi du piztu hitza isiotu baino batuago dela? Nork esan du ari izan forma izan behar dela bakarra orainaldi iraunkorra adierazteko? Azkenean, batueraren izenean hainbat uste oker zabaldu dira, desmuntatu beharrekoak, euskarari berari mesederik egiten ez diotenak. Badakizue zenbat sufrimendu ekarri duten uste ustel horiek? Zenbat jendek pentsatu izan du bere euskara txarra dela? Non ikusi da 5 urteko umea amamari esaten txarto hitz egiten duela? Zein hizkuntzatan? Azkenean, konplexuz bete ditugu aitaita-amama horiek, hiztun zoragarriak direnak. Gure formak ezkutatuz, politak eta egokiak ez direlakoan. Onbeharrez, kakaztu.

Batzuek ez dute ulertzen euskalkiarekiko afektu hau. Prest daude eurena abandonatzeko, batuaren mesedetan. Hori defendatzen dutenek, normalean, eurena estandarretik gertuago daukate, edo euskalkia fonetismoz eta kontrakzioz betetako jarduna dela begitantzen zaie. Hori besterik ez. Eta hori baino askoz gehiago da: aberastasuna eta adierazkortasuna.

Baina ez dugu planteatu behar afera hau euskalkia versus batuera: batak ez du bestea kentzen. Elkarren lagungarri eta aberasgarri direlako, bakoitzak bere esparrua daukalako eta batean sakontzeak bestea indartzea dakarrelako. Euskalkia izateko suertea daukagunok, gurea hobeto ezagutuko bagenu, dauzkan errekurtsoak ikasiz gero eta ondoren estandarrean aplikatu, batuera sendotuko genuke. Euskara aberastuko genuke, berba baten esanda.

Euskalkia behar dut sentimenduak adierazteko, maitatzeko, gorrotatzeko. Batua behar dut munduratzeko, besteekin eragiteko, hizkuntza hedatzeko, gaur eguneko bizitzarako. Euskara zuhaitz bat bezalakoa da: sustraiak behar ditu hazteko, eta adarrak handitzeko. Ez dago arbolarik bata zein bestea falta izanda.

Bihur dezagun euskara pago-tantai!

Hemen Berrian

patxi lurra
patxi lurra dio:
2012/08/30 17:13
"Azkenean, konplexuz bete ditugu aitaita-amama horiek, hiztun zoragarriak direnak." Oso ona!
Gorka Bereziartua
Gorka Bereziartua dio:
2012/08/30 18:00
Twitterren hasi zen eztabaida periodikora iritsi da beraz? Ondo, ondo. Puntu batzuk eztabaidarekin jarraitzeko.

1) Nik ez nuke "batuera" idatziko, ez da euskalki bat, Batua da.
2) Euskalkiarekiko atxikimendu berezirik ez dugunok, jarrera hori edukitzeko motibo nagusia gure euskalkia batutik gertuago egotea dela diozu. Nik beste batzuk ere badauzkat: hizkuntza fragmentatuegia daukagula pentsatzea adibidez; edo hiztun berriak lortzeko jada euskaraz bizi garenok haiengana hurbiltzeko ahalegina egin beharko genukeela, eta hori batuan egin behar da.
3) "Azkenean, konplexuz bete ditugu aitaita-amama horiek, hiztun zoragarriak direnak". Ados nago. Baina probatu beste hau: "Azkenean, konplexuz bete ditugu heldu euskaldundu direnak, guraso erdaldunak edukita ikastolan ikasi dutenak, etorkinak eta oro har dakiten euskara bakarra batua den guztiak; hiztun zoragarriak liratekeenak, gure ahoa irekitzen duten bakoitzean gogoraraziko ez bagenie dakiten euskara horrek ez duela 'sentimenduak adierazteko' balio". Orain konparatu aiton-amona horiek suposatzen duten hiztun kopurua eta batua dakitenena. Nor dira garrantzitsuagoak euskara hedatzeko?
4) Funtsean ados nago diozunarekin, batak ez du bestea kentzen. Baina bat kentzekotan, ez daukat zalantzarik: nahiago dut euskalki guztiak bihar desagertzea, horrekin euskararen normalizazioa lortuko badugu.
5) Has zaitezkete harriak botatzen.
Leire Narbaiza
Leire Narbaiza dio:
2012/08/30 23:55
Eskerrik asko, Patxilurra! Hiztun eredugarriak dira asko!
Bioi, mila esker, erantzunak ikaragarri eskertzen dira, ezta?
Gorka, orain aste batzuk bururatu zitzaidan honetaz idaztea, bainapentsatu nuen ez nuela astirik izango. Atzoko beste artikulu bat neukan prestatuta, baina nuekin izandako eztabaidari esker, aurreko ideia "berpiztu" nuen. Beraz, zuei ere pote bat zor dizuet, "musarena" egitegatik ;-)
1- Batuera/batua. Biak erabili ditut, nahita, beti hitz bera ez erabiltzeagatik. Zurea irakurri ostean, hiztegietan bilatu ez da inon agertzen! Puxtarri bat zuretako!
2- Tira, arrazoia duzu. Aipatu ere egin dut, "erdaldunek gure hizkuntza ikasteko egokiera" dela batua. Fragmentazioa, baina, ez da berria.
3- Konplexuetan ere ez zaizu arrazoirik falta: berriek "txarto" egiten dutelako, zaharrek "ez dakitelako", denok akonplejatuak. Eta badakit zertaz ari naizen, helduen euskalduntzean nabilelako lanean. Egunero ikusten dut, zoritxarrez. Auto estimu txutea behar dugulakoan nago.
Zuk kantitateaz diharduzu, nik kalitateaz ari naiz. Eta sentimenduez ari nazienean, nire sentimenduak adierazteko gaitasunaz dihardut, nire gaitasun ezaz. Nortzuk diren garrantzitsuagoak? Galdera ona, erantzuna jakingo bagenu, hor eragingo genuke gogorrago. Agian, familiako hizkuntza da euskara aurrera ateratzeko giltza…
4- Dikotomiarik ez dut nahi. Sinergikoak direlakoan nago. Batu eta ez banatu. Italian lortu dute, guk zergatik ez?
5- Egurrik ez dizut eman nahi, ez dudalako motiborik, baina agian ni zaharrago izateak badu eragina nire pentsamoldean. Ez dakit zein den zure bizipena, baina ni A ereduko neskatila nintzen euskaltegira joan zena alfabetatu eta berreskuratzera. Nik konplexua bizi izan dut, barre egin didate bizkaieraz egiteagatik, zalantza eta beldurrez josita. Alfabetatu eta Magisterio euskara hutsean ikasi ondoren, gure euskaran, Eibarkoan, sakondu nuen.
EZ da batallita bat kontatzeagatik, baina euskalkian sakontzeak (eta beste euskara batzuk ezagututa, jakina), batuan baliabide, arrazoi eta espresiobide askoz gehiago eta aberatsagoak dauzkat, eredutzat zaharrak dauzkadalako. Niri oso baliagarria izan zait. Agian, generazionala da, horregatik dira gure "errelatoak" desberdinak!
Besarkada bat!
Santi Leoné
Santi Leoné dio:
2012/09/01 09:37
Aupa, Leire eta Gorka:
Gustura eta interes handiz irakurri dut zuen eztabaida, eta nik ere ekarpen ttiki bat egin nahiko nuke. Zuek bezala, nik ere zenbakiak erabiliko ditut:
1. Euskalki jakin bat maite dudan arren, orokorrean hurbilago sentitzen dut Gorkaren jarreratik, Leirerenetik baino. Aukeran, batua bultzatu behar da, eta ez euskalkia. Problema da, beharbada, batzuetan batuaren arras kontzeptu estua erabiltzen dela: guri, adibidez, ikastolan erran digute ongi dela gure semeak "meharra" erratea, baina "batuan ere ikasi beharko lukeela" (aipu hori hitzez hitzekoa da), "estua" alegia. Hara!, eta ni biak -meharra eta estua- batua zirelakoan; edo lagun batek kontatu zidan irakasle batek haren alabari "amatxi" zuzendu eta "amona" idazteko erran ziola. Edo, azken adibide bat ematearren, ohikoa izaten nire (nafar) ikasleen artean jakitea zer den "jarri", zer den "ipini" baina ez zer den "paratu". Tira, laburbiltzeko, nire ustez, problema ez da batua bera (tresna egokia baita, eta ongi egina), batzuek batuaren gainean duten ustea baizik.
2. Konplexuei dagokienez, erabat ados Gorkak errandakoarekin: nik euskaldunberrien artean ikusten dut konplexu hori, haien euskara behar bezain naturala ez delakoan, behar bezain euskalkia ez delakoan. Nire esperientzian (orain nik kontatuko dut nire batallita) zenbait tokitan eta zenbati euskaldunzaharren artean, ez da euskaldunberri izatea bezain bekatu larririk. Denda batean, euskaldunberri nintzela aitortu bezain fite, Leitzako andre batek erran zidan euskara batua izugarri itsusia dela eta bere herrikoa bezalakorik ez dagoela mundu honetan. Hori guzia, jakina, erdaraz erran zidan. Susmoa dut alfabetatu gabeko euskaldunzahar anitzen konplexu nagusia erdararekiko dela, eta ez batuarekiko, eta horren adibideak ere ondo-ondoan ditut: erdaraz hala-hola moldatzen den baserritar bat tematzen da gure semeari erdaraz egiten, espainola ikastea ezinbertzekoa delakoan (eta, antza, Iruñean ikasiko ez duelakoan).
3. Ongi da gure batuari tokian tokiko kutsua ematea (azken batean, hori hizkuntza guzietan gertatzen da: gogora ezazu Inglorious Bastards filmeko pasarte hura, "badakit nongoa zaren, Frankfurt kapitaina, bai eta nongoa zaren zu, Munich sarjentua"...), baina batua da helburua.
Besarkada
leire
leire dio:
2012/09/01 13:22
Aupa, bikote!
Polemika bat blogean! Zein ondo, aspaldi ez zitzaidan horrelakorik gertatzen!
1-Jarrera desberdinak baditugu ere, honetan guztiz ados nago zurekin. Askok eta askok forma konkretu batzuk baino ez ditu batua kontsideratzen. Horretaz asko daukagu esateko bizkaieradun eta nafarrok! Baina horiek beroriek, lasai asko botatzen dute "dijoa" edo "degu" eta lasai-lasai pentsatu batuaz dihardutela. Horien ezagutza ere estua, edo meharra. Askotan, gu geu, euskaldun periferikook bultzatu ditugu horrelako uste oker horiek, besteena onartuz eta gurea baztertuz. Konplexuaren erruz, gurea txarra eta zatarra delakoan.
2-Nik ere ikusi dut hori ikasleen artean. Erdarekiko morrontza psikologikoa uste duguna baino latzagoa da. Gureak (euskarak, oro har) ez duela balio hain barruan dute hainbatek sartuta, non kalte egiten dion edozein euskara-moduri!
3- Ez dut filma ikusi, sentitzen dut! Baina ni esparruaz ari nintzen, bietarako dago tokia, ez dut ikusten baztergarriak direnik, sinergikoak baizik. Batuketa izan behar da. Eta helburua euskara da. Gorkak esan zuen gustura galduko zituela euskalkiak horrek euskararen normalizazioa ekarriko balu. Eta alderantziz? Euskara guztiak galdu, batua ere bai, eta adibidez (astakeria da) zubererak bermatuko balu normalizazioa? Nik ere baietz esango nioke!
Agian nire jarrera hau naizen tokikoa naizelako datorkit. Guri, eibartarroi, esan digutenez historikoki gure euskara txarra dela (lehengusu bati unibertsitatean irakasleak esan zion), euskara txarrena Eibarkoa dela. Aurreiritzi horiek egiten duten kaltea ikaragarria da, baina biziraun dutenengan harrotasuna sortu du: gurea ona eta aberatsa da, asko dauka emateko eta batuari ikaragarrizko aportazioa egingo dio. Horretan dihardugu. Nik buruan dauzkadan ereduak Juan Martin Elexpuru, Serafin Basauri, Asier Sarasua, Iban Arantzabal, Ane Sarasketa, Jesus Mari Makazaga,…dira. Denak dira eskualdekoak, denak Badihardugu-ko kide. Denek dakite ondo euskalkia eta batua, biekin disfrutatzen dute eta elkar eraginean dabiltza. Agian, zuendako "iluminatu" koadrila gara, baina niretako eredua horixe da.
Mila esker, lagunok!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua