Begiradak
Gaur eguerdian txio batek barrena irauli dit, eta zer pentsatua eman.
40urteko gizona Saint Sulpiceko metroan.Eskale batek begiratu dio."Ezdut txanponik"gizonak."Eskaini didazun irrinoa aski txanpon da"eskaleak
— jon garmendia (@txuriya) 2013 otsaila 24
Egia esatera, askotan eragin diot buruari, eta sarri galdetu zer zen egokiena. Nik ere jiratzen dut burua supermerkatuko atean dagoen eskaleari ez begiratzeko. Bai, aitortzen dut. Ez dakit non irakurri nuen eskatzen daudenei so eginez gero, pertsona bihurtzen ditugula, eta axola gabe pasatuta euren ondotik, gauza bihurtzen ditugula. Jaramonik egin barik, existituko ez balira bezala.
Hala egiten dudala badaitort. Ezerosoa egiten zait eskekoa atean izatea, kartelarekin edo ezer barik. Baina batzuendako kontu estetikoagatik molestagarria egingo bazaie ere, ez da hori nire kasua. Lotsatuta sentitzen naiz, kikilduta, zer egin ez dakidala. Eman/ez eman, jaramon egin/ez egin,… eta errazena egiten dut, burua jiratu eta ezikusiarena egin.
Izan ere, ikusten ditudanean bihotza apurtzen didate. Galdera asko etortzen zaizkit burura. Eta imajinatzen hasten naiz euren egunerokotasuna nolakoa izango den, zelan egingo dioten aurre hotzari, beroari, euriari. Maite duten jenderik izango duten inguruan, ala bakarrik ote dauden munduan.
Hainbeste asaldatzen nau euren errealitateak, non alde batera begiratzen dudan, nirekoia naizelako, ez dudalako gehiago sufritu nahi. Beren begiradak nirearekin gurutzatuz gero, nire moduko beste gizaki bat aurkituko dudalako euren begietan, eta horrek aztoratu egiten nau, ni neu izan nintekeelako eskua luzatuta daukana…