Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Eskubideak

Eskubideak

Leire Narbaiza 2013/05/03 01:01
Begitu aldizkarirako idatzitako artikulua

Azken hileko gertakariak ikusita eskubideak zein aldakorrak eta subjektiboak diren otu zait. Era berean justizia, legea eta eskubideak zerikusirik ez duten hiru kontzeptu direla. Adibidez, Frantziako estatuan ezkontza homosexualak legeztatu dituzte. Azkenean, Euskal Herri osoan edozein biztanlek izango du nahi duenarekin ezkontzeko eskubidea. Bai, eskubidea lortu, gero ez ezkontzeko, utikan esateko. Eskubidea konkistatu, gero ez erabiltzeko, edo bai. Honekin batera, garrantzitsuago den zerbait ere lortu da: edozein umek izango du eskubidea gurasoak (edozein dela ere euren aukera sexuala) legalki guraso izateko.

 

Ezkontza homosexualaren kontra daudenak, batez ere, adopzioaren kontra daude. Diotenez, umeentzat kaltegarria izan daiteke ama bi edo aita birekin heztea. aita eta ama behar dela orekatua hazteko. Baina historiak erakusten digu bikote heterosexualetan sortzen diren haurrak ez direla denak ekilibratuak. Aita eta ama edukitzea ona da maitasuna eta babesa ematen badiete txikiei, horixe baita umeek behar dutena: gozotasuna, ziurtasuna eta zainketak. Izango ahalko dute munduko haur guztiek halakorik izateko eskubidea!

 

Aipatu legez, eskubideak denborarekin aldatu egiten dira. Duela gutxira arte andrazkook ez genuen eskubiderik. Kontu korronte edo pasaportea egiteko, adibidez, aitaren edo senarraren baimena beharrezkoa zen. Duela 35-40 urtez dihardut, 70. hamarkadaren amaieran gertatzen zen hori, hain zuzen. Elizarentzat ere arima bako izakiak ginen. Beraz, ezin esan betikoak balio digula, eskubideen munduan dena delako aldakorra, normalean onerako.

 

Hala ere, eskubideak aldatu egiten direla esan dut, baina zer da eskubide? Pertsona batzuek eskubidetzat kontu bitxiak aldarrikatzen dituzte, kutsatzeko eta zikintzeko eskubidea esaterako, zaborra botatzeko modua erabakitzeari deitzen diote deretxoa. Edo zigarroaren kea aurpegian botatzeari. Lege horien aurka egingo dute, jo eta sua, euren eskubidea dela adieraziz. Hori bai, benetakoak murrizten dituztenean etxean geratzen dira, txintik esan gabe. Izan ere, beren egunerokotasunean kalterik egin ezean, meneko dira. Murrizketekin, lan-eskubideak aldatzen ari dira, eta Bangladeshkoak kanbiatu beharrean, gureetara hurreratuz, gureak eurenetara gerturatzen dabiltza, zoritxarrez. Erretiro adina luzatu, gizarte ongizatea desagertu. Eskubideak deuseztatu, berba baten.

 

Baina zer edo zer argi badago da denok ez ditugula eskumen berberak. Adibidez, arestian aipatu dudan Bangladeshen hildakoek etxera jornala eroan gura izanez gero, men egin behar izaten diote ugazabak esaten duenari, bizitza arriskuan jarrita, gu sarri alda gaitezen; ez eskubidez, janzkeraz baino, arropa merkea jantz dezagun. Eskubiderik eza. Balioa ere merkea. Bostongo 3 hildakoek orduak eta orriak bete dituzte komunikabideetan, baina Bangladeshko 370ek 20. postua bete dute. Mailak eta justizia, justizia eta zuzenbidea. Zerikusirik ez duten kontuak. Ikusgarritasun eza, komunikabide konbentzionalen bazterketa, Donostiako Bulebarrean ere agerian utzi zutena: eskubideak defendatuz, legeari jarki, justiziari aurre eginda, komunikabideetan ikusezin!

Justizia, legea eta eskubideak, balio erlatiboak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua