Bigira ahaztezina
Atzo Elgetako Espaloia kafe antzokian ahotsak.com-ek hamargarren urteurrena ospatu zuen. Bai, ondo aukeratu dut aditza, ospakizuna izan baitzen egin zutena, jaia: elkartu, ospatu, gozatu, barre, negar, gogoratu, goratu, agurtu, musukatu, besarkatu, jan, edan, dantza eta kantuan egin genuelako.
Igo, konpainia noblean igo nuen Elgetara: Serafin eta Anerekin. Horrela hasi zen bigira. Behin Elgetara ailegatutakoan lagun kuadrilla agurtu genuen: Asier, Iban, Jaione, Juan Martin, Urtzi, Esti…
Ekitaldia xumea eta egokia izan zen. Doia emozionatzeko, joandakoak gogoratzeko eta egindako lana gogoan hartzeko. Aurrera egiteko indarra batzeko ere balio izan zuelakoan nago, jasotakoaren garrantziaz hausnartzeko. Transmisioa, transmisioa, transmisioa: jaso, eman, hartu, pasatu. Eman euskara elkarri, finean!
Jaialdi berezia izan zen, ez ahazteko moduko askaia. Izan ere, idatzitakoaz gain, aspaldiko lagunen topagune bihurtu zitzaigun Espaloia. Ekitaldian zehar falta zaizkigunak etorri zitzaizkigun burura: Fernando, Emilio, norberaren etxekoak… Eskertzen ostean, jan-edanaren tartean etorri zelako, besarkada eta irribarre momentua izan zen. Orduan, aspaldiko ezagun eta lagunak agurtzeko unea: Maripi, Nerea, Soko, Karmele, Inma, Estepan, Igone, Josu, Egoitz, Joxe… Batzuk hamar bat urtean ikusi bakoak: Nuria, Alberto,… Desbirtualizatu ere, bi desbirtualizatu nituen: Joseba eta Jon, urte askotarako!
Gero, kontzertu/dantzaldia hasi zen, eMePebost-en eskutik. Dantza eta kantu era oso dibertigarrian! Jende asko joana zen, eta petit komitean geundenez, dena izan zen intimoa eta hurbilagoa! Zoragarria!
Irribarrea ahotik kendu ezinda, ordu horretan ia edozertarako prest, nor edo nork esan zuen Elorrioko Arriola antzokian Ruper Ordorikak jotzen zuela. Ruper Elorrixon? Goazen! Bota zuen norbaitek, eta hara joan ginen sei zoro gauari amaiera ematera! Zelako kolofoia! Amaiera eman Ruper entzuten! Zer gehiago eska geniezaiokeen, bada, gau horri?
Oso berandu iritsi baginen ere laga ziguten sartzen. Ederki! Kantu batzuk entzun, abestu, txaloak egin, garagardo bat hartu, aspaldiko beste pare bat lagun ikusi Josune eta Iñaxio (zelako ezusteko ederra!) eta irribarrea ahoan, etxera!
Orain eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, dena antolatu zutenei, lana egindakoei eta joandakoei, egun ahaztezina eskaini zenidatelako, mila esker! Gainera, horrelako batze-lan bikainaren aitzakian! Ederra, benetan!