Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret

Borondatea da gakoa

Pruden Gartzia 2000/03/05 10:00

Egilea: Pruden GARTZIA

Euskal Herriko edozein bibliotekarirekin hitzegitea aski da konturatzeko, salbuespenak salbuespen, ez daudela pozik. Arrazoiak, jakina, tokian tokikoak dira, baina ahultasun eta marginalitate sentimendua orokorra dela esango nuke, eta honela formulatu ohi da: herri aginteek, tokian tokikoek, ez digute kasurik egiten. Adibide bakarra jarriko dugu: Hegoaldeari dagokionez, biblioteka-lege berezirik ez duten autonomia erkidego bakarrak gara. Bitartean, Katalunian bat ez, bi egin dituzte (1981, 1993). Eta Biblioteka Nazional bat. Zergatik ez gara jartzen hara begira? Horrela irakurtzen da Kataluniako Bibliotekaren web orrian : *LŽany 1981 sŽaprová la Llei de Biblioteques, que atorgava a la Biblioteca de Catalunya la qualitat de biblioteca nacional, i el 1987 passá a depender dŽun Consorci format per la Generalitat de Catalunya, la Diputació de Barcelona, lŽAjuntament de Barcelona i lŽInstitut dŽEstudis Catalans. El 1993 sŽaprova la Llei dei Sistema Bibliotecari de Catalunya, en la qual la Biblioteca de Catalunya és definida como la biblioteca nacional de Catalunya, nucli i eix vertebrador del patrimoni bibliográfic del país, dotada de les competéncies i les mitjans corresponents*. Biblioteka hori 1907an fundatu zuen Bartzelonako Diputazioak, eta 1914tik aurrera, Kataluniako Mankomunitatea sortu orduko, Prat de la Ribak berebiziko bultzada eman zion, amb voluntat de ser la biblioteca nacional de Catalunya. Laburbilduz, Kataluniako Biblioteka Nazionalaren historia, sorreratik gaur egun arte, estuki lotuta dago nazionalismo katalanaren bilakaerari, hots, Kataluniako proiektu autonomistaren zutabe nagusietako bat izan da, Prat de la Ribarengandik gaur egun arte.

Euskal Herrian ez dugu horren parekorik izan. Eta izan zitekeen: 1918an, Eusko Ikaskuntzaren sorrera-biltzarrean, Tomas Etxeberriak euskal biblioteka berezi bat sortzeko asmoa plazaratu zuen; logikoa da bi kasuon artean paralelismo garbia ikustea, hots, gurea ere biblioteka nazionala bilakatzeko bokazioz etortzea. Baina orduan ez zen etorri, eta hurrengo larogei urtetan ere ez. Zergatik?

Niri ere lanak ematen dit zergatik hori ulertzea. Euskal kulturaren ikuspuntutik, biblioteka nazional bat hil ala biziko arazoa dela esango nuke. Ez naiz hasiko arrazoi zehatzak aletzen, nahikoa baita galdera honela planteatzea: mundu osoan biblioteka-sistema guztien buruan biblioteka nagusi bat jartzen bada, areago, Espainiako Erresumako erkidego autonomo guztietan sistemaren burua izateko biblioteka bereziak sortzen badira, ez ote da izango ezinbestekoa delako? Ala pentsatu beharko genuke Euskal Herrian inon baino aurreratuagoak gaudela, hain aurreratuak non eta leku guztietan behar dena hemen ez dugun behar? Baina, eta orain bigarren esplikazioaren txanda, hemen arazo politiko bereziak omen daude. Eta, une zehatz horretan, analista ustez pizkorrak arrazoi potoloa aipatzen dizu, Halley kometaren ibilera aldaezina deskribatzen duen astronomoaren ziurtasun berberarekin: aski omen da nazional hitza agertzea egitasmo hori ezinezkoa bihur dadin.

Honez gero irakurleak garbi izan beharko luke Katalunian, orain dela hogei urtetik hona inolako eskandalurik gabe posible izan dena, ez dela hemen ezinezko. Espainiako Konstituzioaren arabera ez behintzat. Bestela, ez dut ulertzen zergatik inork ez dituen Epaitegi Konstutizionalera eraman Kataluniako 1981 eta 1993ko legeak. Areago, kontuan hartuz EAEn duela hamar urte onartu zen Euskal Kultur Ondareari buruzko legean (7/1990) espreski sortu zirela Agirigordetegi, Liburutegi eta Erakustetxeetako Nazio-Mailako Erapidetzak (hots, Sistemas Nacionales de Archivos, Bibliotecas y Museos). Lege hori onartu zenean PSE Eusko Jaurlaritzaren kide zen. Beste hitz batzuekin esanda, nazionala izenondoa dela eta eragozpenak jartzen dituenari, argi eta garbi hauxe gogoratu behar zaio: jarrera prekonstituzional bat hartzen ari dela. Zakarrago esaterik ere badago.

Ondorioa argia da: gaur egungo legeria nahikoa da Euskal Biblioteka Nazionala sortzeko, borondaterik badago. Nahikoa da, halaber, EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoaren artean partzuergo bat sortzeko biblioteka berri hori goberna dezan. Ez dugu ikusi, bada, Kataluniako Biblioteka Nazionala lau erakunde desberdinen artean sortutako Consorci delako batek gobernatzen duela? Ez al zen konstituzionala Alliren presidente-aroan sortarazi nahi izan zen Lankidetza Erakundea? Ez gaitezen engaina: Biblioteka Nazionala ez da independentziazaleen proiektua, politika autonomiazale ganorazko batek ere erraz beregana dezakeen egitasmoa baizik. Hala izan da Katalunian. Borondatea da gakoa.

Pruden Garzia Azkue Bibliotekako zuzendaria

Euskal Herriko Liburutegi Nazionala

Gerardo Luzuriaga 1999/12/12 01:00

Egilea: Gerardo LUZURIAGA

Orain urtebete, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kide batzuek artikulu bat bidali genuen hedabideetara azken urteotako euskal politika bibliotekarioa salatu eta hainbat iradokizunen berri emateko. Urtebete iragan eta gero, egoera bibliotekarioa ez da ezertxo ere aldatu, eta hortxe gabiltza, astoa langan bezala: ez aurreraka ez atzeraka.

Joan den urteko idatziaren ildoari jarraiki, adierazi beharra dut 1980an eskuratu zituela Euskal Autonomia Erkidegoak liburutegiak kudeatzeko eskumenak. Harrezkero, 20 urte pasa dira, eta transferentzia horiek geure esku egon arren, Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik orain Liburutegi Nazionala sortu. Liburutegi Nazionalaren falta guztiz kezkagarria da, liburutegiak ez ezik kultura ere gabeziarik handienean baita. Horren ondorioz, kultura nazionalaren zutabea dena ez izateak kultura egitasmoko gabeziak ere agerian uzten ditu. Bestalde, gogarazi beharra dago nazioarteko erakundeek gomendatzen dutela herri bakoitzean erakunde ofizial bat sor dadin, bertako sistema bibliotekarioaren ardura izan dezan.

Liburutegi Nazionalaren xedea

Euskal Herrian sortzen den ekoizpen bibliografiko guztia bildu, zaindu eta zabaltzea bermatuko luke: liburuak, aldizkariak, egunkariak, kartelak, mapak, etab. Azken finean, jaso eta gorde egingo luke bertan edo bertakoari buruz argitaratzen den guztia, beranduagoko belaunaldietako herritarrengana behar bezala irits dadin. Tamalez, arazoak arazo, egun arte ez da sortu eginkizun hori bere gain hartuko duen erakunderik. Hori dela eta, ez daukagu ez non gorde ez nora jo argibide bila, geure herrian zein atzerrian plazaratzen direnak kontsultatzeko. Ez genuke ahantzi behar Liburutegi Nazionala kultura komunitate baten erreferentzia bibliotekario zuzena eta nagusia dela, herri baten memoria, finean. Horrenbestez, burua lehengo lepotik edukitzeak ez digu inolako onurarik ekarriko.

Araudi bibliografikoa egokitzea

Liburutegi Nazional horrek nazioarteko araudiak egokitu eta hainbat zehaztapen egin beharko lituzke katalogatze prozesuak bateratzeko.

Eginkizun hori, bene-benetan, izugarri garrantzitsua da, liburutegien filosofiaren oinarria Unibertsaltasuna baita. Mundu zabaleko liburutegien katalogoak eta arauak unibertsaltasunaren printzipioa gogoan antolatuta daude, hau da, ISBD arauen arabera. Ildo horri jarraiki, zenbait erakunde nazionalek batzorde teknikoak izendatzen dituzte. Ondoren, batzorde horiek arazoak eta tokian tokiko berezitasunak Ÿhizkuntza edo beste ezaugarri batzuk direlaŸ aztertuta, egokitu egiten du araudia lurralde osoko liburutegietara zabaltzeko.

Gurean, Euskal Herrian alegia, oraindik ez da abian jarri prozesu luze hori, oraindik ez da diseinatu araudi bibliografikoari dagokion politika; beraz, arlo horretan ere, euskararen erabilera normalizatu beharra dago. Horiek horrela, Espainian eta Frantzian egindako arauak hitzez hitz jarraitzen ditugu, edo, bestela esanda, haiek jarritako ereduen mendean gaude.

Gauzak horrela, Euskal Herriko liburutegietako lan teknikoak erdara hutsez egiten dira, gezurra badirudi ere. Salbuespenak salbuespen, kostata aurkituko du euskararen aztarnarik gure herriko liburutegietara jotzen duenak.

Horra hor administrazioaren erantzukizuna, dena dago egiteko. Ez dugu esango ekimen eta ekintza guztiak administrazioak sortu behar dituenik, baina bai lehenbiziko urratsak abiarazi, behintzat. Liburuzain euskaldunek eguneroko lanak euskaraz egiterik ez dugula ohartu behar dute agintari politikoek eta, behingoz, gaiari merezi duen lehentasuna eman beharko liokete.

Hona, liburuzain eta dokumentalistek geure lanak euskaraz egiteko beharrezkoak ditugun hainbat lanabes: - Nazioarteko ISBD arauak eta terminologia egokitu.

  • Euskaraz katalogatzeko arauak sortu.
  • Gai zerrenda eta gako hitzak jartzerakoan geure ereduen arabera egin, Espainia eta Frantziako historia, geografia, etnografia eta abarri begira jarri ordez.
  • Deskribapen bibliografikorako erabiltzen diren tresnak sortu.
  • Sarrera nagusiak edo autoritateen katalogoa sortu, etab.

Kontuan hartzekoa da honelako lan tresnak sortu eta antolatzea ez dela gauerdiko ahuntzaren eztula, horrek lan eskerga ikaragarria eskatzen baitu. Beraz, goian azaldu eginkizunak gauzatzeko teknirari talde bat eta urteetako lana beharko litzateke. Hori horrela gertatzen baldin bada edozein herritan, pentsa ezazue nolako lana egin beharko den hizkuntza normalizatu gabe dagoen gure herri honetan.

Gure herriko biblioteken koordinazioa

Euskal Herri osoko biblioteken arteko koordinazioa, hots, publiko zein pribatuen artekoa Ÿudal liburutegiak, foru aldundietakoak, unibertsitatekoak, espezializatuak, etab.Ÿ bideratuko duen erakundea izango da. Horiek guztiak nazioarteko sisteman integraturik egon beharko dute, eta, esan bezala, Liburutegi Nazionala izango dute denek buru eta koordinatzaile.

Informazio zientifiko-teknikoaren ardura

Ezinbestekoa dugu koordinaturiko informazioa helburu duen politika nazional bat, gure herriko informazio zientifikoa eta teknikoa ekoitzi eta zabaltzeko gaitasuna sustatzeko Ÿeuskal kultura eta zientzia hedatzeko euskara lan tresnarik eragingarriena baliatuko duenaŸ, informazioa bildu eta tratatzeko gaitasun nazionala ahalik eta gehien garatzeko, dokumentuak katalogatzeko eta aztertzeko bide propioak bultzatuko dituena euskal ekoizpena jasoko duten datu baseak sortuz, informazio sistemak gaurkotzeko, eta liburutegi eta dokumentugune guztiak koordinatzeko. Informazioaren politika nazionalaren helburu horietariko bat gure herriko erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana lortzea litzateke. Egun, teknologiak eskaintzen dizkigun baliabideak erabilita, lehen baino errazago erdietsi ahal dugu, euskal herritara han edo hemen bizi dela, kultur etxe guztietako funts bibliografikoak bere esku egon dadin.

Nazioarteko harremanei begira jarrita, bermatu beharko litzateke beste herriekiko lankidetza, bai eta informazioaren nazioarteko sareetako parte hartzea ere.

Euskal Liburutegi Nazioanalerantz

Nahiz eta jende askok ikusi adierazitako erakundearen beharra, zaila izango da gauetik goizera egitasmo hori lortzea, gutxitan gertatzen baita, herritarren eskaerari erantzutea kultura egitasmo erraldoiak gauzatuz. Dena dela, azkenaldi honetan, behin eta berriro agertu dira hedabideetan kulturan dabiltzanen idatziak, agintariei egitasmo historiko hori abiarazteko urratsak eman ditzaten eskatuz.

Ez aspaldi, liburutegiek herrigintzan duten garrantzia irakurri nuen. Nik neuk ere halaxe deritzot, Liburutegi Nazionala sortzeak Euskal Herri osatuago bat ekarriko bailiguke. Gure kasuan bide neketsua izango da, euskara baztertuta dagoenez gero, kanpoko eredu arrotzek ezarritako norabideari jarraitzen baitiogu itsu-itsuan.

Esanak esan, bada egitasmo nazionala lau haizetara aldarrikatzeko tenorea. Eta gure herriarentzat hain funtsezkoak ez ziren beste kultura planteamendu batzuetan egindakoaren antzera jokatu beharko litzateke oraingoan, benetan garrantzitsua den egitasmo hau aurrera ateratzeko, hau da, erabil bitez beharrezkoak diren diru, giza baliabide zein tekniko guztiak. Milaka miloi batzuk beharko genituzke, diru mordo hori gabe ez baita egitura egokia egiterik izango.

Honetan ere, Kataluniakoari begiratu bat ematea lagungarri izan lekiguke. Bertako liburutegi nazionalean 173 langilek jarduten dute lanean, horietarik 86 teknikariak dira, funts bibliografikoak 3.600 m2 eta 40.000 m lineal ditu. Ikusitakoak ikusita, lortuko ahal dugu Euskal Herriko Liburutegi Nazionala.

Gerardo Luzuriaga

Udal Liburutegi eta Artxiboetarako langileen oposaketak

Gerardo Luzuriaga 1999/11/05 10:00

Egilea: Gerardo LUZURIAGA

Orain dela gutxi liburuzain laguntzaile baten oposaketarako aztertzaile izendatu ninduten, eta zein izan zen nire ustekabea! Azken 20 urteotan ez da ezer aldatu!.

Alde batetik opositoereei eskatzen zaizkien ikasketak eskola graduatua edo kasurik onenean batxilergoa da, beraz, kategoria profesionala D da. D kategoriari dagokion soldata, alegia; hala ere, ia-ia opositore guztiek dauzkaten ikasketak lizentziatura edo/eta diplomatura da, esaterako biblioteka, artxibo eta dokumentazio lizentziatura.

Beste aldetik, eginkizunak, lizentziatu edo diplomatuek bete behar dituztenak dira: - Informazio bibliografikoa emateko arduraduna izatea, jendeari argibideak ematea, mota guztietako informazioa aurkitzea, hau da, edozein liburutegitako erabiltzaileak (Ikerlariak, irakasleak, ikasleak, eta abarrek) eskatzen duen informazio teknikoa emateko arduraduna izango da, beraz, ezagupen teknikoak gainditzeaz gain hitz jarioa izan eta kulturaz ere ondo jantzita egon behar da.

  • Fondo bibliografikoak erregistratu, katalogatu eta sailkatzea eginkizun nagusietako bat da, hots, liburutegiko betebeharrik teknikoenak dira, lizentziatuei dagozkienak azken finean.

Oposaketen azterketak eta merituen balorazioa ere (ikasketak, ikastaroak, argitalpenak, hizkuntzak, eta abar) prestatzen dira lizentziatuak gogoan edukita.

Iruzur honekin lehenbailehen bukatzeko liburutegien legea sortu behar da, non langileen eginkizunak kategoria profesionalekin egokitu beharko diren, modu honetara:

Liburuzaina: A taldea; liburuzain laguntzailea B taldea; laguntzaile administratiboa C taldea; gainerako langileak D, E taldea, eta lege hau indarrean ezarri arte udaletako alkate, kultura eta langile sailetako zinegotzi, idazkari eta batik bat, udal artxibo eta liburutegietako arduradunen kontzientziazioa eskatuko nuke.

Ikastegietan zer-nolako liburutegiak?

Xan Goenaga 1999/03/01 10:00

[PDF] Egilea: Xan GOENAGA

1998ko maiatzaren 28ko deialdian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bideratu “Programa de actividades complementarias y extraescolares” deituriko txostenak gure harridura eta kexua piztu ditu. Alabainan, eskola munduan ere, liburutegia bigarren mailako gauza bat bezala agertzen da eta horretan egin daitezkeen ekitaldiak ez dira ikas-prozezuaren barne kontsideratzen baizik eta, gainerateko aktibitate gisa, eskolatik kanpokoak. Halaber, liburutegiko arduradunaren hautaketa ez da toki horren kudeatzeko gaitasunetan finkatzen baizik eta pertsonaren gaitasun ezean “que por no disponer de perfil linguistico acreditado o por otro motivos, ...”

Podere Publikoek, gure lanbidearendako erakusten duten mesprezuak mintzen gaitu bainan oroz gainetik ageri-agerian uzten du Hezkuntza Sailaren politikarik eza, xederik eza, ikastegietan liburutegiak eta dokumentuekilako iharduerak behar bezala garatzeko ikas-prozezuan.

Gure samina gaindituz eta gure ikuspegi profesionala ekarriz, gure txostena eskaini nahi dugu ondoko orrialdeetan, ikasle eta irakasleen onerako gerta dadin, Administrazio eta Ikastegiko Zuzendariei lagungarri izan dakien, benetako liburutegia, informazio eta dokumentazio zerbitzua eskainiko dituen ikastegi proiektuak bideratzeko orduan!

Txosten honek Bigarren hizkuntzako ikastegiak baizik ez ditu aipatzen bainan erran gabe doa hemen aholkatzen eta aldarrikatzen diren norabideak eta eginbeharrak, egokituz, Lehen Hezkuntzako eskoletan ere aplika daitezkeela. 1. Nolako liburutegia

1.1 Ikastegian gune garantzitsua ukanen duen liburutegia

Gaur egun, ikastegi batean liburutegia badelarik, gela bat da, gehienetan zokoratua eta tokian tokiko ahalen arabera, guti edo aski, liburuz hornitua. Gela horren erabilera, borontate oneko irakasleen interesen araberakoa da.

Eraiki nahi dugun liburutegia Bigarren Hezkuntzako ikastegi orotan muntatu behar da eta ahal den guzietan ikastegiaren erdi gunean kokatu. Alabainan toki hori, ikastegiko partaide guzien zerbitzurako izanen da. Ikasle, irakasle baita administrazio langile ere, nor berak behar duen informazioa, egokia eta sailkatua atxemanen du bertan.

1.2 Hezkuntz egitasmoaren barne eta ardatz:

Irakaskuntzaren planteamendu pedagogikoa berritzen ari da, ikasleek ez dute soilik irakasleen jakintza iturritik edan behar, ikasketen edukina bezain garantzitsua da gaiaz jabetzeko erabili den moldea, beste era batez erranik: irakaslea lagun eta gidari, ikasleek berek urratu behar lukete jakintzaren jabetzeko bidea, nor berak bere jakintza eraiki behar luke.

Ildo horri jarraikiz, gaietan (Historia, Geografia, Zientzia, Hizkuntza...), premiatsua da ikasleak jakin dezan informazio edo dokumentu bat bilatzen, aurkitzen, hautatzen eta erabiltzen. Gaitasun horiek ez dira bistandakoak, lantze eta aritzearen bortxaz ardiesten dira, gaietako ordutegietan astero, talde txikika, ekitaldi batzu eginen dira horretarako antolatu eta behar bezala hornitu liburutegian.

1.3 Liburutegia baino Dokumentazio eta Informazio Zentroa (gune eta euskarri anitzekilakoa)

Goiko lerroaldietan aipatu liburutegia ikastegiko partaide ezberdinei irekia izanen zaie (ikasle, irakasle, administrazioko langile) eta zerregin frango bete beharko ditu. Horretarako gela handia erabiliko da, eta ahal den heinean, guneka antolatzeko eran, ekitaldi bakoitzak bere tokia ukan dezan.

Besteak beste ondoko hauek aipatuko ditugu:

  • Apal batzu mailegatuko diren liburuekin (elaberri, olerki, antzerki, beste ...);
  • Jakintza arloko liburuak (CDU edo Dewey saikapen hamartarrean sailkatuak) eta erabilienenak (hiztegi, entziklopedi, gramatika, eskuliburu...) beste gune batean, mahain batzuen inguruan, talde txikika, dokumentalista edota irakaslearekin bertan lan egiteko;
  • Prentsa eta aldizkarien gunea;
  • Toki goxo bat (sofa bat edo bi) bertan irakurtzeko;
  • Ikastegi eta Hezkuntza saileko legediari buruzko gunea;
  • Informazio panelak (horietan ikastegiari buruzko informazioa agertuko da, baita Eskualdeari buruzkoak: ekitaldi kulturalak, ikastaldiak eta beste) ;
  • Artxibategia iragan urteetako dokumentuak kontserbatzen dituena, sailkatuak, eskaeraren arabera erraz eskuratzeko eran;
  • Ordenagailuak erabiltzaileek liburutegiko fondoa kontsulta eta ikertzeko;
  • Euskarri ezberdinetako dokumentuak: mapak, irudiak, diapositibak, kasetak, diskak, CD-ROMak... ;
  • Interneten konektatzeko postu bat ikasleek eta irakasleek ikas dezaten informazioa bilatzen liburutegitik kanpoko datu baseetan.

Liburu biltegi, mediateka, informazio bulego, ikasgela, hori dena eta gehiago ere izango da Ikastegiko liburutegia, errealitate hau konduan harturik baita ere beste eskualdeetan nagusitzen ari den terminoa hautatuz, Informazio eta Dokumentazio Zentroa deitzea proposatuko genuke.

2. Nolako langilea

2.1 Kudeatzaile kalifikatua

Zentroak emanen dituen zerbitzuak ikusirik ez da dudarik horren arduradunari prestaketa edo moldaketa egokia eskaini beharko zaiola, harek, Zentroaren muntatzeko nahia eta kemena erakusteaz gain, zinezko gaitasunak beharko ditu kudeaketan eta animazioan. Liburu zaina baino, irakasle-dokumentalista bezala definituko da.

2.2 Pedagogoa eta animatzailea

Ikasle eta irakasleekin ariko baita gehienik, pedagogian ezagutza bereziak eskatuko zaizkio dokumentalistari baita mailaka, irakatsi gaietako programen edukinetaz jabetzea. Ihardunaldi pedagogikoak (Zentroaren erabilpena, dokumentuen bilaketa, dokumentuekin lan egitea, bildu informazioekin produkzio baten egitea ...) talde txikika eginen da gaieko irakaslearekin partzuergoan eta dokumentalistaren ardura pean.

Zentroak, ikasleen autonomia eta gaien arteko elkarlangintza baimenduko ditu egitasmo batzu bideratuz, ondoko urratsak jarraikiz:

  • ikasle eta irakasleen artean gai baten hautaketa,
  • euskarri ezberdinetan dokumentuen bilaketa,
  • produktu baten gauzatzea eta honen aurkezpena klasean, ikastegian edo publiko zabalago baten aitzinean.

Dokumentalistak kulturgintza (irakurketa txapelketa, ipuin lehiaketa, prentsa astea, ...) bideratuko du ikastegi osoan baita tokiko posibilitateen arabera, inguruko beste partaideekin (Udal Liburutegia, eskualdeko elkarteak, enpresak, instituzioak...).

2.3 Bibliotekonomian teknikaria

Goian aipatu lan ugarien betetzeko, Zentroaren kudeaketa teknikoa, fondoaren berritzea eta aberastea baitezpadako ekintzak dira, gaitasun profesionalak edo formakuntza berezia eskatzen dituztenak. Hala nola dokumentalistaren zer eginetan sartuko dira besteak beste: dokumentuen katalogatzea, azterketa dokumentala, apaletan sailkapena, maileguen kudeaketa, informazioen aurkezpena eta banaketa. Lan guzi horiek, dokumentazio munduan egiten diren eredu beretan eginen dira (AFNOR, UNIMARC katalogatzeko, Dewey edo CDU sailkatzeko) ikasleek eskolan ikasitakoa kanpoan ere balia dezatela (Udal, Unibertsitate edo beste liburutegietan).

2.4 Teknologia berrietan aditua

Gaurko egunean, papera, dokumentua gordetzeko euskarri bat besterik ez baita beste anitzen artean, Zentroak bereganatu beharko ditu euskarri berriak (entzun-ikus sailekoak eta digitalak); irakasleak eta ikasleak trebatu beharko dira horien baliatzen eta bere burua formatuko duen heinean, dokumentalista izanen da hain zuzen baliabide horien erakuslea.

Bestalde, informazio arloan gertatzen diren aldaketak ikusirik, Zentroa ez daiteke luzaz bere fondo propioan muga, Interneten bitartez, mundu zabaleko informazio iturriei ireki behar die atea, halaber informazio harreman eskema berrian, informazio igorle ere bihur daiteke laster batean.

2.5 Hizkuntz eskakizuna ikastegiaren euskalduntze mailaren araberakoa, eta ahal bada aitzinatuagoa

Definitua den bezala, Zentroa ikastegiaren barne bizitzaren gune garantzitsuenetarik bat da, baita ere neurri batean, kanpoarekilako harremanetan, ikastegiaren promozionerako tresna. Horrela delarik, ez luke zentzurik hizkuntza arloan desfasean agertzea eta Zentroko langilea selekzionatzea haren hizkuntz gaitasun ezean. Euskaldun, euskaldundu, eta euskalduntzen ari diren Zentroetan bistandakoa da dokumentalistak euskalduna izan beharko duela eta sarraraziko dituen dokumentuak ahal bezain bat euskarazkoak izanen direla. Oraino erdaraz ari diren ikastegietan aldiz, erdaldun bat har daiteke bainan konpromisu batekin: ikastegiak euskalduntzeko bidea jarraituko duelarik, hura ez dela azkena izanen.

3. Mugaz haraindian, frantses ereduan eman diren urratsak

3.1 **“Centre de Documentation et d’Information” edo CDI deitutakoen historia laburra**

Mendearen erditsu arte, Bigarren Hezkuntzako ikastegietan, nola gerta, tokika eta gehienetan ikastegi handietan baizik bi dokumentazio zerbitzu baziren;

  • bata ikasleen zerbitzurako: klaseko liburutegi txikiak (elaberriak eta beste “Letrak” klasean, liburu ezpezializatuak Zientzia eta Historia-Geografia klaseetan);
  • bestea irakasleendako (gaietan oinarrizko dokumentazioa, eskuliburuak eta entzun-ikus dokumentuak biltzen zituena).

Bata zein bestearen ardura, borontate oneko irakasleek egiten zuten eta diru ahalen arabera berritzen eta aberasten.

1974ean Hezkuntza Ministeritzak deliberatu zuen Informazio eta Dokumentazio Zentroak izan behar zirela Bigarren Hezkuntzako ikastegi guzietan. Ikasle eta irakasleen dokumentu zerbitzuak eta liburutegiak batu ziren gune berean, dokumentuak ez ezik, informazioak ere atzematen ziren bertan. Zentro horien kudeatzeko, irakasle tituludunak kontratatu ziren eta dokumentalista postuetan eman, oinarrizko formakuntza ikastaroa jarraitu ondoren.

1989an dokumentazio CAPESa sortzen da. Irakaskuntzan aritzeko zertifikatu honek Dokumentazioa, Historia, Matematika, Biologia edo beste gaien heinean ematen du, ordutik hona CDIko postuen jabe izateko dokumentalistak CAPESdunak izan behar baitira. CDIa ikastegiaren barne da osoki eta dokumentalista irakaslegoan integratua.

3.2 Gaur egungo CDI eta dokumentalisten misioak

Bigarren Hezkuntzako ikastegi guziak behartuak dira CDI baten irekitzeaz eta diplomadun dokumentalista baten hartzeaz. Azken honi dokumentazioan irakasle titulua eta estatusa ezagutzen zaizkio. Honen lanak definituak dira lau ardatzetan:

  • Irakasle gisa, ikasleei dokumentuen ikerketetan moldakuntza eskaini;
  • Ikastegiaren ekimen pedagogikoan parte hartzea;
  • Ikastegia lagundu kanpoko harremanetan;
  • Informazio eta Dokumentazio, multimedia zentroaren kudeatzea.

3.3 Hizkuntza aldiz beti arazo

Hizkuntza mailan aldiz Frantses Errepublikak ezagutu gabe ditu oraino bere lurraldean dauzkan hizkuntz gutituak. CDIetan ez da nehongo obligazionerik dokumentuak tokiko hizkuntzaz edukitzeko, are gutiago dokumentalista eskualdeko hiztuna izaiteko.

4. Mugaz haraindian, euskal eskola eta eskola elebidunetan egiten dena

4.1 Seaska federakuntzako ikastegietan:

Lehen Mailako ikastolei jarraipena emanez, Seaskak eraiki II. Hezkuntzako Xalbador kolegioak badauka bere Informazio eta Dokumentazio Zentroa, eta frantses Estatuko Hezkuntza Nazionalak ordaintzen du dokumentalistaren postua denbora osoz. Beste bi ikastegietan aldiz: Bernat Etxepare lizeoa (DBHO, Batxilergoa) eta Larzabal kolegioa (DBH), Informazio eta Dokumentazio Zentroak eraiki gabe dira oraino eta dokumentazio bilketa eta zerbitzua, pedagogia taldeko langile batek bere gain hartzen du dedikazio mugatu batez. Ikastegi horien garapenean pentsatua da laster batean (datorren ikasturteko agian) Zentroaren muntatzea bietan eta dokumentalista bana hartzea dedikazio osoz.

Dokumentalista eta Zentro horien zerreginak eta betekizunak, 1. eta 2. punduetan aipatu ildoan kokatzen dira osoki. Hizkuntzari begira, (klasean bezala funtsean) nahiz eta dokumentu frango erdarazkoak diren, lehentasuna ematen zaio beti euskarazkoen biltzeari eta Zentroko ekitaldi guziak euskara hutsez egiten dira.

4.2 Beste ikastegietan

Sare publikoak eta sare pribatuak muntatu klase elebidunak (B eredukoak), ikastegi frantsesetan txertatuak dira, ikastegi horietako CDIetan, euskarazko dokumentuak sartzen dira tokiko dokumentalista eta zuzendaritzaren arabera. Euskarazko dokumentazio eskasaren parte batean betetzeko, duela hiru urte, Hezkuntza Nazionalak publikoko ikastegi bakoitzari diru kopuru bat eskaini zion; lekuko euskara erakasleak hutsunea bete dezan. Sare pribatukoek ere aurten zerbait ukan dute.

Bertzalde, dokumentalistaren hizkuntz gaitasun eskasez, CDIko ekintza nagusiak erdaraz egiten dira, euskara erakasleak bete behar dituela animazio hutsuneak baita laguntza ekarri dokumentazioaren osatzeko orduan.

4.3 Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzua, Joana Albret Mintegia

Euskaraz funtzionatzeko Zentro batek, dokumentalista euskalduna eta ahal bezain bat euskarazko dokumentuak behar ditu. Frantses Estatuko Hezkuntza Nazionalak ez du ez bata ez bestea eskaintzen. Eskas horri erantzuteko sortu da IKAS Euskal Pedagogia Zerbitzua;honek, informazioa eta euskarazko dokumentuak eskaintzen dizkie irakasle eta CDIetako dokumentalistei. Euskarri ezberdineko laguntzaren biltzeaz eta eskaintzeaz gain, Ikasek euskal materialaren sortzea bere gain hartzen du ere.

Bestalde, zentroaren kudeatzeko tresna bereziak behar dira: dokumentuen katalogatzeko hiztegi berezitua, ikerketen egiteko thesaurusa, maileguen egiteko logiziela... Ezinbesteko tresna horien euskaratzen entseatzen dira Ikas eta Xalbador Kolegioa; bainan maila horretan, urrats garantzitsuak emanen dira Instituzioek dokumentazio eta bibliotekonomia gaia behar bezala jorratuko dutelarik, ahalbide egokienak eskainiz. Horien eskatzeko, aldarrikatzeko sortu da Joana Albret Mintegia. Eskakizun hutsean gelditu ordez, anartean, Mintegiak biltzen dituen zazpi probintzietako dokumentalistak lan praktikoari lotu dira: euskaraz katalogatzeko tresnak sortzen, beharrak agertzen, proposamenak egiten, besteen artean, txosten hau lekuko.

5. Konklusioa

Egitasmo horren betetzeko Podere Publikoek beren jarrera aldatu beharko lukete. Deseinatu gabeko liburutegia, gaur egungo irakaskuntzari egokitu ez diren pertsonentzat pentsatua, guztiz baztertu beharko lukete eta haren ordez, profesional batek kudeatuko duen ikasle eta irakasleendako benetako Informazio eta Dokumentazio Zentroa eskaini. Txosten horrekin konbentzitzen baditugu, gure helburua erdietsiko dugu.

Xan Goenaga Xalbador Kolegioko dokumentalista Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko partaidea

Por la Biblioteca Nacional Vasca

Joana Albret 1998/12/12 10:00

Egileak: Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia

L@s abajo firmantes, bibliotecari@s y miembros de "Joana Albret Biblitekonomia Mintegia" consideramos que este es un momento oportuno para dar a conocer a nuestra sociedad la necesidad urgente de creación de una estructura bibliotecaria digna para el conjunto de Euskal Herria. Hasta ahora, tanto en la Comunidad Autónoma Navarra como en la Comunidad Autónoma Vasca o en lo que convencionalmente conocemos como Iparralde, los poderes institucionales no han desarrollado los marcos legales adecuados para garantizar una política bibliotecaria merecedora de tal nombre en cada uno de sus territorios.

A pesar de que hace más de 15 años que las competencias estatales han pasado a las Comunidades Autónomas, ninguna de las dos Comunidades de Hego Euskal Herria cuenta con una legislación bibliotecaria, lo que contrasta visiblemente con la mayoría del resto de las Comunidades Autónomas del Estado español: (Cataluña, 1981 y 1993, Andalucía 1983, Aragón 1986, Castilla La Mancha 1989, Madrid 1989, Castilla y León 1990, Galicia 1990, La Rioja 1990, Murcia 1991, Extremadura 1997).

¿A qué puede deberse que no exista una ley de bibliotecas? Euskal Herria durante el franquismo fue pionera en la elaboración de su bibliografía nacional. Jon Bilbao, exiliado después de la guerra civil española, llevó a cabo desde Estados Unidos una tarea encomiable: la recopilación de la mayor parte de nuestra bibliografía.

En contra de lo que podría pensarse, el haber contado con una valiosa tradición en este campo ha retrasado la elaboración de un proyecto político nuevo e íntegro, ya que las Instituciones políticas han seguido contando con la colaboración de Eusko Bibliographia de una manera más o menos oficial hasta 1995, fecha en la que cesó su actividad. Y así, al estar solucionada más mal que bien la tarea más llamativa y prestigiosa de todo sistema bibliotecario, no se ha hecho manifiesta la falta de otras tareas más importantes, entre las que cabe destacar una legislación sobre bibliotecas.

Si a esto añadimos la excepcionalidad de nuestro marco político, en el que coexisten tres administraciones políticas diferentes (Comunidad Autónoma del País Vasco, Comunidad Foral Navarra e Iparralde) y la lectura que se hizo de la ley de Territorios Históricos de 1983, por la cual varias competencias de bibliotecas de la Comunidad Autónoma vasca que correspondían al Gobierno Vasco se atribuyeron a las Diputaciones Forales, se puede entender algo mejor la dejación de las Instituciones y el poco interés político en crear un organismo oficial que tuviese la capacidad de reunir la bibliografía de todo el país, y fuese el núcleo y cabecera del sistema bibliotecario.

Tampoco quisiéramos eludir la parte de culpa que nos concierne a l@s bibliotecari@s, ya que, la ausencia de crítica y concienciación entre l@s profesionales que trabajamos en las bibliotecas y centros de documentación ha sido la pauta general y no hemos sabido explicar a la sociedad y a la clase política la verdadera importancia que un buen sistema bibliotecario tiene en el mantenimiento de la cultura de un pueblo.

La necesidad de una Biblioteca Nacional como institución bibliotecaria superior que asuma la presidencia del sistema de bibliotecas es recomendada por los organismos internacionales competentes (Unesco, Ifla, etc.)

Urge crear ya la Biblioteca Nacional Vasca o, lo que es lo mismo dicho de otro modo, la Biblioteca de Euskal Herria. El haber esperado tantos años a ponerla en marcha puede traernos una única ventaja y es que ahora podemos reflexionar y actuar siguiendo pautas económicas, culturales y no sólo políticas. Atendiendo a los criterios políticos que rigen hoy día la política bibliotecaria el caos está asegurado, ya que cada territorio debería duplicar sus fondos y nunca tendría la certeza de haber reunido, conservado y difundido la información completa de lo editado en el País.

Cada comunidad controla su Depósito Legal, y por tanto, cada territorio se encarga de reunir y conservar tan sólo lo que se imprime en su administración, sin tener en cuenta autores, idioma, editoriales ni temática.

Somos un país pequeño, con unos lazos históricos y culturales comunes, que no terminan de encajar con los criterios políticos y administrativos que rigen hoy las relaciones entre los diferentes territorios históricos que lo conforman. No es infrecuente que un mismo autor publique indistintamente en las editoriales de Navarra, Iparralde o la Comunidad Autónoma Vasca, y que estas editoriales trabajen con imprentas ubicadas en cualquiera de los tres territorios. Las investigaciones, la literatura científica, técnica y aún más la humanística, nunca han tenido fronteras ni límites entre ellos.

Además del francés y castellano, utilizamos un idioma propio y común, el euskera. La triste realidad es que en ninguno de los territorios en lo que al mundo bibliotecario se refiere, se le ha dado el trato que merece. L@s usuari@s no tienen posibilidad de realizar sus consultas en euskara, l@s bibliotecari@s y documentalistas no podemos realizar los trabajos más importantes en dicha lengua, ya que no contamos con los instrumentos técnicos imprescindibles. La preparación de estos instrumentos y la puesta en marcha de la catalogación en euskara es una tarea tan imprescindible como imperiosa. El aspecto económico también debe tenerse en cuenta, el interés en este punto también es común. Siempre será mucho más fácil llevar a cabo un proyecto de esta envergadura entre todos l@s ciudadan@s de lengua euskérica, más aún cuando los beneficios serán igualmente comunes y nos encontramos en los comienzos, quedando todo por hacer.

No sólo a la comunidad internacional le resultaría difícil hacer un seguimiento de nuestros autores, literatura, ó producción editorial, sino también a nosotros mismos, a l@s usuari@s de Euskal Herria se nos haría difícil conocer con exactitud la ubicación de las publicaciones. Más aún con el paso del tiempo. ¿Dónde iríamos a informarnos sobre un libro de un autor navarro publicado por una editorial de la Comunidad Autónoma Vasca en una imprenta de Iparralde?

En definitiva, l@s verdader@s perdedor@s serían la cultura vasca y l@s posibles usuari@s, entre ellos los internacionales, ya que no estaríamos en condiciones de dar a conocer la cultura vasca en su integridad.

Por ello proponemos la creación de un organismo autónomo para todo el país: la Biblioteca Nacional Vasca, la Biblioteca de Euskal Herria. La ubicación de su sede no debe ser un problema insoluble, sobre todo cuando ni siquiera existe el proyecto, pero pensamos que un buen lugar sería Iruñea. Por supuesto, se trataría de una biblioteca nueva, distinta de las existentes hasta el momento. Su creación, gestión y financiación correría a cargo de un órgano común de cooperación entre las tres comunidades políticas vascas actualmente existentes (Comunidad Autónoma Vasca, Comunidad Foral Navarra, Departamento de los Pirineos Atlánticos en tanto que no se constituya un Departamento del País Vasco en el Estado Francés). Como es normal, el territorio histórico que acogiera la sede del proyecto haría la principal aportación económica.

La creación de una institución de este tipo, en principio, no debería crear ningún problema político de fondo a nadie que no esté obsesionado con borrar del mapa cualquier rastro de progreso en la cultura vasca. Tanto l@s nacionalistas vasc@s como l@s no nacionalistas dotad@s de una mínima sensibilidad cultural vasquista podrían ponerse de acuerdo sin grandes problemas. Hay que subrayar que ningún ordenamiento legal actualmente vigente en los estados español o francés prohiben la creación de esta índole de instituciones culturales. De hecho, ahí tenemos el ejemplo de instituciones como Eusko Ikaskuntza o Euskaltzaindia, creadas por las cuatro diputaciones vascas a principios de siglo: nadie que no esté aquejado de una inconfesable nostalgia neofranquista pondrá en duda tanto su utilidad cultural como su estricto respeto de la legalidad vigente.

Entre las diferentes iniciativas y proyectos de trabajo que se vislumbran en este momento de esperanza para nuestro país, creemos que la consecución de nuestra biblioteca nacional bien se merece un esfuerzo; sin duda, afecta de lleno a la normalización de Euskal Herria como comunidad histórico-cultural y, por tanto, a lo que para nosotros constituye un derecho irrenunciable: el de la preservación de nuestra propia identidad.

Gerardo Luzuriaga, Pruden Gartzia, Agurtzane Juanena y ocho fírmas más, bibliotecarios de varias instituciones de Euskal Herria

Liburutegi Nazionalaren premiaz

Agurtzane Juanena 1998/10/05 10:00

[PDF] Egilea: Agurtzane JUANENA

Euskal liburutegi nazionalari buruz egokitu zait idaztea eta, hasteko, esan behar dut ez zaidala oso samurra egiten: izan ere, “kultura nazionalaren zutabe” omen dena ez edukitzeak gure kultur egituretako gabezia handi bat nabarmentzera behartzen bainau. Kontzeptuaren azpian dagoena, laburki bederen, gehienok dakigu: liburutegi nazionala kultur komunitate baten erreferentzia bibliotekario nagusia da, bertako ondare bibliografikoaren bilketa eta kontserbazioa bermatzeko. Honekin lotuta, hainbat zeregin ditu, nazioarteko erakundeek (Unescok, Iflak...) funtsezko edo komenigarri bezala finkatu dituztenak eta, tokian tokiko egoeraren arabera, malgutasun handiz, beraz, erabakitzen direnak. Garrantzitsuenak aipatuz: lurraldeko ekoizpen bibliografikoa jasotzea, bibliografia eta katalogo kolektiboak elaboratzea, sistema bibliotekarioaren buru eta koordinatzaile izatea...

Batek baino gehiagok Euskal Herriko lurraldeen banaketa instituzionala aterako du eragozpen nagusi bezala proiektu hau bideratzeko. Ihardespena ere ildo horretatik doa: Euskal Herriaren egoera anitz eta sakabanatuari dagokiona sistema erabat deszentralizatua da, baina deszentralizazioak ez du koordinazioa ezinezko egiten. Gure kasuan, sinpleki, nahitaezko errealitate edo abiapuntua da. Hori bai, koordinazioak oinarrizko egiturak exigitzen ditu eta arlo horretantxe ditugu lehenengo hutsune nabarmenak: Euskal Autonomi Erkidegoan, Nafarroan, orobat Iparraldean, eginkizun dira oraindik bai liburutegi nagusi edo zentralak, bai liburutegi legeak. Estatu espainiarraren erreferentzia hartuta, azken hogei urteotan, Estatuko autonomi erkidego gehienek liburutegiei buruzko legeak onartu dituzte baita, legedi horien barruan, liburutegi nagusiak sortu ere: Andaluzia, Aragoi, Asturias, Madril, Murtzia, Gaztela eta Leon, Valentzia... Biblioteca Nacional delakoak Estatuaren mailan dituenen antzekoak dira funtzioak, bakoitzak bere lurraldea marko bezala hartuta. Aipamen berezia merezi du Kataluniaren ereduak: Kataluniako Liburutegi Legea (bigarrena, 1993koa) baita osatuena eta pentsatuena Estatuko gainerakoen artean. Kataluniako Liburutegien Sisteman, bertako liburutegi guztiak integraturik daude, modu batean zein bestean: publikoak, pribatuak, unibertsitateetakoak. Kataluniako Liburutegi Nazionalaren helburua honako hau da: “recoger, conservar y difundir la producción bibliográfica catalana y la relacionada con el ámbito lingüístico catalán, incluída la producción impresa, periódica o no, visual y sonora”. Bestalde, -- “La Biblioteca de Cataluña, primer centro bibliográfico de la cultura catalana, mantendrá mediante las adquisiciones pertinentes, la condición de centro de consulta y de investigación científica de carácter universal”. [1]

Badugu, beraz, gugandik ez urruti, nora begiratu, egungo egoera gainditu nahi badugu. Lehenago esan dudan bezala, liburutegi nazionalaren eginkizunak hainbat dira, baina nik, hemen, bi gaiotan jarriko dut arreta, biok ere daukaten garrantziagatik: euskara katalografikoan eta euskal bibliografian. Euskarak eta euskal kulturak beren agentzia bibliografikoa behar dute.

Jakina denez, azken hamarkadetan dokumentazio arloan, beste arlo batzuetan bezala, normalizaziorako joera gauzatu da, nazioarteko erakunde garrantzitsuenen (IFLA, UNESCO, ISO...) ahalegin eta sustatzeari esker. Honen ondorioz zenbait oinarrizko egitarau onartu dira: UBC (Universal Bibliographical Control) dugu horietako lehena. UBCa IFLAren (International Federation of Library Associations and Institutions) eskutik sortu zen Grenobleko Jardunaldietan, 1973an, eta bi helburu zituen: agentzia bibliografikoak ezartzea nazio bakoitzean eta nazioarteko katalogazio arauak onartaraztea. Nazio bakoitzak agentzia bibliografikoa eduki beharra agentzia horrek egin behar duen lanaren konplexutasunak eskatzen du: bere lurraldeko argitalpenen kontrol bibliografikoa asumitu behar du nazioarte mailan, indarrean dauden araudien barnean (ISBD, MARC), modu fidagarri eta kalitatezko batez. Hizkuntz aldetiko berezitasunik dagoenean areagokoa da premia hori: agentzia katalografikoa bere nazioko produkzioaren emaile da nazioarteari begira, batetik, eta, bestetik, nazioarteko araudiak komunitatearen beharretara egokitzen dituena. Konprenituko denez, azpiegitura finko eta sendoa behar da lan honen kalitatea bermatzeko. Agentzia bibliografikoak informazio sistema nazionalen barnean planteatu dira UNESCOren eskutik eta eskuarki liburutegi nazionalaren kontzeptuari lotu zazkio: liburutegi nazionala baita bibliografia nazionalaren ekoizlea eta lurraldeko agentzia bibliografiko moduan jokatzen duena. Hau zuzenean zein bere menpeko erakunde baten bidez egin dezake.

Esan dudan bezala, Euskal Herriko autonomi erkidegoetan eginkizun dira oraindik bai liburutegi nagusia baita agentzia bibliografikoa ere. Nafarroak dirudienez aurre hartu dio EAEri asmo aldetik bederen : “Biblioteca General de Navarra” deiturikoa izango baita liburutegi nagusia eta “Instituto Navarro de Bibliografía” sortuko omen dute liburutegi horren itzalean “Bibliografía Navarra” ekoizteko xedearekin. Argi dago honelako egiturak behar ditugula kanpora begira kultur komunitate bati dagokion duintasunez azaldu nahi izan ezkero eta barrura begira zerbaiten eredu instituzionala eskeini nahi baldin bada: Madrilen katalogatzen dutenak ez digu balio, ezta Gasteizen baino erderaz egina denak ere. Euskal Herriko instituzio batek bere bibliografia erdara hutsez eskaintzea burugabekeria da: alde batetik, Madrilen (edo Parisen) egiten dutena errepikatzea delako eta, bestetik, arlo honetako euskara normaltzeak esfortzu garbi eta indartsua exigitzen duelako. Esan dezagun bidenabar, horrelako lanari ezin zaiola boluntarismoz edo erdipurdi ekin: errekurtso nahikoak (pertsonak, baliabide materialak) eskaini behar zaizkio, zalantzarik gabe.

Euskararen normaltzeak katalografi arloan hainbat erronka ditu begibistan: eleaniztasunaren errealitateari erantzun behar zaio (katalogo elebakar, elebidun edo eleanitzaren aukera garbiki zehaztuz), euskarari berari hornitu behar zaizkio behar dituen lan tresnak (deskribapen bibliografikorako terminologia, sarrera-puntuak edo autoritateak, nazioarteko katalogazio arauen itzulpen edo egokitzapena ...), datu bibliografikoak euskarri informatikoan emateko MARC formatoa egokitu behar du... Eta, gainera, inoiz ez da ahaztu behar tresneria horretaz balitatuko diren erakundeak anitzak direla: liburutegi publikoak, unibertsitatekoak, espezialduak, dokumentazio zentroak... Ezin gaitezke, bada, engainatu: euskarari leku duina emateak egitura bibliotekario sendoa eta ongi bideratua eskatzen du.

Bestalde, teknologi berrien azken eragina aipatuz, batzuren iritziz eta duela hogei urte besterik uste bazen ere, kontrol bibliografikoaren benetako gauzatzea agentzia bibliografikoek edo katalogo kolektibo erraldoiek baino areago biblioteketako sistema informatikoetako OPACen (Online Publicc-Access Catalog) kontsultek ahalbidetu dute. Azken honek, dena den, ez dio arrazoirik kentzen orain artean esandakoari, izan ere, kalitatea ez baita gai honetan inprobisatzen, aurretik egindako lanaren ondorioa da. Bestetik, zer-nolako inpresioa hartuko du gure OPACetara begira jartzen denak, nortasun bereziko komunitatea garela jakinik komunitate berezi batengandik itxaron daitekeen emaitza aurkitzea espero badu? Alde honetatik, kanpoko autore baten hitzak ekarriko ditut honera. Izan ere, argigarriak dira oso, kanpotik nola ikusten gaituzten ikusteko: Jose Antonio Cordón Garcíak, iaz argitaratutako liburuan, honela zioen:
“El País Vasco accede a la autonomía mediante ley orgánica 3 (1979 de 18 de diciembre) (...) La legislación bibliotecaria que dimana de los órganos de gobierno es escasa y de poca entidad. En concreto carece de una ley de bibliotecas con el carácter de norma reguladora general de toda la comunidad, como ocurre en casi todo el resto del Estado español. (...) Estas son las únicas menciones que, desde el punto de vista del control bibliográfico, se efectúan en la legislación vasca de bibliotecas. Ninguna alusión por tanto a la necesidad de una biblioteca central de carácter nacional o regional, a la necesidad de elaborar una bibliografía que recoja el producto de la producción editorial vasca, de dar a conocer la cultura vasca a la comunidad implicada y al exterior. Nada absolutamente que relacione las oportunidades que la nueva situación política y administrativa supone para el desarrollo y la extensión de la cultura e idiosincrasia de la comunidad, como veíamos en otras legislaciones. Y esta parquedad, que podríamos considerar inherente a una mentalidad o a unos comportamientos más inclinados a los hechos que a las formulaciones teóricas impracticables, se da también en las actuaciones, pues en el País Vasco no existe equivalente alguno a la realización de productos bibliográficos como los de Cataluña o Galicia, las otras comunidades cuya particularidad linguística justificaría con más ahínco la confección de un instrumento que, además de difundir los productos de su lengua, sirviera como fundamento de la conciencia grupal”. [2]

Denbora asko ez dela, prentsaren bidez (Egunkaria, 1998-7-21), Eusko Jaurlaritzaren proiektu baten berri izan genuen: Kultura Saila “Euskadiko Liburu-Ondarearen Katalogo Nagusia” osatzen ari omen da, Interneten bidez guztientzat eskuragarri izango dena. Horretarako, zenbait liburutegi publikoen katalogoez gainera, Gasteizko Apaiztegiko Liburutegiaren, Lazkaoko Beneditarren, eta Loiolako Santutegikoaren katalogoak abian edo amaituak dira jada. Ez zuen ezer aipatzen, ordea, hizkuntz kontuaz eta, profesionalak garenok, beldur gara omisio horrek izan dezakeen esanahiaz; izan ere, plangintza, lankidetza eta batez ere egitura eskatzen du euskararen auziak: zentro edo agentzia bibliografikoa beharrezkoa da eredu katalografiko duina eman ahal izateko.

Euskal kulturak ere, gaurko egunean egokia litzatekeen bibliografia izateko, agentziaren beharra du. Izan ere, orain artean egon den proiektu anbiziosoena, meritu haundikoa, Jon Bilbaoren “Eusko Bibliographia” [3], denok dakigun bezala, etenda dago eta ez dirudi horren ordez ezer prestatzen ari direnik. Beste lan txalogarriak ere baditugu, Joan Mari Torrealdairena [4] eta, helburu lexikografikoarekin, UZEI lantzen ari den “XX. mendeko datu base bibliografikoa”; baina hauek ere ekimen partikularren bidez gauzatu dira eta ezin dute erakunde ofizialen lana ordezkatu (lagundu bai, agian). Bete-betean, instituzio publikoen ardurakoak dira lan-asmo hauek. Instituzio publikoek diseinatu eta bideratu behar dute politika bibliotekarioa, politika honek bakarrik sortu bait litzake euskara katalografikoari edo euskal bibliografiaren proiektuari sostengu emango diozkioten bitartekoak.

Amaitzeko, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak “XXI. mendearen akordioa : Bai Euskarari” kanpaina jarri du oraintxe abian, euskara guztion artean indarberritzeko asmoz: biblioteka eta dokumentazio zentroetako profesionalok ere geure lekua hartu behar genuke euskalgintzaren lanbide komunean, gure aportazioaren beharraz ez baitago zalantzarik.

Agurtzane Juanena, bibliotekaria Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kidea 1998ko urriaren 5ean

--------

Oinak:

[1] Arana Palacios, Jesús eta Olaso Val, Anabel. Legislación sobre bibliotecas : un estudio comparativo. Non: TK. 1 zk. (1996 ekaina), 43-53 orld.

[2] Cordón García, José Antonio. El registro de la memoria : bibliografías nacionales y depósito legal. Gijón : Trea, 1997. ISBN 84-89427-23-2, 223-224 or.

[3] Bilbao, Jon. Eusko bibliographia : euskal bibliografiaren iztegia.... San Sebastián : Auñamendi, 1970-1981. ISBN 84-7025-158-9

[4] Torrealdai, Joan Mari. XX. mendeko euskal liburuen katalogoa. [Donostia-San Sebastián], Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura eta Turismo Departamentua, 1993-1997 ISBN 84-604-8194-8 I / 84-605-4513-X II / 84-922537-7-0III*

Erlazionaturiko bibliografia:

  • Garzia, Pruden. Euskal Biblioteka Nazionala. Non: Argia, 1998 uztailak 19, 30 or.
  • Iturralde Sola, Juana eta Arana Palacios, Jesús. Entrevista a Carmen Jusué Simonena, Jefe de Sección del Libro y Bibliotecas. Non: TK. 1 zk. (1996 ekaina), 19-22 or.
  • Juanena Alustiza, Agurtzane. El euskera en la catalogación de nuestro patrimonio bibliográfico. Non: ALDEE, Año 2, n. 4 (dic. 1996), 16-21 or.
  • Juanena Alustiza, Agurtzane. Euskal liburutegi nazionalaz. Non: Jakin, 105 zk. (martxoa-apirila 1998), 35-52 or.

Joana Albret bibliotekonomia mintegia

Pruden Gartzia 1998/10/01 10:00

Egilea: Pruden GARTZIA

Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia kezka batek eraginda sortzen da: euskararena. Hori da bere izatearen funtsa eta ardatza. Jakina, askoz ere modu zehatzago baten beste honela ere adieraz daiteke: gaur egun, bibliotekari eta dokumentalista euskaldunek ez dugu inolako modurik gure eguneroko lana euskaraz egiteko normaltasunez. Eta 1998an gaude. Alegia, hogei urte pasatu dira euskararen koofizialtasuna legeztatu zenetik, eta bibliotekonomiari dagokionez, ia-ia orduan bezala gaude. Zer egin?

Erabakirik garrantzitsuena elkarrengana biltzea izan zen, mintegi bat sortuz gure arazoei buruz hitzegiteko eta irtenbideak lantzeko. Hori dela eta, hamalau bibliotekari eta dokumentalistek oinarri batzuk idatzi genituen, eta jendeaurrean aurkeztu, Durangoko Liburu eta Diska Azokan. Behean duzuen lehenengo dokumentua da.

Hortaz gain, hilero bildu izan gara Donostian, gure lana bi ardatzetan banatu dugularik: lan teorikoa, Euskal Herriko biblioteka, artxibo eta dokumentazio-zentruen egoerari buruz, eta lan praktikoa, euskarazko terminologia baliagarri bat adosteko guztion artean. Lehen ardatzean, partaideak eginiko zenbait txosten eztabaidatu dira: emaitza nagusia Euskal Biblioteka Nazionala behar dugu izeneko adierazpena izan da, komunikabideei zabaldu zitzaiena (behean duzue osorik). Bigarren ardatzean, bi termino zerrenda onartu dira: liburuaren deskribapen fisikoari buruzkoa eta ohar katalografikoei buruzkoa. Hogeita zortzi lagunek harte zuten parte gure lanetan. Heldu den urtean ere bi ildo horietan lan egiteko asmoa dugu, eta espero dugu lagun gehiago hurbilduko dela.

Pruden Gartzia, Azkue Bibliotekako Zuzendaria Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kidea

Euskal Biblioteka Nazionala

Pruden Gartzia 1998/07/19 10:00

Egilea: Pruden GARTZIA

Mendez-mende jakintzaren hedapena bi zutabe hauen gainean eraiki da: ahozko jarduna eta liburua. Alegia, Europako kulturaren tradizioan, jakintsua hizlari edo idazle izan da (frankotan, gauza biak), eta ikasi nahi zuena, entzule edo irakurle. Eta, jakina, jakintsu izateko lehenago ikasle izan beharra zegoen. Kulturmolde honen bi erpinak unibertsitatea eta biblioteka izan dira. Lehenean ahozko jardunak agintzen du, irakasle eta ikasleen arteko harreman zuzena, adiskidekorra, bitartekorik gabea. Bigarrenean berriz, norberaren hausnarketa isila, autoreen irakurketaren bidez. Labur esateko, gure kulturmoldea, honetan ere, tradizio greko eta juduaren uztardura bat da, funtsean. Euskal Herrian unibertsitate gutxi egon da, agian ez kasualitate hutsez. Hori dela eta, unibertsitatearen eskaria XIX. mendearen bukaeran gihartzen da, XX. mendean euskaldunon erreibindikazio nagusienetakoa bihurtuz, politika alderdikoiaren mugak aise gainditzen dituelarik. Horren fruitu nagusia EHU-UPV dugu, 1980an sortua, egun Euskal Herrian dagoen unibertsitate nagusia, bai tamainaz, bai indarrez. Haren atzetik etorri zen NUP-UPNA (1987) eta, hala nahiko genuke behintzat, sortzeko bidean da unibertsitate publiko bat Ipar Euskal Herrian. Hirurak publikoak dira, esan nahi baita, herri aginteek sortuak eta finantziatuak. Dirutza haundiak behar izan dira erakunde horien egitura material osoa jasotzeko, eta aurrekontu sendoak eusteko (adibidez, EHU-UPVri dagokionez, bataz beste 33.000 miloi pezeta urtero, edo hortxe nonbait). Nork ukatuko du, ordea, ondo gastatua dela? Hori eta gehiago behar dugula Euskal Herrian?

Bitartean, bibliotekei dagokienez, funtsean orain dela ehun urteko egitura bera dugu. Aldundi bakoitzak berea, eta udal bakoitzak beste horrenbeste. Ukaezina da azken bi hamarkadetan ahaleginak egin direla biblioteka berriak zabaltzeko eta zeudenak modernizatzeko. Baina bakoitza bere aldetik dabil, eta beraien arteko loturak oso makalak dira. Egun, elkarlana oso kontu zehatzetara dago mugatua.

Euskal Biblioteka Nazionala ote da irtenbidea? Proiektua ez da berria: Eusko Ikaskuntzaren Igo Biltzarrean (Oñati, 1918), Euskal Unibertsitatearen eskaerarekin batera, Euskal Biblioteka bat sortzeko proiektu bat aurkeztu zen (Tomas Etxebarria: Proyecto de creación de una biblioteca exclusivamente vasca). Ez zetorren “nazional” izenondoaz lagundurik (ez da arraroa, Biltzarraren testuinguruari begiratuta). Era berean, soilik euskal gaietara mugatuko zitzatekeen biblioteka aldarrikatzen zen, zentzurik zabalenean hartuta, hori bai. Azpimarratuko nuke, hala ere, ondoko ideia hau: 1918ko euskal kulturaren premiei erantzuteko ez zela nahiko egitura zaharrak indartzea eta modernizatzea, erakunde berri bat behar genuela, goitik behera berria. Nago ideia horrek berdin-berdin balio digula gaur.

Nolako erakundea zehazten hasita, berriz, planteamendu bat baino gehiago egin daitezke. Duda barik, 1918ko proiektua, bere horretan hartuta, neurri batean baino ez da baliagarri gaur egun. Aldaketa franko izan dira ordutik hona. Badago zertaz hitzegin, zertan sakondu, hausnartu. Tabuak eta fetitxeak, biak apurtu behar dira. Ez dut zeruan idatzita ikusi nolako biblioteka behar dugun. Bi gauzatan, ordea, ados egon gaitezke danok: Euskal Herri osoko biblioteken arteko harremana bultzatu behar da, eta harreman horietan euskara da oinarria eta giltzarria. Arazo politikoak (noiz eta non ez daude?) ez dira, ez lukete izan beharko, bi baieztapen horien gaineko adostasuna pitzatzeko gauza.

Egungo egoeran, hala ere, epe motzera ez dirudi erreza Euskal Herriko hiru erkidegoen artean erakunde amankomun bat sortzea. Baina Eusko Jaurlaritzak ez du aparteko arazorik Euskal Biblioteka “berri”, “nagusi”, “nazional”, edo dena delako bat sortzeko (hola jokatu dute, bestalde, Espainiako autonomia erkidego ia guztietan). Erakunde horrek biblioteka nazional baten eginkizunak bereganatuko lituzke EAEri dagokionez, eta Nafarroa eta Iparraldeko bibliotekekin harreman eta elkar-laguntza hitzarmen berriak sortzeko gai izango litzateke. Gutxiegi ote, zenbaitentzat? Euskal Herriko zazpi herrialdeek politikoki bat egingo balute ere (zinez zaila dirudien hipotesia!), hortik sortuko litzatekeen biblioteka-sistema ere oso dezentralizatua litzateke, gure herriaren historiari dagokion bezala.

Gai asko utzi ditugu jorratzeko. Garrantzitsuena, euskarari buruzkoa. Gaur eguneko egoera penagarria, besteak beste, Euskal Biblioteka Nazional baten gabeziatik ondorioztatzen da. Adibide erraz bat jartzearren: Azpeiti, Oñati edo Hernaniko Udal Biblioteken katalogoa gaztelania hutsez dago. Eta ez da bertako bibliotekarien euskararenganako ardura ezak eraginda! Pasa den urtean Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia sortu genuen. Hogei bat bibliotekari biltzen gara, hilaren lehenengo ostegunean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Zu ere etor zaitezke.

Pruden Garzia Azkue Bibliotekako zuzendaria

Necesitamos una Biblioteca Nacional Vasca

Joana Albret 1998/06/05 10:00

Los integrantes de Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia, al final de este período del año, queremos dar a conocer lo siguiente:

a) La situación de las bibliotecas, centros de documentación y archivos de Euskal Herria es, en general, preocupante: se dan graves problemas y carencias. Especialmente en lo referente al estatus y utilización del euskera, donde la situación es muy mala.

b) Pedimos una política más activa y eficaz para hacer frente a los problemas y carencias en este ámbito. Asimismo, elaboración de leyes con este fin en las Comunidades Autónomas del País Vasco y Navarra.

c) Reclamamos una Biblioteca Nacional Vasca, es decir, una biblioteca que encauce la unión y coordinación entre las bibliotecas del conjunto de Euskal Herria. Solicitamos a los entes públicos que emprendan lo antes posible las gestiones y conversaciones necesarias para poner en marcha este proyecto histórico.

d) Especialmente, la solución a la situación de marginación sufrida por el euskera debiera tener prioridad absoluta. Pedimos la creación de una Agencia Catalográfica Vasca para encauzar los problemas en este área.

Este comunicado se dirige a la ciudadanía en general y será dado a conocer por medio de la prensa. Considerando que en la Comunidad Autónoma del País Vasco se convocarán próximamente elecciones, emplazamos especialmente a todos los partidos políticos de esta Comunidad a que tengan en cuenta nuestras peticiones.

Uztaritze, 5 de junio de 1998

Euskal Biblioteka Nazionala behar dugu

Joana Albret 1998/06/05 10:00

Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko partaideok, urtealdi honen amaieran, honako hau adierazi nahi dugu:

a) Euskal Herriko biblioteka, dokumentazio-zentru eta artxiboen egoera, orohar, kezkagarria da: arazo eta gabezia haundiak daude. Bereziki euskararen estatus eta erabilerari dagokionez, egoera biziki txarra da.

b) Alor horren arazo eta gabeizei aurre egiteko politika aktiboago eta eraginkorrago bat eskatzen dugu. Orobat, euskal erkidegoetan horretarako legeak egitea.

c) Euskal Biblioteka Nazional bat eskatzen dugu, alegia, Euskal Herri osoko biblioteken arteko lotura eta koordinazioa bideratuko lukeen biblioteka. Herri Aginteei eskatzen diegu lehenbailehen beharrezkoak diren elkarrizketak eta gestioak egin ditzaten proiektu historiko hori abiarazteko.

d) Bereziki, euskarak pairatzen duen bazterkeriari konponbidea emateak lehentasun osoa behar luke izan. Euskal Agentzia Katalografiko bat eskatzen dugu alor honetako arazoak bideratzeko.

Adierazpen hau euskal herritar orori zuzendua da, eta prentsaren bidez zabalduko da. Kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoan laster hauteskundeak izango direla, dei berezi bat egiten diegu erkidego honetako alderdi politiko guztiei gure eskaerak aintzat har ditzaten.

Uztaritze, 1998ko ekainaren 5a

Euskal Liburutegi Nazionalaz

Agurtzane Juanena 1998/03/01 10:00

[PDF] Egilea: Agurtzane JUANENA

Sarrera

Durangoko azken Azokan (31.a, 1996ko abenduan) "Liburutegi nazionala ala nazionalak?" izeneko mahai ingurua izan zen. Partaideak, Eduardo Estrade, Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen zuzendaria, Joseba Agirreazkuenaga, Bilboko Bidebarrieta Kultur Guneko zuzendaria, eta Francisco Javier Lopez Landatxe, Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendaria. Moderatzaile, Joan Mari Torrealdai izan zuten.

Aipatu izenburuaren azpian Gerediaga Elkarteak bost galdera proposatu zituen, bostak ere gure biblioteken egoeraren islada emateko pentsatuak: 1. Nola ikusten duzue gaur egun euskal liburutegien egoera Euskal Herrian?

2. Beharrezkoa da, Kataluniak duen bezala, Euskal Herriak Euskal Liburutegi Nazional bat izatea, ala, museoen arloan bezala, liburutegi nazionalen sare bat behar dugu? 3. (...) Kanpotik ikusten den irudiagatik esan genezake Euskal Herriko liburutegiakeuren arteko lehia batean sarturik aurkitzen direla euskal gaiei buruzko liburuak (...) eskuratzerakoan. Benetan al dago horrelako lehiarik? Ez dira kaltegarriak liburutegien arlorako egoera honek sortzen dituen ondorioak (merkatuen garestitzea, bildumen banaketa?)

4. Ikerlari askok dioenez, fondo asko toki "bitxietan" daude gaur egun; adibide gisa, horra hor Eusko Legebiltzarrak liburutegian jagoten dituen aintzinako euskal liburu erlijiosoen bilduma, e.a. Ez al ditu erakunde bakoitzak lantzen ari den arlo horretan ere, bere liburutegian ere, bere lana, kemena eta medio ekonomikoak finkatu beharko?

5. Eta, bukatzeko, zertan da euskaraz katalogatzearen arazoa?

Izenburuari hertsiki lotuz esateko franko zegoenez, partaideek ezin izan zituzten patxadaz jorratu puntu horiek guztiak. Ni, aldizkari baterako idazteak eskaintzen duen abagunea aprobetxatuz, neure ikuspegi profesionaletik zenbait gogoeta egiten saiatuko naiz ondorengo orriotan. Nafarroa eta Euskal Autonomi Erkidegoko liburutegien egoera

Liburutegien egungo egoerari buruz hitzegiteko, zenbaiten egoera partikularra ez, baizik eta guztien oinarri den marko legala izango dut aztergai. Bi esparru administratibootan, Nafarroan zein EAEn, antzerako erantzuna dugu: botere instituzionalek ez dute marko legal nahikorik garatu,ez dago tajuzko politika bibliotekariorik.

Historia pixka bat

Euskal Autonomi Erkidegoan, transferentziek dantza egin dute batetik bestera: 1981ean Estatuaren konpetentziak Jaurlaritzari eman zitzaizkion eta horrek ELE (Euskadiko Liburutegi Erakundea) sortu zuen 1982an. Handik laster, 1983an, Lurralde Historikoen Legeak foru aldundiei aitortu zizkien zenbait konpetentzia liburutegi publikoen gainean, 1990era arte: urte hartan, liburutegi publikoen gaineko eskubide eta betebeharrak Eusko Jaurlaritzara itzuli ziren, Euskal Kultur Ondareari buruzko Legearen indarrez.

Joan-etorri horien ondorioa da apenas aurreratu dela laurogeiko hamarkadan, eta laurogeita hamarrekoan ere ezer gutxi,laster ikusiko dugun bezala. Euskal Kultur Ondareari buruzko legean aipaturik daude Euskadiko Nazio Mailako Liburutegi-Erapidetzaren egiteko nagusiak: bere liburutegiez arduratzea eta liburutegietarako zein bibliografi-ondarearekiko politika tajutzea. Kontua da oso lorpen eskasak izan ditugula batean zein bestean.

Hala ere, atzera jo eta 1990ean kokatzen bagara, orduan bazegoen espektatiba hoberik: urte hartan, Palman izan ziren dokumentazio jardunaldietarako, Iñigo Sanzek eta Luis Morenok komunikazio bat aurkeztu zuten "Sobre una red automatizada de bibliotecas del País Vasco" izenburuarekin. Azterlan hartan , Eusko Jaurlaritzaren honako asmo hau aipatzen zuten : Euskadiko Liburutegien Sare edo Sistema Automatizatua sortzea. Komunikazioaren autoreek Jaurlaritzaren enkarguz aurkeztu zuten proiektuan Euskadiko Liburutegien Sarea diseinatzen zen, hainbat sailez osatua baina, azken finean, guztiak egitura bakar baten partaide eta zerbitzu amankomun batzuen jabe bihurturik. Hauexek ziren sarearen katemaila nagusiak: argitalpen nazionalen kontrol bibliografikoa, informazioaren azterketa eta eskuratzea, profesionalen formazio iraunkorra, laguntza teknikoa, normalkuntza, nazioarteko programetan parte hartzea, katalogo kolektiboak, mailegutza eta trukaketa, nazioarteko datu-baseetarako sarbidea, erosketa zentralizatua, katalogazio amankomuna... Hona hemen komunikazioaren zenbait pasarte:
"En todo caso el planteamiento de una red de bibliotecas que comprenda los distintos tipos de bibliotecas existentes ha de sustentarse en una serie de requisitos básicos, como son: 1- Se debe promulgar una legislación para dar forma y viabilidad a los servicios recién creados o mejorar los ya existentes. 2- La estructura total no debe dividirse en un excesivo número de componentes. Las categorías aceptadas deben ser: Biblioteca Nacional u Organismo afín, Bibliotecas Públicas (...), Bibliotecas Universitarias, escolares, especiales y centros de documentación. El objetivo final del Sistema Automatizado de Bibliotecas de Euskadi es la cobertura informativa de toda la Comunidad Autónoma, en sus distintos niveles y estamentos culturales, educativos, empresariales, etc. Para lograrlo debemos intentar incluir en el Sistema, bien de forma plena, bien mediante conexiones puntuales, al conjunto de bibliotecas y centros de documentación del país. Este objetivo puede ser realizable en un plazo de diez años, de forma paulatina y siempre según lo marquen criterios tales como la implantación de nuestros productos, su incidencia en el mercado, los balances gastos ingresos, etc." [1]

Zer gertatu da egitasmo harekin eta egon zitezkeen antzekoekin?

Izenez, 1990ean onartutako Euskal Kultur Ondareari buruzko Legean sortu zen “Nazio Mailako Liburutegi Erapidetza”. Liburutegi Erapidetza hori liburutegi publikoek (sarrera libreko liburutegiek, udal liburutegiek) osatu behar zuten eta, nahi izanez gero, bertako partaide izan zitezkeen horretarako ituna sinatzen zuten gainerako liburutegiak ere: foru aldundietakoak, unibertsitateetakoak, liburutegi partikularrak. Izenez sortu zela esan dut, zeren printzipioz, nazio mailako liburutegi erapidetza edo sistema batek, nazio horretako era guztietako liburutegiez osatua behar luke, ez soilik udal liburutegiez. Nazio mailako informazio beharrei aurre egiteko, ez da nahikoa elkar lana edo borondatezko koordinazioa. Unesco-k informazio sistema nazionalak gomendatzen ditu (NATIS), integrazio eta koordinazio maila altuekin; eta horrelako sistemak burutzeko beharrezkoak dira bai azpegitura legala, bai nazio mailako plangintza eta erakundeak. Carrión Gútiez adituari jarraituz [2], nazio mailako liburutegi erapidetza batek lau zutabe behar ditu:

  • informazio politika (legeak edo/eta plangintzak)
  • nazioarteko elkarlanerako aukerak sortzea
  • biblioteken plangintza
  • benetako liburutegi nazionala

Azken finean,nazio mailako liburutegi sistema batek liburutegi nazionala dauka giltzarri, gainerako erakunde bibliotekario zentralak haren lagungarri baino ez direla. Udal liburutegi publikoen sistema izateko ere ez ditu baldintzak betetzen. Teoria bibliotekarioaren arabera, liburutegi sistema batek zerbitzu bibliotekario osoak eskaintzeko gauza izan behar du. Horretarako, gaur egun ezinbestekoak dira honako tresna hauek: liburutegi nagusi bat, lan bibliotekarioetarako zentroa, zuzendaritzaeta administrazioa.

Baina gatozen gure errealitatera. Zer daukagu egun?

Eusko Jaurlaritzako Liburu eta Liburutegien Zerbitzu, egon badago. Pertsona eta baliabide material urriez zenbait gauza egiten ditu: udal liburutegien koordinazioa bere gain hartu, dirulaguntzak eman, zenbait libururen katalogazio fitxak bidali, informatizazioaz arduratu [3]...Esan daiteke udal liburutegien beharrizan behinenak edo (euskararen gaian ezik, baina horretaz azken atalean jardungo dut) asetzen dituela. Hortik aurrera, maila altuagoko lanetarako ez du ahalmenik, edo hala ematen du behintzat. Esan digutelako sinesten dugu bibliografia nazionala egon badagoela, baina ez dugu orain artean ikusi. Ondare bibliografikoaren katalogo kolektiboa osatzeko batzorde bat aritu zen lanean 1992-1993 urteetan; berriro martxan jartzeko asmoa badutela sinisten dugu,baina hori ere esan egin digutelako, ez errealitate praktikorik ikusi dugulako.

Nafarroako egoera ez dut hain gertutik ezagutzen. Arazoa hala ere antzekoa dela esan genezake: nafarrek ere ez daukate liburutegi legerik. Horixe salatzeko, hain zuzen ere, artikulo bat atera dute TKn,Nafarroako Liburuzainen Elkartearen buletinean [4]. Bertan esaten den bezala, Estatuko elkarte autonomo gehienek azken hamar urteotan liburutegiei buruzko legeak onartu dituzte: Katalunia (1981), Andaluzia (1983), Aragoa (1986), Valentzia (1986), Gaztela-Mantxa (1989), Madrilgo Komunitate Autonomoa (1989), Galizia (1989), Gaztela eta Leon (1989), Murtzia (1990), Errioxako Komunitate Autonomoa (1990) eta Katalunia berriro (1993). Nafarroa, garai batean eta konparatiboki maila bibliotekario ona bazuen ere, atzean gelditzen ari da. Nafarroako Liburutegi Nagusiari dagokionez, gutxienez han badakite zein izango den: Biblioteca General de Navarra deiturikoa, edifizio berriaren kokalekua zela-eta eztabaida sortu zuena 1996an. Liburutegi horrek izango dituen funtzioak orain aztertzen ari dira: liburutegi publikoen koordinazioa, Lege Gordailuaren ardura eta abar. Gainera, Instituto Navarro de Bibliografía sortuko omen dute. Liburutegi horren itzalean, Bibliografía Navarra ekoizteko xedearekin [5].

Laburtuz, beste kontuetan ez bezala, alor honetan zoritxarrez elkarrekin gaudela ematen du: Estatuko elkarte autonomo atzeratuenen parean. Konstatazio honetatik abiatuz idatzi dute bibliotekari nafarrek beren aldizkariaren azken zenbakiaren editoriala [6]. Agian norbaitek pentsatuko du kritikoegiak edo garratzegiak garela geure instituzioekin. Horregatik iruditu zait interesgarria 1997ko apirilean argitaratutako liburu batean guri buruz esaten dena hona ekartzea. Hitzez hitz kopiatuko dut:
“El País Vasco accede a la autonomía mediante ley orgánica 3 (1979 de 18 de diciembre) (...) La legislación bibliotecaria que dimana de los órganos de gobierno es escasa y de poca entidad. En concreto carece de una ley de bibliotecas con el carácter de norma reguladora general de toda la comunidad, como ocurre en casi todo el resto del Estado español. (...) Estas son las únicas menciones que, desde el punto de vista del control bibliográfico, se efectúan en la legislación vasca de bibliotecas. Ninguna alusión por tanto a la necesidad de una biblioteca central de carácter nacional o regional, a la necesidad de elaborar una bibliografía que recoja el producto de la producción editorial vasca, de dar a conocer la cultura vasca a la comunidad implicada y al exterior. Nada absolutamente que relacione las oportunidades que la nueva situación política y administrativa supone para el desarrollo y la extensión de la cultura e idiosincrasia de la comunidad, como veíamos en otras legislaciones. Y esta parquedad, que podríamos considerar inherente a una mentalidad o a unos comportamientos más inclinados a los hechos que a las formulaciones teóricas impracticables, se da también en las actuaciones, pues en el País Vasco no existe equivalente alguno a la realización de productos bibliográficos como los de Cataluña o Galicia, las otras comunidades cuya particularidad linguística justificaría con más ahínco la confecciónde un instrumento que, además de difundir los productos de su lengua, sirviera como fundamento de la conciencia grupal.” [7]

Hauxe da kanpora islatzen dugun irudia. Nafarroaren kasua ez du aipatzen.

Liburutegi nazionala Euskal Herrian

Durangoko mahaingurura itzuliz, liburutegi nazionala beharrezkoa ote dugun galderari baiezko biribilaz erantzun zioten mahaikideek, beren arteko bakar batek izan ezik. Hark, liburutegi nazionalaren aipamena saihestuz, Liburutegi Sistemari buruzko zehaztapen legal batez jardun zuen: Lurralde Historikoen Legea dela eta, bertako liburutegiak Jaurlaritzaren arduratik kanpo geratzen dira, eta beraz ezin da legalki sare bateratu bat osatu, ezin da agindu hitza erabili [8]. Ondorioztapen okerra, dudarik gabe. Egia da agindu hitza ezin dela erabili, baina horrek ez du esan nahi sare bat osatzeko beste biderik ez dagoenik: hain zuzen ere, Euskal Kultur Ondareari buruzko Legeak, 83 eta 86. ataletan, Euskadiko Nazio Mailako Liburutegi Erapidetza liburutegi publikoez eta kondaira lurraldeen edo Estatuaren jabetzapekoez osa daitekeela dio, azken horiek horretarako ituna izenpetuz gero [9]. Komentzimendua eta borondatea falta ditugu, seguruenik.

Zertarako, bada, liburutegi nazionala?

Labur esanda, Euskal Herriak erreferentzia bibliotekario nagusia izan dezan eta bertako ekoizpen bibliografikoaren bilketa eta kontserbazioa berma dadin. Munduan zehar liburutegi nazional asko dago gaur egun, eta denak ez daude, noski, baldintza beretan. Baina desberdintasun ekonomiko, kultural eta sozialen gainetik, Unesco eta IFLA bezalako erakundeek biblioteka nazionalaren kontzeptuari honako ezaugarriak eransten dizkiote:

  • lehenengo, liburutegi nazionalak dira beren lurraldeetako produkzio bibliografikoaren parterik handiena eskuratu eta kontserbatzen dutenak
  • bigarren, beren nazioetako sistema bibliotekarioen buruak eta koordinatzaileak dira, sistema haien tamaina eta konplexutasunari begiratu gabe, eta nahiz funtzionamendu aldetik eginkizunak elkarren artean banaturik izan.

Dudarik gabe, gaur egun ez du zentzurik liburutegi nazionala sistema bibliotekarioaren oinarri bakar gisa hartzeak. Burua denez, izango dira beste erakunde bibliotekario batzuk ere, hura osatu eta hari lagunduko diotenak. Hain zuzen ere ardura banaketa hori kontuan hartuta zehaztu dira funtsezkoak diren eginkizunak eta funtsezkoak ez direnak 3 multzo bereiztuta:

a) Funtsezko eginkizunak:

  • lurraldeko ekoizpen bibliografikoa biltzea
  • Lege Gordailua jasotzea
  • bibliografia nazionala ekoiztea
  • datu base garrantzitsuak garatu eta mantentzea
  • lurraldeko gainerako liburutegiei arauak ematea
  • lurraldekozentro bibliografiko moduan jokatzea
  • atzerriko ekoizpen literarioa biltzea (lurraldearen interesekoa)
  • liburutegi-arteko mailegua planifikatu eta koordinatzea
  • lurraldearen zerbitzu bibliotekarioen plangintzan parte hartzea

b) Komenigarriak baina ez nahitaezkoak:

  • lurraldeko eskuizkribuak eskuratzea
  • ikerketa bibliotekarioa sustatzea
  • gobernuari zerbitzuak eskaintzea
  • irakaskuntza profesionala sustatzea
  • argitalpen trukaketa (nazio barrukoa, nazioartekoa) zentralizatzea eta abar, eta abar... [10]

Unescok aurreko sailkapena erabili du bere gomendioak emateko, nazio anitzeko adituen arteko adostasunean oinarrituak. Orientabide horiek malguak dira eta egoera desberdinetan aplikatu ahal izateko pentsatuta daude. Funtsean, alde batetik, dokumentuen kontserbazioa eta eskuragarritasuna bermatu nahi dira, eta, bestetik, liburutegi nazionalak ez dira bakarturik funtzionatzeko planteiatzen, baizik eta informazio sistema nazionalen funtsezko parte bezala hartuta.

Gurera itzuliz, lehenengo problema zatiketa administratiboa da.

Euskal kulturaren ikuspegitik ez du zentzurik euskal kultura autonomi erkidego bakar batetan egiten denera mugatzea. Exenplu bat emateko, EAEn, ekoizpen bibliografikoaren bilketarako tresna nagusiak, hau da, Lege Gordailuak, hiru lurralde historikoetan inprimatzen dena soilik jasotzen du. Zer gertatzen da Elkar bezalako argitaletxe inportante batek Nafarroan inprimatzen duenarekin, edo Iparraldean ateratzen den guztiarekin? Durangoko mahainguruan, galderen txandan, Kataluniako exenplua aipatu zen, bai eta gaur egun ditugun zenbait arazo ere: euskal liburutegiak euren artean izaten duten lehia dokumentuak eskuratzeko (dokumentu horiek garestituz eta bildumak barreiatuz) edo dokumentuen kokapen harrigarria (antzinako liburu erlijiosoak Legebiltzarraren Liburutegian egotea, adibidez).

Kataluniaren aipamenari dagokionez, eredu gisa har genezake, dudarik gabe. Nafarroako bibliotekarien buletinean agertutako artikuluan atal bat osorik eskaintzen zaio: Kataluniako Liburutegi Legea (bigarrena, 1993koa) bide da osatuena eta pentsatuena Estatuko gainerakoen artean. Kataluniako Liburutegien Sisteman, hango liburutegi guztiak integraturik daude, modu batean zein bestean: publikoak, pribatuak, unibertsitateetakoak. Kataluniako Liburutegi Nazionalaren helburua honako hau da:
“recoger, conservar y difundir la producción bibliográfica catalana y la relacionada con el ámbito lingüístico catalán, incluída la producción impresa, periódica o no, visual y sonora”.

Bestalde, “La Biblioteca de Cataluña, primer centro bibliográfico de la cultura catalana, mantendrá mediante las adquisiciones pertinentes, la condición de centro de consulta y de investigación científica de carácter universal”. Arazoak ere baditu, eta horietaz, beste artikulo bat irakur daiteke, zaharragoa, 1990an argitaratutakoa [11]. Kataluniakoa eredugarriena ezik, zaharrena ere bada, 1907 urtean sortu bait zuten. Estatuko beste lurralde batzuetan, autonomi erkidegoetako liburutegi nagusiak, zerbitzu bibliotekarioen transferentziekin batera sortu dira, lehenago aipatutako legedien barnean. Ikusten denez, autonomi erkidego gehienek euren Liburutegi Nagusia sortu dute: Andaluzia, Aragoa, Asturias, Madril, Murtzia, Gaztela eta Leon, Valentzia... Funtzioak, Biblioteca Nacional delakoak Estatu espainiarraren mailan dituenen antzekoak, bakoitzak bere lurraldea marko bezala hartuta:

  • Autonomi Elkarteko sistema bibliotekarioaren buru izatea
  • Lurraldean ekoizten den ondare bibliografiko eta dokumentala jaso (L.G. ren bidez), kontserbatu eta tratatzea. Gauza bera, lurraldetik kanpo sortu arren lurraldeari buruzkoak diren dokumentuekin.
  • Bibliografia eta katalogo kolektiboa elaboratzea.
Gaur egun, liburutegi nagusi horien egoerak nahiko desberdinak izanik ere, ia inork ez du haien beharra kuestionatzen. Kezka, beraz, bildumen eta funtzioen bikoizketa ekiditea izaten da, eta horretarako lurraldeko gainerako liburutegiekin koordinatzen dira [12]. Eta, liburutegi nagusien beharra noizbait zalantzan jarri bada, horrela erabaki da:
“¿Son real y absolutamente necesarias este tipo de bibliotecas? ¿Puede haber un buen servicio bibliotecario a la Comunidad sin una Biblioteca Central? Si admitimos el hecho de que, salvadas las distancias, las Bibliotecas Centrales representan para las Comunidades lo que las Bibliotecas Nacionales para los Estados, hemos de concluir que, a pesar de que el concepto de Biblioteca Nacional ha entrado en crisis por diversas razones (...) , las Bibliotecas Nacionales continúan existiendo, tal vez porque el peso de la tradición las hace absolutamente imprescindibles. Por otra parte, no es menos evidente que el establecer un sistema bibliotecario que realmente merezca el nombre de tal, necesita de suyo el contar con una pieza básica que, en este caso, sería la Biblioteca Central. (...) Cuando, como sucede en la mayoría de las Comunidades, los sistemas bibliotecarios correspondientes han comenzado ex nihilo, estimamos que la Biblioteca Central no sólo es necesaria, sino también esencial e insustituible*. [13]

Azken informazioa, Cáceresen 1996ko urrian izandako "V Jornadas Españolas de Documentación Automatizada" izeneko jardunaldietan jaso da [14].

Proposamenak

Beraz, guretzat, autonomi erkidegoetako liburutegi nagusiak gutxienezko abiapuntuak lirateke. Oinarrizko helburua, EAEko eta Nafarroako zerbitzu bibliotekarioak zaindu eta garatzea. Bokazioa, euskal kulturari aportazio propio eta ordezkaezina eskeintzea. Lehentasunen artean, gainerako euskal administrazioekin (Iparraldearen kasuan, liburutegi nagusiekin) harremana finkatzea, euskal kulturaren erreferentzia bibliotekarioa, erakunde guztion artean lor genezan, bakarraren bidez ezin denez gero. Gutxienezko abiapuntuak idatzi dut, euskal kulturaren aldeko konpromezua gure egiten dugunok, ahalik eta normalduen nahi genukeelako, beste kultur komunitate askok dituzten antzeko baliabideen jabe garela.

Unescok espreski aipatzen du liburutegi nazionalaren zerbitzuak era zentralizatuan edo banatuan egon daitezkeela. Funtzioak banatzeko erabakia hartzeak erakunde bakoitzaren zereginak zehaztasun osoz definitzea eskatzen du eta erakunde horiek baliabide ekonomiko egokiez hornitzea. Hori guztia egitura politiko amankomunaren barnean. Gure kasuan, egitura politiko zatituetan aritzeak zaildu egiten du dena. Liburutegi nazional birtuala dagoeneko posibilitate erreala da teknikoki. Informatizazioak orain arte irudikatu ezineko moduan eskeintzen du liburutegien fondoak ezagutzeko aukera.Teknologi berrien bidez, mikrofilmazioaren eta digitalizazio tresnei esker, dokumentuaren eskuragarritasuna konpartitzea posible da, nahiz eta ale originala toki bakarrean gorde. Baina teknika hutsak ez du dena konpontzen. Politika bibliotekarioa diseinatu eta bideratu behar dute instituzio publikoek.

Zeregin konkretuez mintzatuz, liburutegi nazionalen funtzioei buruz hartu izan diren erabakietatik, funtzio minimo batzuk ondorioztatzen dira, borondate politikoak bakarrik erdietsi ditzakeenak eta, besteak beste, honako hauek direnak:

  • iraganeko ekoizpen bibliografikoa berreskuratzea
  • nazioarteko araudiak komunitatearen beharrei egokitzea
  • erosketa plan nazionala koordinatzea.
Nabaria denez, Durangoko mahainguruaren 3., 4. eta 5. galderak funtzio minimookin daude erlazionaturik. Liburutegien arteko elkarlana ezin da iniziatiba partikularren zorira utzi. Sustatu eta zuzendu egin behar da. Euskal bibliografia, Jon Bilbaok hasitako lan erraldoia, Euskal Herritik kanpo ere ezagutua eta baloratua, ezin da bertan behera utzi. Arestian aipatutako El registro de la memoria: las bibliografías nacionales y el depósito legal monografia espainolak utzikeria horri buruzko eritzi kritikoa ematen du honela:
“Pero esta dejación, en cuanto al control bibliográfico se refiere, es necesario imputarla exclusivamente a las instancias institucionales que hasta el momento no han mostrado una excesiva preocupación por esta forma de cultura que es la comunicación impresa, entendida en sentido amplio, y su preservación a través de los mecanismos legales estipulados para ello. Un ejemplo de esta actitud, en cierto modo cicatera, para con los vestigios escritos de la cultura vasca, lo puede constituir la falta de apoyos que, a lo largo de su irregular discurrir, ha recibido el único proyecto que podíamos asimilar con un intento de control bibliográfico en el País Vasco, aunque con las particularidades que comentaremos posteriormente. Nos estamos refiriendo a la Eusko Bibliographia, auspiciada por Jon Bilbao Azkarreta. (...) Creemos que sobran los comentarios ante el abandono de una actividad que consideramos consustancial con el conocimiento y preservación de la realidad cultural de un país, una región o territorio cualquiera”. [15]

Esku artean duzun argitalpenari dagokionez ere, ez da bidezkoa euskaraz egindako ekoizpen inprimatuari buruz Jakin aldizkariak urtero urtero eskaintzen duen emaitzak militantzia hutsez irautea. Horretarako eta beste gauza batzuetarako, baliabideak behar dira, jakina. Errekurtsoen eskasia aipatzen baitigute zenbaitetan, arrazoi bezala. Profesionala naizen aldetik, ez dut duda izpirik ere errekurtso horien premiaz; baina, hain zuzen, gabeziak nabarmenduz eta gabeziez hitzeginez lortu ahal izango dugu errekurtsoak eskuratzea...Eta horiek ere, borondate politikotik datoz. Nik ez dakit, biblioteken gaiak zergatik ez duen merezi izan kontsiderazio hoberik, euskal kulturaren eremuan. Historian atzerago begiratuz, liburutegi nazionalaren asmoa 1918. urtean aipatua da iadanik, Tomas Etxebarriak I. Eusko Ikaskuntzen jardunaldian aurkezturiko txostenean [16]. Asmoa ez da geroztik itzali. Baina XXI. mendearen atarian gaude eta, beste hainbat gabezia eta hutsuneren artean, erdara dugu nagusi gure liburutegietan. Ikus hurrengo epigrafean.

Euskara katalografikoaren normalizaziorantz

Nik dudan informazioaren arabera, gaurko egoeraren laburpena honelaxe egin genezake: liburutegi gutxi batzuk, goragoko planifikazio edo laguntzarik gabe,euskara hutsez katalogatzeko erabakia hartu dute aspaldiez dela. Hor ditugu, besteak beste: Euskaltzaindiko eta HABEko liburutegi espezialduak, SHEE-IVEFeko liburutegi unibertsitarioa, euskal kulturaren erakundeetakoak diren zenbait dokumentazio zentro ere: Bertsozale Elkarteko Xenpelar, EKB, UZEI, EIZIE, Iparraldeko Ikas Bi... Bi foru diputaziotako liburutegiek (Bizkaikoak eta Gipuzkoako Koldo Mitxelena Kulturuneak) bi hizkuntzetan egiten dute katalogazio lanaren zenbait alderdi [17]. Baina liburutegien multzo zabalena -udal liburutegi publikoak, espezialduak, unibertsitarioak- erdaraz aritzen da, agian nik ezagutzen ez dudan salbuespen bat edo beste kenduta.

Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen biblioteka publikoen sareak laguntza teknikoa (aukeratutako bibliografia) gazteleraz jasotzen du harengandik. Jaurlaritzaren ardura den bibliografia nazionala (Gipuzkoa, Bizkaia et Arabako Lege Gordailuak biltzen duenaz osatua), hau idazten ari naizenean publikoki ezagutzen ez bada ere, gazteleraz burutzen ari dira, bertako teknikariek esan didatenez.

Izan dira, noski, euskararen erabilpena sustatzeko saioak. Adibidez, Gipuzkoako Bibliotekari eta Dokumentalisten Elkarteko Euskara Batzordeak, 1995ean Eusko Jaurlaritzari txosten bat aurkeztu zion, liburutegietan erabiltzen den gaien zerrendan (Espainiako Ministerio de Culturak argitaratuan) oinarritua, euskarazko gai zerrenda bat osatuz joateko. 1992-1993 lanean aritu zen EAEko katalogo kolektiboa osatzeko ikerketa batzordea ere, xede horren alde agertu zen. Gainera zerrenda espainiarraren bi itzulpen argitaratu dira azken urteotan. Baina gai zerrenda horiek HAEE-IVAPen oneritzia ez dute merezi izan, eta azkenean aurtengo irailean, lan talde bat osatu da, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, gaien zerrenda euskeratu bat udal liburutegiei eskaintzearren.

Hala ere, arazoa zera da: euskara katalografikoaren normalkuntza ez dela katalogazioaren alderdi zehatz batera mugatzen, ezta udal liburutegien esparrura ere. Planteiamendu zabalak eta orotarikoak behar ditugu, liburutegi guztien beharrei erantzun ahal izateko eta katalogazioaren osotasunean txertatzeko. Horren harira dator liburutegi nazionalaren premia euskararentzat: bibliografia nazionalaren arduradun bezala (zuzenean zein bere menpeko agentzia katalografiko baten bidez), katalogo kolektiboaren aitzindari bezala, lurraldeko gainerako liburutegientzako arauemaile bezala....

Zerekin konformatzen ari gara, bitartean?

Adibidez, sistema informatikoen azaleko aukera elebidunarekin: katalogoaren menuak euskaraz ikusi ahal izango ditugu (fitxategien izenak: izenburuak, argitaldariak, gaiak ; agindu kodifikatuak: aurrera, atzera... ; laguntza-pantailak, eta abar) baina interesatzen zaigun dokumentura iritsita, katalogatzaileak fitxan ezarritako datuak (deskribapena, oharrak, zenbait izen propio, gaiak...), gazteleraz irakurri beharko ditugu. Kuriositatea duenak, bisita egin dezala gertuen daukan liburutegira. Edo, adibidez, zenbait tokitan, merkeago aterako zaigula-eta, liburuak kaxetan sartu eta Granadara bidaltzearekin, Espainiako enpresa pribatu batek hantxe kataloga ditzan. Horrela landuko al dugu geure ondare bibliografikoaren katalogazio modu propioa? Horrela garatuko al dugu euskal kulturaren atal garrantzitsu bat?

Eusko Jaurlaritzaren Liburu eta Liburutegien Zerbitzuak hitzarmena dauka Gazteizeko Kultur Etxearekin, Absys sistemaren bidez, haren erregistro katalografikoak udal liburutegien eskura jartzeko. Espainiako Ministerio de Cultura-k daukan Rebeca datu basearen sarrera ere ahalbidetzen du Absys-ek. Baina batean zein bestean, gaztelania hutsez daude erregistroak. (Esan behar dut, baita ere, Absys dela Azkue Bibliotekaren sistema informatikoa eta, beraz, sistemak berak ez duela euskaraz katalogatzea galerazten.) Zein da Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu horrek euskararen normalkuntzari dagokionez daukan planteiamendua? Hizkuntza hautatzeko aukera ematea udal liburutegiei: hau da, euskaraz katalogatu nahi duen udal liburutegiak euskaraz katalogatu ahal izango du (nola edo hala, normaldurik ez dagoenez) eta gazteleraz katalogatu nahi duenak, gazteleraz. Gai zerrenda elebiduna erabili beharko dute kasu guztietan, hura prestatzen denean. Hori guztia, bertako teknikariek emandako ahozko azalpenez jakin dut. Nire eta beste bibliotekario batzuren ustez, gaur egun horrelako jokabidea izatea euskararen kalterako izango litzateke. Toki gutxitan, herri oso euskaldunetan bakarrik, animatuko dira euskara hutsez katalogatzera,eta teknikoki zailagoa egingo zaie gainera, tresnak euskaldundu ez direlako.

Nik, gutxieneko bezala, katalogazio elebiduna exijituko nuke, dokumentuen araberako hizkuntz tratamendua, alegia: euskarazko dokumentu guztiak, euskaraz,eta gainerakoak, erdaraz. Gai zerrenda elebidunak, kasu guztietan. Hala ere,aurrekoak badu koskarik euskararen aldeko ikuspegi zorrotz batetik hartuta: argitaratzen denaren zati txikia denez euskarazkoa (liburutegien fondoaren barruan parte bat, eta ez handiena), katalogoan, bere osotasunean hartuta, erdara nagusituko da. Arrazoi kuantitatibo sinpleengatik. Bi aukera daude kinka honetatik ateratzeko:

  • katalogoak bikoiztea. Kostuak bikoiztuko ez diren arren, kostuen gehikuntza da seguru aski oztopo garrantzitsuena. Beste aldetik, nik jasotako informazioan (Kanada, Belgika eta Suitzako liburutegi nazionalen ereduak) ez dut aurkitu horrelako praktikarik. Hala ere, pentsatzekoa da.
  • euskarari, diskriminazio positiboa aplikatuz, lehentasuna ematea. Honek ez du zerikusirik lehenago aipatu dudan “hizkuntz hautaketa”rekin. Ez da udal liburutegi bakoitzaren esku utziko zein hizkuntza erabili, baizik eta, horretarako behar diren tresna tekniko egokiekin batera, euskaraz katalogatzeko aholku edo agindua emango. Euskaraz egingo ez dutenei, katalogazio elebiduna exigituko zaie.

Finean, arazo konplexu baten aurrean gaude. Plangintza eta lankidetza eskatzen duen arazoa da, eta, behin eta berriz azaltzen saiatu naizen bezala, plangintza bibliotekario zabalago baten barnean kokatu behar dena. Lurralde bateko, eta arrazoi handiagoarekin hizkuntza bateko, eredu katalografikoa emateko, zentro edo agentzia katalografikoa edukitzea ezinbestekoa da. Euskararen egoera penagarriaren haritik gure egitura bibliotekarioaren ahuleziaz topo egin dugu berriro: ohartzeak eta aitortzeak lehen pausoak izan behar dute, aldatu nahi baldin bada.

Etorkizunera begira, zurrunbilo sozialean, badirudi haize berriak dabiltzala,itxaropenari eusteko haize egokiak. Aldarrikapen teorikoak, Bartzelonan 1996an adostutako Hizkuntz eskubideen deklarazio unibertsala bezalakoak, zeinak V. Atalean, 45. artikuluan honela baitio:
"Hizkuntz komunitate orok eskubidea dauka lurraldeko hizkuntza propioak toki nagusia har dezan kultur gertakarietan eta zerbitzuetan, hala nola liburutegiak, bideotekak, zinemak, teatroak, museoak, artxiboak,informatika-ekoizpena, folklorea, kulturaren industriak, eta kultur bizitzatik eratorritako beste agerkari guztiak”" [18]. (Beste erreferentzi bat 40. artikuluan). Ildo teorikoren barruan, baita ere, aipagarria da halaber Europako Hizkuntzei eta Legediei Buruzko Nazioarteko III. Simposiuma, Iruñean ospatua eta aurreko deklarazioa izan zuena oinarritzat. Ekintza praktikoetan, berriz, Instituzioen aldetik, Josune Ariztondok, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak jakinarazi zuenez, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia urte honen amaierarako aurkeztuko dute Gobernuan. Euskararen Aholku Batzordea izango da ebaluazio irizpideak eta proposamenak aurkeztuko dituena. Eta, nola ez, Euskararen Unibertsoaren lehen jardunaldiak. Plangintza orokorraren barruko helburu sektorial bat baino gehiagotan beharko da bibliotekarioen eskuhartzea: hedabideenean eta kulturgintzan, teknologian. Isilik baino interes handiz jarraitu genituen bibliotekario batzuek hango solasaldiak. Hain zuzen, gai horri buruzko gonbite batekin bukatuko dut artikulo hau:

Euskal Herri mailan, biblioteken esparruan euskararen normalkuntzaren alde lan egiteko bibliotekario eta dokumentalista taldea sortu da: Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia .

Honetan interesaturik dagoena azpian sinatzen duenarekin jar daiteke harremanetan. Gogoz hartuko dugu lankide berritzat. Agurtzane Juanena Alustiza, bibliotekaria Koldo Mitxelena Kulturunea 1997ko urriaren 2an

-----------

Oinak:

[1] Sanz, Iñigo eta Moreno, Luis. Sobre una red automatizada de Bibliotecas del Pais Vasco. Non: Documat 90 /Terceras Jornadas Españolas de Documentación Automatizada. Palma de Mallorca : Universitat de les Illes Balears,1990. ISBN 84-7632-086-8, 1227, 1234 orld.

[2] Carrion Gutiéz. Manual de bibliotecas. [1ª reimp. corr.]. Salamanca ; Madrid : Fundación Germán Sánchez Ruipérez, 1988. ISBN 84-86168-26-0,227-228 orld.

[3] Osacar Arraiza, Gloria. La automatización de las bibliotecas en el País Vasco. Non: ALDEE. Año 1, n. 2 (dic. 1995), 6-18 orld.

[4] Arana Palacios, Jesús eta Olaso Val, Anabel. Legislación sobre bibliotecas : un estudio comparativo. Non: TK.1 zk., 43-53 orld.

[5] Iturralde Sola, Juana eta Arana Palacios, Jesús. Entrevista a Carmen Jusué Simonena, Jefe de Sección del Libro y Bibliotecas. Non: TK.1 zk., 19-22 orld.

[6] Modelo de qué. Non: TK. 3 zk. (1997 ekaina), 6-8 orld.

[7] Cordón García, José Antonio. El registro de la memoria : bibliografías nacionales y depósito legal. Gijón : Trea, 1997.ISBN 84-89427-23-2, 223-224orld.

[8] Liburutegi nazionalaren beharra. Non: Egunkaria. 1996-ko abenduak 7. 12 orld.

[9] Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. 1990. Abuztuaren 6

[10] Vellosillo González, Inmaculada. Las bibliotecas nacionales. Non: Manual de biblioteconomía. Madrid : Síntesis, 1996. ISBN 84-7738-363-4, 325-335 orld.

[11] Pérez, Adoració. El papel de las bibliotecas nacionales en las Comunidades Autónomas, un caso concreto: la biblioteca de Catalunya. Non: Documat 90 /Terceras Jornadas Españolas de Documentación Automatizada. Palma de Mallorca : Universitat de les Illes Balears,1999. ISBN 84-7632-086-8, 349-367 orld.

[12] Orera Orera, Luisa. La Biblioteca Nacional de España y las Bibliotecas Centrales de las Comunidades Autónomas. Non: Manual de biblioteconomía. Madrid : Síntesis, 1996. ISBN 84-7738-363-4, 337-362 orld.

[13] Fuentes Romero, Juan José. Las Bibliotecas Centrales de las Comunidades Autónomas : análisis de la situación y perspectivas de su desarrollo. Non: Documat 90 / Terceras Jornadas Españolas de Documentación Automatizada. Palma de Mallorca : Universitat de les Illes Balears,1990. ISBN84-7632-086-8, 166-186 orld.

[14] Conclusiones de las V Jornadas Españolas de Documentación Automatizada (Cáceres, 17-19 de octubre de 1996). Non: Correo Bibliotecario (10 nov. 1996) http://www.bcl.uva.es

[15] Cordón García, José Antonio. Op. cit. 228, 231 orld.

[16] Echevarría, Tomás de. Proyecto de creación de una biblioteca exclusivamente vasca. Non: Primer Congreso de Estudios Vascos. Bilbao : Bilbaína de Artes Gráficas Juan J. Rochelt, 1919. 673-688 orld.

[17] Juanena Alustiza, Agurtzane. El euskera en la catalogación de nuestro patrimonio bibliográfico. Non: ALDEE, Año 2, n. 4 (dic. 1996), 16-21 orld. Euskara gure ondare bibliografikoaren katalogazioan. Non: TK. 3 zk. (1997 ekaina), 71-75 orld.

[18] Hizkuntz eskubideen deklarazio unibertsala, Antton Elosegi Aldasoro euskaratua. Non: Hika. 71 zk,35-39 orld.

ESAIT - Joana Albret 0-0

albret
Zer lortuko dugu lehenago Euskal Selekzioa edo Euskal Liburutegi Nazionala?

 Duela 10 urtetik hona nire buruari galdetzen diot ea Euskal Herrian zer lortuko dugun lehenago Futboleko Euskal Selekzioa edo Euskal Liburutegi Nazionala.

Azken urte hauetan horrela ibili gara, erronkan, jokatzen, baina epaileak ez dizkigu utzi golak sartzen, eta sartu ditugun gol guztiak baliorik gabe utzi ditu. Batzuetan iruditu zait kultura kirola baino aurrerago ikustea, askoz hobeto jokatzen, eta gola sartzeko zorian ikusi dut behin baino gehiagotan.

Baloia ere behin baino gehiagotan sare barruan ikusi ditut, baina alferrik, epaileak balio gabe utzi ditu sartutako gol guztiak. Unerik beroena Liburutegien Legea Euskal Legebiltzarrak onartu zuen izan zen. Epailak ere gola ontzat eman zuen, baina Lehiaketa Batzordeak partida bertan behera utzi zuen.

Euskadiko Liburutegia Liburutegien Legeak Euskadiko Liburutegia sistemaren ardatza eta burutzat hartzen du, baina lastima justu Euskadiko Liburutegiari dagozkion artikuluak ez dira garatu, ez dira jarri indarrean. Hutsaren hurrengoan geratu dira.

Laburbilduz, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna eta Euskal Liburutegi Nazionalaren sormena parean daude! ESAITek desagertzea erabaki du, Joana Albretek, berriz, minimoetan jarraitzea erabaki du. Azken finean, berdin!

Gerardo Luzuriaga

Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.