Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Euskal Herriko Liburutegi Nazionala

Euskal Herriko Liburutegi Nazionala

Gerardo Luzuriaga 1999/12/12 01:00

Egilea: Gerardo LUZURIAGA

Orain urtebete, Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kide batzuek artikulu bat bidali genuen hedabideetara azken urteotako euskal politika bibliotekarioa salatu eta hainbat iradokizunen berri emateko. Urtebete iragan eta gero, egoera bibliotekarioa ez da ezertxo ere aldatu, eta hortxe gabiltza, astoa langan bezala: ez aurreraka ez atzeraka.

Joan den urteko idatziaren ildoari jarraiki, adierazi beharra dut 1980an eskuratu zituela Euskal Autonomia Erkidegoak liburutegiak kudeatzeko eskumenak. Harrezkero, 20 urte pasa dira, eta transferentzia horiek geure esku egon arren, Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik orain Liburutegi Nazionala sortu. Liburutegi Nazionalaren falta guztiz kezkagarria da, liburutegiak ez ezik kultura ere gabeziarik handienean baita. Horren ondorioz, kultura nazionalaren zutabea dena ez izateak kultura egitasmoko gabeziak ere agerian uzten ditu. Bestalde, gogarazi beharra dago nazioarteko erakundeek gomendatzen dutela herri bakoitzean erakunde ofizial bat sor dadin, bertako sistema bibliotekarioaren ardura izan dezan.

Liburutegi Nazionalaren xedea

Euskal Herrian sortzen den ekoizpen bibliografiko guztia bildu, zaindu eta zabaltzea bermatuko luke: liburuak, aldizkariak, egunkariak, kartelak, mapak, etab. Azken finean, jaso eta gorde egingo luke bertan edo bertakoari buruz argitaratzen den guztia, beranduagoko belaunaldietako herritarrengana behar bezala irits dadin. Tamalez, arazoak arazo, egun arte ez da sortu eginkizun hori bere gain hartuko duen erakunderik. Hori dela eta, ez daukagu ez non gorde ez nora jo argibide bila, geure herrian zein atzerrian plazaratzen direnak kontsultatzeko. Ez genuke ahantzi behar Liburutegi Nazionala kultura komunitate baten erreferentzia bibliotekario zuzena eta nagusia dela, herri baten memoria, finean. Horrenbestez, burua lehengo lepotik edukitzeak ez digu inolako onurarik ekarriko.

Araudi bibliografikoa egokitzea

Liburutegi Nazional horrek nazioarteko araudiak egokitu eta hainbat zehaztapen egin beharko lituzke katalogatze prozesuak bateratzeko.

Eginkizun hori, bene-benetan, izugarri garrantzitsua da, liburutegien filosofiaren oinarria Unibertsaltasuna baita. Mundu zabaleko liburutegien katalogoak eta arauak unibertsaltasunaren printzipioa gogoan antolatuta daude, hau da, ISBD arauen arabera. Ildo horri jarraiki, zenbait erakunde nazionalek batzorde teknikoak izendatzen dituzte. Ondoren, batzorde horiek arazoak eta tokian tokiko berezitasunak Ÿhizkuntza edo beste ezaugarri batzuk direlaŸ aztertuta, egokitu egiten du araudia lurralde osoko liburutegietara zabaltzeko.

Gurean, Euskal Herrian alegia, oraindik ez da abian jarri prozesu luze hori, oraindik ez da diseinatu araudi bibliografikoari dagokion politika; beraz, arlo horretan ere, euskararen erabilera normalizatu beharra dago. Horiek horrela, Espainian eta Frantzian egindako arauak hitzez hitz jarraitzen ditugu, edo, bestela esanda, haiek jarritako ereduen mendean gaude.

Gauzak horrela, Euskal Herriko liburutegietako lan teknikoak erdara hutsez egiten dira, gezurra badirudi ere. Salbuespenak salbuespen, kostata aurkituko du euskararen aztarnarik gure herriko liburutegietara jotzen duenak.

Horra hor administrazioaren erantzukizuna, dena dago egiteko. Ez dugu esango ekimen eta ekintza guztiak administrazioak sortu behar dituenik, baina bai lehenbiziko urratsak abiarazi, behintzat. Liburuzain euskaldunek eguneroko lanak euskaraz egiterik ez dugula ohartu behar dute agintari politikoek eta, behingoz, gaiari merezi duen lehentasuna eman beharko liokete.

Hona, liburuzain eta dokumentalistek geure lanak euskaraz egiteko beharrezkoak ditugun hainbat lanabes: - Nazioarteko ISBD arauak eta terminologia egokitu.

  • Euskaraz katalogatzeko arauak sortu.
  • Gai zerrenda eta gako hitzak jartzerakoan geure ereduen arabera egin, Espainia eta Frantziako historia, geografia, etnografia eta abarri begira jarri ordez.
  • Deskribapen bibliografikorako erabiltzen diren tresnak sortu.
  • Sarrera nagusiak edo autoritateen katalogoa sortu, etab.

Kontuan hartzekoa da honelako lan tresnak sortu eta antolatzea ez dela gauerdiko ahuntzaren eztula, horrek lan eskerga ikaragarria eskatzen baitu. Beraz, goian azaldu eginkizunak gauzatzeko teknirari talde bat eta urteetako lana beharko litzateke. Hori horrela gertatzen baldin bada edozein herritan, pentsa ezazue nolako lana egin beharko den hizkuntza normalizatu gabe dagoen gure herri honetan.

Gure herriko biblioteken koordinazioa

Euskal Herri osoko biblioteken arteko koordinazioa, hots, publiko zein pribatuen artekoa Ÿudal liburutegiak, foru aldundietakoak, unibertsitatekoak, espezializatuak, etab.Ÿ bideratuko duen erakundea izango da. Horiek guztiak nazioarteko sisteman integraturik egon beharko dute, eta, esan bezala, Liburutegi Nazionala izango dute denek buru eta koordinatzaile.

Informazio zientifiko-teknikoaren ardura

Ezinbestekoa dugu koordinaturiko informazioa helburu duen politika nazional bat, gure herriko informazio zientifikoa eta teknikoa ekoitzi eta zabaltzeko gaitasuna sustatzeko Ÿeuskal kultura eta zientzia hedatzeko euskara lan tresnarik eragingarriena baliatuko duenaŸ, informazioa bildu eta tratatzeko gaitasun nazionala ahalik eta gehien garatzeko, dokumentuak katalogatzeko eta aztertzeko bide propioak bultzatuko dituena euskal ekoizpena jasoko duten datu baseak sortuz, informazio sistemak gaurkotzeko, eta liburutegi eta dokumentugune guztiak koordinatzeko. Informazioaren politika nazionalaren helburu horietariko bat gure herriko erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana lortzea litzateke. Egun, teknologiak eskaintzen dizkigun baliabideak erabilita, lehen baino errazago erdietsi ahal dugu, euskal herritara han edo hemen bizi dela, kultur etxe guztietako funts bibliografikoak bere esku egon dadin.

Nazioarteko harremanei begira jarrita, bermatu beharko litzateke beste herriekiko lankidetza, bai eta informazioaren nazioarteko sareetako parte hartzea ere.

Euskal Liburutegi Nazioanalerantz

Nahiz eta jende askok ikusi adierazitako erakundearen beharra, zaila izango da gauetik goizera egitasmo hori lortzea, gutxitan gertatzen baita, herritarren eskaerari erantzutea kultura egitasmo erraldoiak gauzatuz. Dena dela, azkenaldi honetan, behin eta berriro agertu dira hedabideetan kulturan dabiltzanen idatziak, agintariei egitasmo historiko hori abiarazteko urratsak eman ditzaten eskatuz.

Ez aspaldi, liburutegiek herrigintzan duten garrantzia irakurri nuen. Nik neuk ere halaxe deritzot, Liburutegi Nazionala sortzeak Euskal Herri osatuago bat ekarriko bailiguke. Gure kasuan bide neketsua izango da, euskara baztertuta dagoenez gero, kanpoko eredu arrotzek ezarritako norabideari jarraitzen baitiogu itsu-itsuan.

Esanak esan, bada egitasmo nazionala lau haizetara aldarrikatzeko tenorea. Eta gure herriarentzat hain funtsezkoak ez ziren beste kultura planteamendu batzuetan egindakoaren antzera jokatu beharko litzateke oraingoan, benetan garrantzitsua den egitasmo hau aurrera ateratzeko, hau da, erabil bitez beharrezkoak diren diru, giza baliabide zein tekniko guztiak. Milaka miloi batzuk beharko genituzke, diru mordo hori gabe ez baita egitura egokia egiterik izango.

Honetan ere, Kataluniakoari begiratu bat ematea lagungarri izan lekiguke. Bertako liburutegi nazionalean 173 langilek jarduten dute lanean, horietarik 86 teknikariak dira, funts bibliografikoak 3.600 m2 eta 40.000 m lineal ditu. Ikusitakoak ikusita, lortuko ahal dugu Euskal Herriko Liburutegi Nazionala.

Gerardo Luzuriaga

etiketak: Dokumentuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.