Euskal Biblioteka Nazionala
Egilea: Pruden GARTZIA
Mendez-mende jakintzaren hedapena bi zutabe hauen gainean eraiki da: ahozko jarduna eta liburua. Alegia, Europako kulturaren tradizioan, jakintsua hizlari edo idazle izan da (frankotan, gauza biak), eta ikasi nahi zuena, entzule edo irakurle. Eta, jakina, jakintsu izateko lehenago ikasle izan beharra zegoen. Kulturmolde honen bi erpinak unibertsitatea eta biblioteka izan dira. Lehenean ahozko jardunak agintzen du, irakasle eta ikasleen arteko harreman zuzena, adiskidekorra, bitartekorik gabea. Bigarrenean berriz, norberaren hausnarketa isila, autoreen irakurketaren bidez. Labur esateko, gure kulturmoldea, honetan ere, tradizio greko eta juduaren uztardura bat da, funtsean. Euskal Herrian unibertsitate gutxi egon da, agian ez kasualitate hutsez. Hori dela eta, unibertsitatearen eskaria XIX. mendearen bukaeran gihartzen da, XX. mendean euskaldunon erreibindikazio nagusienetakoa bihurtuz, politika alderdikoiaren mugak aise gainditzen dituelarik. Horren fruitu nagusia EHU-UPV dugu, 1980an sortua, egun Euskal Herrian dagoen unibertsitate nagusia, bai tamainaz, bai indarrez. Haren atzetik etorri zen NUP-UPNA (1987) eta, hala nahiko genuke behintzat, sortzeko bidean da unibertsitate publiko bat Ipar Euskal Herrian. Hirurak publikoak dira, esan nahi baita, herri aginteek sortuak eta finantziatuak. Dirutza haundiak behar izan dira erakunde horien egitura material osoa jasotzeko, eta aurrekontu sendoak eusteko (adibidez, EHU-UPVri dagokionez, bataz beste 33.000 miloi pezeta urtero, edo hortxe nonbait). Nork ukatuko du, ordea, ondo gastatua dela? Hori eta gehiago behar dugula Euskal Herrian?
Bitartean, bibliotekei dagokienez, funtsean orain dela ehun urteko egitura bera dugu. Aldundi bakoitzak berea, eta udal bakoitzak beste horrenbeste. Ukaezina da azken bi hamarkadetan ahaleginak egin direla biblioteka berriak zabaltzeko eta zeudenak modernizatzeko. Baina bakoitza bere aldetik dabil, eta beraien arteko loturak oso makalak dira. Egun, elkarlana oso kontu zehatzetara dago mugatua.
Euskal Biblioteka Nazionala ote da irtenbidea? Proiektua ez da berria: Eusko Ikaskuntzaren Igo Biltzarrean (Oñati, 1918), Euskal Unibertsitatearen eskaerarekin batera, Euskal Biblioteka bat sortzeko proiektu bat aurkeztu zen (Tomas Etxebarria: Proyecto de creación de una biblioteca exclusivamente vasca). Ez zetorren nazional izenondoaz lagundurik (ez da arraroa, Biltzarraren testuinguruari begiratuta). Era berean, soilik euskal gaietara mugatuko zitzatekeen biblioteka aldarrikatzen zen, zentzurik zabalenean hartuta, hori bai. Azpimarratuko nuke, hala ere, ondoko ideia hau: 1918ko euskal kulturaren premiei erantzuteko ez zela nahiko egitura zaharrak indartzea eta modernizatzea, erakunde berri bat behar genuela, goitik behera berria. Nago ideia horrek berdin-berdin balio digula gaur.
Nolako erakundea zehazten hasita, berriz, planteamendu bat baino gehiago egin daitezke. Duda barik, 1918ko proiektua, bere horretan hartuta, neurri batean baino ez da baliagarri gaur egun. Aldaketa franko izan dira ordutik hona. Badago zertaz hitzegin, zertan sakondu, hausnartu. Tabuak eta fetitxeak, biak apurtu behar dira. Ez dut zeruan idatzita ikusi nolako biblioteka behar dugun. Bi gauzatan, ordea, ados egon gaitezke danok: Euskal Herri osoko biblioteken arteko harremana bultzatu behar da, eta harreman horietan euskara da oinarria eta giltzarria. Arazo politikoak (noiz eta non ez daude?) ez dira, ez lukete izan beharko, bi baieztapen horien gaineko adostasuna pitzatzeko gauza.
Egungo egoeran, hala ere, epe motzera ez dirudi erreza Euskal Herriko hiru erkidegoen artean erakunde amankomun bat sortzea. Baina Eusko Jaurlaritzak ez du aparteko arazorik Euskal Biblioteka berri, nagusi, nazional, edo dena delako bat sortzeko (hola jokatu dute, bestalde, Espainiako autonomia erkidego ia guztietan). Erakunde horrek biblioteka nazional baten eginkizunak bereganatuko lituzke EAEri dagokionez, eta Nafarroa eta Iparraldeko bibliotekekin harreman eta elkar-laguntza hitzarmen berriak sortzeko gai izango litzateke. Gutxiegi ote, zenbaitentzat? Euskal Herriko zazpi herrialdeek politikoki bat egingo balute ere (zinez zaila dirudien hipotesia!), hortik sortuko litzatekeen biblioteka-sistema ere oso dezentralizatua litzateke, gure herriaren historiari dagokion bezala.
Gai asko utzi ditugu jorratzeko. Garrantzitsuena, euskarari buruzkoa. Gaur eguneko egoera penagarria, besteak beste, Euskal Biblioteka Nazional baten gabeziatik ondorioztatzen da. Adibide erraz bat jartzearren: Azpeiti, Oñati edo Hernaniko Udal Biblioteken katalogoa gaztelania hutsez dago. Eta ez da bertako bibliotekarien euskararenganako ardura ezak eraginda! Pasa den urtean Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia sortu genuen. Hogei bat bibliotekari biltzen gara, hilaren lehenengo ostegunean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Zu ere etor zaitezke.
Pruden Garzia Azkue Bibliotekako zuzendaria