Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Borondatea da gakoa

Borondatea da gakoa

Pruden Gartzia 2000/03/05 10:00

Egilea: Pruden GARTZIA

Euskal Herriko edozein bibliotekarirekin hitzegitea aski da konturatzeko, salbuespenak salbuespen, ez daudela pozik. Arrazoiak, jakina, tokian tokikoak dira, baina ahultasun eta marginalitate sentimendua orokorra dela esango nuke, eta honela formulatu ohi da: herri aginteek, tokian tokikoek, ez digute kasurik egiten. Adibide bakarra jarriko dugu: Hegoaldeari dagokionez, biblioteka-lege berezirik ez duten autonomia erkidego bakarrak gara. Bitartean, Katalunian bat ez, bi egin dituzte (1981, 1993). Eta Biblioteka Nazional bat. Zergatik ez gara jartzen hara begira? Horrela irakurtzen da Kataluniako Bibliotekaren web orrian : *LŽany 1981 sŽaprová la Llei de Biblioteques, que atorgava a la Biblioteca de Catalunya la qualitat de biblioteca nacional, i el 1987 passá a depender dŽun Consorci format per la Generalitat de Catalunya, la Diputació de Barcelona, lŽAjuntament de Barcelona i lŽInstitut dŽEstudis Catalans. El 1993 sŽaprova la Llei dei Sistema Bibliotecari de Catalunya, en la qual la Biblioteca de Catalunya és definida como la biblioteca nacional de Catalunya, nucli i eix vertebrador del patrimoni bibliográfic del país, dotada de les competéncies i les mitjans corresponents*. Biblioteka hori 1907an fundatu zuen Bartzelonako Diputazioak, eta 1914tik aurrera, Kataluniako Mankomunitatea sortu orduko, Prat de la Ribak berebiziko bultzada eman zion, amb voluntat de ser la biblioteca nacional de Catalunya. Laburbilduz, Kataluniako Biblioteka Nazionalaren historia, sorreratik gaur egun arte, estuki lotuta dago nazionalismo katalanaren bilakaerari, hots, Kataluniako proiektu autonomistaren zutabe nagusietako bat izan da, Prat de la Ribarengandik gaur egun arte.

Euskal Herrian ez dugu horren parekorik izan. Eta izan zitekeen: 1918an, Eusko Ikaskuntzaren sorrera-biltzarrean, Tomas Etxeberriak euskal biblioteka berezi bat sortzeko asmoa plazaratu zuen; logikoa da bi kasuon artean paralelismo garbia ikustea, hots, gurea ere biblioteka nazionala bilakatzeko bokazioz etortzea. Baina orduan ez zen etorri, eta hurrengo larogei urtetan ere ez. Zergatik?

Niri ere lanak ematen dit zergatik hori ulertzea. Euskal kulturaren ikuspuntutik, biblioteka nazional bat hil ala biziko arazoa dela esango nuke. Ez naiz hasiko arrazoi zehatzak aletzen, nahikoa baita galdera honela planteatzea: mundu osoan biblioteka-sistema guztien buruan biblioteka nagusi bat jartzen bada, areago, Espainiako Erresumako erkidego autonomo guztietan sistemaren burua izateko biblioteka bereziak sortzen badira, ez ote da izango ezinbestekoa delako? Ala pentsatu beharko genuke Euskal Herrian inon baino aurreratuagoak gaudela, hain aurreratuak non eta leku guztietan behar dena hemen ez dugun behar? Baina, eta orain bigarren esplikazioaren txanda, hemen arazo politiko bereziak omen daude. Eta, une zehatz horretan, analista ustez pizkorrak arrazoi potoloa aipatzen dizu, Halley kometaren ibilera aldaezina deskribatzen duen astronomoaren ziurtasun berberarekin: aski omen da nazional hitza agertzea egitasmo hori ezinezkoa bihur dadin.

Honez gero irakurleak garbi izan beharko luke Katalunian, orain dela hogei urtetik hona inolako eskandalurik gabe posible izan dena, ez dela hemen ezinezko. Espainiako Konstituzioaren arabera ez behintzat. Bestela, ez dut ulertzen zergatik inork ez dituen Epaitegi Konstutizionalera eraman Kataluniako 1981 eta 1993ko legeak. Areago, kontuan hartuz EAEn duela hamar urte onartu zen Euskal Kultur Ondareari buruzko legean (7/1990) espreski sortu zirela Agirigordetegi, Liburutegi eta Erakustetxeetako Nazio-Mailako Erapidetzak (hots, Sistemas Nacionales de Archivos, Bibliotecas y Museos). Lege hori onartu zenean PSE Eusko Jaurlaritzaren kide zen. Beste hitz batzuekin esanda, nazionala izenondoa dela eta eragozpenak jartzen dituenari, argi eta garbi hauxe gogoratu behar zaio: jarrera prekonstituzional bat hartzen ari dela. Zakarrago esaterik ere badago.

Ondorioa argia da: gaur egungo legeria nahikoa da Euskal Biblioteka Nazionala sortzeko, borondaterik badago. Nahikoa da, halaber, EAE eta Nafarroako Foru Erkidegoaren artean partzuergo bat sortzeko biblioteka berri hori goberna dezan. Ez dugu ikusi, bada, Kataluniako Biblioteka Nazionala lau erakunde desberdinen artean sortutako Consorci delako batek gobernatzen duela? Ez al zen konstituzionala Alliren presidente-aroan sortarazi nahi izan zen Lankidetza Erakundea? Ez gaitezen engaina: Biblioteka Nazionala ez da independentziazaleen proiektua, politika autonomiazale ganorazko batek ere erraz beregana dezakeen egitasmoa baizik. Hala izan da Katalunian. Borondatea da gakoa.

Pruden Garzia Azkue Bibliotekako zuzendaria

etiketak: Dokumentuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.