Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Ikastegietan zer-nolako liburutegiak?

Ikastegietan zer-nolako liburutegiak?

Xan Goenaga 1999/03/01 10:00

[PDF] Egilea: Xan GOENAGA

1998ko maiatzaren 28ko deialdian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bideratu “Programa de actividades complementarias y extraescolares” deituriko txostenak gure harridura eta kexua piztu ditu. Alabainan, eskola munduan ere, liburutegia bigarren mailako gauza bat bezala agertzen da eta horretan egin daitezkeen ekitaldiak ez dira ikas-prozezuaren barne kontsideratzen baizik eta, gainerateko aktibitate gisa, eskolatik kanpokoak. Halaber, liburutegiko arduradunaren hautaketa ez da toki horren kudeatzeko gaitasunetan finkatzen baizik eta pertsonaren gaitasun ezean “que por no disponer de perfil linguistico acreditado o por otro motivos, ...”

Podere Publikoek, gure lanbidearendako erakusten duten mesprezuak mintzen gaitu bainan oroz gainetik ageri-agerian uzten du Hezkuntza Sailaren politikarik eza, xederik eza, ikastegietan liburutegiak eta dokumentuekilako iharduerak behar bezala garatzeko ikas-prozezuan.

Gure samina gaindituz eta gure ikuspegi profesionala ekarriz, gure txostena eskaini nahi dugu ondoko orrialdeetan, ikasle eta irakasleen onerako gerta dadin, Administrazio eta Ikastegiko Zuzendariei lagungarri izan dakien, benetako liburutegia, informazio eta dokumentazio zerbitzua eskainiko dituen ikastegi proiektuak bideratzeko orduan!

Txosten honek Bigarren hizkuntzako ikastegiak baizik ez ditu aipatzen bainan erran gabe doa hemen aholkatzen eta aldarrikatzen diren norabideak eta eginbeharrak, egokituz, Lehen Hezkuntzako eskoletan ere aplika daitezkeela. 1. Nolako liburutegia

1.1 Ikastegian gune garantzitsua ukanen duen liburutegia

Gaur egun, ikastegi batean liburutegia badelarik, gela bat da, gehienetan zokoratua eta tokian tokiko ahalen arabera, guti edo aski, liburuz hornitua. Gela horren erabilera, borontate oneko irakasleen interesen araberakoa da.

Eraiki nahi dugun liburutegia Bigarren Hezkuntzako ikastegi orotan muntatu behar da eta ahal den guzietan ikastegiaren erdi gunean kokatu. Alabainan toki hori, ikastegiko partaide guzien zerbitzurako izanen da. Ikasle, irakasle baita administrazio langile ere, nor berak behar duen informazioa, egokia eta sailkatua atxemanen du bertan.

1.2 Hezkuntz egitasmoaren barne eta ardatz:

Irakaskuntzaren planteamendu pedagogikoa berritzen ari da, ikasleek ez dute soilik irakasleen jakintza iturritik edan behar, ikasketen edukina bezain garantzitsua da gaiaz jabetzeko erabili den moldea, beste era batez erranik: irakaslea lagun eta gidari, ikasleek berek urratu behar lukete jakintzaren jabetzeko bidea, nor berak bere jakintza eraiki behar luke.

Ildo horri jarraikiz, gaietan (Historia, Geografia, Zientzia, Hizkuntza...), premiatsua da ikasleak jakin dezan informazio edo dokumentu bat bilatzen, aurkitzen, hautatzen eta erabiltzen. Gaitasun horiek ez dira bistandakoak, lantze eta aritzearen bortxaz ardiesten dira, gaietako ordutegietan astero, talde txikika, ekitaldi batzu eginen dira horretarako antolatu eta behar bezala hornitu liburutegian.

1.3 Liburutegia baino Dokumentazio eta Informazio Zentroa (gune eta euskarri anitzekilakoa)

Goiko lerroaldietan aipatu liburutegia ikastegiko partaide ezberdinei irekia izanen zaie (ikasle, irakasle, administrazioko langile) eta zerregin frango bete beharko ditu. Horretarako gela handia erabiliko da, eta ahal den heinean, guneka antolatzeko eran, ekitaldi bakoitzak bere tokia ukan dezan.

Besteak beste ondoko hauek aipatuko ditugu:

  • Apal batzu mailegatuko diren liburuekin (elaberri, olerki, antzerki, beste ...);
  • Jakintza arloko liburuak (CDU edo Dewey saikapen hamartarrean sailkatuak) eta erabilienenak (hiztegi, entziklopedi, gramatika, eskuliburu...) beste gune batean, mahain batzuen inguruan, talde txikika, dokumentalista edota irakaslearekin bertan lan egiteko;
  • Prentsa eta aldizkarien gunea;
  • Toki goxo bat (sofa bat edo bi) bertan irakurtzeko;
  • Ikastegi eta Hezkuntza saileko legediari buruzko gunea;
  • Informazio panelak (horietan ikastegiari buruzko informazioa agertuko da, baita Eskualdeari buruzkoak: ekitaldi kulturalak, ikastaldiak eta beste) ;
  • Artxibategia iragan urteetako dokumentuak kontserbatzen dituena, sailkatuak, eskaeraren arabera erraz eskuratzeko eran;
  • Ordenagailuak erabiltzaileek liburutegiko fondoa kontsulta eta ikertzeko;
  • Euskarri ezberdinetako dokumentuak: mapak, irudiak, diapositibak, kasetak, diskak, CD-ROMak... ;
  • Interneten konektatzeko postu bat ikasleek eta irakasleek ikas dezaten informazioa bilatzen liburutegitik kanpoko datu baseetan.

Liburu biltegi, mediateka, informazio bulego, ikasgela, hori dena eta gehiago ere izango da Ikastegiko liburutegia, errealitate hau konduan harturik baita ere beste eskualdeetan nagusitzen ari den terminoa hautatuz, Informazio eta Dokumentazio Zentroa deitzea proposatuko genuke.

2. Nolako langilea

2.1 Kudeatzaile kalifikatua

Zentroak emanen dituen zerbitzuak ikusirik ez da dudarik horren arduradunari prestaketa edo moldaketa egokia eskaini beharko zaiola, harek, Zentroaren muntatzeko nahia eta kemena erakusteaz gain, zinezko gaitasunak beharko ditu kudeaketan eta animazioan. Liburu zaina baino, irakasle-dokumentalista bezala definituko da.

2.2 Pedagogoa eta animatzailea

Ikasle eta irakasleekin ariko baita gehienik, pedagogian ezagutza bereziak eskatuko zaizkio dokumentalistari baita mailaka, irakatsi gaietako programen edukinetaz jabetzea. Ihardunaldi pedagogikoak (Zentroaren erabilpena, dokumentuen bilaketa, dokumentuekin lan egitea, bildu informazioekin produkzio baten egitea ...) talde txikika eginen da gaieko irakaslearekin partzuergoan eta dokumentalistaren ardura pean.

Zentroak, ikasleen autonomia eta gaien arteko elkarlangintza baimenduko ditu egitasmo batzu bideratuz, ondoko urratsak jarraikiz:

  • ikasle eta irakasleen artean gai baten hautaketa,
  • euskarri ezberdinetan dokumentuen bilaketa,
  • produktu baten gauzatzea eta honen aurkezpena klasean, ikastegian edo publiko zabalago baten aitzinean.

Dokumentalistak kulturgintza (irakurketa txapelketa, ipuin lehiaketa, prentsa astea, ...) bideratuko du ikastegi osoan baita tokiko posibilitateen arabera, inguruko beste partaideekin (Udal Liburutegia, eskualdeko elkarteak, enpresak, instituzioak...).

2.3 Bibliotekonomian teknikaria

Goian aipatu lan ugarien betetzeko, Zentroaren kudeaketa teknikoa, fondoaren berritzea eta aberastea baitezpadako ekintzak dira, gaitasun profesionalak edo formakuntza berezia eskatzen dituztenak. Hala nola dokumentalistaren zer eginetan sartuko dira besteak beste: dokumentuen katalogatzea, azterketa dokumentala, apaletan sailkapena, maileguen kudeaketa, informazioen aurkezpena eta banaketa. Lan guzi horiek, dokumentazio munduan egiten diren eredu beretan eginen dira (AFNOR, UNIMARC katalogatzeko, Dewey edo CDU sailkatzeko) ikasleek eskolan ikasitakoa kanpoan ere balia dezatela (Udal, Unibertsitate edo beste liburutegietan).

2.4 Teknologia berrietan aditua

Gaurko egunean, papera, dokumentua gordetzeko euskarri bat besterik ez baita beste anitzen artean, Zentroak bereganatu beharko ditu euskarri berriak (entzun-ikus sailekoak eta digitalak); irakasleak eta ikasleak trebatu beharko dira horien baliatzen eta bere burua formatuko duen heinean, dokumentalista izanen da hain zuzen baliabide horien erakuslea.

Bestalde, informazio arloan gertatzen diren aldaketak ikusirik, Zentroa ez daiteke luzaz bere fondo propioan muga, Interneten bitartez, mundu zabaleko informazio iturriei ireki behar die atea, halaber informazio harreman eskema berrian, informazio igorle ere bihur daiteke laster batean.

2.5 Hizkuntz eskakizuna ikastegiaren euskalduntze mailaren araberakoa, eta ahal bada aitzinatuagoa

Definitua den bezala, Zentroa ikastegiaren barne bizitzaren gune garantzitsuenetarik bat da, baita ere neurri batean, kanpoarekilako harremanetan, ikastegiaren promozionerako tresna. Horrela delarik, ez luke zentzurik hizkuntza arloan desfasean agertzea eta Zentroko langilea selekzionatzea haren hizkuntz gaitasun ezean. Euskaldun, euskaldundu, eta euskalduntzen ari diren Zentroetan bistandakoa da dokumentalistak euskalduna izan beharko duela eta sarraraziko dituen dokumentuak ahal bezain bat euskarazkoak izanen direla. Oraino erdaraz ari diren ikastegietan aldiz, erdaldun bat har daiteke bainan konpromisu batekin: ikastegiak euskalduntzeko bidea jarraituko duelarik, hura ez dela azkena izanen.

3. Mugaz haraindian, frantses ereduan eman diren urratsak

3.1 **“Centre de Documentation et d’Information” edo CDI deitutakoen historia laburra**

Mendearen erditsu arte, Bigarren Hezkuntzako ikastegietan, nola gerta, tokika eta gehienetan ikastegi handietan baizik bi dokumentazio zerbitzu baziren;

  • bata ikasleen zerbitzurako: klaseko liburutegi txikiak (elaberriak eta beste “Letrak” klasean, liburu ezpezializatuak Zientzia eta Historia-Geografia klaseetan);
  • bestea irakasleendako (gaietan oinarrizko dokumentazioa, eskuliburuak eta entzun-ikus dokumentuak biltzen zituena).

Bata zein bestearen ardura, borontate oneko irakasleek egiten zuten eta diru ahalen arabera berritzen eta aberasten.

1974ean Hezkuntza Ministeritzak deliberatu zuen Informazio eta Dokumentazio Zentroak izan behar zirela Bigarren Hezkuntzako ikastegi guzietan. Ikasle eta irakasleen dokumentu zerbitzuak eta liburutegiak batu ziren gune berean, dokumentuak ez ezik, informazioak ere atzematen ziren bertan. Zentro horien kudeatzeko, irakasle tituludunak kontratatu ziren eta dokumentalista postuetan eman, oinarrizko formakuntza ikastaroa jarraitu ondoren.

1989an dokumentazio CAPESa sortzen da. Irakaskuntzan aritzeko zertifikatu honek Dokumentazioa, Historia, Matematika, Biologia edo beste gaien heinean ematen du, ordutik hona CDIko postuen jabe izateko dokumentalistak CAPESdunak izan behar baitira. CDIa ikastegiaren barne da osoki eta dokumentalista irakaslegoan integratua.

3.2 Gaur egungo CDI eta dokumentalisten misioak

Bigarren Hezkuntzako ikastegi guziak behartuak dira CDI baten irekitzeaz eta diplomadun dokumentalista baten hartzeaz. Azken honi dokumentazioan irakasle titulua eta estatusa ezagutzen zaizkio. Honen lanak definituak dira lau ardatzetan:

  • Irakasle gisa, ikasleei dokumentuen ikerketetan moldakuntza eskaini;
  • Ikastegiaren ekimen pedagogikoan parte hartzea;
  • Ikastegia lagundu kanpoko harremanetan;
  • Informazio eta Dokumentazio, multimedia zentroaren kudeatzea.

3.3 Hizkuntza aldiz beti arazo

Hizkuntza mailan aldiz Frantses Errepublikak ezagutu gabe ditu oraino bere lurraldean dauzkan hizkuntz gutituak. CDIetan ez da nehongo obligazionerik dokumentuak tokiko hizkuntzaz edukitzeko, are gutiago dokumentalista eskualdeko hiztuna izaiteko.

4. Mugaz haraindian, euskal eskola eta eskola elebidunetan egiten dena

4.1 Seaska federakuntzako ikastegietan:

Lehen Mailako ikastolei jarraipena emanez, Seaskak eraiki II. Hezkuntzako Xalbador kolegioak badauka bere Informazio eta Dokumentazio Zentroa, eta frantses Estatuko Hezkuntza Nazionalak ordaintzen du dokumentalistaren postua denbora osoz. Beste bi ikastegietan aldiz: Bernat Etxepare lizeoa (DBHO, Batxilergoa) eta Larzabal kolegioa (DBH), Informazio eta Dokumentazio Zentroak eraiki gabe dira oraino eta dokumentazio bilketa eta zerbitzua, pedagogia taldeko langile batek bere gain hartzen du dedikazio mugatu batez. Ikastegi horien garapenean pentsatua da laster batean (datorren ikasturteko agian) Zentroaren muntatzea bietan eta dokumentalista bana hartzea dedikazio osoz.

Dokumentalista eta Zentro horien zerreginak eta betekizunak, 1. eta 2. punduetan aipatu ildoan kokatzen dira osoki. Hizkuntzari begira, (klasean bezala funtsean) nahiz eta dokumentu frango erdarazkoak diren, lehentasuna ematen zaio beti euskarazkoen biltzeari eta Zentroko ekitaldi guziak euskara hutsez egiten dira.

4.2 Beste ikastegietan

Sare publikoak eta sare pribatuak muntatu klase elebidunak (B eredukoak), ikastegi frantsesetan txertatuak dira, ikastegi horietako CDIetan, euskarazko dokumentuak sartzen dira tokiko dokumentalista eta zuzendaritzaren arabera. Euskarazko dokumentazio eskasaren parte batean betetzeko, duela hiru urte, Hezkuntza Nazionalak publikoko ikastegi bakoitzari diru kopuru bat eskaini zion; lekuko euskara erakasleak hutsunea bete dezan. Sare pribatukoek ere aurten zerbait ukan dute.

Bertzalde, dokumentalistaren hizkuntz gaitasun eskasez, CDIko ekintza nagusiak erdaraz egiten dira, euskara erakasleak bete behar dituela animazio hutsuneak baita laguntza ekarri dokumentazioaren osatzeko orduan.

4.3 Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzua, Joana Albret Mintegia

Euskaraz funtzionatzeko Zentro batek, dokumentalista euskalduna eta ahal bezain bat euskarazko dokumentuak behar ditu. Frantses Estatuko Hezkuntza Nazionalak ez du ez bata ez bestea eskaintzen. Eskas horri erantzuteko sortu da IKAS Euskal Pedagogia Zerbitzua;honek, informazioa eta euskarazko dokumentuak eskaintzen dizkie irakasle eta CDIetako dokumentalistei. Euskarri ezberdineko laguntzaren biltzeaz eta eskaintzeaz gain, Ikasek euskal materialaren sortzea bere gain hartzen du ere.

Bestalde, zentroaren kudeatzeko tresna bereziak behar dira: dokumentuen katalogatzeko hiztegi berezitua, ikerketen egiteko thesaurusa, maileguen egiteko logiziela... Ezinbesteko tresna horien euskaratzen entseatzen dira Ikas eta Xalbador Kolegioa; bainan maila horretan, urrats garantzitsuak emanen dira Instituzioek dokumentazio eta bibliotekonomia gaia behar bezala jorratuko dutelarik, ahalbide egokienak eskainiz. Horien eskatzeko, aldarrikatzeko sortu da Joana Albret Mintegia. Eskakizun hutsean gelditu ordez, anartean, Mintegiak biltzen dituen zazpi probintzietako dokumentalistak lan praktikoari lotu dira: euskaraz katalogatzeko tresnak sortzen, beharrak agertzen, proposamenak egiten, besteen artean, txosten hau lekuko.

5. Konklusioa

Egitasmo horren betetzeko Podere Publikoek beren jarrera aldatu beharko lukete. Deseinatu gabeko liburutegia, gaur egungo irakaskuntzari egokitu ez diren pertsonentzat pentsatua, guztiz baztertu beharko lukete eta haren ordez, profesional batek kudeatuko duen ikasle eta irakasleendako benetako Informazio eta Dokumentazio Zentroa eskaini. Txosten horrekin konbentzitzen baditugu, gure helburua erdietsiko dugu.

Xan Goenaga Xalbador Kolegioko dokumentalista Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko partaidea

etiketak: Dokumentuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.