Mintegiari buruz
ZER DA?
- Bibliotekari talde bat gara. Donostian 1997ko Urrian, Euskal Herriko liburutegi, dokumentazio zentro eta mediateketan euskaraz aritzeko beharra eta eskubidea genuelako Mintegi hau sortzeko beharra sumatu genuen. Horretarako eskas zitzaizkigun legeak, arauak, tresnak guhaurrek eskatu eta bideratzea deliberatu genuen.
- Harrezkero taldera Euskal Herri guztiko profesionalak bildu izan dira une batean edo bestean ugaritasuna handia izan delarik, bai lurraldearen ikuspegitik (zazpi lurraldetakoak) nola liburutegi motaren aldetik (herri liburutegiak, dokumentazio zentro, eskola, unibertsitate, e. a.).
ZER NAHI DUGU?
- Euskararen erabilera normaltzea Euskal Herriko biblioteka eta dokumentazio zentroetan, maila guztietan baina bereziki katalogazioari dagokionez.
ZEINTZUK DIRA GURE EGINKIZUNAK?
- Euskal Herriko bibliotekari eta dokumentalisten bilgune eta gogoetarako plataforma izan.
- Euskararen egoera eta arazoei buruz informazioa jaso, aztertu, arazo nagusiak diagnostikatu eta soluzioa proposatu eta landu.
- Bereziki katalogazioari buruzko arazo teknikoak aztertu eta soluzioak proposatu eta landu.
- Herri aginteekin harremanak izan, elkar laguntza jator baten bitartez arazoak ezagutarazi eta proposamenak bideratzeko.
- Gizarte mailan biblioteka eta dokumentazio zentroen ezagutza bultzatu, bereziki euskararekin lotutako arazoei dagokienez.
NORK HAR DEZAKE PARTE
- Edozein bibliotekari edo dokumentalista, euskarak biblioteka eta dokumentazio zentroetan duen arazoekin interesatua dagoena.
PARTE HARTZEKO AUKERA DESBERDINAK
- **Bazkidetu eta bileretara etorriaz**: Bilerak hileko lehenengo ostegunetan Donostiako HABE liburutegian egiten dira eta guk jorratzen ditugun gaietaz arduratuta bazaude, hartzazu zure burua gonbidatutzat, egitekoak soberan baititugu!!!. Bazkidetzean (15 euro urteko), bileretako aktak e-postaz jasoko dituzu, hala nola, bilera bakoitzaren data zehatz, ordua eta gai ordenaren berri
- "Talde Aktiboa" deritzon posta-zerrendaren bidez :
Bileretara etorri ezin duen mintegikideak ere mintegiko lanetan parte hartzeko aukera badu, hileroko bileretako partaideak talde aktiboan aurreratzen baitituzte eskuarteko gaiak. Benetako bilera zibernetikoak dira hauek.
Horretaz gain, bilerakideak katalogatzeko Oinarrizko Terminologiaren ardura duen batzordean ere parte hartu dezakete. - Liburuzain eta dokumentalista euskaldunen posta zerrenda publikoan, "Joana Albret" posta zerrendan, parte hartuaz (doan): Euskal Herriko liburuzain eta dokumentaliston topagunea izan nahi duen posta-zerrenda da, zure iritziak eta galderak plazaratzeko eta besteek eginikoei erantzuteko gunea.
-Mezuak irakurtzeko: http://groups.yahoo.com/group/joana-albret/messages
-Mezuak bidaltzeko (izena eman dutenek): joana-albret@yahoogroups.com
-Izena emateko, mezu hutsa, ezer idatzi gabe, hona: joana-albret-subscribe@yahoogroups.com
-Izena kentzeko, mezu hutsa hona: joana-albret-unsubscribe@yahoogroups.com
Aitzakirik ez lanerako gogoa daukanarentzat!!