Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Joana Albret / Euskal Liburutegi Nazionalaz

Euskal Liburutegi Nazionalaz

Agurtzane Juanena 1998/03/01 10:00

[PDF] Egilea: Agurtzane JUANENA

Sarrera

Durangoko azken Azokan (31.a, 1996ko abenduan) "Liburutegi nazionala ala nazionalak?" izeneko mahai ingurua izan zen. Partaideak, Eduardo Estrade, Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen zuzendaria, Joseba Agirreazkuenaga, Bilboko Bidebarrieta Kultur Guneko zuzendaria, eta Francisco Javier Lopez Landatxe, Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendaria. Moderatzaile, Joan Mari Torrealdai izan zuten.

Aipatu izenburuaren azpian Gerediaga Elkarteak bost galdera proposatu zituen, bostak ere gure biblioteken egoeraren islada emateko pentsatuak: 1. Nola ikusten duzue gaur egun euskal liburutegien egoera Euskal Herrian?

2. Beharrezkoa da, Kataluniak duen bezala, Euskal Herriak Euskal Liburutegi Nazional bat izatea, ala, museoen arloan bezala, liburutegi nazionalen sare bat behar dugu? 3. (...) Kanpotik ikusten den irudiagatik esan genezake Euskal Herriko liburutegiakeuren arteko lehia batean sarturik aurkitzen direla euskal gaiei buruzko liburuak (...) eskuratzerakoan. Benetan al dago horrelako lehiarik? Ez dira kaltegarriak liburutegien arlorako egoera honek sortzen dituen ondorioak (merkatuen garestitzea, bildumen banaketa?)

4. Ikerlari askok dioenez, fondo asko toki "bitxietan" daude gaur egun; adibide gisa, horra hor Eusko Legebiltzarrak liburutegian jagoten dituen aintzinako euskal liburu erlijiosoen bilduma, e.a. Ez al ditu erakunde bakoitzak lantzen ari den arlo horretan ere, bere liburutegian ere, bere lana, kemena eta medio ekonomikoak finkatu beharko?

5. Eta, bukatzeko, zertan da euskaraz katalogatzearen arazoa?

Izenburuari hertsiki lotuz esateko franko zegoenez, partaideek ezin izan zituzten patxadaz jorratu puntu horiek guztiak. Ni, aldizkari baterako idazteak eskaintzen duen abagunea aprobetxatuz, neure ikuspegi profesionaletik zenbait gogoeta egiten saiatuko naiz ondorengo orriotan. Nafarroa eta Euskal Autonomi Erkidegoko liburutegien egoera

Liburutegien egungo egoerari buruz hitzegiteko, zenbaiten egoera partikularra ez, baizik eta guztien oinarri den marko legala izango dut aztergai. Bi esparru administratibootan, Nafarroan zein EAEn, antzerako erantzuna dugu: botere instituzionalek ez dute marko legal nahikorik garatu,ez dago tajuzko politika bibliotekariorik.

Historia pixka bat

Euskal Autonomi Erkidegoan, transferentziek dantza egin dute batetik bestera: 1981ean Estatuaren konpetentziak Jaurlaritzari eman zitzaizkion eta horrek ELE (Euskadiko Liburutegi Erakundea) sortu zuen 1982an. Handik laster, 1983an, Lurralde Historikoen Legeak foru aldundiei aitortu zizkien zenbait konpetentzia liburutegi publikoen gainean, 1990era arte: urte hartan, liburutegi publikoen gaineko eskubide eta betebeharrak Eusko Jaurlaritzara itzuli ziren, Euskal Kultur Ondareari buruzko Legearen indarrez.

Joan-etorri horien ondorioa da apenas aurreratu dela laurogeiko hamarkadan, eta laurogeita hamarrekoan ere ezer gutxi,laster ikusiko dugun bezala. Euskal Kultur Ondareari buruzko legean aipaturik daude Euskadiko Nazio Mailako Liburutegi-Erapidetzaren egiteko nagusiak: bere liburutegiez arduratzea eta liburutegietarako zein bibliografi-ondarearekiko politika tajutzea. Kontua da oso lorpen eskasak izan ditugula batean zein bestean.

Hala ere, atzera jo eta 1990ean kokatzen bagara, orduan bazegoen espektatiba hoberik: urte hartan, Palman izan ziren dokumentazio jardunaldietarako, Iñigo Sanzek eta Luis Morenok komunikazio bat aurkeztu zuten "Sobre una red automatizada de bibliotecas del País Vasco" izenburuarekin. Azterlan hartan , Eusko Jaurlaritzaren honako asmo hau aipatzen zuten : Euskadiko Liburutegien Sare edo Sistema Automatizatua sortzea. Komunikazioaren autoreek Jaurlaritzaren enkarguz aurkeztu zuten proiektuan Euskadiko Liburutegien Sarea diseinatzen zen, hainbat sailez osatua baina, azken finean, guztiak egitura bakar baten partaide eta zerbitzu amankomun batzuen jabe bihurturik. Hauexek ziren sarearen katemaila nagusiak: argitalpen nazionalen kontrol bibliografikoa, informazioaren azterketa eta eskuratzea, profesionalen formazio iraunkorra, laguntza teknikoa, normalkuntza, nazioarteko programetan parte hartzea, katalogo kolektiboak, mailegutza eta trukaketa, nazioarteko datu-baseetarako sarbidea, erosketa zentralizatua, katalogazio amankomuna... Hona hemen komunikazioaren zenbait pasarte:
"En todo caso el planteamiento de una red de bibliotecas que comprenda los distintos tipos de bibliotecas existentes ha de sustentarse en una serie de requisitos básicos, como son: 1- Se debe promulgar una legislación para dar forma y viabilidad a los servicios recién creados o mejorar los ya existentes. 2- La estructura total no debe dividirse en un excesivo número de componentes. Las categorías aceptadas deben ser: Biblioteca Nacional u Organismo afín, Bibliotecas Públicas (...), Bibliotecas Universitarias, escolares, especiales y centros de documentación. El objetivo final del Sistema Automatizado de Bibliotecas de Euskadi es la cobertura informativa de toda la Comunidad Autónoma, en sus distintos niveles y estamentos culturales, educativos, empresariales, etc. Para lograrlo debemos intentar incluir en el Sistema, bien de forma plena, bien mediante conexiones puntuales, al conjunto de bibliotecas y centros de documentación del país. Este objetivo puede ser realizable en un plazo de diez años, de forma paulatina y siempre según lo marquen criterios tales como la implantación de nuestros productos, su incidencia en el mercado, los balances gastos ingresos, etc." [1]

Zer gertatu da egitasmo harekin eta egon zitezkeen antzekoekin?

Izenez, 1990ean onartutako Euskal Kultur Ondareari buruzko Legean sortu zen “Nazio Mailako Liburutegi Erapidetza”. Liburutegi Erapidetza hori liburutegi publikoek (sarrera libreko liburutegiek, udal liburutegiek) osatu behar zuten eta, nahi izanez gero, bertako partaide izan zitezkeen horretarako ituna sinatzen zuten gainerako liburutegiak ere: foru aldundietakoak, unibertsitateetakoak, liburutegi partikularrak. Izenez sortu zela esan dut, zeren printzipioz, nazio mailako liburutegi erapidetza edo sistema batek, nazio horretako era guztietako liburutegiez osatua behar luke, ez soilik udal liburutegiez. Nazio mailako informazio beharrei aurre egiteko, ez da nahikoa elkar lana edo borondatezko koordinazioa. Unesco-k informazio sistema nazionalak gomendatzen ditu (NATIS), integrazio eta koordinazio maila altuekin; eta horrelako sistemak burutzeko beharrezkoak dira bai azpegitura legala, bai nazio mailako plangintza eta erakundeak. Carrión Gútiez adituari jarraituz [2], nazio mailako liburutegi erapidetza batek lau zutabe behar ditu:

  • informazio politika (legeak edo/eta plangintzak)
  • nazioarteko elkarlanerako aukerak sortzea
  • biblioteken plangintza
  • benetako liburutegi nazionala

Azken finean,nazio mailako liburutegi sistema batek liburutegi nazionala dauka giltzarri, gainerako erakunde bibliotekario zentralak haren lagungarri baino ez direla. Udal liburutegi publikoen sistema izateko ere ez ditu baldintzak betetzen. Teoria bibliotekarioaren arabera, liburutegi sistema batek zerbitzu bibliotekario osoak eskaintzeko gauza izan behar du. Horretarako, gaur egun ezinbestekoak dira honako tresna hauek: liburutegi nagusi bat, lan bibliotekarioetarako zentroa, zuzendaritzaeta administrazioa.

Baina gatozen gure errealitatera. Zer daukagu egun?

Eusko Jaurlaritzako Liburu eta Liburutegien Zerbitzu, egon badago. Pertsona eta baliabide material urriez zenbait gauza egiten ditu: udal liburutegien koordinazioa bere gain hartu, dirulaguntzak eman, zenbait libururen katalogazio fitxak bidali, informatizazioaz arduratu [3]...Esan daiteke udal liburutegien beharrizan behinenak edo (euskararen gaian ezik, baina horretaz azken atalean jardungo dut) asetzen dituela. Hortik aurrera, maila altuagoko lanetarako ez du ahalmenik, edo hala ematen du behintzat. Esan digutelako sinesten dugu bibliografia nazionala egon badagoela, baina ez dugu orain artean ikusi. Ondare bibliografikoaren katalogo kolektiboa osatzeko batzorde bat aritu zen lanean 1992-1993 urteetan; berriro martxan jartzeko asmoa badutela sinisten dugu,baina hori ere esan egin digutelako, ez errealitate praktikorik ikusi dugulako.

Nafarroako egoera ez dut hain gertutik ezagutzen. Arazoa hala ere antzekoa dela esan genezake: nafarrek ere ez daukate liburutegi legerik. Horixe salatzeko, hain zuzen ere, artikulo bat atera dute TKn,Nafarroako Liburuzainen Elkartearen buletinean [4]. Bertan esaten den bezala, Estatuko elkarte autonomo gehienek azken hamar urteotan liburutegiei buruzko legeak onartu dituzte: Katalunia (1981), Andaluzia (1983), Aragoa (1986), Valentzia (1986), Gaztela-Mantxa (1989), Madrilgo Komunitate Autonomoa (1989), Galizia (1989), Gaztela eta Leon (1989), Murtzia (1990), Errioxako Komunitate Autonomoa (1990) eta Katalunia berriro (1993). Nafarroa, garai batean eta konparatiboki maila bibliotekario ona bazuen ere, atzean gelditzen ari da. Nafarroako Liburutegi Nagusiari dagokionez, gutxienez han badakite zein izango den: Biblioteca General de Navarra deiturikoa, edifizio berriaren kokalekua zela-eta eztabaida sortu zuena 1996an. Liburutegi horrek izango dituen funtzioak orain aztertzen ari dira: liburutegi publikoen koordinazioa, Lege Gordailuaren ardura eta abar. Gainera, Instituto Navarro de Bibliografía sortuko omen dute. Liburutegi horren itzalean, Bibliografía Navarra ekoizteko xedearekin [5].

Laburtuz, beste kontuetan ez bezala, alor honetan zoritxarrez elkarrekin gaudela ematen du: Estatuko elkarte autonomo atzeratuenen parean. Konstatazio honetatik abiatuz idatzi dute bibliotekari nafarrek beren aldizkariaren azken zenbakiaren editoriala [6]. Agian norbaitek pentsatuko du kritikoegiak edo garratzegiak garela geure instituzioekin. Horregatik iruditu zait interesgarria 1997ko apirilean argitaratutako liburu batean guri buruz esaten dena hona ekartzea. Hitzez hitz kopiatuko dut:
“El País Vasco accede a la autonomía mediante ley orgánica 3 (1979 de 18 de diciembre) (...) La legislación bibliotecaria que dimana de los órganos de gobierno es escasa y de poca entidad. En concreto carece de una ley de bibliotecas con el carácter de norma reguladora general de toda la comunidad, como ocurre en casi todo el resto del Estado español. (...) Estas son las únicas menciones que, desde el punto de vista del control bibliográfico, se efectúan en la legislación vasca de bibliotecas. Ninguna alusión por tanto a la necesidad de una biblioteca central de carácter nacional o regional, a la necesidad de elaborar una bibliografía que recoja el producto de la producción editorial vasca, de dar a conocer la cultura vasca a la comunidad implicada y al exterior. Nada absolutamente que relacione las oportunidades que la nueva situación política y administrativa supone para el desarrollo y la extensión de la cultura e idiosincrasia de la comunidad, como veíamos en otras legislaciones. Y esta parquedad, que podríamos considerar inherente a una mentalidad o a unos comportamientos más inclinados a los hechos que a las formulaciones teóricas impracticables, se da también en las actuaciones, pues en el País Vasco no existe equivalente alguno a la realización de productos bibliográficos como los de Cataluña o Galicia, las otras comunidades cuya particularidad linguística justificaría con más ahínco la confecciónde un instrumento que, además de difundir los productos de su lengua, sirviera como fundamento de la conciencia grupal.” [7]

Hauxe da kanpora islatzen dugun irudia. Nafarroaren kasua ez du aipatzen.

Liburutegi nazionala Euskal Herrian

Durangoko mahaingurura itzuliz, liburutegi nazionala beharrezkoa ote dugun galderari baiezko biribilaz erantzun zioten mahaikideek, beren arteko bakar batek izan ezik. Hark, liburutegi nazionalaren aipamena saihestuz, Liburutegi Sistemari buruzko zehaztapen legal batez jardun zuen: Lurralde Historikoen Legea dela eta, bertako liburutegiak Jaurlaritzaren arduratik kanpo geratzen dira, eta beraz ezin da legalki sare bateratu bat osatu, ezin da agindu hitza erabili [8]. Ondorioztapen okerra, dudarik gabe. Egia da agindu hitza ezin dela erabili, baina horrek ez du esan nahi sare bat osatzeko beste biderik ez dagoenik: hain zuzen ere, Euskal Kultur Ondareari buruzko Legeak, 83 eta 86. ataletan, Euskadiko Nazio Mailako Liburutegi Erapidetza liburutegi publikoez eta kondaira lurraldeen edo Estatuaren jabetzapekoez osa daitekeela dio, azken horiek horretarako ituna izenpetuz gero [9]. Komentzimendua eta borondatea falta ditugu, seguruenik.

Zertarako, bada, liburutegi nazionala?

Labur esanda, Euskal Herriak erreferentzia bibliotekario nagusia izan dezan eta bertako ekoizpen bibliografikoaren bilketa eta kontserbazioa berma dadin. Munduan zehar liburutegi nazional asko dago gaur egun, eta denak ez daude, noski, baldintza beretan. Baina desberdintasun ekonomiko, kultural eta sozialen gainetik, Unesco eta IFLA bezalako erakundeek biblioteka nazionalaren kontzeptuari honako ezaugarriak eransten dizkiote:

  • lehenengo, liburutegi nazionalak dira beren lurraldeetako produkzio bibliografikoaren parterik handiena eskuratu eta kontserbatzen dutenak
  • bigarren, beren nazioetako sistema bibliotekarioen buruak eta koordinatzaileak dira, sistema haien tamaina eta konplexutasunari begiratu gabe, eta nahiz funtzionamendu aldetik eginkizunak elkarren artean banaturik izan.

Dudarik gabe, gaur egun ez du zentzurik liburutegi nazionala sistema bibliotekarioaren oinarri bakar gisa hartzeak. Burua denez, izango dira beste erakunde bibliotekario batzuk ere, hura osatu eta hari lagunduko diotenak. Hain zuzen ere ardura banaketa hori kontuan hartuta zehaztu dira funtsezkoak diren eginkizunak eta funtsezkoak ez direnak 3 multzo bereiztuta:

a) Funtsezko eginkizunak:

  • lurraldeko ekoizpen bibliografikoa biltzea
  • Lege Gordailua jasotzea
  • bibliografia nazionala ekoiztea
  • datu base garrantzitsuak garatu eta mantentzea
  • lurraldeko gainerako liburutegiei arauak ematea
  • lurraldekozentro bibliografiko moduan jokatzea
  • atzerriko ekoizpen literarioa biltzea (lurraldearen interesekoa)
  • liburutegi-arteko mailegua planifikatu eta koordinatzea
  • lurraldearen zerbitzu bibliotekarioen plangintzan parte hartzea

b) Komenigarriak baina ez nahitaezkoak:

  • lurraldeko eskuizkribuak eskuratzea
  • ikerketa bibliotekarioa sustatzea
  • gobernuari zerbitzuak eskaintzea
  • irakaskuntza profesionala sustatzea
  • argitalpen trukaketa (nazio barrukoa, nazioartekoa) zentralizatzea eta abar, eta abar... [10]

Unescok aurreko sailkapena erabili du bere gomendioak emateko, nazio anitzeko adituen arteko adostasunean oinarrituak. Orientabide horiek malguak dira eta egoera desberdinetan aplikatu ahal izateko pentsatuta daude. Funtsean, alde batetik, dokumentuen kontserbazioa eta eskuragarritasuna bermatu nahi dira, eta, bestetik, liburutegi nazionalak ez dira bakarturik funtzionatzeko planteiatzen, baizik eta informazio sistema nazionalen funtsezko parte bezala hartuta.

Gurera itzuliz, lehenengo problema zatiketa administratiboa da.

Euskal kulturaren ikuspegitik ez du zentzurik euskal kultura autonomi erkidego bakar batetan egiten denera mugatzea. Exenplu bat emateko, EAEn, ekoizpen bibliografikoaren bilketarako tresna nagusiak, hau da, Lege Gordailuak, hiru lurralde historikoetan inprimatzen dena soilik jasotzen du. Zer gertatzen da Elkar bezalako argitaletxe inportante batek Nafarroan inprimatzen duenarekin, edo Iparraldean ateratzen den guztiarekin? Durangoko mahainguruan, galderen txandan, Kataluniako exenplua aipatu zen, bai eta gaur egun ditugun zenbait arazo ere: euskal liburutegiak euren artean izaten duten lehia dokumentuak eskuratzeko (dokumentu horiek garestituz eta bildumak barreiatuz) edo dokumentuen kokapen harrigarria (antzinako liburu erlijiosoak Legebiltzarraren Liburutegian egotea, adibidez).

Kataluniaren aipamenari dagokionez, eredu gisa har genezake, dudarik gabe. Nafarroako bibliotekarien buletinean agertutako artikuluan atal bat osorik eskaintzen zaio: Kataluniako Liburutegi Legea (bigarrena, 1993koa) bide da osatuena eta pentsatuena Estatuko gainerakoen artean. Kataluniako Liburutegien Sisteman, hango liburutegi guztiak integraturik daude, modu batean zein bestean: publikoak, pribatuak, unibertsitateetakoak. Kataluniako Liburutegi Nazionalaren helburua honako hau da:
“recoger, conservar y difundir la producción bibliográfica catalana y la relacionada con el ámbito lingüístico catalán, incluída la producción impresa, periódica o no, visual y sonora”.

Bestalde, “La Biblioteca de Cataluña, primer centro bibliográfico de la cultura catalana, mantendrá mediante las adquisiciones pertinentes, la condición de centro de consulta y de investigación científica de carácter universal”. Arazoak ere baditu, eta horietaz, beste artikulo bat irakur daiteke, zaharragoa, 1990an argitaratutakoa [11]. Kataluniakoa eredugarriena ezik, zaharrena ere bada, 1907 urtean sortu bait zuten. Estatuko beste lurralde batzuetan, autonomi erkidegoetako liburutegi nagusiak, zerbitzu bibliotekarioen transferentziekin batera sortu dira, lehenago aipatutako legedien barnean. Ikusten denez, autonomi erkidego gehienek euren Liburutegi Nagusia sortu dute: Andaluzia, Aragoa, Asturias, Madril, Murtzia, Gaztela eta Leon, Valentzia... Funtzioak, Biblioteca Nacional delakoak Estatu espainiarraren mailan dituenen antzekoak, bakoitzak bere lurraldea marko bezala hartuta:

  • Autonomi Elkarteko sistema bibliotekarioaren buru izatea
  • Lurraldean ekoizten den ondare bibliografiko eta dokumentala jaso (L.G. ren bidez), kontserbatu eta tratatzea. Gauza bera, lurraldetik kanpo sortu arren lurraldeari buruzkoak diren dokumentuekin.
  • Bibliografia eta katalogo kolektiboa elaboratzea.
Gaur egun, liburutegi nagusi horien egoerak nahiko desberdinak izanik ere, ia inork ez du haien beharra kuestionatzen. Kezka, beraz, bildumen eta funtzioen bikoizketa ekiditea izaten da, eta horretarako lurraldeko gainerako liburutegiekin koordinatzen dira [12]. Eta, liburutegi nagusien beharra noizbait zalantzan jarri bada, horrela erabaki da:
“¿Son real y absolutamente necesarias este tipo de bibliotecas? ¿Puede haber un buen servicio bibliotecario a la Comunidad sin una Biblioteca Central? Si admitimos el hecho de que, salvadas las distancias, las Bibliotecas Centrales representan para las Comunidades lo que las Bibliotecas Nacionales para los Estados, hemos de concluir que, a pesar de que el concepto de Biblioteca Nacional ha entrado en crisis por diversas razones (...) , las Bibliotecas Nacionales continúan existiendo, tal vez porque el peso de la tradición las hace absolutamente imprescindibles. Por otra parte, no es menos evidente que el establecer un sistema bibliotecario que realmente merezca el nombre de tal, necesita de suyo el contar con una pieza básica que, en este caso, sería la Biblioteca Central. (...) Cuando, como sucede en la mayoría de las Comunidades, los sistemas bibliotecarios correspondientes han comenzado ex nihilo, estimamos que la Biblioteca Central no sólo es necesaria, sino también esencial e insustituible*. [13]

Azken informazioa, Cáceresen 1996ko urrian izandako "V Jornadas Españolas de Documentación Automatizada" izeneko jardunaldietan jaso da [14].

Proposamenak

Beraz, guretzat, autonomi erkidegoetako liburutegi nagusiak gutxienezko abiapuntuak lirateke. Oinarrizko helburua, EAEko eta Nafarroako zerbitzu bibliotekarioak zaindu eta garatzea. Bokazioa, euskal kulturari aportazio propio eta ordezkaezina eskeintzea. Lehentasunen artean, gainerako euskal administrazioekin (Iparraldearen kasuan, liburutegi nagusiekin) harremana finkatzea, euskal kulturaren erreferentzia bibliotekarioa, erakunde guztion artean lor genezan, bakarraren bidez ezin denez gero. Gutxienezko abiapuntuak idatzi dut, euskal kulturaren aldeko konpromezua gure egiten dugunok, ahalik eta normalduen nahi genukeelako, beste kultur komunitate askok dituzten antzeko baliabideen jabe garela.

Unescok espreski aipatzen du liburutegi nazionalaren zerbitzuak era zentralizatuan edo banatuan egon daitezkeela. Funtzioak banatzeko erabakia hartzeak erakunde bakoitzaren zereginak zehaztasun osoz definitzea eskatzen du eta erakunde horiek baliabide ekonomiko egokiez hornitzea. Hori guztia egitura politiko amankomunaren barnean. Gure kasuan, egitura politiko zatituetan aritzeak zaildu egiten du dena. Liburutegi nazional birtuala dagoeneko posibilitate erreala da teknikoki. Informatizazioak orain arte irudikatu ezineko moduan eskeintzen du liburutegien fondoak ezagutzeko aukera.Teknologi berrien bidez, mikrofilmazioaren eta digitalizazio tresnei esker, dokumentuaren eskuragarritasuna konpartitzea posible da, nahiz eta ale originala toki bakarrean gorde. Baina teknika hutsak ez du dena konpontzen. Politika bibliotekarioa diseinatu eta bideratu behar dute instituzio publikoek.

Zeregin konkretuez mintzatuz, liburutegi nazionalen funtzioei buruz hartu izan diren erabakietatik, funtzio minimo batzuk ondorioztatzen dira, borondate politikoak bakarrik erdietsi ditzakeenak eta, besteak beste, honako hauek direnak:

  • iraganeko ekoizpen bibliografikoa berreskuratzea
  • nazioarteko araudiak komunitatearen beharrei egokitzea
  • erosketa plan nazionala koordinatzea.
Nabaria denez, Durangoko mahainguruaren 3., 4. eta 5. galderak funtzio minimookin daude erlazionaturik. Liburutegien arteko elkarlana ezin da iniziatiba partikularren zorira utzi. Sustatu eta zuzendu egin behar da. Euskal bibliografia, Jon Bilbaok hasitako lan erraldoia, Euskal Herritik kanpo ere ezagutua eta baloratua, ezin da bertan behera utzi. Arestian aipatutako El registro de la memoria: las bibliografías nacionales y el depósito legal monografia espainolak utzikeria horri buruzko eritzi kritikoa ematen du honela:
“Pero esta dejación, en cuanto al control bibliográfico se refiere, es necesario imputarla exclusivamente a las instancias institucionales que hasta el momento no han mostrado una excesiva preocupación por esta forma de cultura que es la comunicación impresa, entendida en sentido amplio, y su preservación a través de los mecanismos legales estipulados para ello. Un ejemplo de esta actitud, en cierto modo cicatera, para con los vestigios escritos de la cultura vasca, lo puede constituir la falta de apoyos que, a lo largo de su irregular discurrir, ha recibido el único proyecto que podíamos asimilar con un intento de control bibliográfico en el País Vasco, aunque con las particularidades que comentaremos posteriormente. Nos estamos refiriendo a la Eusko Bibliographia, auspiciada por Jon Bilbao Azkarreta. (...) Creemos que sobran los comentarios ante el abandono de una actividad que consideramos consustancial con el conocimiento y preservación de la realidad cultural de un país, una región o territorio cualquiera”. [15]

Esku artean duzun argitalpenari dagokionez ere, ez da bidezkoa euskaraz egindako ekoizpen inprimatuari buruz Jakin aldizkariak urtero urtero eskaintzen duen emaitzak militantzia hutsez irautea. Horretarako eta beste gauza batzuetarako, baliabideak behar dira, jakina. Errekurtsoen eskasia aipatzen baitigute zenbaitetan, arrazoi bezala. Profesionala naizen aldetik, ez dut duda izpirik ere errekurtso horien premiaz; baina, hain zuzen, gabeziak nabarmenduz eta gabeziez hitzeginez lortu ahal izango dugu errekurtsoak eskuratzea...Eta horiek ere, borondate politikotik datoz. Nik ez dakit, biblioteken gaiak zergatik ez duen merezi izan kontsiderazio hoberik, euskal kulturaren eremuan. Historian atzerago begiratuz, liburutegi nazionalaren asmoa 1918. urtean aipatua da iadanik, Tomas Etxebarriak I. Eusko Ikaskuntzen jardunaldian aurkezturiko txostenean [16]. Asmoa ez da geroztik itzali. Baina XXI. mendearen atarian gaude eta, beste hainbat gabezia eta hutsuneren artean, erdara dugu nagusi gure liburutegietan. Ikus hurrengo epigrafean.

Euskara katalografikoaren normalizaziorantz

Nik dudan informazioaren arabera, gaurko egoeraren laburpena honelaxe egin genezake: liburutegi gutxi batzuk, goragoko planifikazio edo laguntzarik gabe,euskara hutsez katalogatzeko erabakia hartu dute aspaldiez dela. Hor ditugu, besteak beste: Euskaltzaindiko eta HABEko liburutegi espezialduak, SHEE-IVEFeko liburutegi unibertsitarioa, euskal kulturaren erakundeetakoak diren zenbait dokumentazio zentro ere: Bertsozale Elkarteko Xenpelar, EKB, UZEI, EIZIE, Iparraldeko Ikas Bi... Bi foru diputaziotako liburutegiek (Bizkaikoak eta Gipuzkoako Koldo Mitxelena Kulturuneak) bi hizkuntzetan egiten dute katalogazio lanaren zenbait alderdi [17]. Baina liburutegien multzo zabalena -udal liburutegi publikoak, espezialduak, unibertsitarioak- erdaraz aritzen da, agian nik ezagutzen ez dudan salbuespen bat edo beste kenduta.

Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen biblioteka publikoen sareak laguntza teknikoa (aukeratutako bibliografia) gazteleraz jasotzen du harengandik. Jaurlaritzaren ardura den bibliografia nazionala (Gipuzkoa, Bizkaia et Arabako Lege Gordailuak biltzen duenaz osatua), hau idazten ari naizenean publikoki ezagutzen ez bada ere, gazteleraz burutzen ari dira, bertako teknikariek esan didatenez.

Izan dira, noski, euskararen erabilpena sustatzeko saioak. Adibidez, Gipuzkoako Bibliotekari eta Dokumentalisten Elkarteko Euskara Batzordeak, 1995ean Eusko Jaurlaritzari txosten bat aurkeztu zion, liburutegietan erabiltzen den gaien zerrendan (Espainiako Ministerio de Culturak argitaratuan) oinarritua, euskarazko gai zerrenda bat osatuz joateko. 1992-1993 lanean aritu zen EAEko katalogo kolektiboa osatzeko ikerketa batzordea ere, xede horren alde agertu zen. Gainera zerrenda espainiarraren bi itzulpen argitaratu dira azken urteotan. Baina gai zerrenda horiek HAEE-IVAPen oneritzia ez dute merezi izan, eta azkenean aurtengo irailean, lan talde bat osatu da, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, gaien zerrenda euskeratu bat udal liburutegiei eskaintzearren.

Hala ere, arazoa zera da: euskara katalografikoaren normalkuntza ez dela katalogazioaren alderdi zehatz batera mugatzen, ezta udal liburutegien esparrura ere. Planteiamendu zabalak eta orotarikoak behar ditugu, liburutegi guztien beharrei erantzun ahal izateko eta katalogazioaren osotasunean txertatzeko. Horren harira dator liburutegi nazionalaren premia euskararentzat: bibliografia nazionalaren arduradun bezala (zuzenean zein bere menpeko agentzia katalografiko baten bidez), katalogo kolektiboaren aitzindari bezala, lurraldeko gainerako liburutegientzako arauemaile bezala....

Zerekin konformatzen ari gara, bitartean?

Adibidez, sistema informatikoen azaleko aukera elebidunarekin: katalogoaren menuak euskaraz ikusi ahal izango ditugu (fitxategien izenak: izenburuak, argitaldariak, gaiak ; agindu kodifikatuak: aurrera, atzera... ; laguntza-pantailak, eta abar) baina interesatzen zaigun dokumentura iritsita, katalogatzaileak fitxan ezarritako datuak (deskribapena, oharrak, zenbait izen propio, gaiak...), gazteleraz irakurri beharko ditugu. Kuriositatea duenak, bisita egin dezala gertuen daukan liburutegira. Edo, adibidez, zenbait tokitan, merkeago aterako zaigula-eta, liburuak kaxetan sartu eta Granadara bidaltzearekin, Espainiako enpresa pribatu batek hantxe kataloga ditzan. Horrela landuko al dugu geure ondare bibliografikoaren katalogazio modu propioa? Horrela garatuko al dugu euskal kulturaren atal garrantzitsu bat?

Eusko Jaurlaritzaren Liburu eta Liburutegien Zerbitzuak hitzarmena dauka Gazteizeko Kultur Etxearekin, Absys sistemaren bidez, haren erregistro katalografikoak udal liburutegien eskura jartzeko. Espainiako Ministerio de Cultura-k daukan Rebeca datu basearen sarrera ere ahalbidetzen du Absys-ek. Baina batean zein bestean, gaztelania hutsez daude erregistroak. (Esan behar dut, baita ere, Absys dela Azkue Bibliotekaren sistema informatikoa eta, beraz, sistemak berak ez duela euskaraz katalogatzea galerazten.) Zein da Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu horrek euskararen normalkuntzari dagokionez daukan planteiamendua? Hizkuntza hautatzeko aukera ematea udal liburutegiei: hau da, euskaraz katalogatu nahi duen udal liburutegiak euskaraz katalogatu ahal izango du (nola edo hala, normaldurik ez dagoenez) eta gazteleraz katalogatu nahi duenak, gazteleraz. Gai zerrenda elebiduna erabili beharko dute kasu guztietan, hura prestatzen denean. Hori guztia, bertako teknikariek emandako ahozko azalpenez jakin dut. Nire eta beste bibliotekario batzuren ustez, gaur egun horrelako jokabidea izatea euskararen kalterako izango litzateke. Toki gutxitan, herri oso euskaldunetan bakarrik, animatuko dira euskara hutsez katalogatzera,eta teknikoki zailagoa egingo zaie gainera, tresnak euskaldundu ez direlako.

Nik, gutxieneko bezala, katalogazio elebiduna exijituko nuke, dokumentuen araberako hizkuntz tratamendua, alegia: euskarazko dokumentu guztiak, euskaraz,eta gainerakoak, erdaraz. Gai zerrenda elebidunak, kasu guztietan. Hala ere,aurrekoak badu koskarik euskararen aldeko ikuspegi zorrotz batetik hartuta: argitaratzen denaren zati txikia denez euskarazkoa (liburutegien fondoaren barruan parte bat, eta ez handiena), katalogoan, bere osotasunean hartuta, erdara nagusituko da. Arrazoi kuantitatibo sinpleengatik. Bi aukera daude kinka honetatik ateratzeko:

  • katalogoak bikoiztea. Kostuak bikoiztuko ez diren arren, kostuen gehikuntza da seguru aski oztopo garrantzitsuena. Beste aldetik, nik jasotako informazioan (Kanada, Belgika eta Suitzako liburutegi nazionalen ereduak) ez dut aurkitu horrelako praktikarik. Hala ere, pentsatzekoa da.
  • euskarari, diskriminazio positiboa aplikatuz, lehentasuna ematea. Honek ez du zerikusirik lehenago aipatu dudan “hizkuntz hautaketa”rekin. Ez da udal liburutegi bakoitzaren esku utziko zein hizkuntza erabili, baizik eta, horretarako behar diren tresna tekniko egokiekin batera, euskaraz katalogatzeko aholku edo agindua emango. Euskaraz egingo ez dutenei, katalogazio elebiduna exigituko zaie.

Finean, arazo konplexu baten aurrean gaude. Plangintza eta lankidetza eskatzen duen arazoa da, eta, behin eta berriz azaltzen saiatu naizen bezala, plangintza bibliotekario zabalago baten barnean kokatu behar dena. Lurralde bateko, eta arrazoi handiagoarekin hizkuntza bateko, eredu katalografikoa emateko, zentro edo agentzia katalografikoa edukitzea ezinbestekoa da. Euskararen egoera penagarriaren haritik gure egitura bibliotekarioaren ahuleziaz topo egin dugu berriro: ohartzeak eta aitortzeak lehen pausoak izan behar dute, aldatu nahi baldin bada.

Etorkizunera begira, zurrunbilo sozialean, badirudi haize berriak dabiltzala,itxaropenari eusteko haize egokiak. Aldarrikapen teorikoak, Bartzelonan 1996an adostutako Hizkuntz eskubideen deklarazio unibertsala bezalakoak, zeinak V. Atalean, 45. artikuluan honela baitio:
"Hizkuntz komunitate orok eskubidea dauka lurraldeko hizkuntza propioak toki nagusia har dezan kultur gertakarietan eta zerbitzuetan, hala nola liburutegiak, bideotekak, zinemak, teatroak, museoak, artxiboak,informatika-ekoizpena, folklorea, kulturaren industriak, eta kultur bizitzatik eratorritako beste agerkari guztiak”" [18]. (Beste erreferentzi bat 40. artikuluan). Ildo teorikoren barruan, baita ere, aipagarria da halaber Europako Hizkuntzei eta Legediei Buruzko Nazioarteko III. Simposiuma, Iruñean ospatua eta aurreko deklarazioa izan zuena oinarritzat. Ekintza praktikoetan, berriz, Instituzioen aldetik, Josune Ariztondok, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak jakinarazi zuenez, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia urte honen amaierarako aurkeztuko dute Gobernuan. Euskararen Aholku Batzordea izango da ebaluazio irizpideak eta proposamenak aurkeztuko dituena. Eta, nola ez, Euskararen Unibertsoaren lehen jardunaldiak. Plangintza orokorraren barruko helburu sektorial bat baino gehiagotan beharko da bibliotekarioen eskuhartzea: hedabideenean eta kulturgintzan, teknologian. Isilik baino interes handiz jarraitu genituen bibliotekario batzuek hango solasaldiak. Hain zuzen, gai horri buruzko gonbite batekin bukatuko dut artikulo hau:

Euskal Herri mailan, biblioteken esparruan euskararen normalkuntzaren alde lan egiteko bibliotekario eta dokumentalista taldea sortu da: Joana Albret Bibliotekonomia Mintegia .

Honetan interesaturik dagoena azpian sinatzen duenarekin jar daiteke harremanetan. Gogoz hartuko dugu lankide berritzat. Agurtzane Juanena Alustiza, bibliotekaria Koldo Mitxelena Kulturunea 1997ko urriaren 2an

-----------

Oinak:

[1] Sanz, Iñigo eta Moreno, Luis. Sobre una red automatizada de Bibliotecas del Pais Vasco. Non: Documat 90 /Terceras Jornadas Españolas de Documentación Automatizada. Palma de Mallorca : Universitat de les Illes Balears,1990. ISBN 84-7632-086-8, 1227, 1234 orld.

[2] Carrion Gutiéz. Manual de bibliotecas. [1ª reimp. corr.]. Salamanca ; Madrid : Fundación Germán Sánchez Ruipérez, 1988. ISBN 84-86168-26-0,227-228 orld.

[3] Osacar Arraiza, Gloria. La automatización de las bibliotecas en el País Vasco. Non: ALDEE. Año 1, n. 2 (dic. 1995), 6-18 orld.

[4] Arana Palacios, Jesús eta Olaso Val, Anabel. Legislación sobre bibliotecas : un estudio comparativo. Non: TK.1 zk., 43-53 orld.

[5] Iturralde Sola, Juana eta Arana Palacios, Jesús. Entrevista a Carmen Jusué Simonena, Jefe de Sección del Libro y Bibliotecas. Non: TK.1 zk., 19-22 orld.

[6] Modelo de qué. Non: TK. 3 zk. (1997 ekaina), 6-8 orld.

[7] Cordón García, José Antonio. El registro de la memoria : bibliografías nacionales y depósito legal. Gijón : Trea, 1997.ISBN 84-89427-23-2, 223-224orld.

[8] Liburutegi nazionalaren beharra. Non: Egunkaria. 1996-ko abenduak 7. 12 orld.

[9] Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria. 1990. Abuztuaren 6

[10] Vellosillo González, Inmaculada. Las bibliotecas nacionales. Non: Manual de biblioteconomía. Madrid : Síntesis, 1996. ISBN 84-7738-363-4, 325-335 orld.

[11] Pérez, Adoració. El papel de las bibliotecas nacionales en las Comunidades Autónomas, un caso concreto: la biblioteca de Catalunya. Non: Documat 90 /Terceras Jornadas Españolas de Documentación Automatizada. Palma de Mallorca : Universitat de les Illes Balears,1999. ISBN 84-7632-086-8, 349-367 orld.

[12] Orera Orera, Luisa. La Biblioteca Nacional de España y las Bibliotecas Centrales de las Comunidades Autónomas. Non: Manual de biblioteconomía. Madrid : Síntesis, 1996. ISBN 84-7738-363-4, 337-362 orld.

[13] Fuentes Romero, Juan José. Las Bibliotecas Centrales de las Comunidades Autónomas : análisis de la situación y perspectivas de su desarrollo. Non: Documat 90 / Terceras Jornadas Españolas de Documentación Automatizada. Palma de Mallorca : Universitat de les Illes Balears,1990. ISBN84-7632-086-8, 166-186 orld.

[14] Conclusiones de las V Jornadas Españolas de Documentación Automatizada (Cáceres, 17-19 de octubre de 1996). Non: Correo Bibliotecario (10 nov. 1996) http://www.bcl.uva.es

[15] Cordón García, José Antonio. Op. cit. 228, 231 orld.

[16] Echevarría, Tomás de. Proyecto de creación de una biblioteca exclusivamente vasca. Non: Primer Congreso de Estudios Vascos. Bilbao : Bilbaína de Artes Gráficas Juan J. Rochelt, 1919. 673-688 orld.

[17] Juanena Alustiza, Agurtzane. El euskera en la catalogación de nuestro patrimonio bibliográfico. Non: ALDEE, Año 2, n. 4 (dic. 1996), 16-21 orld. Euskara gure ondare bibliografikoaren katalogazioan. Non: TK. 3 zk. (1997 ekaina), 71-75 orld.

[18] Hizkuntz eskubideen deklarazio unibertsala, Antton Elosegi Aldasoro euskaratua. Non: Hika. 71 zk,35-39 orld.

etiketak: Dokumentuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Katalogatzeko Terminologia

Euskaraz katalogatzeko terminologia Joana Albret mintegikideen ahaleginez egindako lana da. 2000 urtean argitaratu zen Eusko Jaurlaritzako IZOren gainbegiratuarekin eta Iametza enpresaren laguntzarekin internet datu-base bezala eskaintzen da hemen.