Blogen rankinak
Atzo, statcounteren bidez nire blog honetan jendea nondik sartzen zen begiratzen ari nintzela, ikusi nuen bazegoela sarrera bat Bloguzz webgunetik. Rank hitza ageri zen orrian eta sakatu egin nuen nora zihoan jakitearren. Sorpresa hartu nuen euskarazko lehenengoa nintzela ikusterakoan.
Duela gutxi aritu naiz detaile gehiago begiratzen eta hara zer aurkitu dudan:
"Este blog ocupa la posición 1373 de los 52433 blogs indexados en Bloguzz. En Euskera está en el puesto 1 de un total de 84 blogs. Mantiene su nivel de buzz en los últimos días. Su nivel de influencia absoluta es del 50%, es un blog influyente en la blogosfera. Es uno de los mejores blogs en Euskera. Es un referente en la red acerca de Fútbol, uno de los mejores lugares para informarse sobre este tema". Eta kasu honetan negritak ez dira nireak.
Lehenengo blog gisa agertzea, tira, besteak ikusi behar, baina zur eta lur geratu naiz jakiterakoan Harrikadak erreferentea dela futbolean eta kirolean orokorrean. Eskubiko zutabeari erreparatuta garbi dago zergatia: kategoria horietan bakarra naizelako.
Oker ez banago, dagoen kategoria guztietan, blog hau lehenengoa da eta, gainerakoak zeintzuk diren ikusirik, datua ez da sinesgarria:
Hizkuntzaren arabera (euskara):
1.- Harrikadak.
2.- Sustatu.
3.- Faroa.
4.- Eibar.org.
5.- Emazteek diote.
Kategoriaren eta hizkuntzaren arabera (jendartea):
1.- Harrikadak.
2.- Faroa.
3.- Arabatik.
4.- Karrajua.
5.- Ikastorratza.
Kategoriaren eta hizkuntzaren arabera (Internet):
1.- Harrikadak.
2.- Sustatu.
3.- Faroa.
4.- Emazteek diote.
5.- Zabaldu.
Kategoriaren eta hizkuntzaren arabera (entretenimendua):
1.- Harrikadak.
2.- Faroa.
3.- Patxitrapero.
4.- Espaloia.
5.- metropolitan...
Kategoriaren eta hizkuntzaren arabera (erlijioa):
1.- Harrikadak.
2.- Euskonomia.
3.- Garagoikoa.
4.- plisti-plasta.
Garbi dago zergatik dagoen oraindik beta fasean. Alianzok duen euskarazko blogen rankina, berriz, sinesgarriagoa iruditzen zait. Garai batean, hirugarren edo laugarren egon bazen ere, egun zortzigarren lekuan agertzen da bertan blog hau.
Galtzeimer (XIV) Egokitzen
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Medikuak aurreko astean esandakoa bete egin zen astelehenean: asteburuan atta dexente egon zen eta astelehen goizean alta (sendagiria jarri behar nuen) sinatzeko prest agertu zen medikua bisita egin ondoren. Ez dakit zein presio dituzten medikuek, baina antzematen da Osakidetzak gaixoak etxera (edo kasu honetan bezala, egoitzara) bidaltzeko moduan daudenean, azkar ibiltzen direla kanporatze agiria sinatzeko.
Igande goizean utzi genuen gela fatidikoa (206tik 209ra pasa ginen berriro). Pertsona bat oso egoera kaxkarrean baitzegoen. Atta beste gaixo batekin egon zitekeela ikusten zenez, mugitu gintuzten. Tokiz mugitutako beste gaixoa gauez hil egin zen. 206n gela hiltzen den hirugarren pertsona gu ospitalean gaudela.
206 gelak familiarentzat gauza on bakarra dauka: gaua pasatzen geratzen denak ohea duela etzateko. Gogorra baita Osakidetzako butaketan lo egitea. Noizbait jarriko dute familiaren esku hori baino zerbait hoberik? Zaila. Adibidez, Donostia Ospitalean pasa genituen egunetan (lau gau) zaila ikusten zen, oheaz aparte, gaixo bakoitzak dituen butaka eta aulkia non eta nola jarri asmatzea trabarik egin gabe.
Arratsaldeko 15:00etarako zegoen eskatua anbulantzia. Belarriko mina zuen attak eta mareoak baztertze aldera, anbulantzian Donostiara eramatea erabaki genuen. Arratsaldeko 18:00etan, gure autoan ekarri genuen. Gure unitatean bost gaixo hiru ordu egon ziren anbulantziaren zain (beste lau lagun lehen unitatean). Ez omen da lehentasunezko sendagiria hartu duten gaixoak etxeratzea. Ulertzeko moduan nago hori bai. Baina, kontxo, gauza bat da zerbitzua atzeratzea eta beste bat hiru ordu egotea anbulantziaren zain. España va bien… y Euskadi también.
Atzo arratsaldean bisitan joan nintzen egoitzara. Haserre zegoen. Bere buruarekin eta gurekin. Beldurrez. Ez zuen bakarrik geratu nahi. "Ume jaio eta ume bihurtu" esaten da euskaraz. Ba horixe.
Donostia 2016 pentsatzeko garaia
Gehienok jakingo duzuen bezala Donostiak 2016ko Kulturaren Europar Hiriburu izateko hautagaitza aurkeztu zuen pasa den udaberrian eginiko ekitaldi batean.
Astelehenean eta asteartean, irailaren 29an eta 30ean, 2016rako Donostiaren Hautagaitzari buruzko Lehen Jardunaldiak egingo dira Victoria Eugenia Antzokian. Antolakuntzak dioenez, "lau txosten eta hamabi komunikazio aurkeztuko dira, hautagaitzaren kultura-proiektuak izan ditzakeen edukiez ideia-jasa egin ahal izateko". Txostengileak Santiago Eraso, Josep Ramoneda, Daniel Innerarity eta Kepa Korta izango dira. Komunikazioak, berriz, ondorengo hauek egingo dituzte: Luisa Etxenike, Lourdes Fernández, Joxean Muñoz, Lourdes Oñederra, José Luis de la Cuesta, etab. Informazio gehiago Donostia 2016 hautagaitzaren webgunean.
Victoria Eugenia Antzokira hurbiltzerik ez dutenek, Casares Irratiaren bidez jarrai ditzakete topaketak. Irratia 107.4 FM frekuentzian entzun daiteke Donostialdean, baita Internet bidez ere.
2006ko maiatzean, Donostiako Kultur Proiektuei buruzko Topaketak egin ziren San Telmo Museoan. Topaketei buruzko loturaren gainean klik eginez gero, egun haietako nire apunteak dituzue. Astelehenean eta asteartean, berriz, ez dut joateko asmorik. Beste eginbeharrak izango ditudalako (aitaren zentro aldaketa, besteak beste). Ea norbaitek apunteak hartu eta denon eskuragai jartzen dituen sarean.
Santanderreko lagun batek esan zidan aurreko batean, Kantabriako hiriburuak ere aurkeztuko duela hautagaitza. Lagunak zioen Botín familiaren babesa izango duela. Eta Polancotarrak ere hortxe ibiliko dira.
Okerrena krisi ekonomiko latzak harrapatuko dituela urte hauek bete-betean. Atzoko Irutxuloko Hitzan irakurri nuen aurtengo aurrekontuan gastatzeko zeuden 26 milioi euro ez gastatzea erabaki duela alkateak, Odón Elorzak.
Zinemaldiarekin batera, glamourrak agur esango duela dirudi gaur bertan. Eta txin-txin hotsa ere dezente jaitsiko da. Jaun-andereak, gerrikoak ondo lotu.
Galtzeimer (XIII) Hobeto
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Asteazkenean atta goizean-goiz esnatu zen. Bezperan, norbaitek esan omen zion jan, ibili eta indartu beharra zuela. Goizeko 8:00ak baino lehen sagar pusketa bat eman nion. Amarekin gosaldu zuen eta, ondoren, gelan ibili ginen, hankak arrastaka.
Medikuarekin hitz egiteko geratu nintzen. Medikuak berak, erizainaren laguntzarekin, atera zuen pasillora, zutik. Urrats batzuk eman genituen, behintzat, kanpoko korridorean.
Harrituta nengoen eta ez nuen oso ondo ulertzen hain modu harrigarrian berpiztea atta, baina horrelako gorabeherak ditu gaitzak. Dirudienez, dementziaren garapena moteldu egin da. Kezkagarriena bronkioak dira, baina hori konpontzeko bidean dagoela dirudi.
Atzo goizean medikuak esan zigun gauzak horrela jarraituz gero, astelehenean edo asteartean atera daitekeela ospitaletik.
Asteazkenean ere Aldundiak bidalitako jakinarazpena jaso genuen. 3. graduko eta 2. mailako menpenkotasuna aitortu diote. Gorena. 94 puntu, guztira. Anaiak hitz egin zuen Irungo gizarte laguntzailearekin eta oso altua zela esan zion. Plaza publikoa edo kontzertatua lortzeko itxaron zerrendan geratuko gara.
Bitartean, Donostiako egoitza batean mantenduko dugu atta. Egunero 85,5 euro ordaindu behar dira (ospitalean egon den bitartean, erreserba mantentze arren, % 85a). Beraz, hilabetero 2600 euro, bataz beste.
Plaza publikoa edo kontzertatua emanez gero, 500-600 euroko laguntza izango genuke hilero. Baina menpeko pertsonaren ondarea (ohiko etxebizitza aparte utzita) 3.000 eurora murrizten denean, orduan diru sarreren % 85 pagatu behar du hilabetero.
Datu okerren bat egon daiteke, baina konturatuko zarete zein garestia den zahartzea eta gaixotzea.
Galtzen ikasi beharra
Gaur goizean lanetik atera behar izan dut. Kafetxo bat hartu beharrean, Hontza Liburudendan sartu eta David Trueba idazlearen Saber perder liburua erosi dut.
Alde Zaharrean bazkaldu dut eta, normalean horrela jokatzen ez badut ere, liburua eraman dut jatetxera. Nahiago dut bazkaltzen dudan bitartean periodikoren bat edo aldizkariren bat irakurri, liburuak leitzea bazkalorduan deserosoa baita.
Kontrazalean agertzen zen laburpenarekin hasi eta lehenengo hamar orrialdeak irakurri ditut. Asko gustatu zait irakurri dudana. Engantxatu nau liburu batek aspaldian ez bezala.
Lanerako bidean, Alde Zaharrean gelditu naiz pare bat ezagunekin berbetan. Halako batean, Ana M-rekin nengoela hizketan, hara non agertu den aurrez aurre David Truebaren itxura duen pertsona. Bera izango ote da? Baietz erantzun diot nire buruari eta, liburua eskutan nuela, zera esan diot: "Soilik hamar orrialde irakurri ditut, baina asko gustatu zaizkit". Berak: "Ea bukaeran sentsazio bera duzun".
Asteazkenean, irailaren 24an, David Trueba Ernest Lluch Kultur Etxean egongo da Saber perder liburua aurkezten. Planak egunekoak egiten ditut nik eta ezin esan joateko aukerarik izango ote dudan edo ez. Ea zuotako norbaitek joaterik duen. Liburuak eta egileak merezi dutelakoan nago.
Galtzeimer (XII) Amaren urtebetetze eguna
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Goizeko 7:20 dira. Laster azalduko da ama gelatik eta nire buruari galdegiten diot zer kristo egin behar dudan bera ikusterakoan. Argi dago zoriondu behar dudala/dugula, baina nola hartuko du gaizuak agur hori?
Anaiak hots egin zidan atzo arratsaldean. Gaurko eguna dela-eta, zerbait oparitu behar diogula amari esateko deitu zuen. "Aunkesea lore sorta bat edo landare bat". Senarra dagoen egoeran alboan duela lore sorta eramatea ez zitzaidan ondo iruditzen niri. Gaur goizean landarea oparituko diogula geratu ginen, beraz. Bilobak entregatuko dio 206 gelan.
206 gela idatzi dut eta ondo dago idatzita. Atzo goizean koltxoi bereziko ohe batera ekarri zuten atta. Eskertzekoa ospitalekoek egin duten ahalegina (erizainen buruaren erabakia izan dela uste dut).
Ondo baino hobeto ezagutzen dut gela, aurreko gelan pasa ditugun lau asteetan gutxienez bi lagun hil baitira bertan. Ulertuko duzue, beraz, gela hau gehiegi ez maitatzea. Are gehiago gogoratzen dudanean hona ekarri zutela atta lehen delirioa izan zuen egunean. Egia da ere gure auzotar bat hiru astez egon dela bertan eta lerro hauek idazterakoan etxean dagoela jada. Ikusiko dugu, baina dagoen bezala ez dut uste asko iraungo duenik.
Hau da amaren urtebetetze-egunean kontatu nahi nuena. 23an, asteartean, 41 urte beteko dira gurasoak ezkondu ziren egunetik.
Arratsaldeko 19:00ak dira. Etxean nago orain, ordenagailuaren aurrean. Ama sartu egin da goizean gelara eta bi muxu eman dizkiot. Atta ez da enteratu.
Bihar, irailak 21, Alzheimerraren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Idatzia dut jada attak beste dementzia mota bat duela, baina gaitz honen lehengusua dela. Berria egunkarian iaz azaldutako informazioan irakurri berri dut Afagi Elkarteak emandako datua: "Alzheimer gaitzak 5.500 familiari eragiten die egun Gipuzkoan. Eta hamar urteren buruan 11.000 inguru izan daitezkeela aurreikusten da". Kontutan hartzeko kopurua da.
Galtzeimer (XI) Ospitalean berriro
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Astelehen goizean hasi nintzen berriro lanean. Hilabetea azkar pasa da arlo honetan zoritxarrez, nahiz eta betiko errutina ondo etorri zenbait gauza puskatzeko.
Goiza lanean pasa ondoren, anaiari hartu diot txanda iluntzean. Donostia Ospitaleko unitate honetan, Irungo Ospitalearekin konparazionera, beste protokolo batzuk erabiltzen dituzte. Adibidez, ez dute atta gerritik lotu, nahiz eta behin eta berriro eskatu familiak. Arrazoi ezberdinak eman dituzte ezezkoa argudiatzeko, baina gu prest gaude gure ardurapean lotzeko (ezin baituzu gela utzi, besteak beste). Ez dago manerarik, baina. Dementziaren aurkako botiken dosia ere jaitsi egin dute eta horrek dakar atta nahasiago egotea. Azken honek gerorako ondorio garbia dakar: polizia moduan zaudelarik bere aldamenean (ez egin hau, ez egin hori, ez mugitu, ez…), ziur naiz hemendik urte batzuetara gogoratuko naizela oraindik (txarrerako).
Astelehen goizean medikuak esan dio familiari hurrengo krisialdiari begira zer erabaki hartuko dugun argi eta garbi izateko. Eskertu egin dugu horrela hitz egitea. Hau da, gaixotasuna doan moduan ea merezi ote duen berpizteko ahalegina egiteak. Bronkioek lana behar den bezala egiteari utzi omen zioten larunbatean (kontrako eztarritik joandako zerbait geratu zitzaiolako, ingurua infektatuz). Denok argi dugula dirudi, baina unea iritsitakoan ikusiko dugu zer gertatzen den.
Irunerako trasladoa eskatu genuen eta gaur arratsaldean bertan eraman dute berriro Bidasoako Ospitalera. Zenbat gela korritu ditugu hemen azken aste hauetan: 209, 206, 201, 222…
Gaua tokatzen zait berriro. Bihar ez naiz lanera joango.
Betiko martxa hartu nahian
Atzo irakurri nuen Donostiako Alde Zaharreko 93 urteko Andresa arrain saltzaileari Idoia Etxeberriak eginiko elkarrizketa interesgarria Berria egunkarian. Kazetariak goiza pasa zuen Bretxa inguruan kalean antxoak saltzen dituen emakume honekin eta oso erretratu txukuna egin du. Andre honekin galduko den ogibidea, itxuraz. Uste dut okerreko bidetik ari garela: horrelakoak behar diren tokian jarri beharrean, ezkutatu egiten dituzte agintariek gaur egunean.
Atentzioa deitu zidan ere ostiraleko Berriako hemerotekan aipatzen zuten Xabier Larrañaga zutabegileak Deia egunkarian publikaturiko Kokakola herria artikuluak. Viva España oihukatzen omen zuen Johny Rotten-ek, Sex Pistols taldeko abeslariak, Azkena Rock jaialdian publikoa probokatu nahian. Haserrea lortu beharrean, jendearen asperdura eragiten omen zuten halakoek. Xabierrek ondo adierazten duen bezala, garaiak aldatu egin dira.
Hala ere, Roberto Moso bertan egon zen eta Zaramatimes blogean telefono mugikorra jaurti ziotela dio. Kasu honetan, haserretu zena musikaria izan zen.
Attaren osasun-egoerak su-etena ematen badit, Viva Poch jaialdiko emanaldiren bat edo beste ikustera joan nahi dut. Oso omenaldi polita antolatu da Donostian 18tik 20ra.
Omenaldiak aipatzen ditudanez, Eskorbuto taldeko Iosu Expósitoren omenez busto bat jarri dute. Atzo egin zen ekitaldia Santurtzin. Gasteizko Caminantea egin zuen artista, Juan José Eguizabal, dela egilea entzun nuen pasadan Más que palabras irratsaioan.
P.S.: pasadan diot, zeren autoan entzun nuen, atta zegoen egoitzatik Donostiako Ospitalera eramaten zuen anbulantziaren atzetik. Ahul dago eta kontrako eztarritik joandako zerbaitek infekzioa eragin dio. Arratsalde eta gaua lasaiak pasa zituen atzo. Printzipioz, bihar goizean hasi behar dut lanean berriro. Baimenak eta oporrak ere agortzen ari baitira.
Galtzeimer (X) Erroak
Ohar garrantzitsua: blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
1979-80 urteen bueltan, telebista espainolean Raíces telesaila arrakastatsua botatzen zuten, Afrikatik Ameriketara esklabo eramandako Kunta Kinte gizasemearen istorioa, Alex Haley idazlearen eleberrian oinarriturikoa.
OHO amaitu gabe nuen oraindik eta baserrian bizi ginen. Beheko solairuan sukaldea, komuna eta ukuilua. Goiko solairuan gurasoen, anaiaren eta nire gelaz aparte, egongela.
Denok lotara joanak ginen, baina atta komunera jaitsi zen. Eskaileratik gora, nire koartoko argia piztuta zegoela ikusteko aukera zegoela ez nuen kalibratu. Cajahorrosak (Probintzialak? Munizipalak?) oparitutako Alex Haley idazlearen liburua irakurtzen ari nintzen buru-belarri eta ezin amata argia.
Irakurketan erabat murgildurik nengoela, haserre bizian sartu zen gelara. Liburua kendu, lurrera bota eta argia alferrik gastatzen ez ibiltzeko esan zidan.
Liburuaz ez naiz gogoratzen. Kunta Kintez, bai, telebisioan ateratzen zelako, nahiz eta nik ez ikusi (berandu botatzen zutelako). Liburua gurasoen etxean ikusten nuenean eta kolpearen ondorioz zuen orbaina ikusten nuela, beti gogoratzen nintzen egun hartan gertaturikoa. Aldiz, ez dut attaren zaplastekorik gogoan. Haserrealdi hura eta beste batzuk bai (une goxoak ere bai).
Laboaren kanta berregokituz (hegoak fuera): "Erroak ebaki banizkio…". Horrela sentitzen naiz egunotan. Are gehiago atta egoitza batean utzi dugularik. Ez zegoen beste aukerarik, baina gogorra da.
Karrusela abiadura hartzen hasi zenean, ezagun batek esan zidana dut gogoan iltzatuta. Haren ama dementziak eraman zuen. Ondo zekien zetorkiguna: "Saihestezina ez da tragikoa. Animo, pazientzia, ahalik eta umore gehiena. Ezin da ezer egin. Jan dezala, garbia egon dadila, ahalik eta gutxien sufri dezala. Bai, ondo pentsatuta, badakit oso mingarria dela".
Jobim maisuak zioen bezala, “Tristesa nao tem fim / felicidade sim”.
Putakumea irain gisa ez, eskerrik asko
Azken hilabetetan noizbehinka bueltaka daramadan ideia berpiztu zitzaidan aurrekoan Sustrai Colinak Pako Aristiri eginiko elkarrizketatxoa irakurri nuenean. Sustraik galdetu eta Pakok erantzun:
"Sustrai: Zergatik bizi zara kritikatzen duzun herri prototipoan?"
"Pako: Herriko putakume handienak mezetara joaten ikusteak pentsamendua garatzen asko laguntzen didalako".
Hasiera batean, pentsatu nuen Pakok irain gisa erabiltzen zuela hitza, beste askok erabiltzen dugun bezala. Orain, berriro irakurrita, zalantza daukat.
Putakume edo putaseme irain gisa bilatu dut Googlen eta Marijo Deograciasek futbol partida batean idatzitakoa topatu dut berriro: Putaseme mordoa San Mamesen.
Gero, hijo de puta bilatu dut eta hor azaldu zait Jaime Richarten hijo de puta testua. Eta Carlos Martínezen Elogio del hijo de puta eta Carlo Frabettiren Todos somos putas.
Gauzak horrela La Hora Chanante telebista saioko Hijo de puta hay que decirlo más etorri zait gogora.
Hijo de la crápula deitu zion José Antonio Barrosok, Puerto Realeko alkateak, Espainiako Erregeari. Udal hauteskundeen kanpainaren atarian deitu izanak, susmagarri bihurtzen du dena. Arraroa badirudi ere, alkate izaten jarraitzeko izan zen?
RAEk hiru esanahi ematen dizkio crápula hitzari:
1.- Embriaguez o borrachera.
2.- Disipación, libertinaje.
3.- Hombre de vida licenciosa.
Eta hara nola, ospitaletako gau luze horietako batean, Radio Euskadiko La Noche Despierta irratsaioan Géminis lokaleko jabearekin entzundako tertuliaz gogoratu naizen. Bikote trukerako tokia baino elkarrizketatuak giro liberaleko lokal gisa definitu zuen.
Bakoitzak egin dezala nahi duena, baina, puta gora, puta behera, hobe irain gisa ez erabiltzea.