Galtzeimer (XX) Famili-bazkaria
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Hilabete pasa da attari buruzko azken apuntea idatzi nuenetik. Gauzak ez dira gehiegi aldatu. Irungo egoitzan jarraitzen du.
Dena den, bai egon ginela etxera eramatetik gertu. Egoitzako psikologoarekin hitz egin eta esan genion gabonak iritsi aurretik etxera eraman nahi genuela. Eguneko zentrora ekarriko genuela eta gero etxera eraman lotara. Azken unean, baina, gauzak dauden bezala uztea erabaki genuen.
Gaur ekarri dugu lehenengo aldiz etxera bazkaltzera. Zazpi lagun elkartu gara gure etxean, Donostian. Atta oso gustura egon da, eskertu du zentrotik ateratzea. Hiztun etorri da autoan, eguraldiak goizean eman duen tregua aprobetxatuz eta ikusten zuen pasaiarekin gozatuz. Lasai-lasai egon da mahaian eserita, baina arratsaldeko 17:00ak aldera Irunera bueltatu nahi zuela esan digu. Anaiak eraman du bertara.
Aldez aurretik inoiz ez dela jakiten esan zidan aste honen hasieran gizarte langileak. Probatu behar genuela. Ez gara damutzen.
Orain ea nola antolatzen ditugun gabonetako ospakizunak.
Aupa, Mikel! Zorionak. Saiatu zarete, eta ondo irten da. Irten zitekeen txarto ere, ez dago jakiterik, baina orain bai zuek eta bai aita ere pozik zaudete, esperimentua ondo joan delako. Ea Gabonetan ere dena ondo doakizuen. Besarkada bat.