Mikel Laboak ere alde egin du
Gaur goizean autoa hartu eta etxerako bueltan gentozen hiru egun Arnedilloko bainuetxean pasa ondoren. Iruñea paretik pasa gara eguerdiko 13:00ak aldera eta albistegiaren bila aritu naiz irrati aparatuan. Euskalerria Irratian Mikel Laboaren musika entzuten ari nintzen, baina hori ohikoa iruditu zait. 13:00ak eman eta albistegiaren tenorean Laboaren musikak jarraitzen zuela konturatu naizenean, pentsatu dut Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean iragarritako urrezko domina entregatu diola gaur. Zoritxarrez, oker nenbilen: agur esan baitigu gaur Laboak.
Ez naiz oso Laboazalea izan, baina "Gauerako aterbea", adibidez, Negu Gorriak-en bertsioagatik ezagutu nuen. 1990. urtearen bueltan bertsioz osaturiko diskoa egin zioten euskal rock musika taldeek Xabier Montoiak pentsaturiko proiektuan: M-ak, Delirium Tremens, Bap!!... Gustatuko litzaidake binilo hura norbaitek CDan berrargitaratzea.
Arratsaldean, Euskadi Irratian entzun ditut Harkaitz Canoren hitzak. Goizen Elkar argitaletetxean publikaturiko azken liburuaren aurkezpenean botatakoak. Jende gaztearekin konektatzeko Laboaren erraztasuna goraipatu du Harkaitzek. Gaineratu du ere Laboarentzat Harkaitz New York-en bizi zela.
Lasai Harkaitz: badut lagun bat Laboaren familiakoa dena. Karrera amaitu eta urteak lanean eman ondoren, oraindik ere batxilergo ikasketak ea nola zihoazen galdetzen omen zion Mikelek aipatu lagunari.
Arratsaldean aita bisitatu dut egoitzan eta Donostiarako bidean, Agurtzanerekin gogoratu naiz, Mikelen alabarekin. Euskal Herriak musikari handi bat galdu du, baina Agurtzanek aita. Eta hau galera handiagoa delakoan nago.