Harrikadak.eus lortu arte
Ostegunean aurkeztu zen Puntueus elkartea. Goizean eginiko prentsaurrekoaren ondoren, arratsaldean ekitaldia egin zen Durangoko Plateruenan.
Webgunean diote "Internetek, kultura-aniztasuna mailarik gorenean kokatzen du eta, kultura-aniztasun horren baitan, gaur egun euskarak eta euskal kulturak Interneteko aterpe teknologiko propioa izan dezakete: .eus domeinua, 'Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea'-ren [ EEKK ] Interneteko izena".
Euskaldunok katalanek .cat domeinuarekin zabaldutako bidea jarraituko dugula dirudi eta eta horretarako hamaika elkarte eta erakunde batu egin dira Puntueus elkartea sortzeko.
2006ko irailean Vicent Partal egon zen EH 2.0 jardunaldietan. Kazetari katalan honek .cat domeinua lortzeko jarraitutako bidea nolakoa izan zen kontatu zigun. Katalanak aitzindariak izan ziren eta orain errazago izango dugu euskaldunok, baina ez da erronka makala:
"Kanpaina 2002 urtean abiatu zen, 98 elkartek eta 68.000 hiritarrek bultzatuta. Negoziazio prozesu luzea eta gogorra izan zen, baina 2005eko irailaren 16an ICANNek onetsi zuen .cat domeinua (...) ICANN erakundearekin sinaturiko kontratua 1.000 orrialdetik gorakoa da".
Atxikimendu mordoa daude jada (6.000 inguru hiru egunetan), baina gehiago behar dira (bete formulario hau nahi izanez gero). Erraza da aldeko sinadura ematea, baina gero eutsi behar zaio da eta euskaldunok teknofoboak ez garela demostratu.
Zaldieroa prest dago (zorionak Argia Saria lortu duten guztiei, bereziki Librezale lan-taldeari). Eta zu? Ni bai, harrikadak.eus lortu arte.
Lieder erakusketa Donostiako Arteko galerian otsailean
Aurrekoan aipatu nituen hemen Rafa Berrioren bi kanta. Gaur Joserra Senperena pianista proiektu berean dagoela aipatu nahi nuen eta hark jarritako bideoa itsatsi. Baina ikusi dut informazio gehiago dagoela jada sarean eta orduan hobe ez gordetzea dudan apurra.
Joan den astean ahaztu egin zitzaidan esatea bideoaren egilea Thomas Canet argazkilaria dela. 1970. hamarkadan Berlinen jaiotakoa, gaur egun Madrilen bizi da. Caneti Sylvia Castillok eginiko elkarrizketa honetan hainbat musikari eta artistari eginiko erretratu ederrak ikus ditzakezue.
Elkarrizketan bertan aipatzen da erakusketa (Lieder) Donostiako Arteko galerian otsailean (seguraski hilaren 6an) inauguratuko dela. Ondorengo hauek hartu dute parte ekimenean: Diego Vasallo (pintura), Rafa Berrio (musika), Joserra Senperena (musika), Suso Sáiz (instalazioa) eta Thomas Canet (errealizadorea). Asmoa esaldi batean laburbiltzen dute: "XIX. mendeko erromantizismo klasikoaren idealen interpretazio berria" omen.
Beste bideo bat igo du Canet-ek. Bertan, Thomasek kamera utzi du eta Joserra ageri da pianoa jotzen. "Balada nº 1" du izenburu. Gainera, joan den astean aipatu ez nuen Rafaren "En tu nombre" ere dago ikusgai.
Geratzeko etorri da Spotify?
Aste honetan deskubritu dut spotify, musika Interneten zuzenean entzuteko disketxe handien zerbitzua.
Zenbait adituk diotenez, horrelakoa izango omen da etorkizuna. Hau da, musika Interneten entzungo dugula, inolako deskargarik egin gabe. Hodeia da etorkizuna esaten dute. Last.fm izan daiteke ezagunena une honetan. Nik izena emana daukat Last.fm-n, baina ez diot puntua harrapatzen.
Spotify, teknikoki, gozada bat da. Entzuteko gonbidapena behar da. Izena eman, aplikazio txiki bat jaitsi, zure ordenagailuan exekutatu eta hortik aurrera pronto duzu.
Adibidez, datorren hilaren 7an Kursaal auditorioan egongo den Mogwai taldearen 163 kanta entzun ditzakezu bata bestearen atzean. Calexicoren 80 kanta daude ere. Euskaldunen artean, 63 kanta ditu Bide Ertzean taldeak eta 120 Mikel Laboak. Hau da, dirudienez Elkar eta Gaztelupeko Hotsak disketxeen katalogoak entzungai daude bertan, baina ez dira Esan Ozenki eta Metak agertzen.
Ikusteko dago hau hype bat ote den: hau da, momentuko fenomeno hanpatua edo geratzeko etorri ote den. Formula ezberdinak daude: pagatzekoak batzuk, ez pagatzekoak besteak. Azken hauek, dena den, publizitatearekin berdinduko dituztela dirudi.
Honen harira, Spotify no mola irakurri diogu Keko Ponte blogariari. Berari ez zaio gustatzen kanpoan geratzen dena eta modelo publizitarioak soilik handiei egiten omen die mesede:
"Arazoa edukia da. Handien apostu agerikoa da Spotify, argi eta garbi dago hori. Eta bai, handiak musikaren % 95a dira. Baina Spotifyn ez dira denak sartzen, eta gainerako % 5ean (gutxi dirudi, baina musika asko da) aposturik erakargarrienak biltzen dira. % 5 hori disketxe txikiak dira, irizpide editorial garbiak mantentzeagatik saldu ez direnak, musika irizpideak (ez ekonomikoak) erabiliz aukeratutako produkzioak, % 5 hori Birra y Perdiz bezalako disketxeek osatzen dute, disko gutxi baina hautatuak publikatzen dituztenak. Ezin ahantzi ere auto-produkzioak eta net-labelak. % 5 horrek kontra egingo dio bere katalogoa eguneko merkatal eskaintzekin batera entzun behar izateari. Aurtengo nire disko gogoko gehienak biltzen dituen % 5 hori".
Eztabaida interesgarria dago Kekoren apunte horren azpian.
Eguneratzea: urtarrilak 26. 16:30. Gaur honen berri eman dute Sustatun (Spotify: musika zuzenean entzueko disketxe handien zerbitzua) eta Unaik dio Deezer.com hobeagoa dela. Garik, berriz, Grooveshark gomendatzen du. Probetxuzko zerbait ateako hainbeste eskaintzarekin.
Rafa Berrioren bi kanta berri
Hona hemen Donostiako zein kanpoko artista koadrila batek azken bolada luzean landu duen proiektu baten aperitifa. Ea laster pista gehiago ematen dizkiguten. Bi kanta eta bi bideo xume bezain handi. Lehena, "In memoriam".
Bigarrena, "Absolución".
Calexicotik Miguel Povedara
Calexico Donostian
Normalean ez ditut hainbeste kontzertu ikusten aste bukaera batean, baina ostegunean hasi ginen Kakatua. Dabel ur emanaldiarekin, ostiralean Bide Ertzean taldearen Leidor sessions ikusten egon ginen Tolosan eta larunbatean, berriz, Donostian Calexico + DePedro showa ikustera hurbildu ginen Victoria Eugeniara.
Berandu espabilatu nintzen eta zakurraren ipurdian hartu behar sarrerak. Dena dela, ez naiz damutzen. Calexico taldeak perfekzioa ukitu zuela dio Noticias de Gipuzkoan Juan G. Andrés kazetariak. Iñaki Zarata ere oso gustura atera zen emanalditik. Kasu honetan, beraz, publikoa eta kritika erabat ados. Zaratak dioen bezala hau izan daiteke 2009an gogoratuko dugun kontzertuetako bat, nahiz eta urtea hasi baino ez den egin.
DePedro Jairo Zavalaren proiektua da, La Vaca Azul taldeko abeslaria, Amparanoian ere aritutakoa. Itxura guztien arabera, Amparo Sánchez da Calexicorengana hurbildu duena. Eta DePedroren webgunean irakurri dugunez, Texasen ibili omen da Amparo disko berriarekin bueltaka. Produktorea ostiralean Tolosan egondako Kaki Arkarazo da (Negu Gorriak ohia).
Miguel Poveda Barakaldon
1999an-edo egon nintzen José Mercé cantaoreak Donostian eskaini zuen kontzertu flamenkoan (lehen esperientzia). Teatroa ijitoz beteta zegoen orduan. Atzo, berriz, oso ijito gutxi ikusi nituen Barakaldo Antzokian.
Rockdelux aldizkariarengatik ezagutzen dut Miguel Poveda. Badalonako cantaoreak hogei urte zituela, 1993an, Murtzian egiten den Cante de las Minas jaialdian sari nagusiena irabazi zuen.
Duela bizpahiru urte, Marietak eginiko erreseina honengatik erosi nuen Desglaç, poeta katalanen poemekin apailatutako diskoa. 2006an atera zuen azken lana, Tierra de Calma, eta orain kopla disko bat kaleratuko omen du.
Horregatik guztiagatik nuen Poveda ikusteko irrika. Antzokiaren beheko aldea beteta zegoen igande iluntzean (goian ere bazegoen jendea, baina ez dakit zenbat). Kontzertu flamenkoa eskaini zuen: gitarran Juan Gómez Chicuelo laguna, konpasean Jerezeko bi tipo, Carlos Grilo eta Luis Cantatore. Eszenatoki biluzia: aulkiak, mikrofonoak, monitoreak. Lau kideak dotore jantzita, gorbata eta txaketarekin 35 urteko abeslaria.
Ordu eta erdiko emanaldia eskaini zuen. Paloak desberdintzeko abilidaderik ez daukat. Buleriak egon ziren, bai. Soléa (Mairenarena), Rafael Leónen koplak flamenkora eramanak. "Qué bonita está Triana / cuando le ponen al puente / banderas republicanas" (Sevillan bizi da orain). Bukaera a capella egin zuen. Jendeak gogotsu jo zituen txaloak. Eta gu gustura itzuli ginen etxera.
Desde Barcelona blogean irakurri dugu Almodovar zinemagilearen azken filmaren soinu bandan kanta bat izango duela Miguelek. Hemendik aurrera zer esana emango duen artista handia da, dudarik gabe. Elkarrizketa mamitsuak eskaintzen ditu, gainera.
Bukatzeko, azken diskoan Diego Carrascok abesten duen kanta. Youtuben topatu dudan kontzertu bati dagokion bideoa. Amaieran ageri da kantari Poveda.
Bide Ertzean, salon pop apaisatua
Atzokoa egun handia zen Bide Ertzean taldearen jarraitzaileentzat, hamargarren urteurrena ospatzeko Leidor sessions diskoa eta ikus-entzunekoa zuzenean grabatzekoak baitziren tolosarrak. Aitzaki horrekin lepo bete zen antzokia (800 lagunetik gora, ez da marka makala).
Eszenatokiko argiak piztu ondoren, musikariek lanari ekin ziotenean, aldez aurretik susmatu bezala gaua ederra izango zela jakin genuen. Dena oso zainduta. Atzealdean Joserra Senperena (pianista eta teklatujolea) eta Karlos Aranzegi baterista. Aurrealdean, ezker eskubi, Fran Iturbe gitarrista eta Ubedatarrak (Imanol gitarradun abeslaria eta Joni baxujolea). Argiak eta mesanotxe gaineko lanpara kaputxoi mordoa eszenategian barreiaturik. Kanta bakoitza ilustratzeko atzealdean irudi bana proiektatzen zuten, azken bi kantetan izan ezik (urdinez eta laranjaz kubritu zuten pantaila guztia). Argazki ederrak ikusi genituen.
Imanolek bospasei kanta abestu arte ez gintuen agurtu. Betiko kantak abestu zituzten (berri bakarra izan ezik), erritmo ertainekoak eta gitarreroak ondo nahastuz (nahiz bukaera aldean bloke batean igual lehen estilokoak gehiegi egin jarraian). Salon pop (Love of 74 lagunak esango lukeen bezala) apaisatua (horrelakoa baita antzokiaren diseinua).
Profesional onak egon ziren grabazioan (Rául López, Lucio dokumentalaren montadorea, eta Kaki Arkarazo, besteak beste) eta emaitza ona izango delakoan nago. Banda momentu indartsuan dago, une egokian horrelako proiektuari ekiteko. Pare bat bis egin zituztela uste dut eta amaiera, polita benetan, boskotea a capella, gurasoei eskainitako kanta jotzen. Gauerdia zela zuten eszenatokia.
Publikoaren artean aurpegi ezagun asko: musikariak (Gorka Urbizu, Gotzon Barandiaran, Diego Vasallo, Rafa Berrio, Mikel BAP, Fast Fatum...), idazleak (Harkaitz Cano), pintoreak (Diego Matxinbarrena), telebista aurkezleak (Kike Amonarriz, Ilaski Serrano), zinema mundukoak (Jon Garaño eta Joxemari Goenaga, Moriarti Produkzioak), politikariak (Iñaki Galdos), blogariak (Goio Telletxea, Maite Goñi, Edu Mendibil, Cruz Larrañeta) ...
Puntu suspentsiboek Mescal tabernan izan zuten jarraipena... eta Donostiako Ospitalean, goizeko 2:30ak aldera jaio baitzen Uxue, anaiaren bigarren haurra. Oraintxe goaz ezagutzera.
Bide Ertzean, salón pop apaisado, este apunte en castellano
Glotonioak: Biba zuek!
Duela gutxi iruditu zitzaidan bi aketzen arteko harremanak ez zirela lehen bezalakoak. Pasa den astean lagun batekin komentatu nuen eta esan zidan baietz, gauzak ez zeudela ondo. Berasategui-Aduriz dibortzioak izango al du zer ikusia? Horrek ere bazuela eraginik esan zidan adiskideak.
Aste honetan bertan, glotonioek requiema idatzi dute. Ondoren, Davidek ¡Esto ha sido todo, amigos! publikatu zuen. Ez dakit Hasierrek zer nolako planak izango dituen. Alua.mundua blogean irakurri diogu sukaldean.com geratu zaiola herentzian, besteak beste, eta zirt edo zart egin nahi du. Gure laguntza eskatzen du aurrera egiteko edo bere horretan uzteko.
Davidek, berriz, gaur bidali dio kristo guztiari (mailak bistan bidali baititu) Gloria in excelsis deo izeneko testua. Blog berri batekin bueltatuko dela dio bertan. Ez dut hemen jarriko gaztelerazko nire blogean kopiatu baitut. Hona hemen lotura: Glotonia ha muerto. ¡Vivan los verracos! Ba horixe, biba zuek!
Galtzeimer (XXI) Etxean berriro
Bueno, azkenean, atta etxera eraman genuen. Gabon eguneko afaria bertan egin ondoren, hantxe geratu zen lotan. Beste astebete pasa zuen zentroan, baina abenduaren 31tik etxean dago berriro. Oraingoz, dena ondo doa, baina gaixotasun hauekin ezin da jakin biharko eguna nolakoa izango den. Carpe diem, beraz.
Atzo irakurritako bi paragrafoekin utziko zaituztet. Hitzok Luz Casal kantariarenak dira:
"Beno, nik egoera familiar bitxi samarra bizi izan dut, etxean gaztetxoa nintzenetik hiru guraso nituelako eta ez bi. Eta hori, gaurtik begiratuta, egoera desberdina, interesgarria kontsidera daiteke, baina ez zen horrela: bi aita eta ama bat ziren. Eta nola eraman aurrera harreman hori hirurak maite dituzunean? Dena dela, modu batean edo bestean urte batzuk agoantatu zituzten elkarrekin, nire aita banandu zen arte".
(...)
"Begira, nik aita 95ean galdu nuen (isilune luzea). Aita gaixo zela jakin nuenean, beste munduari bi desio eskatu nizkion: ez zedila bakarrik hil, amarengandik dibortziatuta baitzegoen jada, eta heriotzaren unean ni bertan egotea. Ez zen bakarrik hil, denok baikeunden haren ondoan (nire ama barne) eta ni ere bai. Orduan, guraso zaharrak dituen jendeari behin eta berriro esaten diodan kontua zera da: "ez galdu denbora, ez geratu iraganeko gaizkiarekin, unean unekoa bizi, orain arazoa baita edozein egunetan gal ditzakezuela". Aitari "maite zaitut" esan ez badiozu, adibidez, bera ez dagoenean min asko izango duzu. Nik pena handia hartu nuen aitari gehiagotan maite nuela ez esateagatik. Baina gauza bat esango dizut: aita ez egotea ez da ezer bere beste presentziarekin konparatuz gero. Aita hil zenetik egunero dago presente nire bizitzan. Gainera, gero eta eskasagoa den talde bateko kide nauzu: fededuna naiz".
Jabier Muguruzak Luz Casali eginiko pulamentuzko elkarrizketa: “Me he propuesto ser alivio ante el dolor y la pena”.
Bilboko Kafe Antzokia itxi du Udalak hilabete baterako
Bazkalostean ari nintzen Radio Euskadi entzuten, Roberto Mosoren musika saioa, hain zuzen ere. Eta hor entzun dut, pasadan, hilabetez egongo dela itxita Bilboko Kafe Antzokia erabaki administratiboa zela medio. Ez nuen ezer ulertzen, baina burura etorri zaidan lehen gauza izan da: hauek ere krisiaren eragina pairatzen ari ote dira?
Gero, ordenagailuaren aurrean jarri naiz, eta jakin dut zabalduren bidez zer gertatu den. Horrela kontatu du eitb.com-ek:
“Bilboko Kafe Antzokia itxita egongo da hurrengo hilabetean, 2008ko martxoaren 2an jarritako helegite baten harira, baimendutako edukia gainditzeagatik. Izan ere, M-Clanek jo zuen gau hartan eta baimenduta dagoen jendearen bikoitza zegoen momentu horretan Kafe Antzokian. Itxieraz gain, zigor ekonomiko bati aurre egin beharko dio lokalak”.
Dirudienez, ez da itxitako areto bakarra. Lau omen daude (edo egon daitezke) egoera berean. Berehala etorri zait gogora duela aste batzuk Diego A. Manrique kazetariak Madrilgo Udalak zuzeneko musika programatzen duten aretoei buruz idatzitako zutabe bikain hura, La ciudad bajo asedio. Hona parrafo bat:
"Askok uste dugu rocka, jazza eta antzeko musikek tamaina txikiko edo ertaineko aretoak behar dituztela, lasaitasun giroan talde edo solistekin gozatzeko tokiak, kopa eskuan dugularik, inolako eserlekuari lotu barik. Ekimen pribatuko lokalak, udalaren ulermena merezi dutenak, baita gehiago ere (salbuespen fiskalak?). Edozein hiriko kultur ehunaren zati dira eta zaindu beharko lirateke, ez jazarri. Eta jazarpena egon badago: adibidez, Madrilgo udaltzainen astakeria, djen poltsak arakatzen disko piraten bila!"
Artikulu horrek hurrengo astean izan zuen segida ederra, Las canciones del Gran Bilbao artikuluak Álvaro Heras Gröhl kazetariak Bilboko rock historia biltzen duen liburua baitzuen hizpide.
Bukatzeko, Athletic taldearen Estadioa itxiko lukete maila bereko lege haustura egingo balu? Erantzuna denok dakigu.
Krisialdia baino hondoratzea
Testua irakurri nahi baduzu, gaztelerazko blogean jarri dut: