EGA: bitartekoak eta helburua
Ostiral goizean jenio biziz jarri nintzen IKTeroen blogean irakurri nuenean Maite Goñik 2007-2008 EGA azterketak saretik kendu behar zituela. Ezin nuen sinetsi eta, zorionez, ez naiz bakarra, euskal blogosferan gaia ederki mugitu baita.
Ondo baino hobeto esplikatzen du Gorka Juliok aka Teketenek Maite Goñik muxutruk egindako lan ikaragarria (nEGArgura). Pasa den igandean, otsailaren 8an ,Amarauna irratsaioan kointziditu nuen blogarien txokoan berarekin eta mikrofono aurrean esan zigun igande horretan bertan sareratuko zituela azterketak. Bost egun egin dute Interneten. Txantxetan esan nuen monumentua egin behar geniola Maiteri, baina ez da hori jaso duen ordaina.
Maite elegantea da eta ez du esan nondik deitu dioten, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik jasoko zuen deia. Egindako lana eskertu bazioten ere, liburu argitaratu berriak bere ibilbidea egin arte ezin omen da sarean jarri.
Saritu beharrean Maitek eginiko lana, (aginte) makila hartu eta harekin jo egin diote, zapla, bizkarrean. Zein da Eusko Jaurlaritzaren helburua? Liburuak saltzea edo euskara (a)sustatzea? Mediokre batzuk gara. Eta uztera noa apunte hau, gainerakoan biraoka hasiko naiz-eta.