Harrikadak.eus lortu arte
Ostegunean aurkeztu zen Puntueus elkartea. Goizean eginiko prentsaurrekoaren ondoren, arratsaldean ekitaldia egin zen Durangoko Plateruenan.
Webgunean diote "Internetek, kultura-aniztasuna mailarik gorenean kokatzen du eta, kultura-aniztasun horren baitan, gaur egun euskarak eta euskal kulturak Interneteko aterpe teknologiko propioa izan dezakete: .eus domeinua, 'Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea'-ren [ EEKK ] Interneteko izena".
Euskaldunok katalanek .cat domeinuarekin zabaldutako bidea jarraituko dugula dirudi eta eta horretarako hamaika elkarte eta erakunde batu egin dira Puntueus elkartea sortzeko.
2006ko irailean Vicent Partal egon zen EH 2.0 jardunaldietan. Kazetari katalan honek .cat domeinua lortzeko jarraitutako bidea nolakoa izan zen kontatu zigun. Katalanak aitzindariak izan ziren eta orain errazago izango dugu euskaldunok, baina ez da erronka makala:
"Kanpaina 2002 urtean abiatu zen, 98 elkartek eta 68.000 hiritarrek bultzatuta. Negoziazio prozesu luzea eta gogorra izan zen, baina 2005eko irailaren 16an ICANNek onetsi zuen .cat domeinua (...) ICANN erakundearekin sinaturiko kontratua 1.000 orrialdetik gorakoa da".
Atxikimendu mordoa daude jada (6.000 inguru hiru egunetan), baina gehiago behar dira (bete formulario hau nahi izanez gero). Erraza da aldeko sinadura ematea, baina gero eutsi behar zaio da eta euskaldunok teknofoboak ez garela demostratu.
Zaldieroa prest dago (zorionak Argia Saria lortu duten guztiei, bereziki Librezale lan-taldeari). Eta zu? Ni bai, harrikadak.eus lortu arte.
Ganera portugaldarrak geugaz dagoz, Madred.eus eta Vinhomat.eus...