Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / EH 2.0 (III) Vicent Partal: "Euskaldunek ez duzue zuen burua gehiegi estimatzen"

EH 2.0 (III) Vicent Partal: "Euskaldunek ez duzue zuen burua gehiegi estimatzen"

Mikel Iturria 2006/10/01 13:00

Arratsaldeko 19:15etan hasi zuen bere jarduna Vicent Partalek. Arazo tekniko batzuk egon ziren eta ezin izan genuen pantailan ikusi berak prestatutakoa. Dena dela, komunikatzaile aparta da eta ez zuen batere arazorik izan nahi zuena behar den bezala adierazteko. Aurrekariak

Domeinuaren lorpena, 11 urteko lanaren ondorio da, kultura eta hizkuntza baten errekonozimendua.

 

Baga, Unibertsitatea

Tim Berners-Leek, World Wide Web-aren asmatzaileak (eskerrik asko e-gor), lehen webgunea 1991ko abuztuaren 6an jarri zuen sarean. Handik gutxira, 1992an, etorri zen lehen webgune katalana. Castellóko Jaume I Unibertsitateak moldatu zuen. Webgune hori mundu mailan sortu ziren lehen ehun webguneen artean dago. Katalanez eta ingelesez egindako unibertsitatearen oinarrizko aurkezpena zen.

Hiru unibertsitateren paper garrantzitsua aipatu zuen: Castellóko Jaume Ia, Universitat de Illers Balears eta Catalunyako Politecnica.

Internet 1995 urtean ailegatu zen etxeetara. Bitartean, unibertsitatea izan zen interneteko sarbidea eta ohitu egin zuten jendea internet katalanez erabiltzen.

Gainera, unibertsitate hauek Pangea bezalako proiektuekin unibertsitatea gizarte mugimenduetara zabaldu zuten.

Biga, sare lokala

Urte horretan ere, 1995ean, sortu ziren interneteko lehen enpresa katalanak.

Munduan globalak agintzen duenean, Kataluniako sarea lokala bihurtzen da. Sare lokal horiek sendoak dira eta hurrengo hamar urteetan proiektua bermatzen aritu ziren lanean.

Bitartean, ikuspegi global horren porrota gertatzen da. Hau da, .com fenomenoaren leherketa, Amerika Latinoa konkistatu nahi zuten enpresa espainiar haiek guztiak. Terra.com eta enparauen porrotak, dortokaren ereduari irekitzen dio bidea: hau da, komunitate lokalak, eredu jasangarri bakarra.

Gaur egun, fenomeno hau hobeto ulertzen da, baina urte konplikatuak bizi zituztela esan zuen Vicent-ek. Eskerrak katalana identifikatzeko oinarrizko lan sendoa eta ona egin zen.

Higa, kanpoko bisibilitatea

Arazoa kanpoko bisibilitatea zen eta horretarako kanpaina ezberdinak egin zituzten, besteak beste webguneak katalanez indexatzea: hau da, html-n jarri hura katalanezko edukia zela. Kanpaina hau arrakastatsua suertatu zen.

Lluís de Izaguirre informatikariak lortu zuen katalana zer den adieraztea formula matematiko baten bidez. Kosta egin omen zitzaien errumanieratik eta okzitanieratik desberdintzea, baina lortu egin zuten.

Hori lortu ondoren, Google erraldoiak bere interesa agertu zuen. Gaur egun bilatzaile handi guztiek katalanezko bilaketak egiten dituzte.

Une hori, kanpoko errekonozimendua lortzearen unea, garrantzitsua izan zen: guri begiratu, asmo sendoak ditugu-eta.

Katalanezko edukiak sortzerakoan, hizkuntza hori modu masiboan erabiltzen dela demostratzen duzu. Horrela, netscape bezalako enpresa batek, katalanez atera zuen haien produktua.

Aipatzekoa ere hizkuntz bolondresek eginiko lana, batez ere softcatalá elkartearen bidez, beraiek itzuli baitituzte guztiak.

Hori da bidea, software librearena, eta ez Microsoft-i dirutza ematea.

Beste urrats garrantzitsua Yahook eman zuen: katalana ohiko hizkuntza gisa sartu baitzuen. Honela, Californiako Yahoo-ren egoitzan, badago katalanez lanean diharduen pertsona bat.

Bilatzaile espainiarrek, bitartean, katalanari ez-ikusiarena egiten diote, baina inkesta handietan interneteko 18. tokian ageri da hizkuntza hori.

Honek guztiak ondorio biderkatzailea du: enpresa eta erakunde ez kataluniarrek kasu egiten diete. 20 hizkuntza erabilienen artean dago eta Hamburgoko Udalaren webgunea , Ryanair, etab. katalanez daude.

.cat mugimendua

Hau guztiau adierazi ondoren esan zuen: "eta orduan hasi ginen .cat mugimenduarekin". Hori 2001 urtean gertatu zen.

Kataluniako parlamentua saiatu zen .ct domeinuarekin eta ez zuen lortu.

Iratxe Esnaolak esplikatu zuen ondorengo mahainguruan, pantaila baten laguntzaz, ICANNek TLD (Top Level Domain) edo lehen mailako domeinuak bi taldetan banatzen dituela:

cc-TLD, estatu-kodeak.

g-TLD, orokorrak: hiru multzotan banatuak:

Historikoak: .com, .net, .org, gov…

Ez babestuak: .biz, .info, .pro…

Babestuak, komunitate bati lotutakoak: .museum, .aero, .coop…

.cat elkarteak, Amadeo Abril abokatuaren lidergoaz, erabaki zuen domeinu babestuen bidetik jotzea. Hau da, bide politikoari uko eginez, hizkuntza eta kultura kataluniarra ordezkatuko lukeen .cat domeinuaren bila joan ziren.

Bide politikoari uko egiteak (estatu kodeen ataka itxita dauka ICANNek) lurraldea ez aipatzea esan nahi du. Eta honela, katalana hizkuntza global gisa aurkeztu zuten.

Kanpaina 2002 urtean abiatu zen, 98 elkartek eta 68.000 hiritarrek bultzatuta. Negoziazio prozesu luzea eta gogorra izan zen, baina 2005eko irailaren 16an ICANNek onetsi zuen .cat domeinua.

ICANN erakundearekin sinaturiko kontratua 1.000 orrialdetik gorakoa da. Edozeinek du domeinu horren baitan katalanezko webgunea erregistratzeko eskubidea, salbuespenak salbuespen (delinkuentzia antolatua), beti ere hizkuntza eta kultura horrekin duten harremana frogatuz gero.

Ondoren, .cat fundazioa sortu zuten, kontratuak hala aginduta. Bertan, enpresa, elkarte eta norbanakoak daude ordezkatuak. Ez omen da zaila fundazioa gobernatzea.

ICANNek baimendutako enpresek egiten dituzte erregistroak eta bide hori 2006ko otsailaren 13an abiatu zen. Hasiera batean, usurpazioak ekiditeko, lehentasunezko eskubideak eman ziren, baina apirilaren 13tik atea zabalik dago edonorentzat. Gaur egun 15.000 domeinutik gora (18.000 eskabide) daude.

Laburpena

Katalanera benetan erabiltzen den hizkuntza da, era masiboan gainera.

Gainera, informazioari dago lotuta (hizkuntza modernoa) eta horrek sinesgarritasun plusa ematen dio.

Gizarte zibila, unibertsitateekin batera, gai izan da ingurune arrakastatsua eraikitzeko, enpresa eta gobernuen gainetik pasatuz.

Garrantzitsua da esatea ere kataluniera hizkuntza globala dela: globalizazioa eta kanpoko bisibilitatea.

Kanpoko errekonozimendua: argi eta garbi dago honek barruan ondorio onak dituela (harrotasun puntua).

Bidea zabaldu edo itxi

Galdera: .cat lortzeak bideak zabaldu ditu edo gaur egun atezain hobea dago eta zailagoa da bide hori jorratzea?

Vicent-en ustez, bidea ireki du. ICANN 10 domeinu berri emateko prest egon daiteke (Eskozia tartean). Oso erakunde zurruna da, gogorrak dira, baina garbi jokatzen du. Bidea ez da erraza (ezin da bertara bi orri eta power point batekin joan), atzean proiektu sendoa erakutsi behar da.

ICANN-eko ordezkariek amesten zutena zen katalanek beren eskabidea erretiratzea. Arazo larriak izan ditzaketelako hemendik aurrera (adibidez, .islam balizko eskabidea).

Hizkuntza globala, glokala

Patxi Gaztelumendik zoriondu zuen, lehenengo aldiz entzuten zuelako hizkuntza minorizatu bateko kide bat bere hizkuntza globala dela esanez, negarrik egin gabe azalduz. Hori eta glokal terminoa esplikatzea eskatu zion.

Vicent-ek esan zuen glokalak direla, begirada lokala eskaintzen diotelako globaltasunari. Errorik gabeko globaltasuna arriskutsua da. Eta begirada lokalak, bakarrik, ez du ezer aportatzen. Gai global guztiak interesatzen zaizkie. Jendeak haiek entzutea bilatzen dute.

Joan Fusterren esaldia (valentziarra izatea katalana izateko gure modua da) bereganatu zuen: "katalana izatea globala izateko gure modua da".

Argi du Vicent-ek global izateak ez duela zerikusirik demografiarekin. Ingelesa eta frantsesa kenduta gainerako hizkuntza guztiek ez dute balio munduan ibiltzeko, global izateko.

Haren ustez, hiztunaren jarreraren baitan dago: norberaren hizkuntzak ez du balio behar etxean bakarrik erabiltzeko. Adibide gisa, Barcelona futbol taldea aipatu zuen ("mes que un club"). Bitxia izan zela pasa den urtean Txina eta Japonian izandako biran bertakoak katalanez kantatzen entzutea. Mentalitatea da gakoa.

Noski daudela mugak, baina ez duzu zure identitatea ezkutatu behar. Edozein hizkuntza izan daiteke globala nahi izanez gero (erabili internet, komunikabideak, unibertsitatea).

Bultzatzaileak eta finantzabideak

Eneko Astigarragak galdetu zuen .cat kanpainaren bultzatzaileak zeintzuk ziren eta zer nolako finantzabideak izan zituzten.

.cat elkartea sei lagunek osatzen zutela esan zuen, Amadeo Abril abokatuaren gidaritzapean. Erakunde ezberdinetako pertsonak bildu ziren, baina pertsona horiek ez zituzten erakunde horiek ordezkatzen, indibidualki zeuden bertan.

Sei lagunez osaturiko talde horren inurri lana isilpean egin zen, era diskretoan. Vicent-ek esan zuen herrialde guztiak ondo funtzionatu zuela, bakoitzak bere papera betez: banketxeek dirua eman zuten, politikariak isilik egon ziren, elkarte ezberdinek babesa eta konfiantza eman zieten, Montilla ministroak ere, nahiz eta ez egon alde, ICANNek galdetu zionean, Espainiako gobernuak ez zuela ezer esateko adierazi omen zuen, gai pribatua zela. PPri ez zioten ezer esan, zertarako?

Lana egiterako orduan erraztasun hauek izan zituztela, besteak beste, inork ez zuelako uste helburua lortuko zutela. Gero, fundazioa sortutakoan bai egon direla sesioak, baina eramangarriagoak dira helburua lortuta.

Vilaweb

Partal kazetaria da eta atari horren fundatzailea. OJDk dio 250.000 irakurle dituztela eta EGMk herrialdeko 6. egunkari jarraituena dela.

Horretan funtsezkoa da Vilaweb-ek produktu ttikiekin duen harreman ona: "ez dago Kataluniako internet-en Midas erregerik".

Hamaika urteko kazetaritza proiektua da, prentsa tradizionalarekin deseroso, ez oso pozik, zeudelako. Komunikabide alternatiboa da, baina baita masiboa ere. Garai bateko Liberation periodiko frantsesaren espiritua aldarrikatu nahi zuen, ez oraingoa. "Ezkerreko periodikoa gara, baina eskubiko irakurleak izatea poztekoa da. Lider papera nahi dugu".

Hau da, ez dute Letiziaren haurdunaldiaren berri eman haien medioan, Danimarkako edozein printzesaren haurdunaldiaren berri ematen ez duten bezala.

Konfidentzialen moda horren kontra daude: kalitatezko kazetaritza nahi dugu.

Atea zabalik dago edonorentzat: parte hartzeko gonbita da, komunitatea(k) sortzeko gonbita.

Kazetariaren profila eta papera aldarrikatzeko proiektua da. Periodiko bat besterik ez gara, baina berrikuntzarako joera eta ahalmena baloratzen dugu: aukerak bilatu behar dira, ero moduan, gainera. Adibidez, otsailean, internet bidezko telebista abiatu dute. Eduki horiek eMulen, iTunes-en, youtube-n jartzen dituzte ere. Ez dakite zer egiten ari diren, baina frogak egiten ari dira, ea zer atera daitekeen ikusteko.

Orokorra

etiketak: Sareko harrikadak
iturri
iturri dio:
2006/10/02 23:04

Aupa Patxi:

Konponbidea baino, koponbidea dugu.

Interesgarria zure hausnarketa.

Gauza bat: bi liga horietan (konplexurik gabekoak eta besteena) badago play-off edo antzekorik?

Izan ere, nik konplexurik gabeko herrien liga horretan jokatu nahi dut eta.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2006/10/02 14:26

Batzuetan kontrakoa emoten dau, Aste Nagusia bezalakoak garela pentsetan dogulako batzuetan, bakarrak munduan alegia. Eta egia esan, bagara. Ez beste inor baino hobeak edo txarragoak, desbardinak baizik (hizkuntza desbardina deukogu, ezin uka).

Baina kolektiboki apur bat maniako-depresiboak garenez, batean goi-goian gagoz eta hurrengoan lurpean gabilz, konplexu guztiek jota.

Badagoz konplexurik gabeko herriak, eta hor dagoz sartuta bete-betean ingelesak, espainiarrak, kataluniarrak eta frantsesak.

Beste multzo batean gagoz geu euskaldunok, galiziarrekin, bretoiekin, galesekin eta beste hainbat hizkuntza gitxien komunitate batzuekin batera.

Badeukogu konponbiderik? Heriotzak izan ezik danak badeuko, ezta?

Julen
Julen dio:
2006/10/02 00:33

Artikulu mamitsua benetan. Beste ohartxo bat Mikel: zuzenketan WWW jarri duzu bai, baina "World Wide Web" jarri beharrean "World Web Wibe" eskapatu zaizu.

iturria
iturria dio:
2006/10/02 10:06

Zuzenduta, Julen. Eskerrik asko.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2006/10/07 13:44

Euskaldun guztion auto-estima ez da bardina noski, eta norberarengan alda daiteke aldartearen arabera, eguraldiaren arabera eta abarren arabera egun batetik bestera (ikus Alferrik izendun gaurko editoriala).

Batzuk euren burua ez dabe larregi estimatzen, Vicent Partalek esan legez, eta jaitsierako play-offa jokatu eta galdu ondoren euskaldun ohiak dira, gaurko erdaldun barri eta aktiboak. Euskaldun gehienak holakoak direla esango nuke. Zeozer gelditzen jakie normalean, zera folkloriko hori, umeei eta etxeko animaliei euskarazko berbak zuzentzean, agurrak edo berba solte bat edo beste helduei esatean, "euskararen alde" zeozer sinatu... eta ezer gitxi gehiago. Bestela, DV/Correo... (Noticias, Deia, Gara) irakurten dabe, Tele5 ikusi, ez dabe sekula santan euskarazko libururik irakurri izan, ez euskal antzezlanik ikusi. "Aupa Etxebeste" edo "Kutsidazu bidea..." pelikula korearrak baino exotikoagoak gertatuko jakiez. Erdaldunbarri edo euskalduntxar hauek gaztelerazko ligan jokatzen dabe gustura, jaitsierako play-offetan lehiatu ondoren. Eurei esker euren seme-alabek ilobekin gauza bera egingo dabe: ikastolara eroan, 7-8 urte arte euskaraz egin eta hortik aurrera...

Beste batzuk euskaldun aktiboak eta biziak dira, baina ez osoak. Euskarazko merkatua nekez dastatzen dabe, ETB-1eko pilota partidak, bertso emonaldiak edo euskal dantza ikuskizunak ez badira. Batua urrundik ikusten dabe, ilobek zuzentzen deutsie euren euskara, baina eurei zein helduei egiten deutsie euren "euskara txar" horretan. Geure aitite-amamak dira, azken "indioak", baserritarrak, artzainak, arrantzaleak,... Gustura bizi dira dagozan mailan, ez dabe igoerako edo jaitsierako play-offik jokatu nahi. Eurei esker, baina, garena gara neurri handi batean. Eurek bai motibau egin gaituzte kasu askotan (neurean behintzat).

Beste batzuk joaten dira "Euskal Herria 2.0" moduko mobidetara eta euskaraz kontsumitzen dabe, Partal jaunak esandakoa ezin jakie aplikatu eurei. Euren burua maite dabe euskaldun moduan, jolastu nahi dabe hizkuntzagaz, esperimentadu, zuku guztia atara, konplexu eta nagi guztiak atara, modernotasunaren tren guztiak hartu, igoerako play-offak jokatu. Erdi "indioak" erdi kalekumeak gara. Zenbat gara?

e-gor
e-gor dio:
2006/10/01 10:35

Oso kronika onak berriz ere, Mikel, eskerrik asko. Ohartxo bi bakarrik: Tim Berners-Lee da eta ez Tim Bernersley, eta ez da lehen web gunearen sortzailea soilik, World Wide Web-aren asmatzailea baizik. Ikusi Wikipedia-n berari buruzko artikulua .

iturri
iturri dio:
2006/10/01 13:12

Eskerrik asko, Igor. Google-i galdetu nion ea nor zen Tim Bernersley eta ez zuen tipo horri buruzko datu esanguratsurik (lotura bakarra). Harritu nintzen, baina, egia aitortzeko, ez nekien bera zenik WWWaren asmatzailea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter