Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

"Amarauna: auzoa eraikitzen" egitasmoa prest

Mikel Iturria 2011/03/26 09:11
Ernest Lluch Kultur Etxean maiatzaren 14ra arte.

Politikariek hauteskunde aurreko proiektuak, egitasmoak, zirriborroak edo dena delakoak inauguratu behar dituzte martxoaren 28rako, datorren astelehenerako. Horren ondorioz, Donostian adibidez, gaur inauguratuko dute Oroimenaren Lorategia eta ondoren Miarritzeko agintariekin bat egingo dute Mugaz Gaindiko Koreografia Zentroa (ez fisikoa) aurrera eramateko hitzarmena. Baina, baina, baina... potoloena San Telmo Museoaren inaugurazioa izango da: astelehenean bertan, hilak 28, goiz eta arratsaldez.

Agintariak gorbata eta txaketa soinetik kendu gabe dauden bitartean, dilistak etxeratzeko langostinoak ea nork azkarrago irensten dituen lasterketa zoroan, badaude ere gauza interesgarriak. Horietako bat da "Amarauna: auzoa eraikitzen" izenekoa. Atzo, martxoak 25, zabaldu zen Ernest Lluch Kultur Etxean.

Auzotar asko hurbildu zen ekitaldira. Eta egiazko proiektu bat dela ikusi genuen gure begi aurrean. Antzeko proiektu bat egin zen iaz Lugaritz Kultur Etxean, Antiguako auzoari zegokiona, eta udaberri honetan gehiago egingo ei dira (Martutene, Txomin, eta abar).

Lerro hauen azpian jarri dizuet "Amaratarrak" bideoaren aurkezpena. Bi minutu hauetan ia hogei auzotarri eginiko elkarrizketen zatitxoak bildu dira. Apirilaren 12an estreinatuko dute bideo osoa, 45 bat minutukoa, Ernest Lluch Kultur Etxean bertan. Errealizatzailea Laszlo da eta jende ezaguna eta ez hain ezaguna jarri da kameraren aurrean: José Luis Fernández, Xabier Eleizegi, Amaia Vázquez, Maria Jesus Dendategi, Tanit tabernako Ibarrola ahizpetako bat, Javi Pez, Ibon Errazquin, Mundu, Alfonso Benito...

 

Era berean, bizilagunek, elkarteek eta hainbat eragilek utzitako 800 bat argazki jaso dituzte. Flickr kontu honetan daude 500en bat.

 Memoria urbana donostiarra: Amarauna, construyendo el barrio, este apunte en castellano.

Bankuen abusuen kontra Jose Luis Burgos

Mikel Iturria 2011/03/20 20:50
Euskal Herriko hainbat hiritan egongo da apirilaren bukaeran eta maiatzaren hasieran.

Behin baino gehiagotan aipatu dugu txoko honetan Jose Luis Burgosen borroka Banco Santanderren kontra. Bi gose greba egin zituen katalanak, baina gatazka hori amaitu gabe dago oraindik.

Goliat erraldoiaren kontra jarraitzen du Burgosek eta banketxeen abusuen kontra Espainiar Erreinuko hainbat hiritan barrena eramango duen bira hasi berri du. Hain zuzen ere, 21etik 23ra Madrilen egon da, 24tik 26ra Valentzian. Bihar Murtzian egongo da eta hortik aurrera Andaluziara egingo du salto.

Apirilaren 25ean eta 26an Iruñean izango da, 27an eta 28an Gasteizen, 29an ailegatuko da Donostiara eta maiatzaren 2an joango da Bilbora.

Sustatzaileek esku bat botatzeko prest dagoen jendea behar dute biraren toki ezberdinetan. Eta horretarako e-posta bat dute: joseluisenhuelga [abildua] gmail.com.

Agiri honek esplikatzen du ekimenaren nondik norakoak.

 Peregrinaje contra la Inmoralidad de la Banca

Lerro hauek idatzi ondoren, burura etorri zait Laurel Aitken zenaren "Auge y caída" abestia. Soinu banda gisa ere balio du.


José Luis Burgos, de gira, contra los abusos de los bancos, este apunte en castellano

#aljazeeraEuskaraz

Mikel Iturria 2011/03/18 07:30
Twitter euskaraz kanpainaren ondoren, orain Al Jazeera telebista euskaraz ikusteko aukera eskatzen ari gara. Zer izango da hurrengoa? Lehendakari euskalduna?

Duela egun batzuk idatzi nuen hemen bertan Twitter euskaratzearen aldeko ekimenaz. 1642 lagunek sinatu dute act.ly zerbitzuan horren alde. Sustatzaileek jarritako helburua oraindik urruti dago (3000 sinatzaile, tuiterlari izan behar dutenak gainera), baina ea jendea animatzen den eta kopuru horretara iristen garen sare sozial hau ere gure hizkuntzan izan dadin.

Aste honetan harrittua eta perplejua geratu naiz Al Jazeera euskaraz ekimenaren berri izan dudanean. Ostiralean Albisteak 2.0 telebista saioa grabatu ostean hasi zen Patxi Gaztelumendi kontu honekin. Asteartean idatzi zuen bere blogean, "horrelako telebista bat interesgarri egiten bazaigu, zergatik ez aldarrikatu holango telebista gurean, euskaraz?" Eta hori da kanpaina ero honetatik gehien gustatzen zaidana, ausardia.

Ideiarekin bat etorriz gero, act.ly-ko hau sinatu eta ReTuiteatu.

Hona hemen nolakoa izan zitekeen Al Jazeeraren webgunea euskaraz.

Al Jazeera euskaraz

#aljazeeraEuskaraz, una campaña molona, este apunte en castellano

Erreserbara pasa da Marino Goñi

Mikel Iturria 2011/03/12 08:00
40 urtez diskoen artean lan egin ondoren.
"Berrogei urte daramatzat diskoen artean lanean. Azken hogeita hamar hauetan 
diskoak grabatu, produzitu eta editatu izan ditut. Soñua eta Oihuka 
zigiluetatik pasa ondoren eta GORren hogeigarren urtemuga bete denean, 
borroka abandonatu dut erreserbara pasatzeko"

Horrela hasten da Marino Goñik pasa den astean GOR disketxearen gunean jarritako idatzia.

Igandeko Berria periodikuan Iñigo Astizek sinatutako erreportajetxoa zegoen. Kazetariak Josu Zabala, Roge Blasco, Sergio Ibarrola, Luisillo Kalandraka eta Gorka Armendarizen hitzak jasotzen ditu bertan.

Roge Blascok dio:

"RRV etiketa sortzen asmatu zuen Jose Mari Blascorekin batera"

Josu Zabalak, berriz:

"Bera da euskal musikan, eta, batez ere, rockean, hemen izan den talentu
biltzailerik handiena. Hasieratik lan horretan jardun den bakarra, kasik.
Dozenaka deskubritu ditu, eta arrakasta lortzen lagundu die"

Lerro horiek irakurtzen nituen bitartean blog honetan duela bost urte jarritako beste batzuekin akordatu nintzen: Marino Goñi, 25 urte diskogintzan. Asier Azpilikuetak 2006ko apirilean eginiko elkarrizketa batetik eramandakoak dira. Marinok orduan esandako esaldi hau ekarri nahi dut hona:

"Nire ustez, bulegoak kalearen altuera berean izan behar du. Bertzela,
lehen solairura igoz gero, arazoak sortzen dira"

Iñigo Astizek 2005ean Argian eginiko elkarrizketa bateko zati hau gogoratzen zuen:

"Erretiratzean, talde bat egingo dut... Bizitza honetan daramat,
jende guztiarekin gauzak egin ditut eta oraindik ez dut harro sentiaraziko
nauen fundamentuzko ezer egin. Egingo dut"

Ea horrela den. Atseden hartu, merezi duzulako, eta gozatu hemendik aurrera ere.

Marino Goñi pasa a la reserva, este apunte en castellano.

Gaur hasi dira emititzen Next Music Station

Mikel Iturria 2011/03/10 23:33
Fermin Muguruzak arabiar herrialdeetako musikariei buruz eginiko hamabi kapituluko serie.

Gaur hasi dira emititzen Next Music Station seriearen lehen kapitulua. Lehena, Egypt I izan da. Arabieraz bota ei dute orain eta, ondoren, ingelesez. Hauxe da seriearen trailerra.

Twitter euskaratzearen aldeko ekimena

Mikel Iturria 2011/03/06 08:50
Katalanek lortu zuten eta ea euskaldunok lortzen dugun.

Duela gutxi katalanek lortu zuten Twitter-ek kasu egitea eta sare sozial hori katalanez jartzeko lehen urratsak ematea. Lander Arbelaitzek esplikatzen du Hasi da kanpaina: twitter euskaraz apuntean. Ondorioz, gurean lozorroan zegoen eskabidea berpiztu egin da (hona hemen twitter euskaraz facebook taldea).

Lander Arbelaitzek abiatu zuen Act.ly zerbitzuan ekimen berri bat duela hamaika egun eta Twitter-eko CEO den Dick Costolok oraindik ez du erantzun. Une honetan 1530 lagunek sinatu dute eskabidea.

Act.ly horren bidez, azken sinadura duela 12 ordu egin dela ikus dezakegu.

Top 10

Bitxikeri moduan, hona hemen une honetan bertan sinatzaile horien top 10a, jarraitzaile kopuruari erreparatuta:

1.- Xabi Alonso (362.000 jarraitzaile).

2.- EmpireoftheKop (127.000): Liverpool taldearen zale amorratu bat da eta, beraz, Xabik sinatu duelako sinatu du berak).

3.- Patxi López lehendakaria (98.000).

4.- Alex Puig (54.000): web garatzaile katalana.

5.- Tony Barret Times (27.000): futbol gaiei buruz idazten duen kazetaria eta Liverpool taldearen beste zalea.

6.- Francesc Grau (16.000): katalana. Internet mundukoa.

7.- Martí Perarnau (7.250): atleta ohia, kazetaria eta publizista.

8.- Richard Buxton (6.300): Liverpool-i lotutako beste erabiltzaile bat.

9.- 1001 medios (5.400): Espainiako Estatuko hainbat kazetarik osatutako komunikazio laborategia. Bertan @nuksazi, @jonlaiseca eta @juanlarzabal euskal herritarrak daude, besteak beste.

10.- Xabi Alonso Forum (5.200): jokalariaren jarraitzaileak. Espainiako piper poto eta guzti euskararen alde.

Bi ohar

1.- Xabi Alonso bezalako pertsonai ezaguna sinatzaileen artean egoteak ate asko irekitzen ditu (Albert Cuesta sustatzaile katalanak Bartzelonako jokalari batzuei aurpegiratzen zien ekimenaren alde ez egotea).

2.- Lagun katalanek ere gure alde egiten dutela eta, normalean, gu gutxi akordatzen garela haietaz.

Zergatik twitter euskaraz?

Vicent Partalen hitzak, Lander Arbelaitzek euskaratuak:

"Behin zure hizkuntza proiektu sendo batean sartuz gero, hurrena datorrenak, aurrekoa zein hizkuntzatara itzuli duten begiratuko du, eta naturaltasun osoz sartuko du zurea. Horregatik, kontua oso sinplea da: Edo zerrendan zaude, edo ez zaude. Horregatik, ahal den ahalegin guztia egin behar da bertan egoteko"
Una iniciativa para que twitter esté en euskera, este apunte en castellano

Apunte politikoa

Mikel Iturria 2011/03/01 22:23
Donostiarra gehitu beharko genioke.

Pasa den igandean porra hau bota nuen twitter-en: "Donostia. Hauteskunde porra. PSE, 9; PP, 7; EAJ, 5; Sortu-EA-Alternatiba, 5; Aralar, 1".

Txorakeri bat da, bai. Zoritxarrez asko gelditzen baita maiatzaren 22ko helmugarako. Eta oraindik ez dakigu zer kristo gertatuko den Donostiako bainuetxean.

Gogoratuko ditut zeintzuk izan ziren 2007ko hauteskundeen emaitzak: PSEk 11 zinegotzi lortu zituen; 6, PPk; 5, EAJk; 3, Ezker Batuak (Alternatibakoak dira orain) eta Aralarrek; 2, EAk (bat da EAkoa orain eta bestea Hamaikabatekoa). ANVko zerrenda epaileek baliogabetu zuten orduan.

Lagun batek idatziz helarazi zidan bere porra: 8, PSEk; 7, Sortu-EA-Alternatibak; 6, PPk; 5, EAJk; 1, Hamaikabat-ek. Ez da ezker abertzalekoa, baina gorantz ikusten ditu. Nik baino gehiago.

Partidu Sozialista metxa gutxirekin ikusten dut, alkateak denbora gehiegi darama gauza onerako. Eta igual uste baino handiagoa da pintxazoa. Jendea Odonekin haserre ikusten baitut inguruan.

PPkoak, berriz, oso donostiar ikusten ditut eta hori garrantzitsua da hiri honetan. Kontuz, beraz.

EAJkoak nahikoa lan dituzte etxe barruan. Garai batean, entzun nion bertako bati indarren %90a etxean xahutzen zituztela, elkarri mokoka. Zelaira, gero, nekatuta ateratzen ziren. Ez dakit, baina uste dut berdin-berdin jarraitzen dutela.

Espabilatzen ez bada, Aralar Ezker Batua izateko bidean da. Hau da, mandatuetarako EAJren laguna. Eta horrek, normalean, ez du oso ondo amaitzen. Eta, kontuz, Hamaikabatekin, ze igual Iñaki Galdosek jan diezaioke terrenoa eta nire porran duen zinegotzi bakarra txantxikuarraren esku geratu.

Sortu-EA-Alternatiba hirukoa inkognita hutsa da oraindik. Ez dirudi Sortuk aurkezteko aukera izango duenik, baina batek daki. Dena den, boto horiek ez dira zakarrontzira joango oraingoan eta Sorturen boto horiek EA / Alternatibaren esku gera daitezke.

Telefonoz hitz egin dut gaur arratsaldean lagun batekin eta esan dit Jukebox-en gaurko apuntea irakurtzeko. Goiko lerro hauek idatzi ondoren hasi irakurri ditu. Ohikoa duen ironia erabiliz, Moyanok dio PP-EAJ-Hamaikabat formulak ken diezaiokeela alkatetza Odoni. Albertok dionez, Teledonostin formula horren alde agertu omen zen Gómez Ugalde (PP), Eneko Goia (EAJ) aurrean zuela. Basagoiti ere Odon botatzearen alde azaldu zen igandean.

Egia esateko, ez dit loa galarazten kontu honek. Gutarrek inoiz ez baitute irabazten.

Ni Bassmattiren kanta berri bat entzuten geratuko naiz. Etxean, seguraski.

Apunte político donostiarra, este post en castellano.

Maiatzaren 22ra arteko gurutzebidea

Mikel Iturria 2011/02/24 22:41
Pasa dadila di-da. Ora pro nobis.

Since 1979

Mikel Iturria 2011/02/23 22:25
Asmakizun oso erraza.

"1979ko iraileko udal hauteskundeetan Donostiako zinegotzi aukeratu zuten eta geroztik etengabe izan da kargu horretan". (Wikipedia).

Seguru asmatzen duzuela.

Bai, bera da.

Bukowski edo zuzeneko musikaren auzia

Mikel Iturria 2011/02/20 09:00
Donostiako Le Bukowski klubak bertan behera utzi ditu zuzeneko kontzertuak.

"Zuzeneko musika eskaintzen duten aretoei buruz hitz egin beharra tokatzen zaigu berriro ere (...) Gaueko lokalen aurka Madrilgo Udalaren ofentsiba berriak sinpleak diren pertsona askoren oniritzia duela dirudi, mundua zuri-beltzean ikusten dutenena: "paperak ondo ez badituzte, itxi ditzatela".

"Ez da hain erraza. Gau jardueretarako baimena eskuratzeak erresistentzia lasterketen antza du: sistema egituratua dago klubak beti kili-kolo egon daitezen, (egunkarietako) gertaera-orrialdeak betetzen dituzten edozein istiluren menpe. Hainbat erregimen totalitariok erabiltzen duen metodo bera (aplikatzen da): menpekoen trapitxeoak toleratzen dituzte, errepresio indarrak ematen dien botere diskrezionalaren jakitun".

Goiko bi paragrafo horiek Diego A. Manrique kazetariarenak dira, 2008ko abenduaren 15ean El País egunkarian argitaratutako La ciudad bajo asedio artikulukoak. Behin baino gehiagotan itsatsi ditut blog honetan.

Donostia, 2010eko uda. San Miguel Donostikluba Zirkuituan parte hartzeko deia jaso zuen Le Bukowski klubak. Zirkuitu horren bidez zuzeneko musika sustatu nahi da hiriko hainbat aretotan.

2011ko otsailean, aldiz, udaltzainak ditu atzetik lokal berak. Dirudienez, lizentzia jakin bat (kafe-antzokikoa, lortzea oso konplikatua dena) beharrezkoa da zuzeneko musika programatzeko. Eta lokalak ez du lizentzia hori. Bizilagun batek salatu du Egiako aretoa eta horregatik ditu atzetik udaltzainak.

Nire teoria da hainbat tokitan Udala ez dela existitzen. Dena lotzen duen figura bat dago, alkatea, baina gero zinegotzi bakoitzak eta departamentu bakoitzak bere bidea jorratzen dute.

Goiko lehen bi paragrafoetan garbi geratu den bezala, zuzeneko musikaren auzia ez da Donostian gertatzen soilik: Bilbon, Madrilen, Bartzelonan... Nimuk ere ederki kontatu zuen zein den arazoaren muina. Aretoek galtzak bete lan dituzte araudiak konplitzeko. Agintariek hainbat jarduera aurrera eramateko beste aldera begiratzen dute... arazoa muturraren aurrean lehertzen den arte.

Bukowskiko Josuk dio DJ batek musika nahi duen bolumenean jar dezakeela haren lokalean, baina ezin omen da gitarrista akustikorik programatu. Horrela bada, ez du ez buru ez hanka.

Muinera joan beharra dago eta hirian dauden Bukowski bezalako lokalek segurtasun juridikoa izan behar dute zuzeneko emanaldiak aurrera eramateko. Gainerakoan, dena baina bainuetxeago izango da gure hiri hau. Eta nik ez dut bainuetxe batean bizi nahi, ez orain, ez hogeita hamar urte barru.

Bukowski o el problema de la música en vivo, este apunte en castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter