Sportingek 2 Realak 2
Ander Izagirrek idatzitako tuit honen bidez, gero Txomin Jauregik ReTuiteatu duena, futbozale eta zinemazale den Carlos Marañonek idatzitako artikulu honetara iritsi naiz: Sporting-Real Sociedad... ¡Equis!. Artikuluan film laburra ageri da itsatsita: Sporting 2 Real 2. Hamar minutu eskasetan protagonistak, Alzheimer gaitza duenak, behin eta berriro ikusten du Realaren partida bera, txuri-urdinek lehen liga irabazteko balio zuen hura. 1981eko apirilaren 26an Xixonen jokatutakoa.
Ez nuen filma ezagutzen eta gauza asko gogoratzeko eta mugitzeko balio izan dit.
Aspaldiko, Mikel! Film ederra ipini deuskuzuna, bai horixe, eta neuri be hainbat gauza mugiarazi deusta. Nostalgiko hutsa naz, zalantza barik, eta kontu batzuk ahaztezinak dira. Eta Alzheimer barik baina Jose Ramon Argoitiaren moduan ikusten dot neure burua bestela be.
Egunotan TB-n "Atotxako Izpirituari" buruzko iragarkia ikusi dot, Kelerrek lantzean behin egiten dituan horietakoa, hainbateri forofoegia begitanduko jakona baina neuri behintzat zeozer esaten deustana. Sasoi hauetan "Anoetako Izpirituak" aspaldi harrapatu ditu zale txuri-urdin gehien-gehienak: urrutikointxaurritis kronikoa, musturreko ezkortasuna, etsipen izorrantea, zinismo maltzurra eta antiatletikismo probintzianoa. Patetikoa.
Sarritan gogoa deukot futbolaz ahazteko (oso komenigarria) eta neure sentimendu txuri-urdin zaharrak pikutara bialtzeko. Baina bigarren zatiagaz ezin dot, futbolaz gero eta gehiago paso egiten dot. Baina lagun zaharrak ezin ditut albo batean laga.
PD Ez Kelerrek ez Realeko zuzendaritzak ez deustie ordaindu, txartopentsatu halakoak!