Erreserbara pasa da Marino Goñi
"Berrogei urte daramatzat diskoen artean lanean. Azken hogeita hamar hauetan diskoak grabatu, produzitu eta editatu izan ditut. Soñua eta Oihuka zigiluetatik pasa ondoren eta GORren hogeigarren urtemuga bete denean, borroka abandonatu dut erreserbara pasatzeko"
Horrela hasten da Marino Goñik pasa den astean GOR disketxearen gunean jarritako idatzia.
Igandeko Berria periodikuan Iñigo Astizek sinatutako erreportajetxoa zegoen. Kazetariak Josu Zabala, Roge Blasco, Sergio Ibarrola, Luisillo Kalandraka eta Gorka Armendarizen hitzak jasotzen ditu bertan.
Roge Blascok dio:
"RRV etiketa sortzen asmatu zuen Jose Mari Blascorekin batera"
Josu Zabalak, berriz:
"Bera da euskal musikan, eta, batez ere, rockean, hemen izan den talentu biltzailerik handiena. Hasieratik lan horretan jardun den bakarra, kasik. Dozenaka deskubritu ditu, eta arrakasta lortzen lagundu die"
Lerro horiek irakurtzen nituen bitartean blog honetan duela bost urte jarritako beste batzuekin akordatu nintzen: Marino Goñi, 25 urte diskogintzan. Asier Azpilikuetak 2006ko apirilean eginiko elkarrizketa batetik eramandakoak dira. Marinok orduan esandako esaldi hau ekarri nahi dut hona:
"Nire ustez, bulegoak kalearen altuera berean izan behar du. Bertzela, lehen solairura igoz gero, arazoak sortzen dira"
Iñigo Astizek 2005ean Argian eginiko elkarrizketa bateko zati hau gogoratzen zuen:
"Erretiratzean, talde bat egingo dut... Bizitza honetan daramat, jende guztiarekin gauzak egin ditut eta oraindik ez dut harro sentiaraziko nauen fundamentuzko ezer egin. Egingo dut"
Ea horrela den. Atseden hartu, merezi duzulako, eta gozatu hemendik aurrera ere.
Marino Goñi pasa a la reserva, este apunte en castellano.