"Amarauna: auzoa eraikitzen" egitasmoa prest
Politikariek hauteskunde aurreko proiektuak, egitasmoak, zirriborroak edo dena delakoak inauguratu behar dituzte martxoaren 28rako, datorren astelehenerako. Horren ondorioz, Donostian adibidez, gaur inauguratuko dute Oroimenaren Lorategia eta ondoren Miarritzeko agintariekin bat egingo dute Mugaz Gaindiko Koreografia Zentroa (ez fisikoa) aurrera eramateko hitzarmena. Baina, baina, baina... potoloena San Telmo Museoaren inaugurazioa izango da: astelehenean bertan, hilak 28, goiz eta arratsaldez.
Agintariak gorbata eta txaketa soinetik kendu gabe dauden bitartean, dilistak etxeratzeko langostinoak ea nork azkarrago irensten dituen lasterketa zoroan, badaude ere gauza interesgarriak. Horietako bat da "Amarauna: auzoa eraikitzen" izenekoa. Atzo, martxoak 25, zabaldu zen Ernest Lluch Kultur Etxean.
Auzotar asko hurbildu zen ekitaldira. Eta egiazko proiektu bat dela ikusi genuen gure begi aurrean. Antzeko proiektu bat egin zen iaz Lugaritz Kultur Etxean, Antiguako auzoari zegokiona, eta udaberri honetan gehiago egingo ei dira (Martutene, Txomin, eta abar).
Lerro hauen azpian jarri dizuet "Amaratarrak" bideoaren aurkezpena. Bi minutu hauetan ia hogei auzotarri eginiko elkarrizketen zatitxoak bildu dira. Apirilaren 12an estreinatuko dute bideo osoa, 45 bat minutukoa, Ernest Lluch Kultur Etxean bertan. Errealizatzailea Laszlo da eta jende ezaguna eta ez hain ezaguna jarri da kameraren aurrean: José Luis Fernández, Xabier Eleizegi, Amaia Vázquez, Maria Jesus Dendategi, Tanit tabernako Ibarrola ahizpetako bat, Javi Pez, Ibon Errazquin, Mundu, Alfonso Benito...
Era berean, bizilagunek, elkarteek eta hainbat eragilek utzitako 800 bat argazki jaso dituzte. Flickr kontu honetan daude 500en bat.
Memoria urbana donostiarra: Amarauna, construyendo el barrio, este apunte en castellano.