Hegal egiten (III)
Lauroba eta Oso Fan
Ostegunean Iker Lauroba eta Oso Fan (Giorgio Bassmattiren euskal proiektua) egon ziren Donostiako Dabadaba aretoan. Ez zen jende asko bildu eta horrek harritu ninduen (agian ez dago harridurarako motibo gehiegirik).
Bassmatti beti dago sortzen, baina gutxi entseatzen duela esaten du (tira, egunak 24 ordu ditu). Oriol Flores bateriarekin dabil azken bolada honetan eta horrek gehiago entseatzera behartuko du (edo ez). Kontua da perkusioarekin eszenaratzeak gehiago irabazten duela, nahiz batzuetan iruditu tapatu egiten zuela gure gizonaren ahotsa.
Iker Lauroba, berriz, hiru lagunekin aritu zen ostegunean. Oso disko samurra argitaratu zuen 2015eko udaberrian, Harkaitz Canoren hitzak lagun. Halere, ostegunetik burutik ezin kenduri nabil Ikerrek berak, bakarka, egindako 90. hamarkadako The Rythm of The Night kantaren bertsioa, The Rythm of The Night originala baino askoz hobea.
Biak ala biak estudioan ari dira sartu-irtenean. Xabier Erkiziarekin ari da Bassmatti Japoniara joan aurretik eta Mutrikun, berriz, Lauroba. Laster emaitzak.
Realaren Ahotsak izeneko erakusketa
Donostia 2016aren baitan, Realak "Ahotsak" izeneko erakusketa bat antolatu du Anoeta Estadioan. Euria gortina bihurturik hurbildu ginen ostiral iluntzean. Iñaki Mendozarekin egin genuen bisita eta aski interesgarria iruditu zitzaidan.
Antolatzaileek diote ez duela futbolaz hitz egiten erakusketak. Alde batetik, Realak Gipuzkoan kohesio elementu gisa jokatu duen papera aztertzen du. Hiru bideo ikusteko astia izan genuen: Iñaki Gabilondo, Andoni Egaña eta Meho Kodro. Bosniarrak 90. hamarkadako bere herriko gerraz hitz egiten zuen, bera Realeko jokalari zen garaiko gatazka. Gaur egun munduan gauzak dauden bezala oso gertu geratzen dira orduko kontuak, are gehiago Mehok preterito perfektoa erabiltzen zuela aintzat hartzen badugu ("vino mi hermano" esan beharrean "ha venido" esaten zuelako).
Beste aldetik, Realak berdintasunaren alde egindako lana. Zati hau ezin izan genuen behar bezala ikusi, baina Mayi Ayestaran eta Txaro Barinaga-Rementeriaren irudiak ikusi genituen bideo hasieran (ez nekien Txaro argazkilaria saskibaloi jokalaria izandakoa zenik).
Gustatuko litzaidake beste buelta bat ematea, baina ez dakit aste honetan ahal izango ote dudan. Oker ez banago hilaren 20ra arte dago soilik. Estadioko 0 atetik gertu. Espabilatu!
Ikuspuntu jaialdia
Larunbat goizean, berriz, eguraldiak bai lagundu gintuela Iruñerako bidean. Autoa Arrotxapean aparkatu eta igogailua hartu genuen Alde Zaharrera. Baluartera jo behar genuen.
Zebra bidean semaforoak noiz eman paso zain geundela, beste aldean jende mordoa zegoen jarrera berarekin. Lagunei esan nien haiek sozialistak edo UGTkoak zirela. Baitazeare! EAJko militante eta buruzagiak ziren Baluartetik Foruen monumentura zihoazenak lore eskaintza egitera. Kristoren bista daukat!
Eguerdi partean José Luis Guerín zinemagilearen La Academia de las Musas ikusi genuen. Arratsaldean, berriz, Dieu sait quoi, Jean-Daniel Pollet-ena. Bigarrena Katakrak-eko ganbaran bazkaldu ondoren ikusi nuen eta kosta egin zitzaidan zerbait harrapatzea, ia ordu t´erdiko bodegoi mugituan.
Guerín-en filmak zer esana eman zuen bazkalorduan, baita arratsaldean ere. Nik gustura ikusi nuen, baina parodia baten modura irakurrita. Agian ez zuen hori egin nahi Guerín-ek. Auskalo! Bezperan, Donostiako Tabakaleran izan zen. Hona hemen filmarekin zer adierazi nahi zuen bere hitzetan.
Volando voy (III), este apunte en castellano.
Idatzi eta irakurri
-Lleva usted ya la mar de días sin escribir, señor cronista. ¿Por qué no escribe usted?
-Pues, precisamente, amigo lector, yo no escribo porque llevo la mar de días sin escribir.
Horrela hasten da Julio Cambaren No es posible escribir artículos geniales (pdf lotura) zutabea, Maneras de ser periodista liburuan jasotakoa.
Oliver Sacks neurologoa ohar asko hartutakoa da, 1.000 koaderno inguru zenbatu baitzituen bere bizitzaren amaiera aldera. Idatzitakoa baina bere horretan geratzen zen, paperatzearekin batera bukatutzat ematen baitzuen askotan ekintza bera.
Idazle bati aipatu nion aurrekoan eta ados zegoen Sacks jaunarekin. Berak 100en bat koaderno izango dituela idatziak eta seguru dagoela horietako 70 ez dituela inoiz zabalduko.
Idaztea baino, hobe irakurtzea. Hori da etxetik kanpo hilabete bukaeran egin dudana, besteak beste: Oliver Sacks-en En movimiento. Una vida, Enric Julianaren España en el diván trilogia, Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika edo politika, Harkaitz Canoren Beti oporretan...
Irakurle txarra naiz (gero gehiena oso erraz ahazten duen horietakoa). Kasu honetan, okerrago, zeren azken egunean Svetlana Aleksievitx-en Voces de Chernobil hasi bainintzen irakurtzen, lehen kapitulua. Eta hori geratu zait buruan bueltaka. Izugarria dela gutxi esatea da. 1986ko apirilean Txernobilera joandako suhiltzaile baten emaztea da kontalaria. Lehen pertsonan kontatuta dago senarra hil bitarteko hamalau egunak. Ez zietela esan zertara zihoazen; Moskura eraman zituztela zentral nuklearretik pasa ondoren; ez ziotela uzten senarrarekin egoten, are gutxiago ukitzen eta besarkatzen, baina berak ez ziela kasu egiten mediku eta erizanei (23 urte zituen eta haurdun zegoen); senarraren heriotza; ume jaioberriak ez zituela 24 ordu egin bizirik...
Hitzik gabe geratu nintzen eta bigarren maila batean geratu zitzaizkidan egun hauetan irakurritako gainerako liburuak.
Leer y escribir, este apunte en castellano.
Perestroika dator Espainiara?
2015aren lehen erdia Greziara begira pasa genuen Syriza zela eta ez zela, baina gaur, aldiz, ia desagertu da twitter-eko nire hormatik salbuespen bakarrarekin: hainbat fotokazetarik Lesbos-era iristen diren errefuxiatuei egiten dieten jarraipena.
Orain Euskal Herria ez dago agendan (baten batek pentsatuko du hobe horrela), baina deigarria egiten da, adibidez, Podemos-eko Pablo Iglesias ez etortzea abenduaren 20ko hauteskunde kanpainan eta hain emaitza onak lortzea. Adibide gisa, hona hemen Podemos jarraitzen astebete eman zuen Owen Jones britainiarrak (What I learned from Podemos) nola hasten duen kronika:
"I’ve spent nearly a week a travelling Spain — and the nations that make it up, like Catalonia and Galicia — with Podemos."
Katalunia dago lehen lerroan prozesuarekin aurrera jarraitzeko dauden arazoak direla eta ez direla. Prozesuaren etenak (eta irailaren 27ko hauteskundeen errepikapenak) momentuz argumenturik gabe utziko luke Rajoy PSOE koalizio handirantz eramateko orduan. Susana Díaz ere besoak gurutzatuta geratu beharko litzateke Pedro Sánchez idazkaritza nagusitik kanporatzeko orduan. Hori diote analistek.
Irakurri berri dut Jaime Miquel geografo eta politologo valentziarraren La Perestroika de Felipe VI liburua. Enric Julianak eraman ninduen berarengana Las cuatro generaciones zutabean egiten duen Espainiako estatuko lau belaunaldien banaketa honengatik:
1.- Gerra Zibila garaikoak: 1939. urtea baino lehen jaiotakoak. Gazteenak, beraz, 77 urte ditu. Hauteslegoaren % 12a.
2.- Autarkia garaikoak: 1939-1958 urteen artean jaiotakoak. %25a.
3.- Erreformistak: 1959-1973 urteen artean jaiotakoak. 60. hamarkadako “Baby Boom” garaiko belaunaldia. % 27a.
4.- Aldaketaren brigada: “Herritar berriak” Miquelen hitzak erabiliz. 1974-1997 bitartean jaiotakoak. 12,3 milioi hautesle, % 35a.
Liburuko ideia nagusienak behin eta berriro errepikazalea da egilea, baina gustura irakurtzen da. Nahiz eta izenburuak beste gauza bat iradoki, ez du askotan aipatzen tituluak dioena, baina bai dela hori bere tesia: Felipe VI.a herritarren gehiengo zabalak sustengatzen duela eta horregatik berak gidatu beharko lukeela erakundeen erreforma. Hori bai, erreforma horrek Trantsizioak konpondu ez zituen lurralde arazoak konpondu beharko lituzke (Katalunia eta Euskal Herriko arazoak). Miquelek konfederazioaren irtenbidea proposatzen du, etorkizuneko Europar Batasuna jomugan.
Orain, koalizio handia datorrela esan berri du. PPk zazpi milioi boto lortuko zituela ondo asmatu zuen, baina hauteskundeak baino astebete lehenago Ciudadanos bigarren izango zela esaten ikusi dut duela gutxi telebista saio batean eta denok dakigu zer gertatu den.
Tan perestroika eres tú como yo, este apunte en castellano.
Buruzapia eramaten duten emakume guzti horiek dira Zu
“Saionobela gisako dietario” gisa definitzen du liburua Lertxundik, baina ez Ars moriandi bat, Ars vivendi bat baizik. 2012ko uztailaren 19an medikuak diagnostikoa eman zionetik hiru urte luze pasa baitira jada eta oraindik tinko jarraitzen dute “Putakumiak ez digu irabaziko” lelopean. "Zergatik niri?" azkar samar bilakatu baitzuen emazteak "Eta zergatik ez niri?".
Liburu eta autore asko azaltzen dira orrialdetan. Lehen aipua, adibidez, Oier Guillanena da: “Minarena naiz zorionarena beste”. Behin baino gehiagotan agertzen dira Susan Sontag eta haren seme David Rieff kazetaria, baita honek amaren gaixoaldiaren azken faseaz idatzitako Un mar de muerte liburua ("Susan Sontag no aceptó su muerte y por eso no pude decirle adiós", 2008koa da elkarrizketa hau).
Literatura eta bizitzaren barna egindako bidaiak badu alderdi politikoa ere. “Sistema txukun samar bat lortzen ari ginen, harrotzeko modukoa, eta horixe suntsitu nahi dute liberaltasunez mozorrotutako akainek”. Lertxundik argi baitu “ezingo genituzke Zu artatzeko baliabide eta lan guztiak ordaindu”.
"Zuri gaixotasuna diagnostikatu ziotenetik gaurdaino gure esperientziak, oro har, gutxi du tristetik". Adibidez, ileordea aukeratu ondoren, bazkaltzera joan ziren iniziazio-ospakizunari behar bezalako errematea emateko. Une komiko ugari ere izan omen dituzte. Zarauzko aurkezpen egunean, Lertxundik kontatu zuen goizean Garoako Imanol (aita) joan zela lore-sorta eramatera Zuri. Loreak eman eta besarkatzen ari zen bitartean (hartzaren besarkadatzat jo zuen Lertxundik unea) ileordea lurrera erori zitzaion Zuri.
Kezka du Lertxundik ez ote zaion "kontakizun tristea" atera. Ez nuke hainbeste esango, baina egia da serio irakurri dudala liburua eta gutxitan marraztu zaidala irribarrea aurpegian. Egilea ez dabil iji-ajaka, noski, minari eta sufrimenduari buruz ari baita. Batzuetan haserre ere sumatzen zaio bere buruarekin edo munduarekin (adibidez, norbaitek zerbait kantzerra dela esaten duenean).
Hiru aldiz erori zaio (benetako) ilea Zuri kimioa hartzen zuen bitartean. Liburuan aipatutako beste pertsona ezagun bat Uxue Barkos da, Contra viento y marea-n azaldu zuena bere eskarmentua. 2012ko abuztuan Borja Hermosok eginiko elkarrizketa hau jasotzen du Lertxundik eta esaldi hau azpimarratu: "Nire lagun, kimio puta".
Ematen du Zuren esperientzia ez dela hain muturrekoa izan: "Kimioa hartzen eta bizi kalitatea? Zergatik ez? (…) Esango nuke zoriona ez duela urruti. Eta gaixo dago. Ez dira batera ezinak".
Une hunkigarriak ere izaten dira; “ongi etorri klubera” esan zion Belen laguna hil zeneko ekitaldia kontatzen duen momentua bezalakoak. Semeak hainbat kanta abestu zituen bi musikarien laguntzarekin. Horietako bat Eskorbuto taldearen “Adiós reina mía”.
Joan diren guzti horiek gogoan, Jorge Ibargüengoitia idazleak Mexikon ikusitako epitafio hau: “Bizitzak ni zoritxarrekoa izatea erabaki zuen, baina ez dit gogoak eman” eta Kenzaburo Oéren esaldia: “Niretzat bi eratako pertsonak daude: gertatuak gertatu, beren duintasunari eusten diotenak, eta gainerako guztiak”.
Todas esas mujeres con un pañuelo en la cabeza son Zu, este apunte en castellano.
Heriotza auzoan
Ostegunean hil zen Ina G. 52 urte zituen eta gaixo zegoen aspalditik. Ingurukoek bazekiten, baita berak ere, ez zuela urtea bukatuko.
Ostiral iluntzean autobidea hartu eta Irunera abiatu nintzen. Zazpi kilometroko ilarak zeudela abisatzen zuten autobideko letreroek. Irungo bidesaria salbatu eta tanatoriora. Irungo kaleetan barrena ere auto pilaketak. Ondo eta erraz aparkatzea lortu nuen behintzat.
Jende asko zegoen tanatorioan, hainbat hildakoren familia eta lagunak tarteko. Goiko pisuan zegoen Inaren gorpua. Aspaldi ikusi gabea nuen eta gaixotasunaren ondorioak markatuta zituen aurpegian. Familia eta hainbat ezagun agurtu nituen.
Horien artean zegoen OHOko nire maisu izandako Luis Aranburu. Jubilatuta dago jada eta itxura ederra zeukan. Esan zidan 23 urterekin hasi zela klaseak ematen gure eskolan eta Inaren gela izan zela lehenengoa.
Inak abentura asko izan zituen bizitzan. Batzuk hemen kontatzeko modukoak, beste batzuk hobe petit comitéan.
Gogoan daukat 13-14 urterekin (nik 8-9 urte nituen) ihes egin zuela etxetik eta mendian egin zuela lo. Gurasoek hori kontatu zidatenean, erraza da iruditzea 8-9 urteko haur hura nintzenaren aurpegia.
Beste batean, asteburu pasa joanak ziren haren gurasoak, eta aitaren ranroberra hartu zuen (15-16 bat urte izango zituen). Frenoaren pedala zapaldu beharrean azeleragailua zapaldu eta gure etxetik gertu zegoen autobideko zubia baino lehen zegoen ezponda batean “aparkatu” zuen. Arazo nagusiena izan zen auzoko hainbatentzat pasoko tokia zela hura eta denen bistan geratu zela bere azaña. Nire ama, arduratuta, haren bila joan zen etxera. Ate guztiak zabalik eta inork ez zuela erantzuten ikusitakoan, barrura sartu eta gelako ohe azpian topatu zuen.
Drogak bereak eta bi egin zituen auzoan eta bere hainbat adiskidek ezin izan zuten Hiesa gainditu.
Aurrekoan 1985eko paisaia izan nuen hizpide. Luis maisuari aipatu nion ume garaiko gure heroi askok bizitza gogorra izan zutela. Batzuk (Monroy, Mini, etab.) bidean geratu ziren. Inak gehiago iraun zuen.
Horien guztien amek zenbat sufritu duten!
Ez utzi zelaia inpraktikablea (sic)
Gehienetan (beti ez esateagatik) egin duen bezala, ostegun honetan Ander Lipus eta konpainia etorri ziren Donostian duten etxera: Egia Kultur Etxera. Urteak baitaramatza Lipusek lanak Egian erakusten. Orain, Etxekoak antzezlana.
Maddi Mamadouz maitemindu da Afrikan egindako egonaldi batean. Euskal Herrira ekarri nahi du, baina paperak egin behar horretarako. Etxean bi osaba ditu zain Maddik, baita amona ere.
Ez da hau Gerediaga-Lipus bikoaren lanik borobilena, baina nik beti eskertzen ditut beren lanak taula gainean. Jabier Barandiaranen papera goxoki bat da eta aktorearen vis komikoak falta dena osatzen dut. Lipus legeak betetzeko daudela uste duen osaba da, besteak beste. Amonak nahikoa lan du jakiten non dagoen (galtzeimer). Maika Etxekopar kantatzen entzutea zoragarria da, baina hainbat unetan ez da sinesgarri suertatzen aktore lanetan.
Gaua, berriz, Altxerrin amaitu genuen. Joseba B. Lenoir eta Fernando Lutxo Neira ikustera joan ginen. Duela urtebete ez zuten elkar ezagutzen, baina Rafael Berriok elkartu zituen eta orain ematen du betiko lagunak direla. Berriok bi kanta jo zituen bere musikariekin: Mis ayeres muertos eta Niente mi piace.
Durangoko Azokari begira azken aurkezpenak egiten ari dira argitaletxeak. Ostiral goizean Susak Donostiako Liburutegi Nagusian eman zigun ezagutzera Harkaitz Canok idatzitako Beti oporretan liburua, hamalau narrazio labur. Titulua duela hogei urte Xabier Montoiak argitaratutako disko eder batetik atera zuen Canok, aurretik Jim Jarmusch-en Permanent Vacation filma dagoela ahaztu gabe.
Iluntzean, berriz, Zarautzeko Garoan jendaurrean, etxean, aurkeztu zuen Anjel Lertxundik Zu liburua. Juan Kruz Igerabide alboan zuela aritu zen Andu, lepo betetako areto kuttunean. 2012ko uztailean emazteari medikuak esan zion minbizia zuela: pankreatakoa. Urte hauetan “Putakumeak ez digu irabaziko” esalditik abiatuta, “Zergatik niri” nola bilakatu den “Zergatik ez niri” prozesua da paperean irakurriko duguna. Emaztea ez zegoen aretoan, baina ekitaldia samurra, hunkigarria, umoretsua eta alaia izan zen.
Joxe Aranzabalekin gogoratu nintzela esan nion Anduri. Nola aritu ziren Andu eta Joxe Gipuzkoako Foru Aldundian minaren inguruan hizketan, 2009an (Medikuak esan dit minbizia dudala argitaratu zuen aurretik Joxek). Eta gauzak nolakoak diren, duela astebete pasatxo jarri du eskuragarri Interneten Joxek Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzailea liburua. Arrasaten 90. hamarkadan hiesdunen borroka ikustarazten saiatu zen ekintzailearen figura alboratua gera ez dadin.
Donostiako Garoan, berriz, igande eguerdian zuzeneko saio dotore batekin gozatu dugu. Paperezko kontzertuak zikloan Gorka Urbizu (Berri Txarrak) aritu da zuzenean Nerea arrebarekin batera. Hainbat kanta eta bertsio jo ditu eta Ainhoa Urretabizkaia (B aldea) kazetariaren galderak erantzun ditu Gorkak. Luxu bat. Bete-betean dagoen sortzaile bat bertatik bertara.
Bidean geratu dira aste honetako beste hainbat ekitaldi: adibidez, Neneh Cherry Kursaal-en, Txiki Psych Fest Intxaurrondon, A Bam Bam Boo Loo Ba! aurkezpena Garoan, Gure kabuz ala hil dokumentala Guardetxean, Mueve el bigote Onkologikoan (Pintxos and Blogs), Jupiter Jon Bukowskin, Izaki Gardenak Victoria Eugenia Cluben...
Eta zergatik aipatzen dut hau guztia? Ba ostiralean bertan lagun batek esan zidalako ea irakurri ote nuen DVn Ramon Etxezarretak duela hamar bat egun argiratutako Kortxo izeneko zutabea. Ezetz nik eta atzo irakurri nuenean seko flipatu nuelako. Etorri zitzaidan burura irailean Joseba Alvarezen txio hau. Elastikoa soinean egindako planteamenduak: Bizardunak edo Esne Beltza?, Ahal bezainbeste ala. Aukeratu behar izatea Beatles edo Stones-en artean oso aspergarria egiten zait. Raimundo Amadorrek esaten zuen bezala, "ni Betis eta Sevilla futbol taldeetakoa naiz".
Bai, badakit batzuen ustez modelo hauek kontrajarriak direla. Eta Donostian sare publikoak indar handia duela (txalotzekoa dena) eta aitortu behar dela hori inbertsio potentea izan dela, baina niretzat une honetan oso beharrezkoak dira Kortxoenea, Le Bukowski, Doka, Guardetxea, Dabadaba, Kaxilda, Garoa.... bezalako arnasguneak.
Ez dezala sektore publikoak elefantearena egin eta zelaia inpraktikablea utzi txikientzat. “Donostiak horrelako kultur proiektu herrikoiak bermatu behar dituela uste baitugu. Kultur aniztasuna eta eredu ezberdinen arteko bizikidetza ez direlako marketin eslogan hutsak, gure eguneroko jardun profesionalean hedatzen saiatzen garen oinarriak baizik.”
Las viejas ciudades / donde es grato vivir...
P.S.: aste hau berezia izan da kultur ekitaldiei dagokienez (bete-betean gaudelako). Ostiralean, gainera, jaieguna hartu nuen.
Otrosí: hau guztiau ez dut lan-ordutan egin.
Azkena: irakurri Borja Venturaren Guztiak.
No dejen el césped impracticable, por favor. Este apunte en castellano.
Kontzertu ekonomikoak badu defendatzaile bat: Pedro Luis Uriarte
Estatu espainiarrean gero eta gehiago dira hiru lurraldetako kontzertu ekonomikoaren eta Nafarroako hitzarmen ekonomikoaren kontra altxatzen diren ahotsak. Eta ez da Espainiara joan behar horretarako. Duela urtebete eskas Kepa Aulestiaren hitzak ekarri nituen hona: Euskal kupoa handitu Kataluniakoa konpontzeko.
Carlos Garaikoetxearen gobernuan 1980tik 1984ra Ekonomia eta Hazienda kontseilari ohia eta Francoren ondorengo lehen kontzertu ekonomia negoziatu zuen batzordeko buru izandako Pedro Luis Uriarte kontzertuaren defentsan tematu da. Eta ezagutzen ez dena ezin denez defendatu, azken bi urteak pasa ditu 2.685 orrialdeko liburutzarra (136 MB) idazten. Liburua doan jaitsi daiteke El Concierto Económico izeneko webgunean.
Banketxeen alorrean nabarmendu zen Uriarte eta goi mailako ardurak izan zituen BBV eta BBVA bankuetan. Deustun ikasitakoa, bertako areto nagusian aurkeztu zuen lan mardula pasa den astelehenean. Bi orduko bideo honetan ikus daiteke aurkezpena (erdira iritsi naiz ni).
Kontzertua "ebanjelizateko" tema hau txalotzekoa iruditzen zait, baina ez dakit herri xeheari kontzertu ekonomikoa ezagutzera emateko modurik onena ote den gorbataz jositako toki batean egitea aurkezpena (Bilboko alkatea, Hezkuntza kontseilaria, enpresa eta unibertsitate munduko hainbat ordezkari...). Espero dut beste alorretan eta lurraldetan barrena mugitzea (Gasteizko Artium egongo da azaroaren 26an Ibarretxe lehendakariarekin), zeren bestela zaila izango du hasieratik aitortu duen helburua eta hobe du ELA sindikatuari ematen dioen zaplastekoa bezalakoak ez banatzea.
Obraren aurkezpena (114 orrialde) jaitsi dut eta esaterik daukat jada alderdi honetan behintzat ez duela zehatza izateko trebetasuna, lanaren aurkezpena askoz ere orrialde gutxiagotan egiterik baitago. Bideoan ikus daiteke PLUS ez dela jaio geldirik egoteko eta ez duela ematen 72 urte dituenik. Datu asko ematen ditu, bromak egiten ditu bertan bildutakoekin eta, esan bezala, zaplastekoren bat edo beste banatzen du ere.
Ez omen du inongo alderditan militatzen eta bere kabuz hartu ei du lan hau ezagutzera emateko erabakia.
Ostiralean Javier Vizcaínok elkarrizketatu zuen Onda Vascako "Euskadi Hoy" irratsaioan eta igande honetan Noticias taldeko egunkariek Iñaki Gonzálezek eginikoa argitaratu dute. “El Concierto nos permite hacer políticas diferenciales, pero hay que repensar Euskadi”.
Euskaraz duzue ere ostiralean bertan Berria egunkariak argitaratutako Ivan Santamariaren elkarrizketa: «Armen indarrez inposatu zena ezin da pribilegioa izan» (gaztelaniaz itzuli dut behean dagoen loturan).
Pedro Luis Uriarte o el empeño en la defensa del Concierto Ecónomico Vasco, este apunte en castellano.
Nire ingurua 1985 urtearen amaieran
Pio Baroja Institutuan nengoen unibertsitate aurreko batxilergoa amaitzen (UBI zelakoa egiten). Ez naiz gogoratzen zein zen nire ordutegia, baina bai gogoratzen dudala goiz eta arratsaldez ibiltzen nintzela klasean. Eguraldiak laguntzen zuenean, oinez joaten nintzen klasera. Gutxitan hartzen nuen autobusa.
Goizeko 6ak baino lehen jaikitzen zen aita behiak jeztera. Bi behi izaten genituen etxean. Beranduxeago, baina ez askoz gehiago, jaikitzen zen ama. Garai hartan aitak 53 urte zituen eta amak 48. Aitak errepide nazionalaren beste aldean zegoen Porcelanas Bidasoan egiten zuen lan. 7ak aldera sartzen zen eta arratsaldeko 16:00ak aldera bueltan zen etxean. Amak etxea gobernatzen zuen.
Goizeko 8ak baino lehen etortzen zen ogi banatzailea. Panaderuak Pablo zuen izena. Errepide nazionaletik jaitsi, Lapitzeko Errotan geratu (oker ez banago) eta Altzubide aldera joaten zen. Handik minutu batzuetara jotzen zuen klaxona eta harri txintxarrez beteriko ehun bat metroko maldaxka igo behar izaten genuen (amak, Mañu anaiak edo nik), korrika, ogia jasotzera.
Ordu horretan ibiltzen zen ere etxeko behien esnea jasotzen zuen esneketaria, Pakita. Urte amaiera hartan, bihurritua egin nuen hanka batean eta, garaiko kontuak, hura sendatzeko igeltsua jarri zidaten eskuineko hankan. Urtarrileko egun gehienetan berak eraman ninduen institutura.
Melchora-Enean bizi ziren Juanito eta Merche. Bost seme-alaba zituzten. Zaharrena, Juanjo, 20 urte ez zituela hil zen motor istripu batean, 1980. hamarkadaren hasierako abenduko egun batean. Gainerako laurak: Ina, Miguel, Marimertxe eta Javi.
Lapitzeko Errotan Joxemiel eta Pantxika bizi ziren. Seme-alaba asko zituzten, baina garai hartan Luismariz gain ez dakit beste norbait bizi ote zen beraiekin. Agian, Mila. Joxemielen arreba Isabel bizi zen goiko aldean. Senarrari Valencia esaten zioten, inguru hartakoa zelako.
Hauen aurreko aldean: Berberana ardo almazena zegoen. Lehendik Solbes, gaur egun Iturria etxegintzarako almazena da. Fabrika txiki bi ere baziren inguru haietan: Alapont eta Neofibra.
Nik Ezurriki baserria ezagutu nuen, baina jada ez zen inor bizi bertan. Gogoan dut bota aurretik autopista egitera etorritako langileen almazen gisa erabili zutela. Lurrak, berriz, baratze bihurtu zituzten Irungo hainbat kaletarrek, dozenaka baratze eta txabola. Militarren kuartela ere gertu zegoen eta, batez ere udan, soldaduak aritzen ziren ariketak egiten (ez bakarrik gimnastikoak).
Ugalde izeneko errekatik gertu, iturri bat zegoen. Anaiari edo niri tokatzen zitzaigun ur bila joatea. Errekaren beste aldean: Ugaldeko Errota eta bertan bizi ziren Esteban eta Joxepa. Urtebete lehenago etorri zen Joxeparen anaia, Manuel. Baserri hau eta errepide nazionalaren tartean, hiru etxe, 1950. edo 1960. hamarkadan egindakoak: Quintillán bizi zen lehenean, emaztearekin; Quintillán galiziar honen arreba bigarrenean, Señora Carmen; azkenik, hirugarrenean, Señora Isabel, semeren bat edo bi eta Adolfo izeneko apopiloa. Jabeen izena zuen etxe bakoitzak: Villa Quintillán, Villa Carmen eta Villa Isabel.
Arritene Baserriko Tio Manuelek baratzea zuen, errepide nazionalaren albo batean. Arritene Arretxeko gainean zegoen eta 1970. hamarkadan bota zuten. Arretxen bizi zen Tio Agustin eta Tia Rosario. Bost seme-alaba zituzten: Agustintxo, lehena, 1985ko ekainaren 20an hil egin zen, Donostian. Elkarrekin ari ginen lanean obra batean eta berak istripua izan zuen. Haren anai-arrebak, berriz: Manuel, Mari Carmen, Maite eta Iñaki.
Pakita, esneketaria, Arretxen bizi zen ere. Senarra Joxeantonio eta seme-alabekin. Ez dakit jada denak ote zeuden etxean, baina Txus eta Belen seguru baietz.
Bi taberna zeuden: Arzak bata, Lekuzar bestea. Anton eta Prexenta ziren Arzakeko aiton-amonak; orain ahaztu egin zaizkit taberna eramaten zutenen izenak. Lekuzar-eko jabea Vicente zen. Oraindik ere, makuluak lagun, ikusi izan dut inguruan paseatzen. 90 urte baino gehiago dituela esango nuke.
XXI. mende hasieran gure inguruko baserri, tailer eta baratzez beteriko zonalde hura Industrialde bihurtzea erabaki zuten. 1980. hamarkada hura baino pixka bat lehenago autobideak banatu zuen bailara. Autopistaz haratago geratu ziren Lizardi eta Altzubide biak (goikoa eta behekoa). Okerrena Mendiola baserrikoentzat izan zen: muino batean zuten baserria eta gure etxe alboan, autopistatik honuntzago lursailik onenak, batere maldarik gabeak.
30 urte pasa dira. 30 urte besterik ez. Eta ingurua erabat aldatuta dago. Lizardi, Altzubide, Mendiola, Villa Isabel eta izena galdu duten beste bi etxeak, Carmen eta Quintillán. Berberana orain Iturria da. Eta kitto.
Notarioarena egin nahi nuen gaur. Lekunberri baserritik, akta jaso.
Oharra: ez dut amarekin hitz egin, ez dut ezer irakurri. Memoria-ariketa bat izan da.
Allá por 1985, este apunte en castellano.
Kathrine Switzer, Bostongo maratoia dortsal batekin korritu zuen lehen emakumea
Ez nuen Kathrine Switzer ezagutzen. Hau da, ez nuen Bostongo maratoia dortsal batekin korritu zuen lehen emakumearen izena ezagutzen, baina bai ezaguna egiten zitzaidala gertakizuna, oso gainetik bazen ere. Wikipedian irakurri nuen nor zen K.V. Switzer.
Ondorengo lerro hauek irakurri ditzakezue Jabier Muguruzaren Kathrine Switzer kantua entzuten duzuen bitartean.
Zergatik azpimarratzen da dortsalarena
Roberta Louise "Bobbi" Gibb izeneko emakume batek korritu zuelako Bostongo maratoia urtebete lehenago, 1966an. Kasu honetan, dortsalik gabe aritu zen emakume hau.
1967ko Bostongo maratoia: 261 dortsala
Bere entrenatzaileak esan omen zion Kathrine-ri ezinezkoa zela emakume batek bukatzea maratoia, gogorregia zelako, baina Switzer tematu zen, gogor entrenatu eta atera egin zen lasterketan.
Izena emateko orduan "K.V. Switzer" neutrala erabili zuen; berak dioenez, hori baitzen Unibertsitatean erabiltzen zuen izena.
Lasterketa amaitzea lortu zuen (4 ordu eta 20 minutu), ia Bobbi Gibb-ek baina ordubete gehiago.
Korrika ari zela, Jock Semple komisarioa hurbildu zitzaion esatera hanka egiteko eta dortsala emateko. Switzer-en garai hartako senargaiak, Tom Miller-ek, berarekin batera lasterka egiten ari zenak, lagundu zion eta gainetik kendu zuen komisarioa. Une hori harrapatu zuten argazkilariek eta egunkarietako azal bihurtu zen irudia.
1972ra arte itxoin behar
Switzer eta beste hainbat emakume korrikalarik saiatu ziren Boston Athletic Association konbentzitzen emakumeak onartzeko maratoietan.
Eta lortu egin zuten, baina handik bost urtetara. Izan ere, 1972an onartu baitzuen Bostongo Maratoiak hori. Diotenez, Jock Semple-k paper garrantzitsua izan zuen emakumeak ofizialki onartzeko orduan.
Gero, Switzer-ek maratoi piloa korritu zituen: 1974an New York-ekoa irabazi zuen (3:07:29) eta 1975ean Bostonen lortu zuen bere markarik onena: 2:51:37. Sarean topatutako datuek gezurrik esaten ez badute, 65 urte zituela, 2011ko Berlingo maratoia korritu zuen (hauxe izango litzateke korritu duen azkena).
Telebista komentarista da eta eginkizun horretan aritu da Joko Olinpiko, Estatu Batuetako zein nazioarteko txapelketetan, New York, Chicago eta Los Angeleseko maratoietan. Bostongoa, berriz, 36 urtez jarraian komentatu du.
Pertsonaia publiko ezaguna da eta bi liburu argitaratu ditu: Running and Walking for Women over 40 (1997an) eta bere biografia, Marathon Woman, (2007ko apirilean kaleratu zuena, Bostongo efemeridearen 40. urteurrenean).
Kathrine Switzer, la primera mujer que corrió el maratón de Boston con dorsal, este apunte en castellano.
Jurgi Ekizaren krisi identitarioa
Sustrai Colina: Ama hizkuntza zenuen euskara berreskuratzeko grina ere piztu zizun Negu Gorriak-ek.
Jurgi Ekiza: Oso harreman konplikatua dut euskararekin. Ama hizkuntza dut euskara, lehen mailara arte ikastolan nenbilen, baina arrazoi praktikoengatik karrikan bertan genuen eskola frantsesera pasa eta oharkabean frantsestu nintzen. Izugarria zait Azkarateko ene aitatxiren oroitzapen guziak euskaraz mintzo zela ukan eta bi belaunalditan euskal elebakar batetik frantses elebakar batera iragan ginela pentsatze hutsa. Arras bortitza zen enetzat 10 urteko haur bat bere aitatxiri mintzo irudikatu eta biek hizkuntza berean ez elkar ulertzea. Euskara arras galdua nuenean ezagutu nuen Negu Gorriak. Musikarekiko zein militantziarekiko interesa banuen ordurako eta euskal komunitate horretan berriz sartzeko gogoa piztu zidan. Hala, euskara berreskuratu nuen, euskal ikasketak masterreraino eraman ditut, arras kontent naiz, baina beldur naiz euskara ez ote zaidan sekula hizkuntza naturala bilakatuko. Gaizki bizi dut hori. Aldi berean, euskaraz baizik ez dut kantatzen ahal eta euskaraz baizik ez ditzaket kantuen hitzak idatzi. Are gehiago nahasten nau horrek. Ez ote naizen dena itxura galdetzen diot ene buruari, zergatik pasatzen naizen euskarara pertsonaia publiko bihurtzean ene egunerokoan ez banaiz hala ari, kasualitatea ote den nire alde publikoa izatea alde pertsonal edo intimoena, zergatik idazten dudan euskaraz erran nahi ditudanak ez bazaizkit euskaraz jiten... Batzuetan dena bluf bat iruditzen zait eta krisi identitarioak sortzen dizkit gaiak.
Elkarrizketa osoa hemen: "Aurten ikasi dut Willis Drummond-en kantaria soilik ez izaten". Berandu nabil (duela bi astekoa baita), baina gaur goizean irakurri dut eta, batez ere, goiko paragrafo hori daukat buruan bueltaka.
Bakarkako lehen lana plazaratuko du udazken honetan Ekizak. Bitartean, Zura taldearen Egunkari ezkutua disko berrian kolaboratzeaz gain, zuzenean ere ari da hau aurkezten.