Heriotza auzoan
Ostegunean hil zen Ina G. 52 urte zituen eta gaixo zegoen aspalditik. Ingurukoek bazekiten, baita berak ere, ez zuela urtea bukatuko.
Ostiral iluntzean autobidea hartu eta Irunera abiatu nintzen. Zazpi kilometroko ilarak zeudela abisatzen zuten autobideko letreroek. Irungo bidesaria salbatu eta tanatoriora. Irungo kaleetan barrena ere auto pilaketak. Ondo eta erraz aparkatzea lortu nuen behintzat.
Jende asko zegoen tanatorioan, hainbat hildakoren familia eta lagunak tarteko. Goiko pisuan zegoen Inaren gorpua. Aspaldi ikusi gabea nuen eta gaixotasunaren ondorioak markatuta zituen aurpegian. Familia eta hainbat ezagun agurtu nituen.
Horien artean zegoen OHOko nire maisu izandako Luis Aranburu. Jubilatuta dago jada eta itxura ederra zeukan. Esan zidan 23 urterekin hasi zela klaseak ematen gure eskolan eta Inaren gela izan zela lehenengoa.
Inak abentura asko izan zituen bizitzan. Batzuk hemen kontatzeko modukoak, beste batzuk hobe petit comitéan.
Gogoan daukat 13-14 urterekin (nik 8-9 urte nituen) ihes egin zuela etxetik eta mendian egin zuela lo. Gurasoek hori kontatu zidatenean, erraza da iruditzea 8-9 urteko haur hura nintzenaren aurpegia.
Beste batean, asteburu pasa joanak ziren haren gurasoak, eta aitaren ranroberra hartu zuen (15-16 bat urte izango zituen). Frenoaren pedala zapaldu beharrean azeleragailua zapaldu eta gure etxetik gertu zegoen autobideko zubia baino lehen zegoen ezponda batean “aparkatu” zuen. Arazo nagusiena izan zen auzoko hainbatentzat pasoko tokia zela hura eta denen bistan geratu zela bere azaña. Nire ama, arduratuta, haren bila joan zen etxera. Ate guztiak zabalik eta inork ez zuela erantzuten ikusitakoan, barrura sartu eta gelako ohe azpian topatu zuen.
Drogak bereak eta bi egin zituen auzoan eta bere hainbat adiskidek ezin izan zuten Hiesa gainditu.
Aurrekoan 1985eko paisaia izan nuen hizpide. Luis maisuari aipatu nion ume garaiko gure heroi askok bizitza gogorra izan zutela. Batzuk (Monroy, Mini, etab.) bidean geratu ziren. Inak gehiago iraun zuen.
Horien guztien amek zenbat sufritu duten!
Gogoratzen naiz garai horretan Ventas ospe txarra edo zuela Irunen horregatik, baina egia esan, ez dut uste hainbesterako zenik. Edo, behintzat ez zen beste auzoak bezain arriskutsua.
Portzierto, asko gustatzen zait zure oroitzapenaz Irunen eta idazten duzunean.
Ondo izan