Sarri, sarri edo Nicaragua Sandinista
Gaur iluntzean irratsaio hau ari nintzen entzuten. Gutxitan jartzen dut emisora hau, baina gaur hori zegoen sintonizatuta etxeko sukaldean.
Ari ziren PPk deituriko manifari buruz hitz egiten eta nola Jarcha taldearen "Libertad sin ira" kantua erabili zuten amaieran.
Aurkezleek, irrati kate hau izateko harritu nauen ausardiaz, bi proposamen egin dizkiete PPkoei hurrengo manifestazioetarako.
Sarri, sarri
Nicaragua sandinista
Zuen iritziz zein aukeratuko dute?
Yahoo-k cyberateos izeneko posta zerrenda ezabatu du
Atzo goizean El País egunkariko zuzendariari bidalitako gutun honen irakurketak kezkatuta utzi ninduen.
Gutuna El Paísen
Gasteizko Arturo Ríos izeneko gizon batek sinaturiko lerroek hau zioten:
"En 1999 nacía la unión de cyberateos, una comunidad virtual formada por más de un millar de personas que se comunicaban mediante una lista de correo que en sus inicios fue creada en eGroups y luego, debido a la compra de esta empresa por parte de Yahoo! pasamos a formar parte de YahooGroups".
"El 8 de marzo, dicha empresa envió una carta en la que alegaba que se incumplía "algún" apartado de sus cláusulas, sin indicar cuál. Veinte minutos más tarde 80.000 mensajes publicados en sus ocho años de existencia, miles de artículos propios en sus archivos toda esa riqueza e historia documental se ha ido al traste de un plumazo, dejando huérfanos a sus foristas. Yahoo!, de arbitrario pucherazo, ha dado al traste con todo".
"Si bien es cierto que es una empresa privada y que puede hacer lo que quiera, dentro de las leyes, ver cómo se pisotea a un colectivo siempre es sangrante".
Hori da periodikoak argitaratutakoa. Taldearen webgunean begiratu dut baina ez da gauza askorik azaltzen. Lehen behintzat agertzen zen yahook eginiko trastada, baina orain ezta hori ere.
Yahoo-k ez du itxieraren arrazoirik ematen
Menéame-n ikusi dut Magonia blogean Luis Alfonso Gómezek aipatu duela gaia. Yahoo!ko komunikazio kabinetearekin harremanetan jarri da Gómez, El Correoko kazetaria, baina ez du lortu gauza askorik. Aipatu kabineteak ez ditu itxieraren arrazoiak publiko egin nahi.
Gómez-ek dioen bezala, "si Yahoo! considera que algún contenido infringe sus normas, lo elimina. Así, por las buenas. Y no explica la razón a nadie (...) ¿y si la infracción a las normas tiene su origen, por ejemplo, en un miembro de un foro que quiere torpedearlo?
Zaila dute cyberateoek eta zaila izango dugu guk ere mugitzen ez bagara.
Istorio femeninoak
Ostiral arratsaldean, lehia bizian, inauguratu genuen erakusketa. Ez zen jende gehiegi hurbildu, baina goxo egon ginen bildutakook. Kronika soziala ez dut egingo, baina bai esango dudala gustura egon ginela. Komunikabideetan agertutakoa hemen eta azpian, berriz, prentsa-oharra egokitua.
Erakusketa hau 24 emakumeri buruzkoa da, 12 euskaldun eta 12 kataluniar, eta garai ezberdinetan izan duten jarduera soziala edo artistikoaren garapenaren berri ematen saiatu gara. Emakume horien artean batzuk ezagunak dira, beste batzuk, ordea, historian tokirik ere ez dute izan. Lagun-begiratua botatzen dugu: Historia guztion artean osatzen dugula uste dugunona, gizon nahiz emakume, ezagun nahiz ezezagun.
Tere Pérezek, Alba Espargarók eta Magda Gassók osatzen duten tam (tam) taldeak egin du lana, Elisabet Surís diseinugilearekin batera. Garai bakoitzeko bizpahiru emakumeen aipamena jasotzen da 12 paneletan:
Sakratua eta femeninoa (Mari eta Bartzelonako Eulalia)
Erroma eta Al-Andalus bitartean (Gala Placidia eta Lampegia)
Lur eta gazteluen jabeak (Markako Almodis eta Munia Sánchez)
Bi emakume eta errege bat (Jaime I, Hungariako Violante eta Teresa Gil de Vidaurre)
Hirian (Mirentxu eta Meirona)
Espainiako Gortean (Tota Larrea eta Germana de Foix)
Abenturazaleak eta barrokoak (Juliana Morell eta Katalina Erauso)
Behartsuak, zaharrak eta bakarrik utziak: sorginak (Violant Carnera eta Maria Echachute)
Familiaren pisua (Josepha Vilaret eta Teresa Cabarrús)
Burgesak eta feministak (Dolors Monserdà, Francesca de Bonnemaison eta Maria Maeztu)
Borrokalari sutsuak (Teresa Claramunt eta Tene Mujika)
Musikaren doinuan (Emiliana Zubeldia eta Raquel Meller)
Ernest Lluch Kultur Etxeak lagundu duen produkzioak, Espai Catalunya Topalekuak sustatu du eta Kataluniako Generalitat-aren (Comunitats Catalanes de l´Exterior) eta Via Fora jatetxe-katearen babesa du.
Apirilaren 4rarte, egunero bisita daiteke, jai-egunetan izan ezik: 16:00etatik 20:30etara astelehenetik ostiralera; 16:30etatik 20:30etara larunbatetan.
Adi: erakusketa-aretoaren sarrera Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean dago, Bakearen Usoaren parean.
Telebista telebisiyua zenean
Hegoaldeko askok gogoratzen ditugun Espainiako telebisten bi une.
Fernando Arrabal, hordituta, milenarismoaz hitz egin nahian, Fernando Sánchez Dragóren TVEko saio batean.
Francisco Umbral, haserre, Antena 3 telebistaren beste saio batean, bere liburuari buruz berba egin nahian. Aurkezle lanetan Mercedes Milá.
Mozkorra desagertu egin da panoramatik. Beste hirurak, nola edo hala, jarraitzen dute lehen lerroan.
Elkano Browning Cream Victoria Eugenian
Victoria Eugenia Antzokian egon naiz Elkano Browning Cream taldearen emanaldia ikusten. Azken aldiz, 2000ko udaberrian egon nintzen teatroan. Gaur euria ari zuen sartzerakoan. Beraz, korrika eta presaka egin dugu barrurantz. Kanpoko obrak amaitu gabe daude oraindik eta eguraldi honekin ez zen giro (itoginak pergolan). Barrukoari ere gutxi erreparatu diot, baina uste dut jende asko zegoela.
Mikel Azpiroz donostiarraren proiektua da Elkano Browning Cream. Duela bi urteko formatua aldatuz (Fran Iturbe eta Karlos Aranzegi), kanpoko bi musikarirekin elkartu da diskoa grabatzeko: aspaldiko laguna duen Matt Harding, New Yorken bizi den Salt Lake Citytarra, eta Frank Mantegari paristarra, Alpha Blondy reggae taldeko bateria izandakoa zortzi urtez.
Gaztelumendiri irakurri diogu Berri Txarrak rock talde nafarra hemendik kanpo dabilela gora eta behera. Ez da makala ere Azpirozek gidatzen duen hirukoteak daraman bidea. Txina-AEB-EHn grabatutako diskoa, Europan eta Amerikan ari dira aurkezten (ikusi bira). Hilabete honetan Estatu espainiarrean ariko dira eta aukera izango duzue zuzenean ikusteko.
Zer eskaintzen duen EBCk? Musika beltza. Groovy, man! Ez zuten jende aproposena gaur aurrean (publikoa irrikitan dago antzoki berritua ikusteko eta askori bost axola zaio eskaintza), baina gozatu dutelakoan nago. Organoa, bateria eta gitarra, denak maila berean lerratuta. Argi gutxi, gehienetan estatikoa. Nahikoa zen gaur musika.
Bateriari begirik kendu gabe egon naiz ia emanaldi guztian. Izugarri gustatu zait.
Zizka-mizka sarean
Igande goiz honetan alferkeriaz ordenagailuaren aurrean harrapatutakoak.
Bittori
Aurkeztu ez badute ere, gaur ikusi dut sarean dagoela Victoria Eugenia antzokiaren webgunea.
Doka
Lagun batek esan zidan Antiguako Kandela zena kafe antzoki bihurtzekotan dagoela. Izena ere aipatu zidan: Doka. Webgunearen erregistroa egina dago, enpresa sortuta dago ere: Doka Kafe Antzokia.
Laster jakingo da ekimen honen bultzatzaile direnen izen-abizenak, euskal kultura eta kirolaren bueltakoak, kontatzen dutenez. Zorterik onena opa nahi diet.
Fermin
Never say never again. 2004koa azken bira izango zela esan ostean, aurten ere ekingo dio Muguruzak lau hilabeteko tourrari. Europan abiatuko da apirilean (Paris, Durango, Donibane Garazi, Viña Rock…) eta Amerikan izango du jarraipena maiatzean (Mexiko, Kuba, Venezuela).
Laboa
Donostian ere ez. Bertan behera geratu da apirilean Laboak egitekoa zuen kontzertua. Martxoan Tolosan egitekoa zuena erori ondoren, apirileko guztiak geratu dira bazterrean.
Gertuko norbaitek, maitasunez, esango al dio, bapo, amaitu da? Eszenatoki gainean zenbat sufritzen duen jakinda, mediku-arrazoiak argudiatzen dituztela ikusita.
Zapiain
Ez da gaurkoa, baina astekoa bai. Garraio publikoaren aldeko mezu argia, gure filosofo kontenplalariak Bilboko metroan entzundakoa hamasei urteko neska bati: "vamos a ponernos de pie tía porque entre el tracatrá este y el piercin que llevo en el coño es que me voy a correr".
Manque mierda
Garai bateko Betis gustuko nuen; talde atsegina, zalego are atseginagoa (manque pierda). López Ufartek aste honetan kontatu du taldea Bigarren Mailara jaitsi zenean, abonatu eta bazkide kopurua igo egin zela laurogeigarren hamarkadaren bukaeran.
Gaur egungo jabeak boterea hartu zuenetik, gauzak asko aldatu dira. Ez da han bakarrik gertatu, futbola (eta ingurua) asko kakaztu baitira, han eta hemen.
Gehienok jakinaren gainean egongo zarete. Pasa den asteazkenean, otsailaren 28an, Betis eta Sevilla taldeen arteko norgehiagoka jokatu zen lehenengoaren zelaian. Jokoan Kopan urrats bat ematea, finala jomugan. Kanouték kanpoko taldea aurreratu zuenean, bigarren zatiaren hasieran, norbaitek botila bat jaurti eta buruan seko jo zion Juande Ramosi, Sevilla taldearen egungo entrenatzaileari, lehenagotik Betisen prestatzaile izandakoari. Ramosek konortea galdu zuen eta esku-ohe batean atera behar izan zuten bertatik. Partida bertan behera utzi zuen epaileak.
Gau hartan telebista kate ezberdinetan bota zuten irudia. Etxeko taldearen presidente den José León Gómez jaunak komunikatua irakurri zuen kameren aurrean:
"El Consejo de Administración del Real Betis Balompié, sus técnicos y jugadores lamentan el incidente que de forma puntual y aislada ha ocasionado la suspensión del partido de cuartos de final de la Copa del Rey entre el Real Betis Balompié y el Sevilla Fútbol Club".
Hori baino puntu gehiago ditu agiriak, baina hemen egingo dut planto.
Galdera: edozein biolentzia-motaren aurrean, behin eta berriro gaitzespenak eskatzen dituztenek, ahorik zabaldu al dute oraingoan?
Loretopetik (XII) Bittorik beste hiri batekin egingo du topo
Irutxuloko Hitzan martxoaren 2an argitaratutakoa.
Nahi baino gehiago iraun duten berritze lanen bueltan, hilabete honetan abiatuko da XXI. mendeko Victoria Eugenia Antzokia. Etxafuegoak inaugurazio gala bakarrean edo publiko anitzaren gustuko programa osatuz izan behar ote duen polemika antzua alde batera utzita, 2006ko maiatzean Donostiako Kultur Proiektuen berri emateko Topaketetan Miguel Martínek adierazi bezala, beste hiri batekin egingo du topo teatroak.
Victoria Eugeniaren kudeaketari dagokionez formula berri baten bila aritu dira agintariak azken hilabeteotan. Urrian zurrumurru zena, San Sebastian egunaren ondoren behin-betiko erabakia izateko bidean da. PSE-EE eta EAJ alderdiek Donostia Kultura enpresa-erakunde publikoa egiteko akordioa hartu zutela jakinarazi zuten. Horrek zer esan nahi duen? Funtsean, Zuzenbide Pribatuaren eremupean sartzea aipatu erakundea.
Bertako langilea izanik, nire ikuspegia ez da objektiboa, baina beste zenbait udal elkarteren ibilbideari erreparatuz gero, ez dakit ezer onik ekar dezakeen erabakiak. Badakigu ere asko aldatzen ari direla gauzak eta bizitza guztirako enplegua pasa den mendeko kontua izango dugula laster. Malgutasunak agintzen du, besteak beste.
Nortasun juridiko berria legegintzaldi honetan gauzatu nahi dute eta hain garrantzitsua den erabakia presaka aplikatu. Gauzak horrela, kezkatuta utzi nau aldaketa prozesua nola komunikatu diguten langileei. Felipe González bezala, langileen ordezkariak komunikabideen bidez enteratu omen ziren bi alderdien arteko akordioaz.
Otsailean kezka iturri izan zen ere Urgulleko magalean dagoen Guardetxea norbaitek erre egin duela jakitea. Pena hartu nuen horren berri izandakoan. Toki atsegina delako, jarduera interesgarri asko egiten dituztelako, auto-kudeaketaren kultura hirian bizirik mantentzeko balio duelako. Besteak beste.
Egun horretan bertan betiko Donostiak atsegin handiz hartuko zuen beste albiste batek zer pentsatua eman zidan: Orfeoi Donostiarrak gune berria eraiki nahi duela Miramonen. Tartean, 1500 lagunentzako auditorioa. Harrigarria egin zitzaidan, iazko maiatzean izandako jardunaldi haietan proiektu horren berri inork eman ez zuelako. Gizarte-mota honek hain gustuko dituen beste proiektu erraldoi bat?
Hiriaren sinbolo diren elkarte eta erakundeek bezala, Reala kasu, Orfeoiak politikarien ateak joko ditu. Hauteskunde atarian, ate horiek argazkia egiteko zabalduko dira. Gero, gerokoak.
Guardetxeari dagokionez, berriz, zenbait udal agintarik trabak jartzen hasi dira jada. Soberan dute gune hori.
Igual ez da hainbeste aldatu hiria, Bittori.
Polònia, Kataluniako telebistaren umorezko saioa
Gero eta telebista gehiago ikusten dut ordenagailuaren aurrean. Errua Youtube bezalako zerbitzuek dute eta han bideoak eskegitzen dituztenek.
Alta emanda nago blog honetan eta bertatik jarraitzen ditut Kataluniako telebistan emititzen dituzten Polónia saioaren asteko bideorik onenak.
Hau da otsailaren 23ko saioari dagokion bat. PPkoen bulego nagusira doa SGAEko kobratzailea.
Telebista programa honek ere badu jarraitzaileentzako posta zerrenda bat
U-Roy Miarritzeko Atabal aretoan
Aspalditik nuen Atabal aretora joateko gogoa eta atzo bete nuen nahia. Aitzakia: U-Roy jamaikarraren emanaldia.
Miarritzeko tren geltokitik gertu, ez da zaila inguruan aparkatzea eta, gainera, kontzertu-areto bikaina du (700 lagunentzako edukiera). Pega bakarra da eszenatokia ez dagoela oso altu eta hori arazo da gaur egungo belaunaldi lepoluzeak kontutan hartuz. Eraikinean badaude taberna bat, estudioa, entsaiatzeko gelak, multimedia-gela....
Jakina da Iparraldean reggae zaletasunak hegoaldean baino tradizio gehiago duela eta nabarmen geratu zen hori atzo. Aretoa betetzetik gertu zegoen gu iristerako.
Telonero lanak Junior Marvinek egin zituen eta bero utzi zion publikoa maisuari. Lehenengo artistarekin batera aritutako bandari (haizeak, gitarra, baxua, bateria, teklatuak) bi emakume gehitu zitzaizkion. Traje elegantea soinean eta kapela buruan sartu zen U-Roy ordubeteko showa egitera. Gustura egon nintzen.
Bihar, larunbata, Bilboko Santana 27 aretoan egongo dira musikariak. Portzierto, Miarritzen kontzertu-egunean sarrera 16 eurotan zegoen; bihar Bilbon erosiz gero, 21 euro. Iparraldean 700 lagun sar daitezke gehienez; Bilbon, berriz, 2000. Zergatik prezio diferentzia hori?
Hor behean uzten dizuet zaharrari buruzko pare bat lotura.