El setè camió liburuaren aurkezpena La Vajol-en
Aste bukaera Katalunian pasa dugu. Ostiral goizean autoa hartu eta Maripurik markatutako bidea jarraitu genuen La Vajol herrira ailegatzeko. Aitzakia Assumpta Montellàk berriki argitaratu duen "El setè camió. El tresor perdut de la República" liburuaren aurkezpenera joatea, liburuan kontatzen den istorioa tokian bertan bizitzeko: Negrínen bunkerrean, Canta Meategian.
Assumptak dio hirurehun bat lagun bildu ginela bunkerrean ostiral arratsaldean. Ez da kopuru makala, kontutan izanda La Vajol herria La Junkeratik hamar bat kilometrora dagoela. Bertan ehun bat biztanle bizi dira. Bartzelonatik autoa hartuz gero, ordu t´erdiko bidea duzu bertara. Batzuk Euskal Herritik joan ginen (Txaro Barinaga eta Liki, adibidez). Assumptaren beste lagun batzuk Madrildik. Baina Kataluniatik jende asko mugitu zen: Matarókoa, Igualadakoa, Cardedeuko talde handia…
Assumptak izena lortu du Katalunian La maternitat d´Elna liburua argitaratzeagatik. Elisabeth Eidenbenz emakumearen inguruan garatzen den istorio hunkigarria.
Oraingo kontuak ere gerra garaikoak dira, 1938-1939 urtekoak. Negrín gobernuko presidente zela, Errepublikaren patrimonioa, Espainiako Bankuaren urrea edota Pradoko koadroak barne, La Vajol herrira eraman zituzten. Horretarako, Giralt familiaren meategia desjabetu, bertan lanean ari ziren langileak kaleratu eta Cartagenako meatzariak eta Negrín-en konfiantzazko karabineroak ekarri zituzten bunkerra egiteko asmoz.
Urtarrilean, 1939ko urtarrilean, garbi zegoen Errepublika aterako zela galtzaile Francoren kontrako gerra puta hartan. Urtarrilaren amaieran eta otsailaren hasierako egun haietan, La Vajol Errepublikaren hiriburua bihurtu zen, bertan baitziren Manuel Azaña presidentea, Negrín gobernuburua, Agirre lehendakaria, Companys president-a…
Otsaileko lehen egunetan atera ziren denak, tesoroa barne, Condor Legioaren bonbapean. Korrika eta presaka eraman behar izan zen dena. Dena? Tartean, ez atzera ez aurrera, kamioi bat geratu zen. Zinematografikoki zazpigarren kamioia deiturikoa.
Estilo nobeleskoa du Assumptak gauzak kontatzeko, oso ondo daki irakurlea harrapatzen. Gainera, aparteko kolaboratzaileak izan ditu lan horretan: Miquel Giralt, meategiko jabearen semea, garai hartan 9 urteko ume mokoa, meategia bere horretan mantendu duena urte hauetan guztietan; zazpigarren kamioia zaintzen zuen karabineroaren semea; tesoroa bere mandoekin eraman zuen gizonaren iloba.
Gizon honek ere badu ardura handia istorio hau (eta amaetxearena) azaleratzeko orduan. Bere izena Miquel Torner da, Mataróko marxairea, Iparraldeko bidea edo Erbesteko bidea errekuperatu dutenetariko bat.
Aurkezpen eguneko argazki gehiago ikus ditzakezu flickr-eko nire kontuan.
Handia da Quimi
Lagun katalan batek kontatu zidan azken diskoaren biran, Quimi Portet-en kontzertu bat ikustera joan zirela antzoki batera. Emanaldiaren erdian, Quimik galdegin omen zion publikoari ea zergatik ez ziren aldameneko tabernara trago bat hartzera joaten. Eta horrela egin zuten: kontzertua eten, zerbezak hartu eta buelta.
Horrelakoa da Portet jauna. Beraz, logikoa honen moduko elkarrizketa sailkaezinak ematea.
Donostiako Dokan genuen hitzordua igande arratsaldean. 20:30etan. Lau emanaldi egin ditu Euskal Herrian. Ruper pare bat bolotan aritu da berarekin, baina domekan ez da azaldu. 60-70 entzule bakarrik, baina hurrengo batean jende gehiago etorriko da: benetako komunikazioa lortu baitu musikariak publikoarekin.
Haren musikara hurbildu nahi duenak, jakin beza ez duela zerikusirik El Último de la Fila taldean egiten zutenarekin. Vic-ekoa hiru lagun musikarirekin agertu da: Antonio Fidel baxu jotzailea, Jordi Busquets gitarrista eta Xarli Oliver bateria jotzailea.
Antoniok pop erraza deitzen duen etiketapean sartu dezakegu musika. Bitan banatuta omen dago kontzertua, Quimi dixit. Lehenengo zatia herrikoiagoa ei da; bigarrena, berriz, intelektualagoa. Azken hau jarraitzeko karrera bat beharrezkoa dela zioen.
Banaketa ez da kontutan hartzekoa. Izan ere, kantuak edo banda aurkezteko orduan ironia (sotila gehienetan, azidoagoa bestetan) barra-barra baitarabil Quimik. Harrikada handia duela esango luke baten batek, baina musikari puska dago horren gainetik.
Bere filosofiaren adierazle, esaldi bat: "I en el teu parrús vull quedar-m´hi acampat".
Handia da Quimi.
Iñaki Dieguez irundarra Cirque du Soleil-ekin
Publiko egin duenez lasaiago kontatuko dut orain txoko honetan.
Iñaki Diéguez akordeonista irundarrak artista askorekin jo izan du akordeioa, besteak beste Pantxoa eta Peiorekin edo Gontzal Mendibilekin batera. Proiektu pertsonalenak, berriz, Ghatusain folk taldea eta Iñaki Diéguez trio jazz hirukotea dira.
Azken honekin grabatu du "Crossing time" diskoa eta aurten kaleratu du katalogo guztia iTunes-en duela iragartzen duen Etxe-ondo diskoetxean (zalantza daukat: gainerako diskoetxeek ez dute?). "Crossing time"n jazzaren mugetatik barrena eraman du instrumentua. Klasikoak jotzeaz aparte, bere zenbait konposizio sartu ditu. Igor Telletxea bateria jotzaile eta Ritxi Salaberria baxu jotzailearekin batera ari dira lan hau aurkezten eta, kostata, baina atera zaizkio zenbait emanaldi Euskal Herrian.
Dena dela, uste dut ezagunagoa egingo dela hemendik aurrera Cirque du Soleil konpainiarekin munduan barrena egingo duen biragatik. Dirudienez, duela zenbait hilabete multinazional horrek musikariak behar zituela esan omen zion norbaitek. Beraiekin harremanetan jarri ondoren, hiru bideo bidaltzeko esan zioten. Hiru pieza horiek grabatu eta bidali egin zizkien.
Dena ahaztuta zuenean, Parisen egitekoa zen casting batera joateko gonbitea jaso zuen. Zirkoak bitan banatzen du mundua horrelakoetan: batzuk Chicagora, besteak Parisera.
Pariseko langa gainditu ondoren, hartu egin dute eta hilabete batzuk barru deituko diote konpainia prestatzen ari den ikuskizun batean pare bat urtez munduan zehar emaztea eta bi semeekin ibiltzeko.
Cirque du Soleil-en ibilitako beste euskaldun bat ezagutzen dut nik: Virginia Imaz pailazoa, Oihulari Klown-ekoa.
Bietako inor ez da egongo Donostiako Antonio Elorza Belodromoan eskainiko duten ikuskizunean. Webgunearen arabera, sarrera guztiak saldu dituzte.
Diru txinatarra Realean
Diario Vascok tarte zabala eskaini dio igandean Realaren ehuneko 35a erosi nahi duen inbertsio talde txinatarrari. Lighthouse Consulting Limited du izena konpainiak. "Joño!" pentsatu dut "hauek ere konturatu dira Vocentoko anaia giputzaren oniritzia nahitaezkoa dela talde txuri-urdina kontrolatzeko". Eta Vocentok jarri du martxan makineria. Eta irakurri dut informazioa. Eta filtrorik eza nabari da bertan. Hau da, Iñaki Badiolak eta enparauek egindako txostenetik egunkariaren paperera edo webgunera ia zuzenean pasa dutela dirudi.
Txinan egon daitezkeen negozio aukerak aipatzen dira, kluba burtsara atera nahia, kudeaketa beste modu batez egitea. Exekutibo eta negozio-gizonen hizkuntza hori arrotza zait.
Futbolari dagokionez, harrobia eta puntako fitxaketak uztartzeko asmoa azaltzen da. El Mundo Deportivon, berriz, Riquelme futbolariaren izena ageri da, balizko fitxaketa gisa.
Nor da Iñaki Badiola? Zer da Lighthouse Consulting Limited?
Joan den astean atera da bere izena. Iñaki elkarrizketatu omen zen María de la Peña eta Administrazio Kontseiluko beste kide batzuekin.
Inguruan galdetu dut eta 40 urteren bueltan dagoen tipoa dela esan didate. Formak zaintzen dituen enpresa-gizona, jatorra. Ezer gutxi, beraz.
Iñaki Badiola Menéndez zein den galdetu diot googleri eta atleta gisa korritutako lasterketak eta markak ageri dira soilik.
Ignacio Badiola Menéndez jarriz gero negozio gizonari dagozkion lotura urri batzuk baino ez dira ateratzen. Periodikoak Grupo Santanderen aritutakoa dela dio.
Irudi bila, argazki txar bat topatu dut Donostiarrak atletismo taldearen webgunean. Lasterketa herrikoietan parte hartzen duen talde handia da hau. Mezuren bat edo beste utzi izan du webgunean, Donosti Cup-en osatutako ekipoaren ibilbideari buruzkoa, adibidez. Beste norbaitek, lasterketa baten kronikan, Torito deitzen dio.
Enpresari dagokionez, azken egunetan kirol prentsan ageri izan diren artikuluak albo batera utzita, informazio gutxi ageri da sarean. Lighthouse Consulting Limited google-n jarrita, bigarren orrialdean ageri da info hau. Atentzioa deitu dit orrialdearen izenak: alibaba.com.
"Lighthouse consulting limited is a consulting and trading company based in spain and hong kong. We provide consulting and trade related services to industrial companies in europe and latin america. We cover sectors such as automovile, construction, machinery, tobacco, toys, etc. We help our customers in areas such as outsourcing, maket penetration, and m&a".
Webgune horri kasu eginez gero, konpainia txikia da: ez ditu bost enplegatu eta negozio bolumena milioi bat dolar inguruan omen dabil. Beraz, badirudi beste norbait dagoela honen atzean.
Ondorioa
Oraindik ez dut iritzirik. Informazioa falta zait. Seguru datozen egunetan albiste gehiago izango ditugula.
XXI. mendean, Europan
Ibarretxek bota zuen aurreko batean badagoela jendea zuloan sartuta dagoenean, zuloa handitzea baino ez zaiona okurritzen. Gustatu zitzaidan esaldia.
Handik egun batzuetara, ETBn atera zen berriro. Mexikon zegoela uste dut. Deigarria egin zitzaidan haren ahotan entzutea nola litekeen XXI. mendean, Europan, pertsonak, politikariak, beraien artean hitz egiteagatik epaitu nahi izatea. Hurrengo kortean Jose Luis Bilbao, Bizkaiko ahaldun nagusia, atera zen eta antzeko-parezido aritu zen. "A estas alturas del siglo XXI".
Gogoratu behar al zaizkie bi hauei XXI. mende honetan zenbat bidegabekeria gertatzen ari den hemen, Europan? Larria da hiru probintzietako lehendakaria(eta gainerako solaskideak) beste alderdi politiko bateko solaskideekin hitz egiteagatik epaitu nahi izatea, baina XXI. mendean Europara sartzeko kaiuko edo patera batean 56 lagun hil izanak, Realeko David Vaughan jokalariaren pubisaren lesioak merezitako toki bera izan zuen Gipuzkoako periodiko salduenean. Azalean eta azaletik. Porsiakaso.
Max izeneko mutil senegaldarra ezagutu nuen asteazkenean Irunen. Espainiako erreinuaren terrenoetan hiru urte eta piko daramatza bizitza aurrera atera nahian. Azken hilabete hauetan nire herrian dago. Beste hiruzpalau lagunekin hartu du pisua. Gela puta bat izateagatik 300 euro pagatzen omen ditu hileko… XXI. mendean, Europan.
Ez dugu lotsarik. Bakoitzak badugu gure aitzakia ezer egin gabe jarraitzeko. Erlojuak jada ez du tik-tak egiten, digitala delako.
XXI. mendean, Europan. Ez ahaztu.
Konplize gehiago
Asteazken gauean Irunen egon ginen Jabier Muguruzaren disko berriaren aurkezpenean. Ez zuen aukeratu sarreragile makala: Pablo Guerrero musikari eta poeta beteranoa.
Jabierrek aurkeztu zuen Pablo (toki askotan irakurri genuen Herrero: gero eta espiritu akritikoarekin egiten ditugu gauzak). Gizon lasaia, isila, barnerakoia. Bi laguntzaile apartak ekarri zituen: Luis Mendo (Suburbano) eta Nacho Sáenz de Tejada (El País-en urtetan idatzi izan ditu musika-kritikak). Erreferente bat da Espainiako kantautoreentzat eta bere lanak merezi du nik orain arte egin diodan kasu apurra baino askoz gehiago. Plata da azken diskoa.
Jabier bi musikari konplizeekin azaldu zen: Angel Unzu gitarrista eta Mireia Otzerinjauregi abeslaria. Aurreko diskoan estreinatu zen hirukoa eta elkarrekin egindako bidea nabari da eszenatokian.
Diskoari hasiera ematen dion "Dena bukatzean", Xabier Leteren kantuarekin abiatu zen bidaia, Joseba Sarrionandiak idatzitako "Norbere akaberari buruzko mintzaldia" jarraitzeko. Aurreko laneko "Bizitza bizitza da", Atxagak idatzitako letra puska abestu zuten eta Nosoträsh taldeko bateria eta letragile Covadonga de Silvaren "No quedan tantas tardes" kantari iritsi zitzaion txanda. Zapla dio: "no sólo me interesan las personas / también hay otras cosas en el mundo". Diskoan Luz Casali eskainitako kanta da. Zergatik? Honengatik.
Ama izaten omen da eskusoinua gehiago jo behar duela esaten dioena, baina txantxa egin zuen atzo Jabierrek: "gaur Unzuk eskatu dit". Kanta sorta jorratu zuen akordeioa albo batera utzi gabe: Kirmen Uriberen "Maite zaitut, ez"; Inazio Mujika Iraolaren "Liskar suharra"; "Benino edo Benito" abestu behar zuela azaldu bezain pronto, emakume batek nire atzean, "¡ayquebonita!". Izugarri ondo, hemen ere, Mireia Otzerinjauregi.
"Antxillesko arkupean" aitaren heriotzaren ondoren konposatutakoa da. Letra berehala atera omen zitzaion, ez ordea musika. Abisatu zigun amonaren jaiotetxean elkartzeko ohitura duela familiak, Antxilles baserrian. Jabier eta Angel geratu ziren bakarrik kanta egiteko. Duquendek egin du introa diskorako.
"Irene" kantarekin bideoklipa egin dute Barbara Goenaga aktoresarekin. (Azaroaren 5eko oharra: letragilea Leire Bilbao dela ez dut jarri). Gero, txantxa egin zuen Jabierrek, jakin nahi baitzuen bis eskaerarik egongo ote zen (Pablori ez genion eskatu-eta). Nartzisismo erasotzat jo zuen ateraldia, baina barreak nagusitu ziren publikoaren artean. Muguruzaren lanetan ezinbesteko bihurtu den Iñaki Irazuren "Ertz maitea" izan zen azkena, diskoan Martirio ikonoklastarekin grabaturikoa.
Bisa, berriz, Atxagaren "Mazisi Okeita Denbele". Musikari guztiak txalo artean eszenatokira ekarriaz bukatu zen emanaldia.
"Zenbat lan, Jabier, zenbat lan" apuntatu nuen libretatxoan. Eta talentua gehitzen dut hemen. Eta aurrera jarraitzeko derrigorrezko egoskortasuna. Eta gauza on asko gehiago.
Uste dut konplize gehiago egongo direla azaroaren 6an, Madrilen; 8an, Donostian; 9an, Bilbon (bietan Kiko Venenorekin); 16an, Bartzelonan; 17an, Zaragozan; 30ean, Zornotzan…
Eguneratzea, azaroak 4: igandero Noticias de Gipuzkoan sinatzen duen kolaborazioa aprobetxatu du Jabierrek Irungo elkarte batean egindako kontzertuaren osteko afarian, kanpotarren harridura nabarmentzeko.
Kolosala da
Nahi baino gutxiago joaten naiz Bilbora. Larunbateko bisitaren aurretik, udaberrian izan nintzen azken aldiz. Orduan, autoa Pio Baroja aparkalekuan utzi eta oinez abiatu nintzen Guggenheim museorantz. Paseoan, inguruari begira, dena kolosala zirudien, handia, erraldoia.
Atzo itxura berdintsua jaso nuen EITB digitalaren egoitza berria bisitatu ondoren. Zer da hori?
Goizeko 11:00ak izateko hamar minuturen faltan genuen hitzordua eraikinaren atarian. Justu-justu iritsi ginen gu, Indautxu plazatik gertu autoa aparkatu ondoren (Atletixaren partida zegoen arratsaldean eta, badaezpada, San Mameseko inguruan ez aparkatzeko gomendioa egin ziguten). Goizane Gernika zen gidaria.
Taldea JVren blogean parte hartzen dugun lagunok osatzen genuen, baita horien adiskide, senide etab. Blogoentzuleak, laburbilduz (nahiz eta etiketa arraro samarra izan: funtsean idatzizkoa den bloga entzun al daiteke?).
Estudiora sartu ginen halako batean eta mikrofonoa sartu zidan JVk. "Eres un cabrón" esan nion bat-batean. Hori atera zitzaidan barru-barrutik. Larunbat gau guztia pasa nuen ordenagailuan: "No dirás nunca más cabrón en la radio" idazten (copy-paste egin gabe).
Esan bezala, Goizaneren atzetik ikusi genituen munstroaren barrualdeak. Aste bukaera izanik ez zegoen jende asko bertan. Gidariak esan zigunez, 600 bat lagun joaten omen da bertara lanera.
Bisita amaitu, kafe makinan denbora luze egon, irratsaioaren bukaeran Cociditoaren bertsio hiperra abestu eta bertako jatetxean bazkaldu genuen.
Traperoari esan behar diot aldameneko mahaian zeudela bazkaltzen ETBko kiroletakoak. Eguerdiko Gaur eguna amaitu ondoren gehitu zen taldera Estitxu Fernandez (ez gurera, kiroletakora).
Kafea, goxua, San Mamesetik gertu dagoen taberna batean hartu genuen. Etxerako buelta Hiper modelistarekin egin genuen.
Eskerrik asko denoi. Hurrengo batean elkar ikusiko dugu.
Oharra: argazki gehiago hemen. Pena ez izatea kalitate nahikorik.
Eguneratzea: 17:45. Hona hemen pasa den larunbatean egon ziren beste zenbait lagunen kronikak edo argazkiak:
Sarituaren ikuspegia, aspaldiko apunterik onena.
Loretopetik (XVIII) Bi munduen arteko topaguneak
Irutxuloko Hitzan urriaren 27an argitaratutakoa.
Juancar Landak, Jocanok, erronka polita jarri zion bere buruari duela urtebete-edo: Serge Gainsbourg artista frantsesaren heriotzaren hamabosgarren urteurrena bete zenean, kontzertu bat egin nahi izan zuen bere lagun gainsbourgzaleekin. Ez ziren bete jarritako epeak, baina proiektua hazten joan zen Juancarren buruan. Euskaraz Gainsbourg-en kantarik ez zegoela ikusita, hutsune hori tapatzea erabaki zuen.
Luisa Etxenikeren eta Joxe Anjel Landaren laguntza izan zuen letrak frantsesetik gaztelerara eta euskarara itzultzeko orduan (Luisak gaztelerara eta hortik euskarara Joxe Anjelek). Ez dira horiek proiektuan inplikatu dituen pertsona bakarrak. Ezinbesteko zutabe izan da ere Juan Zulaika ingeniari eta produktorea. Musikari eta abeslari asko egon dira tartean. Besteak beste: Gari, Mikel Aguirre (La Buena Vida), Diego Vasallo, Saioa, Rafa Berrio, Ione Gabarain, Txuma Murugarren, Giorgio Bassmatti, etab.
Martxoan karrikaratuko du diskoa Gaztelupeko Hotsakek eta asmoa da Euskal Herriko hiri nagusietako antzokietan lana aurkeztea. Horren aurrerapena egin zuten pasa den astean Ernest Lluch Kultur Etxean.
Aurrerapen honek oihartzuna izan zuen komunikabideetan, baina sentsazio arraroarekin geratu naiz. Gazteleraz abesten duen musikaria izanik bere zaleei interesatu zaio ekimena eta ez hainbeste euskal kulturaren kontsumitzaile (dastatzaile) izan daitekeen jendeari. Hau da, zuk badakizu euskaraz abesten duen musikari baten kontzertura zoazenean gutxi gorabehera zer publikoarekin egingo duzun topo. Ba jende hori ez zegoen pasa den asteko emanaldian. Kasualitatea? Agian bai, beste zenbait ekitaldi egon zirelako hirian eta horiek eraman ahal zutelako publiko mota hori.
Diario Vasco egunkarian, Mikel Markezek zioen proiektu erakargarria suertatu zaiola, "pasioak eragindako proiektua" izan delako eta, gainera, "Euskal Herrian oso elkargune gutxi ditugu espainolez eta euskaraz abesten dugun kantariok. Denda berdinetan erosten ditugu gitarrarako sokak eta horietantxe gurutzatzen gara, baina ez dugu bestelako harremanik, eta nik uste dut oso interesgarriak direla honelako esperientziak alderdi horretatik".
Musika dendetan egoteaz aparte, bandako musikariak konpartitzen dituzte askotan, baina arrazoi du Markezek: falta dira horrelako topaguneak. Idazle batzuek ere antzeko diskurtsoa dute.
Musikari dagokionez, eskertuko nioke euskal musikaren dastatzaile-kontsumitzaileari Jocanori eta konpainiari arreta gehiago eskaintzea datorren udaberrian. Mereziko duelakoan nago.
Ondas saria Javier Vizcaínoren cociditoari
Asteazkenean egin zuten publiko Ondas Saria eman diotela Javier Vizcaínori Madrilgo tertulietan entzundako astakeriekin astero cociditoa prestatzeagatik. Saria Irratigintzako Berrikuntza atalean lortu du.
Albistearen berri izan ondorengo lehen elkarrizketan, Javierrek aitortu zuen hautagaitza bere iritziaren kontra aurkeztu zutela. Berandu enteratu nintzen, baina poztu egin nintzen berarengatik, batez ere, eta berarekin batera irratian aritu (aritzen) direnengatik.
Ondas Saria niri bost, baina irakurritako datu hau egia bada kontutan hartzekoa iruditzen zait. Iaz Vaya Semanita telebista saioari eman zioten sari bat. Orduan, 276 hautagaitza aurkeztu omen ziren. Aurten, berriz, 696.
Nahiz eta jakin egunetik egunera kaka hertzianoaren maila igotzen ari dela, Cociditoaren zikloa amaitu dela uste dut. Javier: aitzakiarik gabe geratu zara. Laster atera behar duzun bigarren liburuarekin eta sari honekin, barraka ixteko tenorea iritsi da. (Bere jefeek hau irakurtzen badute, zera pentsatuko dute, porloscojones).
Portzierto, irrati esatariaren blogean gabiltzanok duela zenbait aste jaso genuen urriaren 27an irratiaren egoitza berria bisitatzeko gonbitea. Horrela, sariarena ospatuko dugu larunbatean. Norbaitek joan nahi badu, goiko loturan agertzen den e-postara idatzi beharko luke.
Bide batez, dagokionari zuzendutako premiazko mezua: norbaitek egingo al du zerbait Javierren bloga, baita EITBko gainerakoak, hobeto funtziona dezaten? Amorragarria da intermitentzia: batzutan erantzunak onartzen ditu, beste batzutan ez; idatzi eta dena pikutara doa; ustez, galdu egin denean, hara non bikoiztua agertzen den zuk idatzitakoa. Enpin.
Kontatuko dizuet zer iruditzen zaidan hain handia den egoitza berria.
Eguneratzea: 23:35: oraintxe entzun berri dut urriaren 24an Graffitin eginiko elkarrizketatxoa. Javik dio hautagaitza ia bere iritziaren kontra aurkeztu zutela eta aitortzen du eutanasia egin nahi diola cociditoari.
Bernardo Atxaga blogari eta Joxe Aranzabalen zergatik gara bakarrik
Gaurkoan kontatu digute Sustatun Bernardo Atxagak webgune berria duela. CodeSyntax enpresa eibartarrak egin du lana eta jada jaso ditu kritika on batzuk. Ez naiz ni kontrakoa esaten hasiko: ederra da, bai.
Euskaraz, gazteleraz eta ingelesez dago webgunea, baina Atxaga blogaria euskaldun jendeak ulertuko du bakarrik: euskaraz aritzekoa baita Asteasuko semea. Renon omen dabil ikasturte hau pasatzen, liburu berriren bat idazten, bloga astean behin elikatzen.
Gaur goizean mezu bat bidali didate 2003ko otsailaren 26an argitaratu zen Atxagaren artikulu bati buruzkoa. Euskaldunon Egunkaria itxi zuen Entzutegi Nazionaleko epaile batek eta gauza asko idatzi ziren garai hartan. Horien artean Atxagaren "Bertan goxo?". Egunero izeneko egunkarian publikatu zuten eta sarean ere egon zen ikusgai. Ez dakit zergatik, baina kadukatu egin da egunero.info. Eskerrak Sustatun gorde zuela Luistxok.
Artikulu hura irakurri nuenean, korrika eta presaka itzuli nuen gaztelerara. Hemen jarri zuen Javier Ortizek eta handik hartu zuten Rebelión-ekoek. Horrelakoak nik Pedradas-en jartzen ditut, baina hau pasa egin zitzaidan. Eta ez da makala. Oraintxe jarri dut.
Sustatuko erantzunetan, badago Joxe Aranzabalen bat oso ona. Sustatu kenduta orduan ez zegoen blogarik euskaraz. Hona hemen Joxeren hitzak. Zoritxarrez, ez dute batere gaurkotasunik galdu.
Zergatik gara bakarrik?
Benetan ederra Atxagaren artikulua eta, betiko legez, zer pentsatua ematen duten horietakoa. Guztiz bat nator berarekin, baina aukera aprobetxatu nahiko nuke haritik tiraka egiteko.
Jende asko mobilizatu da Egunkariaren alde egunotan. Baina nabarmena izan da, oso, nola askok beste alde batera begiratu duten, ezikusiarena eginez, Egunkariaren inguruan bidegabekeriarik egin izan ez balitz bezala.
Eta neure buruari galdetu diot behin eta berriro zergatik egiten duten beste aldera, zeren horietako guztiak ez baitira fanatikoak. Eta erantzun bat aurkitu uste dut, erantzun bat, izugarri kezkatzen nauena.
Uste dut orain ezikusiarena egiten duten horietako asko zapuztuta daudela euskalgintzan gabiltzan askorekin, gure babesa behar izan dutenean, gu beste inora begira jarri garelako, ez dugulako argi eta ozen aldarrikatu hemen eta bakean bizi izateko duten eskubidea eta ez ditugulako gaitzetsi jasan dituzten erasoak eta hilketak. Hitz batean esateko, ez ditugulako behar beste babestu.
Zurtz utzi genituen eta, ordainetan, bakarrik utzi gaituzte. Konturatu garenerako, amildegi bat egin da gure artean, zulo ikaragarri bat. Eta horrela nekez aterako dugu euskal kultura aurrera, zer esanik ez herri hau.
Bai, beharbada 2003ko otsailaren 20an aldi, denbora eta garai baten bukaera izan da gure artean. Gerora begira hausnarketa egin beharko dugu eta egiteko modu berriak landu, non ikusmolde desberdinetako jendeak elkarren errespetuan eta elkar hartuta egiten duen aitzina.