Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Irabazten ari dira

Irabazten ari dira

Mikel Iturria 2007/12/01 16:00

Gaurko asmoa atzo inauguratu genuen erakusketa baten berri ematea zen, baina biharko-edo utziko dugu. Eta Vicent Partalen solasaldiaren azken bost minutuak entzun nituela aipatzea. Eta blogari ezagun batzuk zeudela Victoria Eugeniako Club Aretoan. Eta Bilbon Irratia.com-en ehungarren saioan egin dugula hurrengo hitzordua, datorren asteazkenean, Joserra Garzia eta Iñigo Fernández Ostolazaren asteleheneko hitzaldia ahaztu barik: "zer kristo/demontre/arraio egin behar dugu euskararekin?". Nire planak pikutara joan ziren 18/98 sumarioko 46 lagunen atxilotze-aginduaren berri izandakoan, ustezko demokrazia honen kiratsa beste behin.

Ostegunean Tzesnek oparitu zidan 1973, Deabruak Teilatuetan taldearen azken lana. Punk-rocka, rock latza, reggaea, lehenengo entzunaldian sartzen den diskoa.

Atzo 18/98 sumarioan inputatuta dagoen jendea atxilotzen ari zirela enteratu nintzenean, hogeita hamalau urte atzera egin nuela iruditu zitzaidan. Akusatuek eta haien abokatuek ez dute sententziaren berri, baina Espainiako periodikoetan ari dira jada bakoitzari zenbat urte erori zaizkion publikatzen. Izugarria. Laurogeita hamargarren hamarkada bukaerako Zuzenbide ikasketak ez dakit non ditudan jada, baina Zuzenbide Penalean ikasitakoak ez du ezer balio demokrazia honetan.

Joan Mari Torrealdai euskaltzain izendatu zuten atzo, Lourdes Oñederrarekin batera. Arratsaldean, Argia.com-en hamargarren urteurrenean Pello Zubiria ikusi nuen. Euskaldunon Egunkariaren auzia ez dago aipatu sumarioan, baina aipatu biak kartzelara joan daitezkeela pentsatzeak! Akademiko bat, jaun-andereak, zein herrialdetan ikus daiteke hau? José Luis Sampedro kartzelatzea bezala litzateke, akademiko espainiar baten izena botatzeagatik.

Ez dut 18/98 auzian dagoen jendearekin tratu askorik, baina izen bat botako dut, Sabino Ormazabal, adibidez. Zer egin du gizon honek kartzelan amaitzeko?

Dena den, Luistxorekin eta Jokin Muñozekin ados nago: irabazten ari dira. Nazka-nazka eginda gaude. Ez dugu kalera ateratzeko indarrik, gogorik, kemenik. Are gutxiago ETAk jendea hiltzen jarraitzen badu, gaur bertan egin duen bezalaxe.

Gureak aspaldian egin zuen. Jarraituko dugu, beste erremediorik ez dagoelako. Martxa honetan, TMEOk bere garaian eginiko azala laster beteko da.

En castellano

etiketak: Harrikadak
Magic
Magic dio:
2007/12/01 16:05

Joe Iturri, ez dakizu nola identifikatzen naizen artikulu honetan adierazten duzunarekin.

Nola arraio nahi dute jendea bat egitea ETAk horrelakoekin segitzen duen bitartean? Itsututa zeudela esaten nuen lehenago, baina orain ez dakit zer pentsatu. Beharbada denok oker gaude eta iluminatu horien argia behar dugu herri bezala aurrera egin ahal izateko. Tamalgarria!!!

indezent
indezent dio:
2007/12/01 18:33

erabat ados, erabat nazkatuta...

jon
jon dio:
2007/12/01 19:09

ba ni ez nago ados ez luistxorekin, ez jokinekin, ezta iturrirekin ere. Ez zait zilegia iruditzen gaurko atentatua baliatzea 18/98ko auziko inputatuekin egiten ari den injustizia eskandaluzkoaren aurka kalera ez ateratzeko norberaren erabakia justifikatzeko. 18/98koak izan beharrean Egunkariako auzipetuak balira kartzelara bidalitakoak, joango al zinatekete biharko manifestaziora? Zuk esan duzu, Iturri, zer egin du Sabino Ormazabalek kartzelara joateko? Eta Teresa Todak? Eta Salutregik? Kazetarien izenak aipatzen ari naiz, baina Zumalabe Fundazioko kideenak edota beste batzuenak aipa nitzake. Ez ditzagun gauzak nahastu, 18/98koa astakeria bat dela pentsatzen duenak berak jakingo du nola erreakzionatu holako gertakizunen aurrean, baina ez dezala bere jarrera zuritu besteen ekintzen arabera.

oixiberua
oixiberua dio:
2007/12/01 20:54

Kaixo:

Ba nik ere Jonekin nago. Bi gauza desberdina daude. Alde batetik 18/98 eta bestetik erakunde armatua. 18/98 astakeria bat dela onartzen badugu, erabili dezagun ditugun indar eta medio guztiak hori salatzeko. Izan untsa.

iturri
iturri dio:
2007/12/10 23:17

Eskerrik asko erreferentziagatik, Iban.

Iban
Iban dio:
2007/12/10 22:23

Hemen dago -uste dut- aipatzen duzun Atxagaren testua, literatur aldizkarien gordailuan; berez, Garziarena aldizkarian argitaratu zen 1993an. Azpititulua litzateke zure erreferentziaren muina: "Bataren eta Biaren artean gaudenak ez gaude erdian, baizik eta leku guztietan".

Herio I vs. Herio II

Eneko z.
Eneko z. dio:
2008/01/05 12:21

Jakina, irabazten ari dira, baina uste dut beti aritu direla irabazten: gerra izan denean, pakea izan denean, atentatuak izan direnean... Estatu bat baita herriska xume baten aurrean. Dena den, oraingo egoera politikoan ETA-ren akzioek beraiek nahi baino eragin gutxiago dutelakoan nago, uste dut hauei garrantzia, batez ere, zenbait partidu politikok elkarren aurka egiteko ematen dietela. Beraz, ez dut uste atentatuen ondorioz gelditzen denik jendea etxean 18/98 bezalako kontuen aurrean.

Hala ere, ez dut ezkorra izan nahi eta esango nuke gure kasuan irautea ere irabaztea dela eta, agian, egunen batean, distantzia luzeko lasterketa honetan saria izango dugu, imaginazioa, lana, eta zergatik ez kaskagorkeri piska bat konbinatzen baditugu.

Luistxo
Luistxo dio:
2007/12/03 12:42

Uste dut Jokin Muñozek erantzun ziola Barandiarani 18/98ko atxiloketak gertatu baino lehenago. Eta nik egin nuen nire aipamena, Capbretonen tiroketa izan baino lehenago. Hala ere, uste dut berdin diola.

Iban
Iban dio:
2007/12/03 02:27

Ni ere ados Iturrirekin, Luistxorekin eta Jokin Muñozekin.

Jozulin
Jozulin dio:
2007/12/02 18:18

Ni kezkatzen nauena aukeratu behar hori da: honakoa gaitzesteko bestea ere gaitzetsi beharra. Eta alderantziz. Ze, klaro, erdibide perfekturik ez dago. Alde batera ala bestera lerratuta gaude denok, barrikadaren alde batean ala bestean. Ez dago erdian egoterik, ez dago lekurik.

birasuegi
birasuegi dio:
2007/12/01 22:01

Egia da: irabazten ari dira, euskal gizartearen nekea nabaria da eta 18/98ko auzipetuak eta ETA ez dira gauza bera.

Baina ETAren ekintzek nekea sortzen digute (Jokin Muñoz, Luistxo, Iturri, Magic eta indezentekin erabat ados nago) eta neke horrek mugimendu eza sortzen du, ondorioz irabazten ari dira!

Tristea da, baina mugitu behar garela esateak ez du Euskal gizartea mugiaraziko, eta mugimendu falta horren arrazoi bakarra ez da ETA, baina ETAk kulparen zati handia dauka dudarik gabe!

Hala ere gureak ez du egin, bidea luzea da baina mundu hobeago bat posible da, eta lortuko dugu ; )

iturri
iturri dio:
2007/12/10 19:55

Patxi: gustatu zitzaidan Zalduak idatzitakoa. Ados nago berarekin.

Gari: aspaldian ez dute erabili hitza, baina laster hasiko da berriro bolo-bolo. "Equidistante". Atxagak, berriz, zioen erdian ez zegoela bera, toki guztietan baizik. Injustizia zegoen toki guztietan (gutxi gorabehera).

Gari
Gari dio:
2007/12/10 15:42

Nik behintzat, ez dut nire burua erdibidean sentitzen: Erdibidean? Ni pa dios

patxi lurra
patxi lurra dio:
2007/12/09 23:26

Jozulin handiak pentsatzen dauanaren kontra, neure ustez badago erdibidean egotea, tokatzen danean behintzat. Eta askok esaten dabenaren aurka, jarrera hori momentu eta leku askotan oso ausarta eta gatxa begitantzen jat.

Gaurko egunkarian "Nire buruarekin eztabaidatzen" izenburuko artikulua irakurri dot, Iban Zalduak sinatutakoa, eta oso gertu ikusi dot neure burua berton. Zalduak kontatzen dau zelan Bilboko manifestazinoan egon zan (18/98koen aldekoa) eta bere buruagaz eztabaidatzen amaitu zan. Egun bereko arratsaldean Gasteizko kontzentrazino batean egon zan, guardia zibilen erahilketen aurkakoa, eta bardin bukatu zan.

Erdibidean egoteak dakarren eskizofreniaren erakusgarri ederra da Zalduaren artikulua. Merezi dau irakurtzea.

John McArron
John McArron dio:
2007/12/03 19:01

Nik ez dut erdibidekoa izan nahi eta Donostiako manifan egon nintzen atxiloketak salatzen. Aitzitik, ez naiz egon gaur eguerdian instituzioen aurrean egin diren elkarretaratzeetan. Ez dut erdibidekoa izan nahi. Ez dut politikoki zuzena izan nahi. Hortik aurrera bakoitzak egin dezala nahi duena edo ahal duena. Bakezalea naiz, baina ez makurtzeko zalea. Bide batez, zorionak blogagatik, Iturri; orain gutxi ezagutu dut eta ikerarri ona iruitzen zat! Eutsiyok horri!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Stat counter