Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Dena ez da malko

Mikel Iturria 2008/01/13 21:15
Txotx denboraldia hasi da gaur Hernanin. Hori eta Pirritx eta Porrotxi buruzko kontu bat.

 

Igande goiza Hernanin pasa dugu, txotx denboraldia Gipuzkoan lagun bati zabaltzea tokatu zaiola aprobetxatuz. Gutxitan joaten naizen herrira joan naiz eta beste behin Udaletxeko plaza zein polita den ikusteko balio izan dit, besteak beste.

Ez dakit zergatik egiten zaidan arraroa, azken finean euskaldunen kirol nazionala baita, baina atentzioa deitzen du Astigarragan eta Hernanin bi txotx zabaltze egotea. Irakurri nuenez, aurten hernaniarrek aurrea hartu diete lehenengo aldiz bizilagunei. Astigarragako sagardogileek uste dut bihar dutela festa (eta bihar ez bada, datorren astean).

Hernanin aurten EAE (hau da, ANV) dago gobernuan. Eta alkatea Marian Betialarrangoitia irrati-esatari ohia da. Ez da harritzekoa heldu den astean deklaratzera joan behar izatea epaitegietara. Hori zabaltzen ari baitira, behintzat, hau bezalako komunikabideek. Zergatik?  Larunbat arratsaldean Iruñeko Anaitasuna pabiloian esandakoengatik.

Gure herriaren eskizofrenia puntuaren beste adibide bat: gogoan izango duzue garai batean Espainiako hedabide pozoi zabaltzaile finenek nolako kanpaina abiatu zuten Pirritx eta Porrotx pailazoen aurka. Memorian gordeta dut artikulu hau, adibidez. Kanpaina horrek ekarri zuen taldeak arazoak izatea Euskal Herriko zenbait udalerritan (erakundeek kontratatzeko orduan).

Abenduaren erdialdean Gehitu taldeak hamargarren urteurrena bete zuela ospatzeko, erakusketa bat antolatu zen Tabacaleran. Inaugurazio ekitaldian Gipuzkoako erakunde ezberdinetako sozialista goi kargudunak zeuden. Une batean, aurkezleek bi pailazoen lana eskertu zuten. Artxibatu egin nuen datua. Handik egun batzuetara, erakusketaren plazan aritu ziren (hona hemen bideoa).

Gainera, nonbaiten entzun edo irakurri dut Gehitu taldearen kalderero konpartsako errege-erreginak Pirritx eta Porrotx izango direla. Saiatu naiz sarean horren berri ematen duen loturaren bat aurkitzen, baina ezinezkoa izan da.

Horrela bada, ondo da historiaren orrialde beltza pasatzea eta eskertu beharko zaio lan hori ere Gehitu elkarteari.

Bukatzeko, bi ohar labur:

Baga: Julia Cristina artistaren erakusketaren inaugurazioan izan ginen ostegunean.

Biga: Ostiralean, berriz, Iñaki Diéguez trio eta lagun gonbidatuek gainezka zegoen Kontserbatorioaren areto nagusian aurkeztu zuten azken diskoa Irunen.

En castellano

Loretopetik (XX) Euskal kulturari buruzko inkesta bat

Mikel Iturria 2008/01/12 06:00
Eusko Jaurlaritzak gabonen aurretik argitaratu zuen ikerketa bati buruzko nire harridura.

 

 

Irutxuloko Hitzan 2008ko urtarrilaren 12an argitaratutakoa.

Oporretan egon naiz eta bueltan lagun zibernetikoek eman didate Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri duen “Euskal Kultura. 2007ko abendualanaren (pdf lotura) berri. Lehendakaritza barruan dagoen Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin (edo ordaindu) du.

Helburuetan zera dio: “ikerketa honen helburua EAEko herritarrok euskal kulturaren zenbait adierazpeni buruz ditugun jarrerak eta iritziak ezagutzea da, hain zuzen ere, bertsolaritza, sukaldaritza eta gastronomia, musika, gabon ohiturak, euskararen aldeko jaiak eta herri eta hirietako jaien ingurukoak”. 2006an eta 2007an zehar eginiko hainbat ikerketatan aztertutako gaien bilduma dela dio txostenak.

Bertsozaletasuna ez dagoela oso zabaldua dio: soilik % 17a oso edo nahikoa zalea baita, baina % 66a noizbait egona da bertso saio batean. Gastronomiari dagokionez, gehiengo zabalak uste du gastronomiak garrantzi handia duela euskal kulturaren barruan. Euskal sukaldaririk ezagunenak Argiñano eta Arzak dira.

Harrigarria egin zait musikari buruzkoa. Biztanlegoaren erdiari asko gustatzen omen zaio musika eta % 28ari nahikoa, baina herritarren erdia ez da azken urtebetean kontzertu batera joan. %30a behin bakarrik joan da.

Euskararen aldeko jaiei buruz, entzunena Korrika da, Kilometroak, Korrika Txikia, Ibilaldia, Nafarroa Oinez, Araba Euskaraz eta Herri Urrats-en gainetik.

Dena den, emaitza txundigarrienak gabon jaietako ohiturei buruzkoak izan dira, irakurtzeko modukoak ondorioak. Lau multzotan banatu dute jendea:

Lehena, Olentzerotan opariak egiten dituztenak: besteak beste zera dio estudioak, euskal herritar sentitzen dira, EHAK edo Aralarren jarraitzaileak, intxaur saltsa jaten dute, Urtezahar edo Urte Berritan mendira igotzen dira.

Bigarrena, Olentzerotan oparirik egiten ez dutenak: etorkinak dira, ez dakite euskaraz, PP edo PSE-EEren jarraitzaileak dira, gabonetan mezatara joaten dira.

Hirugarrena, Olentzerotan, Erregetan edo bestetan opariak egiten dituztenak: errege kabalgatara edo Olentzeroren kalejirara joaten dira, errege erroskoa jaten dute.

Laugarrena, inolako oparirik egiten ez duen jendea: aza edo azalorea jaten dituzte. Bi azpitalde: bata, EHAKren jarraitzaileak; bigarrena, etorkinak eta euskaraz ez dakien jendea.

Emaitza hauek irakurri ondoren, berriro oporretara joateko gogoa sartzen zaizu, baina ezinezkoa da hori. Beraz, Eusko Jaurlaritzari eskatu beharko zaio diru publikoa beste zenbait kontutan gastatzea. Arren.

En castellano

 

Teresa Iraolaren esmalteak

Mikel Iturria 2008/01/10 16:02
Atzo inauguratu zen artista honen erakusketa bat.

teresairaola

Atzo arratsaldean inauguratu zen kultur etxean Teresa Iraola margolariaren erakusketa bat. Ekitaldi xumea, baina beroa. Ohikoa den bezala familiak eta lagunek lagunduta abiatu zen urtarrilaren 26ra arte ikusgai egongo den mostra.

Hauek dira ordutegiak: astelehenetik ostiralera ateak zabalik egongo dira 16:00etatik 20:30etara. Larunbatetan, berriz, 17:00etatik 21:00etara. Kontutan izan urtarrilaren 21ean jai-eguna dela Donostian eta erakusketa-aretoa Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean dagoela.

Hirurogeita hamar urteak beteak ditu jada Teresak. Amara auzoan bizi da. Berarekin bildu nintzenean detaile batekin gelditu nintzen: betiko ikastaroetaz nekatu samarra zegoela eta Artelekun saiatu zela, baina berehala konturatu zen azken zentro horretan aritzeko zaharregia zela. Beraz, ia tokirik gabe gelditu den artista da.

Esan bezala, makina bat ikastaro hartu ditu puntako irakasleekin: Gaspar Montes Iturriozekin, Julian Ugarterekin, Gilles Bacheletekin edo Javier Sagarzazurekin, besteak beste. Euskal Herriko Akuarelisten Elkarteko kide da 1989tik. Akuarelak albo batera utzi gabe, esmalteekin lanean aritu da azken bolada honetan eta horiek dira, batez ere, erakusgai dauden lanak.

En castellano




Demokrazia

Mikel Iturria 2008/01/08 06:00
Bukatu zen diktadura, baina horrek ez du demokrazia bermatzen (Anjel Lertxundi).

 

Oporregun hauetan euskal aberia ahazten saiatu naiz, baina prentsa espainola erosiz gero, ezinezkoa da hori. Gainera, aspaldiko partez, El País jarraitu dut eta bolada baterako betekada daukat. Okerrena izan da Erregearen hirurogeita hamargarren urtebetetzeari buruz prestatu dutena. Hurrengo batean, ABC erosi beharko dut, exotismo puntua izango dute behintzat bertan irakurritako artikuluek, zutabeek, albisteek.

PRISAko periodikoaren igandeko zenbakian Simone de Beauvoir intelektualaren ehungarren urteurrenaren berri ematen zuen Pariseko korrespontsalak sinaturiko artikulu batek. Fadela Amarak, gobernu frantseseko goi karguak, gabonetako zorion mezuetan bidalitako esaldia gustatu zitzaidan: “Aske izatea besteen askatasuna nahi izatea da”. Beauvoir-en zita omen da.

Atzo eguerdian herenegun atxilotutako ustezko ETAkide bat Donostiako Ospitalean Zaintza Bereziko Gelan dagoenaren berri izan nuenean, lagun batekin duela egun batzuk izandako iritzi trukaketaz gogoratu naiz. 18/98ari buruz ari ginen biak hizketan eta zera esan zidan lagunak: “Zinikoa izango naiz: zer axola zaizu zuri? Atxilotua izateko beldurra duzu?”. Une hartan ez nion ezer erantzun, ez nekien zer erantzun. Gaur bai: kontua ez da atxilotua izateko beldurra izatea edo ez izatea; kontua da zer demokrazia kaskarra dugun mutur aurrean eta, hala ere, ezer gutxi egiteko kapaz garela.

Gaur Donostian egotekoa den Felipe Gonzálezek asko egin zuela Espainiaren alde zioen lagunak. Ez ditut biak maila berean jartzen, baina Francok ere gauza asko egin zituela erantzun nion. Zer kristo!

En castellano

Mundu moteletik bueltan

Mikel Iturria 2008/01/06 23:09
Amaitu dira oporrak.

Abenduaren 29an autobusa hartu genuen Bilbora joateko. San Mamesen Euskal Herria eta Kataluniako bi taldeen arteko futbol partida ikusten geratu beharrean, aireportura joan ginen eta handik Tenerifera. Playa de las Américas-en egon gara astebete hotel batean.

Arraroa izan da gabon giroa: hogeita lau gradu, hondartza, eguzkia. Arraroa izan zen ere urteari agur esatea zopa bat, letxuga hosto batzuk, jogurta eta kamamila hartuz, baina gorputzak ez zuen ezer gehiago nahi. Bide batez, Kanariar irletako ordua dela-eta, ezin jakin noiz demontre ospatu behar den urte aldaketa.

Gauza horiek alde batera utzita, denbora aprobetxatu dugu lagun eskoziar bat eta haren emazte espainola zein semea ikusteko. Era berean, Tenerifen oporretan zegoen beste lagun bat ezagutu dut. Zazpi urte generamatzan internet bidezko harremanarekin, baina urtarrilaren 4an Santa Cruz-eko Círculo de Bellas Artes lokalera hurbildu ginen Samuelek bertan eman beharreko hitzaldira.

Gustura egon naiz, beraz, osasun kontuak alde batera utzita. Batez ere internet bidez jarraitu ditut hemengo notiziak, baina paperezko periodikoren bat edo beste erosi ditut ere. Horrela eta SMSei esker jakin nuen Iñaki Badiola dela Realaren presidente berria.

Urte hasiera honek aldaketak ekarriko ditu.

Urte berri on.

En castellano

Mundu motela

Mikel Iturria 2007/12/27 08:00
Amona batek kontatukoa eta Jabier Muguruzari elkarrizketa batean irakurritakoa nahasian.

 

Kontxik ama izan nahi zuen mojaren istorioa kontatu du eta malkoak ikusi ditut emakume baten begietan. Amaiak hartu dio lekukoa Kontxiri. Nachok, Voltairen testu bat oinarri hartuz, esan digu arazoak ez izateko planik ez egitea dela modurik onena, besteak beste. Haren ondoren Teok Tolstoiren testu bat erabili du gizon batek zenbat lur behar duen adierazteko. Virginiak, berriz, Pariseko Bois de Boulognen bere amonari gertatutakoa fikzionatu du. Raik eman dio amaiera beste zahar baten kontakizunarekin.

Virginia eta Rairen artean, berriz, Narratzaileen Txokora lehen aldiz hurbildutako andre batek hartu du hitza. Ez da bere tokitik mugitu, gainerakoek erdian zegoen aulkia erabili baitute. Makulu batekin etorri da izena ahaztu zaigun emakumea. Laurogei urte gertu ditu. 1990 urtean senarrarekin joan zela lehen aldiz Mallorkara, hurrengo urtean hil zela gizona eta, geroztik, jarraitu duela jira-biran. IMSERSOren iragarkia egin digu. Esan digu ere bere belaunaldiak alderantzizko bizimodua izan duela: gerra zibila tokatu zitzaiela txikitan, tragedia, eta orain gozatzeko unea dutela. Kontatu du ere ahal duenean seme-alaben bistatik desagertzen dela, ume bat izango balitz bezala. Hobeto esanda: seme-alabek uste dutela bera ume bat dela, baina hori ez dela horrela, laurogei urte gertu dituen emakume independentea dela, ez dela ume mokoa.

Horretaz guztiaz aparte, gure amonak kontatu du zein den gazteen eta zaharren arteko diferentzia: “motelago mugitzen gara”, beste guztia ia berdina izango balitz bezala.

Pasa den astean irakurri nuen Rock de Lux aldizkarian Jabier Muguruzari eginiko elkarrizketa. Soseguaren liburua titulua jarri zion kazetariak bien arteko solasaldiari. Jabierrek Mikel Essery bidaiariaren hitzak bere egin zituen. Gogoratuko duzue Essery Yemenen hil zutela 2007ko uztailean, atentatu batean. Bere ustez, mundu aberatsa eta mundu pobrea desberdintzen baditugu ere, benetako desberdintasuna mundu azkarra eta mundu motelaren artekoa da. Mikelek bidaiatzen omen zuen mundu motelaren bila.

Bukaeran zera dio Jabierrek: “Nire buruarekin haserretzen naiz azkar noala ikusterakoan. Nabaritzen dudanean diot: ‘Ez zait gustatzen’. Gizon motela izan nahi dut. Gainera, ume garaian gaizki pasa nuen honengatik eta aldarrikatu nahi dut orain”.

Ez dakit moteltasunaren aldarria egin behar den, baina zer pentsatua eman didate atzoko pasadizoak eta Jabierren hitzek. Abiadura handiko bizimodua moteldu beharko genukeela.

En castellano

18/98, Mariano Ferreri eginiko elkarrizketa

Mikel Iturria 2007/12/24 06:00
18/98+ plataformako bozeramailea den Mariano Ferreri eginiko elkarrizketa bat.

 

Mariano Ferrer kazetariari eginiko elkarrizketa interesgarria argitaratu du igandeko zenbakian Noticias de Gipuzkoa periodikoak. 18/98+ plataformako bozeramaile gisa eginikoa da.

Epaiketa

"Etsipengarria izan da ikustea ez duela ezertarako balio 17 hilabeteko lanak, defentsaren behar bikainak benetan menderatu zuen akusazioa, bere argudioak hankaz gora jarri zituen, baina ez du balio izan auzitegiak iritziz aldatzeko".

Etsaiaren Zuzenbide Penala

"Epaiketa hau bat al dator Zuzenbide Estatuarekin? Noski ezetz. (...) Aldaketa ematen ari da Kode Penal garantistatik Etsaiaren Zuzenbide Penalera".

Bake prozesua

"Zapaterok ibilbide-orria argi ez zuen bake-prozesuaren aldeko apustua egin zuen. ETAren amaiera eta ezker abertzalea ilegalizaziotik ateratzea nahi zuen, baina ez zuen argi zer jarri mahai gainean hori lortzeko".

Justiziaren politizazioa

"Uste dut epaile askok ez dutela kanpoko bultzada politikorik behar, barneratua baitute, komentzituta daude ETAri eta ezker abertzaleari ez zaiela ezer eman behar".

18/98+ plataforma

"Pozik gaude babes zabala eta plurala lortu dugulako. Egia da plataforma abiatu zenean urrutirago iritsiko ginela uste genuela eta hurbilduko zirenek hartu dutena baino konpromiso sendoagoa hartuko zutela".

Zumalabe Fundazioa

"Ez dirudi pisuzko argudioa esatea Zumalabe Fundazioak ETArekin lotura duela biek desobedientzia zibila defendatzen dutelako. ETAri desobedientzia zibilaren monopolioa ematen zaio, gizarte honen gainean ez duen eta absurdoa den nagusitasuna aitortzen zaio".

Froga eskasak

"Teresa Toda eta Jabier Salutregi kondenatuta daude Egineko zuzendaritza hartu aurretik ETArekin bildu zirelako. Dedukzioa da bertara instrukzioak jasotzera joan zirela. Nola daki hori epaileak? Ni ETArekin bildu nintzen. Bizitza guztirako aginduak jaso nituen?".

Zuzenbide Estatua zalantzan

"Estatu aparatuek garantien sistema orokorra hankaz gora jartzeak arazo jakin bati aurre egiteagatik, izugarrizko problema sortzen du (...) Literatura asko dago Europan eta AEBetan antzeko planteamenduarekin, ustezko mehatxu terrorista globala tarteko mendebaldeko zibilizazioak hain modu neketsuan eraikitako balio eta printzipioak bazterrean uzten ari gara".

Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegia

"Inuzenteak ginateke itxaropen franko izango bagenu. Ez dugu itxaropena galtzen, (...) baina horrek ez du esan nahi ez ditugula aurrekariak kontutan hartzen. Ziur naiz Estatuak indar handia jarriko duela Europan bere burua defendatzeko eta Alderdien Legea, adibidez, zalantzan jartzeak suposa lezakeen muturrekoa ekiditeko".

En castellano

Sexu erasoak futbolean

Mikel Iturria 2007/12/23 12:00
23 urteko futbol jokalaria detenitu dute Bizkaian. Bost sexu-eraso egiteaz akusaturik dago Real Unióneko futbolista.

 

Atzo goizean entzun nuen irratian Real Unión futbol taldeko jokalari bat atxilotu zutela Bizkaian bost sexu eraso egiteaz akusatuta. Egunkarietan ibili naiz albiste gehiagoren bila eta hau aurkitu dut Noticias de Gipuzkoan. Periodikoak dio Ertzaintzak ez duela jokalariaren izen-abizenik eman, baina, Radio Irun aipatuz, jokalari honen izena ageri da artikuluan.

Ez nuen jokalaria ezagutzen, baina aste honetan bigarren aldiz entzun dut bere izena. Lehenengo aldiz bestelakoa zen arrazoia, talde irundarrak Valentziaren aurka jokaturiko Kopa partidan jokaldi ikusgarria egin eta taldekide batek gola lortu zuelako.

Eta orain hau. Azken urtean bost sexu eraso egiteaz akusatua izan da. Hala bada, ederra fitxajea! Antzeko saltsetan ibiliak dira futbolista ezagunak, baina goi mailako kirolariak direnez azkar desagertzen dira istorioak komunikabideetatik. Kasu honetan, berriz, ez da eliteko jokalaria eta gauza asko dago oraindik argitzeko. Hala ere, neskek pasa dutena larria izanik, tristea da 23 urteko mutila horrelako saltsetan nahasita ikustea.

Ezer gutxi dut gehitzeko.

En castellano

Pop-afaria Irunen

Mikel Iturria 2007/12/22 06:00
Abenduaren 27an iniziatiba polita antolatu dute lagun batzuek Irungo EKTn.

Duela gutxi Love lagunak gonbidatu ninduen datorren astean egingo den pop-afari batera. Eskema xinplea da: afaldu aurretik bera (a.k.a Giorgio Bassmatti) arituko da musikari lanetan. Afaltzeko tokirik ez omen dago jada, baina bai dagoela kontzertua ikus-entzuteko aukera. Beraz, erabil dezagun txoko hau propaganda egiteko.

popafaria

Non: Irungo EKT elkartean. Mosku edo Urdanibia plazaren inguruan.

Noiz: 2007ko abenduaren 27an. 20:00etan.

Nor: Giorgio Bassmatti.

 

 

En castellano

Pikarokeriak

Mikel Iturria 2007/12/20 07:56
Greba deialdiak daude gabonetan eta udal egutegien banaketa. Bi ideia horiek nahasian.

Gaur goizean Ser irrati kateko Donostiako albistegia entzun dut jaiki aurretik, goizeko 7:00ak baino zerbait lehenago. Hau ez da normalean jarraitzen dudan informatiboa, baina gaur hori tokatu da. Harritu nau entzuteak pikarokeria sail batean greba-deialdia dutela Posta bulegoetako langileek egun hauetan. Zaku berean sartu ditu ere Donostiako hiru aparkalekuetako langileek Santomas egunerako deitutakoa.

Pentsatu dut zein zara zu informatibo batean horrelako iritziak botatzeko, lehenengoz eta behin. Informatu eta ez eman zure iritzia, arren. Horretarako segi tertulia batera.

Bigarrenik, bere lan baldintzak zeintzuk izango ziren etorri zait burura. Espero dut on samarrak izatea eta espero dut ere grebarik egin behar ez izatea. Edo bai? Zer duzu nahiago atzetik jendea etortzea esanaz pikaro bat zarela Aste Nagusiko suen erretransmisioa ez duzula egingo enpresarekin lan-gatazka duzulako? Izan gaitezen serioak, aixkidia.

Pikaroen eremuan bete-betean sartzen dena da udal egutegien banaketa. Goizean Udaletxean banatuko dute zenbait udal agintarik eta arratsaldean Donostiako kultur etxeetan banatuko dituzte, ditugu. Hiritar bakoitzarentzat egutegi bat.

Zenbat lehengusu kanpoan, seme-alabak lanean, anai-arreba gaixo, etab. egoten diren horrelakoetan. Eta ale guztiak amaitu direnean, andra bat, edadetua, egutegiaren bila. Ezin diozula eman esan bezain pronto, bere ordainsaria lapurtu bazenio baina okerrago begiratzen dizu. Ikusi duela berak pertsona bat bi egutegirekin eta haietako bat berea zela. Eta esateko alkateari datorren urtean etxera bidaltzeko egutegia. Ez dagoela eskubiderik.

Ez horixe! Galdetu hemen.

En castellano

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter