Otarrainxkak baino dilistak nahiago
Gosaltzen nuen bitartean, Euskadi Irratia nuen piztuta sukaldean atzo goizean. Aingeru Epaltza iritzi-emaileari entzun nion aipatzen sarean ikusi berri zuela Langostinos y lentejas bitakoran nik lehengoan egin nahi (baina egin ez) nuena. María San Gil eta Rosa Díez politikarien ekitaldi bi boikotatzen saiatu dira pertsona batzuk azken aste hauetan. Garai batean, aipatu biak, baita beste zenbait jende ere, joaten ziren udal plenoetara beste politikari batzuei aurre egitera. Blogean bi argazki ageri dira: bata, gaur egungoa; bestea, duela zenbait urtekoa. Azken hau egoera gordinean aterata dago (pertsona baten erailketaren ondoren hartutako irudia baita), baina Andoainen Josu Jon Imazi epelak esaten ageri dira aipatu biak. Nacho Escolar blogariak ere egin zuen aipamen bat bere blogean, baita ABC egunkariaren lotura jarri ere (2003ko otsailekoa da informazioa).
Lanean nengoela jada, youtubeko bideo-lotura bat bidali zidan lagun batek. Goizean ez nuen izan ikusteko astirik, baina etxean bai ikusi dudala. Hauxe da bideoa:
Miguel Sanz azaltzen da
alderdikideen aurrean Nafarroan gehiengoa lortzeko zer egin behar duten
esplikatzen (saiatzen behintzat). Lau minutu eskaseko bideo bitxia ikusteko
modukoa da (horregatik itsatsi dut goian).
Youtuben begiratzen ari nintzela, bideo hori lotzen zuten blogak ikustera joan naiz eta hara non agertu zaidan bigarrenez Langostinos y lentejas.
Norbaitek bidalitako seinalea izango ote da? Auskalo, baina hemendik aurrera kontutan hartuko dut Nafarroako egoera politikoa gertutik jarraitzen duen bitakora.