Loretopetik (XXI) Zaila da herritar arduratsua izatea
Irutxuloko Hitzan 2008ko martxoaren 5ean argitaratutakoa.
110.000 lagunek ikusi dute youtuben Bidebieta auzoko arazo batzuk salatzeko herritar talde batek eginiko bideoa. Eta harritzen naiz, zeren eta kopuru horiek lortzea ez baita erraza. Adibidez, Donostiako Giorgio Bassmatti musikariak ia bost mila milioi euro desagerrarazteaz akusatuta dagoen Jérôme Kerviel frantsesari buruzko kantu bat egin zuen etxean eta aipatu zerbitzuan zintzilikatu denen bistan. Handik gutxira Le Figaro periodiko frantsesak aipatu zuen gure musikari-gerrilari maiteenaren kantua. Ondotik ABC News, Público periodikoa, Entzun musika webgunea, DV egunkariaren kontrazala, El confidencial.com… Aparte sarean bertan izan dituen aipamenak ahaztu gabe, bideoak 5000 bat ikusle izan ditu (hau da, Faemino y Cansado bikoteak Victoria Eugenia antzokian sei egunetan izan duen publiko kopurua gutxi gora behera).
Horregatik zur eta lur geratu naiz Bidebietako bideoa 110.000 lagunek ikusi dutela konprobatzerakoan. Ez dakit nola lortu duten emaitza hori, baina meriturik aitortu behar zaie erdietsitako agerikotasunagatik. Lana berez ez da batere ikusgarria, oso sinplea baizik. Gazteleraz eginiko grabazio laburra Donostia mapan kokatuz hasten da. Ondoren, hiriaren irudi salgarrienak (eta erosienak) aipatzen ditu. Baina Sanchís y Jocanok Donostiako kronika kantuan zioten bezala, hiriaren kronika ez dela udatiarrei ematen zaizkien mapa madarikatu horietan agertzen den bezain polita, Bidebietako errealitatea agertzen saiatzen dira ondoren.
Gauza hauek buruan jiraka nituela, beste behin pentsatu dut zenbat kostatzen den herritar arduratsua, pertsona informatua izatea. Teknologia berriak gailentzen ari diren gizarte honetan informazioak gainezka egiteari infoxikazioa deitzen diote. Ez da oso zehatza berba, informazio gutxi izaten baitugu eta propaganda edo publizitatea sobera, baina ulertu duzue zer adierazi nahi duen kontzeptuak.
Behnaz Rezaei margolari irandarraren koadroekin gogoratu naiz goiko lerro hauek idatzi ondoren. Neska hau Bartzelonan bizi den pintora eta diseinatzailea da (martxoaren 18ra arte daude erakusgai bere margolanak Ernest Lluch Kultur Etxean). Zer dakit nik Irango herrialdeari buruz? Ezer gutxi. Clemente izendatu behar zutela bertako futbol hautatzaile, Ahmadineyad beldurgarria dutela presidente (irudi hobea du Bush deabruaren etsaia delako, baina ez litzaidake gustatuko bera buruzagi duen herrialdean bizitzea), Pertsiako Sha, Jomeini, Jamenei, Frantzian bizi den Persepolis komikiaren egilea, Marjane Satrapi...
Okerrena da gertuko Bidebieta urrutiko Iran bezainbeste ezagutzen dudala.