Galtzeimer (I) Gogoratzen zea, attá?
Ez da gaurko kontua aitaren arazo hau. Duela zenbait urte antzeman zioten gaitza (laburbiltzeko, alzheimer deituko diogu). Pasa den gabonetan, konturatu ginen famili bazkarietan ezin zuela gure erritmoa mantendu. Offean egoten zela.
Orain arte ez da izan oso larria, baina azken bi hilabeteak gogorrak egiten ari zaizkigu. Belauneko desgastea izan du urteetan eta uda aurretik ebakuntza egitera animatu zen, min handia ematen baitzion belaunak. Ekainaren 5ean jarri zioten protesia eta burutik nahasten hasi zen ospitalean. Egoera zein zen ikusirik, medikuek etxera bidali zuten handik sei-zazpi egunetara.
Bigarren edo hirugarren egunean, ostiral arratsaldean bisitan joan ginenean, etxean ez zegoela esan zigun. Hura ez zela bere etxea, ea nola zitekeen etxe hura erostea berari ezer esan gabe. Apuratu ginen, noski. Jadanik bere kasua jarraitzen zuen neurologoarekin hitz egin, botiken dosia aldatu eta lasaitu zen zerbait gizona.
Dena den, ama ari da trago txarrena pasatzen, besteak beste, une honetan aita emaztearen bila dagoelako. Hau da, aldamenean duen pertsona, emaztea, ez du ezagutzen.
Astelehenen goizean ospitalera joan behar izan zuen anaiak biekin. Aitari buruan sartu zitzaion emaztea ospitalean zuela eta hara joan behar zuela derrigorrean.
Astearte arratsaldean anaia eta biok Afagi elkarteak Donostian duen egoitzara joan ginen. Zita genuen bertako aholkulari batekin. Oso ondo tratatu gintuen María Victoriak.
Asteazken arratsaldean, berriz, aitak gutuna idatzi dio emazteari. Aitak diktatzen ziona, gazteleraz, kopiatu egin du anaiak.
Jarraituko du.
Ah! Titulua: Amamaren memoria Pok Produkzioak taldearen antzezlana da eta bertan alzheimerra duen amona baten istorioa kontatzen da. Gaztelerazko bertsioa ¿Te acuerdas, abuela? da.
P.S.: gogoratu goiko oharra. Blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea. Ulertuko duzuelakoan, agur.
Mikel Iturria ez da bakarra munduan
Banekien bai ez nintzela Mikel Iturria bakarra. Noizean behin egin dut egosurfing sarean eta konturatu naiz bat baino gehiago garela munduan. Belaunaldi ezberdinetakoak, gainera.
Ander Izagirre fenomenoak esan bezala badago Mikel Iturria txirrindularia. Andoaingoa da eta kadete mailan dabil urte honetan. Ez dakit zenbat lasterketa irabazi dituen baina ohituta dago aurre samarrean ibiltzen.
Duela ez hainbeste denbora deskubritu nuen Bortzirietan bazegoela Mikel Iturria dantzaria. Beno, kasu honetan dantzari ohia dela esan beharra dago. Beratarra omen da eta dantzari batzuei herrian eginiko omenaldi batean hartu zuen parte.
Donostiako Amara auzoan ibili naiz lanean azken urteetan, Ernest Lluch Kultur Etxean, eta banekien bazegoela beste mutiko bat nire izen-abizenak zituena. Kasu honetan, Mikel Iturria tanborreroa deituko diot, sarean ikusi baitut azken danborradan ibili zela. Oker ez banago, haur honen aita Gara periodikoan Realaren jarraipena egiten du Joseba Iturria da.
Aipatu hirurekin, ustez behintzat, ez dut inolako familia loturarik. Eta hau guztiau sareari erreparatuz gero, hortik zehar agian gehiago ibiliko baitaitezke.
Atxaga, espainolaren aldeko manifestua eta Echevarría afera
Esan bezala Atxaga elkarrizketatu du Peio H. Riaño kazetariak eta gaurko Público egunkarian agertu da elkarrizketa. Obabakoak koskorroi batzuk jasoko dituelakoan nago:
"Los aforismos de Lichtenberg: 'En uno de ellos dice que no hay que hacer caso de la crítica de quienes nunca nos harían un elogio. Y no me ha parecido que ninguno de los firmantes hayan dicho nada a favor de los catalanes, los vascos o los gallegos'. Es el momento para hacer memoria y explica que con 14 años no podía hablar euskera porque era un problema, un desprecio".
"Todo es política. Incluso el desgaste. Por eso Atxaga cree que la líder de UPD acabará derrotada antes de que pueda poner en marcha lo que según ella es 'la reivindicación de mayor calado desde la Transición': “Rosa Díez ha calculado mal porque se va a agotar en el calentamiento y no va a llegar a jugar el partido. Piensa que hay unos votos que puede recabar de la antigua Unidad Vizcaína, Alavesa, es decir, los votos de la extrema derecha, para qué vamos a andar con eufemismos".
Gainera, hasieran ere Echevarría afera du hizpide:
"Fue extremadamente duro para mí. La versión publicada en Babelia fue una agresión como nunca había vivido. Pensé que ese croché en frío iba a tumbar el libro y ha resultado todo lo contrario. Con el tiempo esa crítica ha quedado completamente aislada. Ha sido la única crítica negativa, bueno, ultranegativa, que ha tenido".
Bernardo: hasi errezoan, bai.
Erretratua Daniel Mordzinski argazkilari argentinarrarena da eta irailaren 6ra arte Donostiako Okendo Kultur Etxean ikusgai egongo den Literaturaren aurpegiak erakusketan ageri da.
Iturria non dago?
Atzo La Tafaneran Londreseko diskoteka ekologiko baten berri ematen zuten. Albisteak dio jendeak dantza egitean sortutako energia elektrizitate bihurtu nahi dutela. Ezagutzen ez duenarentzat, argi dezadan La Tafanera gure zabaldu.com edo EITBk sorturiko aupatu.com zerbitzuen kide katalana dela. Hau da, irakurleek jartzen dituzte bertan albisteak eta nahi duenak eman dezake aldeko zein kontrako botoa, baita paso egin ere.
Albisteak absurdiari.com webgunera eramaten zaitu. Bertan, diarioresponsable.com izeneko buletinean agertu zela dio eta bukaeran Europapress agentziatik hartu dutela. Europapress-eko loturak eramaten zaitu agentzia honen azalera eta uztailaren 22tik denbora dexente pasa denez, batek daki non geratu den.
Goazen ba diarioresponsable.com webgunearen azalera. Hor, behintzat, oraingoz ageri da notizia portadan. Nahiz eta behe samarrean ageri den Una discoteca ecológica en Londres izenburupean. Gehiago irakurri nahi badugu, Viajes Destinos izeneko beste webgune batera egin behar da salto. Uztailaren 18an azaldu zen hemen.
Lasai, zeren eta azpialdean beste iturri bat aipatzen da. Diario del viajero. Bertan klik eginez gero, uztailaren 10ean publikatu zela dakigu. Ecología verde webgunetik hartu zutela diote (bertan ekainaren 19an agertu zen), baina behintzat jada jartzen dute Club 4 Climate, ustez albistearen jatorria den webgunea. Surya Ecological Club du izena diskotekak eta uztailaren 10ean bertan zabaltzekoak zituen ateak.
Diario del Viajero-n dioten bezala, auskalo benetazko asmoa edo marketing hutsa ote den, baina niri atentzioa deitu didana izan da zenbat buelta eman behar izan ditudan jatorrizko iturrira joateko.
David de Jorgeren txorakeriarik gabeko sukaldaritza
Pasa den astean-edo jaso nuen David de Jorgek idatzitako e-maila. Bertan, Cocina sin bobadas telebista saioa egin behar zuela zioen. Oraindik ez zegoela emisio data jakinik, baina laster enteratuko ginela. Jada periodiko batzuetan izan dugu horren berri, baita hainbat blogetan ere (hala nola, Hasier Etxeberriarekin batera Soitun duen Glotonian: David aurreratu egin zen eta Hasier etorri zen ondoren). Sopa de Ganso blogean, berriz, David ageri da minutu t´erdiko bideoan programa saltzen.
Hor bertan, Iñigo Galatasen Sopa de ganso blogean, enteratu gara Andoni Luis Aduriz eta David de Jorge egon zirela duela zenbait urte Amara auzoan dagoen ARCCO merkatal gunean ireki berrian Berasategi faktoriak zabaldutako mostradorean. Gero, biek hanka egin zuten orain Andonik bakarrik gobernatzen duen Mugaritz famatua martxan jartzera. David puntako sukaldaria dela diote, baina orain bulegoan ari da lanean.
Nik duela pare bat urte ezagutu nuen. Ez nuen berarekin berbarik egin, baina KMn egondako Bestiarium Gastronomicae erakusketan izan zen. Gero, 2007aren bukaeran, Rafael Chirbes ekarri genuen hirira Crematorio eleberriaz hitz egitera. Aurkezle lanetan aritu zen Hasier Etxeberria eta Daviden jestioei esker bapo afaldu genuen Kursaal jatetxean. Prezioa, menu infantil, berak esango lukeen bezala.
Geroztik Hasierrekin batera gobernatzen duen Glotonia blogean jarraitu diot pista. Verracotzat dute beraien burua, baina aketza jartzea gehiegizkoa iruditzen zait.
Gaurko saioa berezia izango da, aurrerapena, eta adi egongo gara pantailari so, dena ondo irtenez gero, udazkenean aukera gehiago izango baitu ETBn jarraitzeko.
David: niri sukaldea baino mahaia gustatzen zait, baina gaur gauean telebista aurrean izango nauzu. Ea egia den oraindik maite duzula Oteizaren maxima (ez zapuztu zure galtzaile karrera, erdipurdiko arrakastaren batekin).
Urumeak eta Mississippik bat egin zutenekoa
Ostegun gauean trago batzuk eta mokadutxoa hartu ondoren, Jazzaldian murgildu ginen. Bobby McFerrin abeslariak eta Donostiako Orfeoiak Zurriolako hondartzan eskaini zuten kontzertura hurbildu ginen lehenengoz. San Joan bezperako berbena mediterraneo baten antzeko itxura zeukan hondartzak. Toki txarrean jarri eta musika, publikoaren zurrumurru eta hotsen artean, ez zenez behar den bezala entzuten, aio McFerrin eta Orfeoia.
Groseko taberna bateko barran zerbeza garestia eta kaskarra hartu ondoren, Pupkulies & Rebecca hirukotearen musika dantzagarria entzun genuen Kursaaleko terraza batean. Gero, Mikel Azpiroz pianista lanetan zuen Australiako The Waifs taldea ikustera mugitu ginen. Kontzertuaren lehen zatia ikusi genuen soilik eta, ordu haietan eta toki hartan, folk-rock estatubatuar kutsukoa geldoegia zela iritzita, etxerako bidea hartu genuen.
Ostiralean, berriz, Bertsoa & Jazza ikuskizunak bete zuen gure egitaraua. Bertsolaritza ez zait bereziki gustatzen, baina bai puntako bertsolariei arriskua tonto bati baino gehiago gustatzea (Maiak antzeko zerbait esan zuen). Victoria Eugenia Teatroa bete egin zuen bost bertsozaleren (lau bertsolari + gai jartzailea) eta bost musikariren artean eginiko proiektuak. Emanaldiak iraun zituen bi ordutan apenas begiratu nion erlojuari eta hori seinale ona izaten da. Jendea ere gustura atera zen, baita eszenatoki gainean aritutakoak ere (hori esan zidan baten batek, bederen).
Oso gertu egon ginen eta bertatik bertara ikustekoak dira, adibidez, Ametsek kantatzeko unea iritsi baino zerbait lehenago, bertsoa prestatzen duen bitartean, egiten dituen keinuak. Barrutik ez dakit, baina kanpotik erlaxatuta zegoen Maialen eta gozatu egin nuen haren bertsoekin. Maia eta Egaña ere ondo. Laurak ibiliak dira bertsoa nahasten beste zenbait diziplinekin eta hori nabaritu zen. Unai Elizasu aritu zen gai-jartzaile lanetan.
Musikariak ere bere tokian egon ziren. Hasier Oleaga bateriajolea, Jon Piris kontrabaxujolea eta Bixente Martinez zuzendaria zeudela banekien. Sorpresa hartu nuen sartu aurretik Asier Ituarte tronboijole ondarrutarrarekin topo egindakoan eta Julen Izarra, berriz, ez nuen ezagutzen. Nire belarriak, aldiz, kanta klasiko-klasikoenak ere ez zituen atzeman. Benitoren Zenbat gara, Marleyren No woman no cry edota Kiko Venenok idatzi baina Camarónek famatu zuen Volando voy kanta, adibidez.
Azken honetan, bertsolariek mikrofono aurrean egin zituzten koruak (Volando voy / volando vengo / por el camino / yo me entretengo), baina Marleyren kantuarekin, berriz, No woman no cry ahopeka kantatu zuten. Hori eta eszenarioan mugitzeko euskaldunek dugun zailtasun atabikoa hobetuz gero, Euskal Herrian barrena ikusteko primerako ikuskizuna da.
Oharra: izenburua Maialenek amaieran abestutakoa da. "Urumeak eta Mississippik hementxe egin zuten bat".
De cómo se juntaron el Urumea y el Mississippi
Donostiako Jazzaldia hasi da
Joan den astean pentsatu nuen Donostiako Jazzaldiari buruz idatzi behar nuela eta ez dut lerrorik idatzi oraindik. Atzo hasi zen eta ez nintzen joan. Teledonostin ikusi nuen zerbait, Toto, Bona, Kanza hirukotea taula gainera igo aurretik.
Azken hiruzpalau urte hauetan apenas egon naizen hirian data hauetan. Normalean, uztailaren 20aren bueltan hartzen nituen oporrak eta ez nuen Jazzaldia bertan bizitzen. Gaur afaritxoa dugu eta, agian, horren ondotik ikusiko dugu Zurriola ingurua nola dagoen. Ez diot gehiegi erreparatu egitarauari, baina badut asmoa Bertsoa & Jazza izeneko ikuskizunera joateko, baita John Hiatt ikusteko ere.
Miguel Martín zuzendariak bloga zabaldu du jaialdiaren webgunean eta urtean zehar jarraitzeko asmo tinkoa duela idatzi ere. Espero dezagun horrela izatea, kontu interesgarriak bota baititzake Martínek.
Bestalde, Love of 74 lagunak aipatu bezala, Yosigo argazkilariak jarraipen berezia egingo dio festibalari Jazzaldiaren flickr.com kontuan. Ziur naiz erretratu diferenteak egingo dituela.
Ez du Jazzaldiaren zera izango, baina Daniel Mordzinski fotografoak Okendo Kultur Etxean paratu dituen argazkiak ere merezi dute bisita bat. Irailaren 6ra arte egongo da Literaturaren aurpegiak izeneko argazki sorta ikusgai. Argentinan 1960. urtearen bueltan jaiotako artista honek 30 urte daramatza literatura hispanoamerikarraren giza atlasa egin nahian. Izen handien erretratuak daude bertan. Euskaldunen artean, Bernardo Atxaga, Fernando Aramburu, Francisco Javier Irazoki eta Gijongo hondartzan paretaren kontra erretrataturiko Jon Kortazar kritikaria.
Munilla marabilla
Santander inguruko bi lagun egon dira etxean asteburuan. Mutilak kontatu zidan goizetan, lanerako bidean, zein arratsaldetan, etxerako bueltan, askotan entzuten duela Radio María. Nik noizbait topatu izan dut dialean, baina ez dut irrati hori entzuteko behar den kemena nire baitan inoiz aurkitu (segundu batzuk nahikoak dira bilaketarekin segitzeko).
Sorpresa hartu nuen lagunak esan zidanean José Ignacio Munilla aritzen dela goizeko 8:00etatik 9:00etara katiximari buruz hizketan. Munillaren izenaren gainean klikatuz gero, berari buruz duela bi urte nik idatzitakoa irakurtzeko aukera izango duzue. Aurreratzen dizuet Palentziako egungo gotzaina, Zumarragako parrokoa izandakoa eta, iturri batzuen arabera, Gipuzkoako gotzain izateko hautagaien artean dagoena, nire pentsakeratik urrun samar dagoela (urrun samar esan eta motz geratu naiz, noski).
Bestalde, bloglines batzailean jarraitzen ditudan blogen eta jarioen errepasoa egiten ari nintzela, hara non agertu zaidan, Escolarrek usufruktoan utzitako blogean, Espainiako Elizaren kupula Losantosen ordezko baten bila ari dela. Izen ezberdinak aipatzen ditu kazetariak eta triste utzi nau kandidatoen artean ez egotea gure gizona. Lagunak kontatu didanez, egungokoak baino dezente hobeto egingo luke.
Zuek zer uste duzue?
Ehuneko berrogeita hamar garestitu zen zerbeza
Sapatuan Tom Waits ikusten egon nintzen Donostiako Kursaal Jauregian. Joserrak eman zidan aukera (eskerrik asko). Dirutza pagatu nuen, baina oso gustura egon nintzen Waits zaharra entzuten.
Handik atera, bueltatxo bat Alde Zaharrean eman eta anabasatik gertu zegoen Bassmatti & Friends partyan egon nintzen. Giorgio ez nuen ikusi, baina gozatu ederra hartu genuen Rafa Berriok gitarra hartu zuenean.
Asteartean, berriz, Bruce Springsteen jaunaren showa ikustera joan nintzen Anoeta Estadiora. Badakizue 40.000 ikusle bildu zituela eta jende gehiena oso gustura atera zela, Mr. Jukebox ere bai (jarraitzeko moduan erantzunetan dagoen eztabaida: ebentoak vs. tabernen zirkuitua). Agian larunbatean bizitutakoaren ondoren, ez nuen joateko gogo handirik, baina sarrera Gabonetan erosi nuenez, futbol zelaira joatea beste erremediorik ez zegoen.
Boss-arekin ez nuen gozatu. Bai, badakit: ni eta beste bat ezagutzen dut hori esan duena. Dena emanda aldegin zuela irakurri eta entzuten dut hortik zehar. Izerdi patsetan amaitu zuelako kontzertua? Horixe behar genuen! Eta egia da askok bera bezainbeste kobratu ondoren erdia ez dutela ematen, baina, niretzat hori ez da nahikoa.
Haserretu egin nintzen kontzertuaren hasieran egondako tokian musika ez baitzen behar den bezala entzuten (eta ez nengoen toki txarrean, soinu mahaiaren albo batean). Gero, mugitu egin nintzen eta hobetu zen soinua, nahiz eta ez izan espero nuen bezain espektakularra.
Eta inguruko tabernek kaña 3 eurotan (% 50eko igoera) eta katxiak 6 eurotan jartzea? Barruan, okerrago, katxiak 9 eurotan pagatu behar. Lapurreta. Hau zer ostia da? Hemen denak balio du?
Gure betiko martxan jarraitu beharko dugu. Etxeko zirkuitua. Adibidez, ostegun gauean, AEBetatik etorri berria zen Igor Calzada entzun nuen Le Bukowski aretoan, FasTFatum. Harkaitz Canok ere irakurri zituen poema batzuk. Eta googleheim hitza inbentatu genuen, Joserra Senperenak Alondra Bentley deskubritu zigun. Eta abar, eta abar.
Amarauna irratsaioan hamabostean behin
Pasa den igandean Arantxa Artzak Euskadi Irratian uztailean gidatzen duen Amarauna irratsaioan egon nintzen. Edurne Ayusoren deia jaso nuen duela zenbait aste eta hamabostean behin igande goizetan (10:40-11:00) Internetez eta blogosferaz hitz egitekotan geratu naiz.
Solasaldi bakoitzean hiruna lagun arituko gara. Pasa den igandean Patxi Trapero eta Leire Narbaiza egon ziren etxetik eta ni Donostian. Josu Mendicute eta Jozulin ere badira solaskide. Seguruenik, datorren igandean, hilaren 20an, bi hauekin arituko naiz berbetan.
Ah! Estudioan bertan egon zen ere Xabier, baina honen abizena ahaztu egin zait. Praktiketan dagoen kazetaria da.
Traperoak grabatu zuen irrati tarte hau eta bere blogean eskegi (mila esker, Patxi). Ezin baduzue hemen entzun, jo Amaraunakoak irekita daude apuntera eta bukaeran duzue entzuteko aukera.